Ai,
Jozulin, nolako katramiletan sartu nauzun. Saiatuko naiz ahal dudan modurik itxurosoenean ateratzen eta pasatu didazun memeari erantzungo diot:
- Txiki-txiki nintzela, amamak argazkilari batengana eraman ninduen, erretratu batzuk ateratzeko. Nonbait, argazkietan nola atera nintzen oso gustuko ez izan eta amamak argazkilariari eskatu zion ni guapoago ateratzeko. Argazkilariak erantzun: "Oiga, señora, que esto no es Lourdes".
- Nire lehenengo mozkorra hamalu urterekin harrapatu nuen, gabon zahar batean, patxarana eta ginebra nahastuz. Ez dut gogoratzen zer egin nuen gau hartan. Urte asko dira ez dudala ez patxarana eta ez ginebra edaten (eta ez beste edari ahalkoldun gogorrik, egia esan, ez zaizkidalako gustatzen).
- Gaur egun bertsolaritza ez zait batere gustatzen, baina garai labur-labur batean Santutxuko Bertsolari Eskolan izan nintzen ikasle.
- Azken urteotan gurpil-aulki batean mugitzen banaiz ere, gaztetan dantzaria izan nintzen, lehenik San Inazioko Goiherri taldean eta gero Deustuko Bihotz Alain. Arazo fisikoak somatzen hasi nintzenean, dantzari utzi eta txistulari moduan aritu nintzen hogei urte bete arte-edo. Solfeo gutxi nekienez, ez nuen inoiz maila altuegirik lortu, baina uste dut euskal dantza gehienak jotzeko nahiko ondo moldatzen nintzela. Dultzainarekin ere hasi nintzen, baina oso denbora gutxian eta ez nuen asko ikasi.
- Ez naiz totela, baina hitz batzuk ahoskatzean trabatu egiten naiz. Ahoskatzen gehien kostatzen zaizkidan hitzetako bat unibertsitate da.
Nitaz ez dakizkizuen bost gauza memea honako bostei pasatzen diet, katea jarraitu nahi badute erantzun dezaten. Beharbada, ni baino zentzuzkoagoak badira, ez diote kasurik egingo:
Ekaitz Santazilia,
Iban Zaldua,
Joseba Abaitua,
Kepa Dieguez eta
Xabi Zalbide.