Hurrengo titular hau El Correo egunkarian argitaratu zen larunbatean: "Los británicos descienden de los vascos de la Edad de Hielo".
Titularraren inguruan bi orrialde beteko erreportajea dugu, funtsean Stephen Oppenheimer-en azken liburuan proposatzen den hipotesia azaltzen duena: Britaniar Irletako lehen biztanleak Iberiar Penintsulatik, zehazkiago Bizkaiko Golkotik ateratako jende-talde batetik datorrela.
Honen antzeko ideia bat azaldu zen Zabaldu.com-en duela hamar bat egun, The Independent britaniar egunkarian ateratako albiste baten harira; baina bertan "iberiarrak", eta ez "euskaldunak", aipatzen baitziren, eztabaida ez zen urrunago joan. Alabaina, egunkariak aipatzen ez badu ere, albistea beste liburu bati buruzkoa da, hilabete berean argitaratu den Brian Sykes genetistaren The Blood of the Isles (Bantam, 2006).
Nik dakidala, Oppenheimer-en hipotesiak ez du islarik izan euskal blogosferan, liburuaren pasarte batzuk jasotzen dituen post batean izan ezik.
Aitzitik, The Origins of the British: A Genetic Detective Story liburuak (Constable and Robinson, 2006) nolabaiteko oihartzuna izan du Euskal Herritik kanpo, batez ere autoreak berak idatzitako iragarki-artikulu bat Prospect aldizkarian argitaratu ondoren.

Sykes-en eta Oppenheimer-en liburuek badituzte puntu komun batzuk, baina beste batzuetan desberdinak dira, hala nola:
Baina, ororen gainetik, honelako lanetan guztiz onartezina iruditzen zaidana hauxe da: ikerketa genetikoetatik hizkuntzen erabiltze eta hedatzeari buruzko ondorio garbiak atera nahi izatea. Chomsky eta beste batzuei esker, gaur pentsatzen dugu hizkuntz gaitasuna (gramatika unibertsala) gure kode genetikoan dagoela. Baina hortik hizkuntza partikularrak ere geneen bitartez transmititzen direla pentsatzera itzelezko jauzia dago, gero!!
Zoritxarrez, oso ohikoa da honelako jauziak egitea; azken boladan, zenbait lanek genetika, antropologia, hizkuntzalaritza eta bestelako jakintzak zaku berean sartu, bakoitzetik interesatzen zaizkien datuak bakarrik aurkeztu eta elkarri laguntzeko erabiltzen dituzte, ustez bederen. Hor ditugu, batzuk baino ez aipatzearren, Arnaiz eta Alonsoren lanak, edo Martinez Lizarduikoaren Euskal zibilizazioa; bide batez, azken honi dagokionez, gomendatzen dizuet Lakarraren iruzkin luzea (PDF) eta Martinez Lizarduikoaren erantzuna (PDF) irakurtzea, lan "jauzilari" hauen jokabidea hobeto ulertzeko.
El Correoko erreportajearen bukaera aldean joera horren adibide garbia ikus daiteke. Hala, kazetariak adierazten du Oppenheimer-en lanak Theo Vennemann-en etimologiak bermatzeko balio duela. Ez. Vennemann-en etimologiak bermatzeko irizpide linguistikoak erabili behar dira, ez besterik. Eta Vennemann-en etimologiek ez dituzte hizkuntzalaritza historikoaren eta euskararen gramatika historikoaren iragazkiak jaso.
Iturriak eta argibide gehiago:
Sykes-en liburuaz:
Ez daude Erantzunak/Pingback-ak mezu honetan...
(euskal) hizkuntzalaritza-filologiei eta inguruko gaiei buruzko blog bat
blog sobre lingüística y filología (vascas) y temas más o menos conexos
a blog about (Basque) Linguistics and Philology, and related topics

