Mezua: Menéndez Pidalen etxea arrisku handian

2007-07-10

Permalink 00:06:01, Atalak: Filologia, Denetarik  

Menéndez Pidalen etxea arrisku handian

Diego Catalán, Ramón Menéndez Pidal hispanistaren biloba eta haren izena daraman Fundazioaren presidentea, oso kezkatuta agertu da, Fundazioaren egoitzak egunotan jasan duen erasoagatik.

Dirudienez, azken erasoa Ramón Areces Fundazioaren estrategia baten barruan dago, Menéndez Pidal Fundazioaren egoitzaren jabe delako eta bertan thailandiar jatetxe bat jarri nahi dutelako!!

Gure artean Henrike Knörrek eman zigun arazoaren berri, 2005eko udan Diario Vasco egunkarian idatzitako artikulu batean.

Egunotan Diego Catalánek agiri bat zabaldu du, Ramón Menéndez Pidal Fundazioaren egoitzak jasandako erasoa salatzeko eta laguntza eskatzeko.

Saiatu naiz agiria euskaratzen eta Chamartingo Olibadiaren aldeko blogetik ateratako informazioarekin osatu dut. Hona:

Menéndez Pidalen etxearen kontrako erasoa

  • Ekainaren 8an, hiru pertsonak —auzoko bati Ramón Areces Fundaziokoak zirela esan zioten— Menéndez Pidal Etxeko lorategiari eraso zioten, eskailera bat erabiliz, eta ate nagusia prest utzi zuten geroztik bidagabeki sartzen jarraitzeko. Honen aurrean, Ramón Menéndez Pidal Fundazioaren idazkariak eta presidenteak salaketa bana jarri zuten.
  • Ekainaren 12an, ustezko notario batek, beren burua aurkeztu ez zuten beste bi pertsona lagun zituela, eskatu zuen eraikinean sartzea, ustez Olibadiko lorategian ateratako argazki batzuek erakusten zuten utzikeria eta arduragabekeria egiazkoak ziren ziurtatze aldera. Onartu behar izan zuten ez zirela egiazkoak.
  • 12an bertan, Ramón Areces Fundazioaren idazkariak gutun baten bitartez jakinarazi zuen Ramón Menéndez Pidal Fundazioaren egoitzako sarrailak aldatuko zituztela. Ramón Menéndez Pidal Fundazioaren erantzuna notario baten bitartez igorri zen.
Menéndez Pidalen Etxea eta Chamartingo Olibadiko lorategia Ramón Areces Fundazioari saldu zitzaizkion 1984an, hitzarmen baten barruan. Hitzarmenaren helburuak hauexek ziren:
  • "asegurar la continuidad de las investigaciones filológicas e históricas del eminente sabio don Ramón Menéndez Pidal"
  • "conservar su recuerdo en la casa que fue su vivienda"
  • "velar expresamente por el desarrollo de la actividad investigadora y por la conservación y acrecentamiento tanto de la biblioteca como del fondo documental, debidamente ordenado y clasificado"
  • "garantizar que la Fundación Menéndez Pidal no cambie de domicilio social"
Menéndez Pidal Fundazioa Chamartingo Olibadia arriskuan jartzen zuten hirigintza-planen kontra azaldu zen eta, era berean, ahalik eta babes handiena eskatu zuen hala Chamartingo Olibadiarentzat nola Menéndez Pidal Fundazioaren eta Olivar de Castillejo Fundazioaren eraikinentzat. Honen guztiaren ondorioz, Ramón Areces Fundazioak honako neurri hauek hartu ditu:
  • Ez da arduratu dagozkion gastuez, eraikinaren jabe eta hitzarmenaren sintzaile baita, eta, honen ondorioz Menéndez Pidal Fundazioak hartu behar izan ditu gastuok bere gain: egoitzaren mantentze-lan orokorrak, segurtasuna, konpontzea eta gordetzea, lorezaintza eta honen egokitzapena ekologia-inpaktuaren arau berrietara.
  • Ez du bete sinatutako hitzarmen bat ere, adibidez urtean birritan fundazioen arteko Batzorde Mistoa deitzeko nahitaezko betebeharra.
  • Bertan behera utzi ditu lan eta ikerketentzako diru-laguntza eta bestelako laguntza zehatzak, nahiz eta haien mezenasgoa hitzarmenen bidez izenpetua zuen; honen adibide eskandalagarriena Menéndez Pidal-en Historia de la Lengua Española (2 liburuki) lan enblematikoaren berrargitalpena izanik.
  • Sistematikoki erantzun gabe utzi ditu Ramón Menéndez Pidal Fundazioaren edozein txosten, eskabide edo elkarrizketa-saio. Halarik ere, Ramón Areces Fundazioak adierazi du, bere publizitatean eta Jardueren Memoria Ofizialean, mezenasgoa eta hitzartutako laguntzak bete egin dituela. Egia ez denez, Menéndez Pidal Fundazioak gezurtatu behar izan du jendaurrean eta baita kontrol-erakundeen aurrean kontuak ematean ere. Ramón Areces Fundazioaren erantzuna legezko bideetatik at heldu da.
Gertatutakoaren larritasuna dela-eta, eta bai natur ondare bat eta baita interes unibertsaleko artxiboa gordetzen duen eraikina ere berehalako arriskuan daudela ikusita, gertaera hauek guztiak herri iritziari jakinarazi nahi dizkiogu.

Diego Catalán Menéndez-Pidal
Presidente
Fundación Ramón Menéndez Pidal
C/ Menéndez Pidal, 5
28036 Madrid
Menéndez Pidalek lan batzuk idatzi zituen euskarari buruz, baina askoz esanguratsuagoa iruditzen zait nabarmentzea Menéndez Pidalen emaztearen izena eraman zuela euskal baladei buruzko lan garrantzitsuenak egin zituen taldeak: "María Goyri" Mintegia, alegia. Talde honexek argitaratu zuen euskal baladen ikerketan aro berria ekarri zituen Euskal baladak: azterketa eta antologia (1984) bi liburukiak, baita beste lanen batzuk ere. Eta Mintegiaren prestakuntzan eta ibilbidean zerikusi handia izan zuten Menéndez Pidal Fundazioaren eskutik antolatutako ikastaro eta biltzarrek. Baina horretaz gehiago dakitenek esan bezate...

Argibide gehiago:
Menéndez Pidal eta Diego Catalán
R. Menéndez Pidal eta Diego Catalán

Erantzunak, Pingback-ak:

Bidaltzailea: Pruden Gartzia [Bisitaria]
Biziki eskergarria iruditzen zait blog honetara ekartzea Fundación Menéndez Pidalekin zerikusirik izan dugun batzuon artean azken egunotan zirkulatzen ari diren hainbat notizia.

Nire aldetik azalpen batzuk gehituko nituzke:

a) Ramón Menéndez Pidalen etxea kokagune “estrategiko” batean dago, Madrilen erdi-erdian, Castellanaren pasealekutik gertu... hots, lurrak ikaragarrizko prezioa hartzen duen toki batean (gogora, nire adinekoek bederen, “Monopoly” jokoan orube horrek zeukan prezioa orain dela hogeita hamar urte!).

b) Etxea Gasteizko Antso Jakitunaren Fundaziaren egoitzaren tankerakoa da, jauregi moduko bat, parke eder batez inguratua, kasu honetan parke zinez handia, olibondo ehunurtetsuez hornitua... Madril erdi-erdian.

c) Etxea eta lurraren jabea, dirudienez, Fundación Areces da (hots, El Corte Inglés, laburki esanda). Eta zein komunikabide ausartzen da Espainiako hirugarren publizitate-kontratatzaileari buruz “gidoitik kanpoko” ezer esatera? Afera honek prentsan izango duen oihartzuna hutsaren hurrena izango da, badakigu zergatik.

d) Bada, Diego Catalanek ausarki eta irmoki erabaki du mota guztietako eskaintza ekonomiko zinez tentagarriei uko egitea bere aitona zenaren ondarea interes urbanistiko zital batzuen menpe ez jartzeagatik. Eta gogora dezagun ondare hori lehenengo eta behin espainiar guztiena dela, baina ondoren, eta ez azkenik, humanitate osoarena (norberak erabaki beza euskaldunok talde horietako biotan gauden, ala batean soilik, baina kasu honetan berdin dio).

e) Eta horregatik, Diego Catalanek nire miresmena du, eta nire indar apurren laguntza. Goiko esteketan dago iradokia nori eta nola bidaltzen ahal zaion elkartasun/salaketa mezurik. Neuk bidali dut neurea, apala izan arren zerbaiterako balioko duelakoan.
Permalink-a mezu RSS 2007-07-10 @ 09:53
Bidaltzailea: En defensa del Olivar de Chamartín [Bisitaria] · http://olivarchamartin.blogia.com
Gracias por vuestra solidaridad y amistad.
Saludos cordiales
Permalink-a mezu RSS 2007-07-12 @ 21:30

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
----------

FiloBlogia

(euskal) hizkuntzalaritza-filologiei eta inguruko gaiei buruzko blog bat

blog sobre lingüística y filología (vascas) y temas más o menos conexos

a blog about (Basque) Linguistics and Philology, and related topics

Harpidetu Harpidetu

Creative Commons License
Lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Add to Technorati Favorites

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Ricardo Gómez

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution