Gaur hasita, eta zenbait mezu erabiliz,
Koldo Mitxelena Katedraren II. Biltzarrean entzun genituen hitzaldi eta komunikazioak laburtuko ditut. Batzuetan laburpena luzexka izango da, baina beste batzuetan lerro bakan batzuetan burutuko dut laburpena. Horretarako arrazoiak askotarikoak dira, baina bereziki hizlariek banatu zituzten esku-orriek eta nire oroimen eskasak izan dute eraginik.
Zer esanik ez, biltzarrean parte hartu zuten guztiak, eta bereziki hizlariak berak, gonbidatzen ditut laburpen hauetan egon zitezkeen huts eta hutsuneak zuzentzen laguntzera.
Lehenengo eguna, urriaren 8a:
12:00 Irekitze hitzaldia Pascualek, gaur egun,
Espainiako Adademiaren Nuevo Diccionario Histórico de la Lengua Española delakoaren taldea zuzentzen du. Hala, hitzaldian hiztegi historikoan erabiltzen duten metodoa azaldu zigun. Ez da oraintsu arte hiztegiak egiteko erabili izan den ohiko metodoa (labur-labur: hitz bakoitzaren fitxa idatzi, fitxak ordenatu, hiztegia erredaktatu). Aitzitik, ezer baino lehen, beren lana
oinarri linguistiko sendoetatik abiatu nahi dute, gero hiztegian sartuko dituzten hitzak (guztira 150.000 bat lema) erlazioan jartzeko. Erlazioak historikoak, morfologikoak, semantikoak... izan daitezke.
Hau guztiau azaltzeko, Pascualek une oro adibide esanguratsuak baliatu zituen. Azpimarratu zuen beste puntu bat hauxe da: halako hiztegi bat, ezinbestean,
euskarri digitalean bakarrik egin daiteke, paperik gabe. Izan ere, behin-behinekoa da berez, beti inperfektua ("meditada imperfección" esan zuen behin baino gehiagotan). Gainera, aztertu eta konpondu gabeko gauzak ere sartu nahi dituzte, nolabait markatuta, hurrengo batean aztertuko eta konponduko direla jakinarazteko.
Azkenik, hiztegi historikoaren oinarri izan litekeen
corpusa biltzeko zailtasunez aritu zen. Halako tamaina handia duen hiztegi baten kasuan, hitz guztien erakusgarri nahikoa den corpus bat biltzea eta erabiltzea ezinezkoa da. Eta tamaina alde batera utzita, beste arazo batzuk ere hartu behar dira aintzat:
- Grafia arazoak: garai desberdinetako testuak izanik, zein grafia gorde?, zein bateratu?
- Corpusa lematizatzea
- Corpusa neurtu eta orekatzea: testu-motak bereizi behar dira, denek ez baitute maiztasun ez balio berdina (adibidez, lirikan hizkuntza arkaikoagoa erabil daiteke)
Beraz, irtenbide modura erabaki dute oinarrizko hitzetarako corpus nagusi bat erabiltzea erabaki dute eta, osagarri gisa, zenbait corpus "modular" (garai zehatz bateko hiztegia, hiztegi teknikoak, etab. lantzeko, esaterako).
16:00 Hitzaldia - Joseba A. Lakarra (JUMI, UPV/EHU): "Erro monosilabikoaren teoria eta aitzineuskara zaharraren berreraiketa: zenbait alderdi eta ondorio"
Gauza aski ezaguna da azken hamabost urteotan Lakarrak eratu duen
erro monosilabikoaren teoria, aitzineuskara zaharrean erroek CVC (kontsonante-bokal-kontsonante) egitura zutela dioen teoria alegia. Bere hitzaldia hasteko, Lakarrak
Mitxelenaren lanetan erroari egindako arreta urria azaldu zuen eta nola, horren ondorioz, Mitxelenak proposatutako etimologietan erro-eredu desberdinak aurkitzen ditugun (monosilabikoak, bisilabikoak eta are polisilabikoak ere).
Lakarrak hitz bat aitzineuskarako errotzat hartzeko
zein irizpide edo iragazki erabiltzen dituen azaldu zuen: mailegua ez izatea, eratorri edo elkartua ez izatea, onomatopeia edo hitz fonosinbolikoa ez izatea eta gutxienez hiru euskalkitan (edo kontakturik gabeko bitan) agertzea. Irizpide hauek aplikatu ondoren, Lakarrak erakutsi zuen estatistikoki CVC egitura dutela etimologia ezezaguneko euskal hitz gehienek; hots, aitzineuskarako erro (oraindik) azaldugabeak izateko aukera gehien dutenak.
Lakarrak adierazi zuen, erro monosilabiko batetik abiatzen bagara,
aitzineuskararen tipologiak gaurko euskararen oso bestelakoa izan behar izan zuela; tipologia zahar haren zenbait ezaugarri aurkeztu zituen eta, amaitzeko, tipo-aldaketa azaltzerakoan
tipologia holistikoak izan dezakeen garrantzia nabarmendu zuen.