Pasa den hilean Euskaltzaindiko Azkue Biblioteka batzordeak Katalogazio erregelak (PDF) dokumentua argitaratu zuen. Bertan batzordeak euskaraz katalogatzeko onartu dituen arauak agertzen dira.
Dokumentuak konponbide zehatzak eskaini nahi dizkie euskaraz katalogatzean gerta daitezkeen arazoei, eta erregelen moduan aurkeztu. Sarreran egitasmoaren helburua, historia eta prozesua azaltzen dira.
Ondoren bi zati nagusiak datoz: egileak eta gaiak. Bertan, esan bezala, erregela eta adibide zehatzak eskaintzen dira, bai egileen (banakoen zein korporatiboen) izenak idazteko, baita gai korapilatsu batzuk antolatzeko.
Hona izenen adibide batzuk, blog honen gaiekin nolabaiteko lotura dutenen artean hautatuak eta lanean agertzen diren hurrenkera berean aurkeztuak:
- "Mitxelena, Koldo (1915-1987)" sarrera onartzen da, "Michelena, Luis (1915-1987)" eta beste zenbait gaitzetsiz.
- "Urkixo, Julio (1871-1950)", eta ez "Urquijo e Ibarra, Julio de (1871-1950)" eta beste.
- "Azkue, Resurreccion Maria (1864-1951)", eta ez "Azkue, R. Mª (1864-1951)" eta beste hainbat.
- "Abadia, Anton (1810-1897)", eta ez "Abbadie, Antoine Thompson d' (1810-1897)" eta beste.
- "Lazarraga, Joan Perez (1547-1605)", eta ez "Lazarragakoa, Joan Perez (ca. 1550-1605)" eta beste.
- "Joana Albret, Nafarroako Erregina (1528-1572)", eta ez "Joana III.a Albretekoa, Nafarroako Erregina (1528-1572)" eta beste.
- "Etxeberri, Joanes (Sarakoa) (1668-1749)", eta ez "Etcheberri, Joannes d` (1668-1749)" eta beste.
- "Nebrija, Antonio de (1444-1522)", eta ez "Nebrixa, Antonio de (1444-1522)" eta beste.
- "Bonaparte, Louis Lucien, Prince (1813-1891)", eta ez "Bonaparte, Louis Lucien, Printzea (1813-1891)" eta beste.
Oso irakurketa zorrotza egin ez badut ere, behin bakarrik aurkitu dut onartutako sarrera bat gaitzetsien artean errepikatua, 64. orrialdeko
"Oihenart, Arnaud (1592-1667)" bi lerro beherago berragertzen baita, hain zuzen ere.
Gaiei dagokienez, berriz, "gaztelania" erabiltzea hobesten da, "espainiera"ren kontra; edo, esate baterako, euskalkien honako sailkapen hau onartzen da:
- Behe nafarrera
- Bizkaiera
- Erronkariera
- Gipuzkera
- Goi nafarrera
- Lapurtera
- Zuberera
Une oro, dokumentuak erregela bakoitzaren zergatiak, argibide orokorrak eta formulazio zehatza ematen ditu. Alabaina, eta dokumentuaren sarreran bertan ohartarazten denez,
Katalogatzeko erregela hauetan onartzen diren arauak
Azkue Bibliotekako katalogatze lanean erabiltzeko dira eta, zabalago hartu nahi badira, euskaraz katalogatu nahi duenak erabiltzeko. Ez dira, beraz, eta hau oso garrantzitsua da, eremu horretatik kanpo erabili beharrekoak, inondik ere, eta halaxe ulertu behar dira.
Laburbilduz, oso lan baliagarria Azkue Biblioteka batzordeak argitaratu berri duena. Liburutegien eremuko jendearentzat informazioz eta xehetasunez betea, baina katalogazioaren munduan ez gaudenontzat ere gogoetagai eta iradokizunez ondo hornitua. Irakurketa lasaia merezi du, zer pentsatu eta zer ikasi asko aurkituko dugu eta.