Artxiboak: Urria 2007

2007-10-31

Permalink 17:35:22, Atalak: Euskara  

e-AEB: Euskaltzaindiaren arau-erabakiak zure ordenagailuan

Euskaltzaindiak eskura jarri du arauak eta erabakiak ordenagailura jaisteko e-AEB zerbitzu berria.

Hauxe da Euskaltzaindiaren Plazaberri agerkarian zabaldu duten albistea:

e-AEB: Arau-erabakien banaketa elektronikoa

Euskaltzaindiak arau-erabakiak libre eskuratzeko sistema abian jarri du: arau-erabakien banaketa elektronikoa.

Aurrerantzean, Arauak, Hiztegi Batua, Izendegiak edota gomendioak edonoren ordenagailura jaisteko aukera izango da.

Erabiltzaile aurreratuentzat, zerrenden euskarri diren XML fitxategiak ere erabilgarri jarri dira.

Doako harpidetza sistema ere estreinatzen da. Harpidetuz gero, arau berriak kaleratu bezain laster jakinaraziko zaie harpidedunei.
Gainera, zerbitzuaren azalpen zehatza ematen duen bideo bat ikus daiteke.

Hurrengo urratsa Orotariko Euskal Hiztegia ote?

Lotutako sarrerak:
----------

2007-10-30

Datorren astean Cadizera noa, biltzar batera

Datorren astean, astelehenetik ostiralera, VI Congreso de la Sociedad Española de Historiografía Lingüística biltzarrean izango naiz. Biltzarra Cadizeko Unibertsitateko Filosofia eta Letren Fakultatean izango da.

Biltzar handia da eta komunikazioak lau saio paralelotan banatuko dira. Guztira 112 hizlarik parte hartuko dugu, hizkuntzalaritzaren historiaren hainbat gai jorratzeko.

Nire komunikazioa ostegun goizean aurkeztuko dut:

"Las ideas lingüísticas de José Francisco Aizkibel: el manuscrito Euskera"

Jakina, halako ekitaldi gehienetan bezala, elkartearen bilera orokorra eta afaria ez dira faltako. Hainbeste jarduera izanik ere, espero dut tarte batzuk hartzea Cadiz pixkat ezagutzeko.
Lotutako sarrera:
----------

2007-10-27

Permalink 23:06:42, Atalak: Unibertsitatea/Irakaskuntza, Aipuak  

Espainiako unibertsitate-ikasketen dekretua argitaratu da

Espainiako Hezkuntza Ministerioak (azkenik!!) Real Decreto por el que se establece la ordenación de las enseñanzas universitarias oficiales izeneko agiria argitaratu du, ministroek atzoko bileran onartu ondoren.

Dekretu honek bi helburu ditu: batetik, Espainiako unibertsitate-ikasketek aurrerantzean izango duten egitura antolatzen du, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko asmoz; bestetik, unibertsitate-tituluak diseinatzeko eta balioztatzeko irizpide nagusiak arautzen ditu.

Hartara, unibertsitate-ikasketek hiru ziklo izango dituzte:
  • Graduak: 240 kreditu izango dituzte eta, beraz, lau urtez iraungo bide dute.
  • Masterrak: 60-120 kreditu bitartean izan ahalko dituzte.
  • Doktoregoak: sarbide mota desberdinak onartuko dira eta, azkenean, doktorego-tesia aurkeztu beharko da; nolanahi ere, doktorego-zikloaren barruan, heziketa-aldi bat eta ikerketa-aldi bat bereiziko dira.
Tituluak egiaztatzeko prozedura ere zehazten da. Tituluak sei urterik behin gainditu beharko dute ebaluazio prozedura bat, akreditazioa gordetzeko; ebaluazioa gaindituko ez balute, ofizialtasuna gal lezakete eta desagertzeko arriskua izango lukete.

Lotutako sarrerak:
----------

2007-10-26

Permalink 19:02:04, Atalak: Euskara, Unibertsitatea/Irakaskuntza  

Oñederra eta Torrealdai euskaltzain oso izateko proposatuak

M. Lourdes Oñederra lankide eta adiskidea eta Joan Mari Torrealdai dira euskaltzain oso izateko bi hautagai berriak. Berrian ateratako albisteak dioenez,
Jose Antonio Arana Martijak, Miren Azkaratek eta Andres Urrutiak egin dute Torrealdairen proposamena, eta Henrike Knorrek, Xabier Kintanak eta Pello Salaburuk Oñederrarena. Azaroko osoko bilkuran egingo dute bozketa.
ZORIONAK!!

Iturria:

----------

Euskal-Erromantze Linguistika. II. Jardunaldiak: nire komunikazioa sarean

Ez naiz ahaztu Koldo Mitxelena Katedraren II. Biltzarraren kronika jarraitzeaz. Baina, esan nizuenez, pixkanaka-pixkanaka egingo dut eta, gainera, denbora asko beharko dut, egunotan ez dudana.

Izan ere, atzo Deustuko Unibertsitatean izan nintzen, Euskal-Erromantze Linguistika. II. Jardunaldietan nire komunikazioa aurkezteko:

"Las ideas lingüísticas de Juan Mateo Zabala: El verbo regular vascongado del dialecto vizcaino (1848)"

Gaurtik aurrera, komunikazioan erabili nuen adibidetegia Scribd-en dago eskuragarri eta laster Artxiker-en ere bai egongo da (abisatuko dut):
----------

2007-10-24

Permalink 18:42:12, Atalak: Unibertsitatea/Irakaskuntza  

Unibertsitateko ikasleen nortasuna

Gaur El Correo egunkariak argitaratu duenez, Eusko Legebiltzarrak EHUri gogorarazi dio azterketen kalifikazioak argitaratzean ikasleen identitatea ezin dela agerian geratu.

Honek esan nahi du, esate baterako, kalifikazioak hormetan edo bulegoetako ateetan jartzean, ezin direla ikasleen izen-abizenak agertu, ezta NAN zenbakia ere (honek ere ikaslearen pribatutasuna hautsiko bide lukeelako). Aitzitik, ikasleak identifikatzeko kode bereziak erabili behar direla aholkatu du Datuak Babesteko Euskal Bulegoak eta, horrenbestez, EHUrekin batera ari da lanean arautegi bat ateratzeko.

Dirudienez, ez irakasle eta ez ikasleen artean ere ez dago adotasunik. Batzuek begi onez ikusi dute Eusko Legebiltzarraren eskaera; beste batzuei, aldiz, ez zaie hain egokia iruditu eta, beste batzuek, azkenik, ez dute iritzirik eman.

Niri ondo iruditzen zait ikasleen pribatutasuna gordetzea. Baina honek kalifikazioak horma eta ateetatik kentzea ekarri beharko luke, ez baitiot zentzurik ikusten norberak bakarrik uler dezakeen kodez osatutako zerrendak argitaratzeari.

Askoz egokiagoa litzateke, nire ustez, kalifikazioak GAURen (EHUren akademi gestiorako webgunean) bakarrik agertzea eta ikasle bakoitzak bertan kontsultatzea. Gaur egun, aukera hori indarrean dago; hala ere, oraindik horma eta ateetako paperezko zerrenden ohitura zaharrarekin jarraitzen dugu askok.

Beste alde batetik, oker ez banago, GAURek bakarrik balio du azken kalifikazioak argitaratzeko; beraz, azterketa partzialen edo lanen kalifikazioak ezin dira GAURen argitaratu. Honetarako, irakasleok baditugu beste baliabide batzuk (eKasi, Moodle), baina oraindik irakasle gutxik erabiltzen ditugu eta, gainera, ez nago ziur baliabide horietan ikasleen pribatutasuna ondoegi gordetzen den.

Zer uste duzue zuek?
Zein abantaila edo desabantaila ikusten diozue ikasleen kalifikazio-zerrendak horma edo ateetan argitaratzeari? Eta, hala argitaratuz gero, izen-abizenekin ala ezkutuan nahiago?

Iturria:

----------

2007-10-22

Euskal-Erromantze Linguistika II. Jardunaldietan parte hartuko dut

Ostegunean, hilak 25, Deustuko Unibertsitatean izango naiz Euskal-Erromantze Linguistika II. Jardunaldietan komunikazio bat aurkezteko.

Hasiera batean, goizean hitz egin behar nuen, Ekaitzek iragarri zuen bezala, baina arratsaldera pasatu naute, nik eskatuta. Eusko Ikaskuntzaren webgunean argitaratu duten egitarauan ordua zuzendu dute, baina komunikazioaren izenburua ez.

Hartara, nire komunikazioa 16:00etan hasten den saioan sartu dute eta honako izenburu hau izango du:

"Las ideas lingüísticas de Juan Mateo Zabala: El verbo regular vascongado del dialecto vizcaino (1848)".

Komunikazioa gaztelaniaz aurkeztuko dut, saio horretako gainerakoak gaztelaniaz direlako eta, hara aldatu nautenez, ez nago seguru entzule gehienek euskara ulertuko duten.

Gasteizen eskola eman behar dudanez, ziurrenik ez dut aukerarik izango gainerako saioetara joateko, baina biziki gomendatzen dizuet jardunaldi interesgarri hauetara hurbiltzea.
----------

2007-10-18

Koldo Mitxelena Katedraren II. Biltzarra: kronika antzeko zerbait (I)

Gaur hasita, eta zenbait mezu erabiliz, Koldo Mitxelena Katedraren II. Biltzarrean entzun genituen hitzaldi eta komunikazioak laburtuko ditut. Batzuetan laburpena luzexka izango da, baina beste batzuetan lerro bakan batzuetan burutuko dut laburpena. Horretarako arrazoiak askotarikoak dira, baina bereziki hizlariek banatu zituzten esku-orriek eta nire oroimen eskasak izan dute eraginik.

Zer esanik ez, biltzarrean parte hartu zuten guztiak, eta bereziki hizlariak berak, gonbidatzen ditut laburpen hauetan egon zitezkeen huts eta hutsuneak zuzentzen laguntzera.

Lehenengo eguna, urriaren 8a:


12:00 Irekitze hitzaldia
Pascualek, gaur egun, Espainiako Adademiaren Nuevo Diccionario Histórico de la Lengua Española delakoaren taldea zuzentzen du. Hala, hitzaldian hiztegi historikoan erabiltzen duten metodoa azaldu zigun. Ez da oraintsu arte hiztegiak egiteko erabili izan den ohiko metodoa (labur-labur: hitz bakoitzaren fitxa idatzi, fitxak ordenatu, hiztegia erredaktatu). Aitzitik, ezer baino lehen, beren lana oinarri linguistiko sendoetatik abiatu nahi dute, gero hiztegian sartuko dituzten hitzak (guztira 150.000 bat lema) erlazioan jartzeko. Erlazioak historikoak, morfologikoak, semantikoak... izan daitezke.

Hau guztiau azaltzeko, Pascualek une oro adibide esanguratsuak baliatu zituen. Azpimarratu zuen beste puntu bat hauxe da: halako hiztegi bat, ezinbestean, euskarri digitalean bakarrik egin daiteke, paperik gabe. Izan ere, behin-behinekoa da berez, beti inperfektua ("meditada imperfección" esan zuen behin baino gehiagotan). Gainera, aztertu eta konpondu gabeko gauzak ere sartu nahi dituzte, nolabait markatuta, hurrengo batean aztertuko eta konponduko direla jakinarazteko.

Azkenik, hiztegi historikoaren oinarri izan litekeen corpusa biltzeko zailtasunez aritu zen. Halako tamaina handia duen hiztegi baten kasuan, hitz guztien erakusgarri nahikoa den corpus bat biltzea eta erabiltzea ezinezkoa da. Eta tamaina alde batera utzita, beste arazo batzuk ere hartu behar dira aintzat:
  • Grafia arazoak: garai desberdinetako testuak izanik, zein grafia gorde?, zein bateratu?
  • Corpusa lematizatzea
  • Corpusa neurtu eta orekatzea: testu-motak bereizi behar dira, denek ez baitute maiztasun ez balio berdina (adibidez, lirikan hizkuntza arkaikoagoa erabil daiteke)
Beraz, irtenbide modura erabaki dute oinarrizko hitzetarako corpus nagusi bat erabiltzea erabaki dute eta, osagarri gisa, zenbait corpus "modular" (garai zehatz bateko hiztegia, hiztegi teknikoak, etab. lantzeko, esaterako).

16:00 Hitzaldia
  • Joseba A. Lakarra (JUMI, UPV/EHU): "Erro monosilabikoaren teoria eta aitzineuskara zaharraren berreraiketa: zenbait alderdi eta ondorio"
Gauza aski ezaguna da azken hamabost urteotan Lakarrak eratu duen erro monosilabikoaren teoria, aitzineuskara zaharrean erroek CVC (kontsonante-bokal-kontsonante) egitura zutela dioen teoria alegia. Bere hitzaldia hasteko, Lakarrak Mitxelenaren lanetan erroari egindako arreta urria azaldu zuen eta nola, horren ondorioz, Mitxelenak proposatutako etimologietan erro-eredu desberdinak aurkitzen ditugun (monosilabikoak, bisilabikoak eta are polisilabikoak ere).

Lakarrak hitz bat aitzineuskarako errotzat hartzeko zein irizpide edo iragazki erabiltzen dituen azaldu zuen: mailegua ez izatea, eratorri edo elkartua ez izatea, onomatopeia edo hitz fonosinbolikoa ez izatea eta gutxienez hiru euskalkitan (edo kontakturik gabeko bitan) agertzea. Irizpide hauek aplikatu ondoren, Lakarrak erakutsi zuen estatistikoki CVC egitura dutela etimologia ezezaguneko euskal hitz gehienek; hots, aitzineuskarako erro (oraindik) azaldugabeak izateko aukera gehien dutenak.

Lakarrak adierazi zuen, erro monosilabiko batetik abiatzen bagara, aitzineuskararen tipologiak gaurko euskararen oso bestelakoa izan behar izan zuela; tipologia zahar haren zenbait ezaugarri aurkeztu zituen eta, amaitzeko, tipo-aldaketa azaltzerakoan tipologia holistikoak izan dezakeen garrantzia nabarmendu zuen.
----------

2007-10-13

Permalink 22:13:42, Atalak: Unibertsitatea/Irakaskuntza  

Espainiako unibertsitateen erreformari buruz

Hona irailaren amaieran El País egunkarian argitaratu zen iritzi-artikulu ezin interesgarriagoa:

"Sombras de la reforma universitaria"
(Miguel A. Goberna)

Iturria:
----------

2007-10-12

Koldo Mitxelena Katedraren II. Biltzarra hedabideetan

Datozen egunetan saiatuko naiz laburtzen, pixkanaka-pixkanaka, Koldo Mitxelena Katedraren II. Biltzarrean etzun ditugun hitzaldi eta txostenak.

Aste honetan ez dut paperezko egunkariak irakurtzeko aukerarik izan eta, beraz, edizio digitaletara jo behar izan dut. Edizio digitaletan hutsuneak izaten direlako eta nik aurkitu ez ditudan artikuluak egon daitezkeelako, biziki eskertuko nituzke ondoko zerrenda osatzeko aipamen guztiak. Orobat, irratian edo telebistan ezer aipatu badute.

Zernahi gisaz, bitartean hemen duzue biltzarrak egunkarietan izan duen isla urri-urria:
Bistan da, erru guztia ez da kazetariena; antolatzaileek eta bereziki EHUko prentsa-bulegoak ere badukete zerikusirik. Baina, guztiarekin ere, iruditzen zait, oro har, Euskal Herrian (bakarrik?) arreta handiagoa ematen zaiela euskararen inguruko albiste sentsazionalista eta txoroei, jarduera eta ekimen serio eta eraginkorrei baino.
----------

2007-10-03

Permalink 18:57:12, Atalak: Xelebreak  

Gerundioak du errua

Harrigarria! Totala! Demasa! Brasiliako gobernatzaileak gerundioak debekatu nahi ditu. Izan ere, astelehenean argitaratu zen dekretu baten bitartez, José Roberto Arruda gobernatzaileak Brasiliako funtzionario publikoei gerundioa aitzakia gisa erabiltzea debekatu die.

Honen ondorioz, "bukatzen ari naiz", "arazoa aztertzen ari gara", "plangintza prestatzen dihardugu" bezalako esaldiak debekatuta geratuko dira administrazioko funtzionario publikoen eraginkortasunik eza estaltzeko.

Etorkizun latza izango zuen Aznarrek Brasilian.

Iturriak:
----------

2007-10-02

Permalink 00:02:57, Atalak: Urteurrenak  

FiloBlogian duela urte bat, duela urte bi...

Duela urte bat: Duela urte bi: Eta duela hiru urte:
----------

:: Hurrengo orrialdea >>

FiloBlogia

(euskal) hizkuntzalaritza-filologiei eta inguruko gaiei buruzko blog bat

blog sobre lingüística y filología (vascas) y temas más o menos conexos

a blog about (Basque) Linguistics and Philology, and related topics

Harpidetu Harpidetu

Creative Commons License
Lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Add to Technorati Favorites

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Ricardo Gómez

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution