Azken egunotan azterketak zuzentzen aritu naiz eta ez dut astirik izan Espainiako unibertsitateen berrikuntzarekin lotutako albiste garrantzitsu batzuk hona ekartzeko. Hauexek dira interesgarrienak iruditu zaizkidanak:
- Titulazioen katalogo ofiziala desagertzea proposatu du Espainiako Hezkuntza Ministerioak: Honek esan nahi du titulazio ofizialak, estatu guztian balio dutenak, ez dituztela aurrerantzean ministerioak ezarriko (egun dagoen katalogo itxiaren ordez). Aitzitik, ministerioak azaro aldean jakintza-arlo nagusi bakoitzarentzako jokabide orokor batzuk ezarriko omen ditu eta, gero, unibertsitate bakoitzak proposatuko ditu bere titulazioak eta haien ikasketa-planak, beti ere jokabide orokor horien araberakoak. Honen guztiaren ondorioa izan daiteke, itxura denez, titulazio bat desager daitekeela unibertsitate batean ikasle nahikorik ez badu, formulazio honek dituen arrisku eta galdera guztiekin, hana nola: zer da "ikasle nahikorik" ez izatea?, kopuru berdina eskatuko al zaie titulazio guztiei?, eta unibertsitate guztiei, txikiak ala handiak izan? unibertsitateak berak erabakiko du titulazioa desagertzea ala beste nonbait erabakiko da?... Oraingo katalogo itxia desagertzea eta titulazioen ezaugarriak, neurri handi batean behintzat, unibertsitateen esku uztea albiste ona iruditzen zait. Hala ere, arriskutsua bilaka daiteke, titulazioen etorkizuna bakar-bakarrik matrikulazioaren eta merkatuaren eskuetan uzten bada.
- Halaber, ministerioak proposatu du graduko ikasketa berri guztiak lau urtekoak izatea, hots, 240 kreditutakoak (kreditu batean ikaslearen 25-30 lanordu sartzen dira). Aurreko proposamenak zabalik utzi zuen graduko titulazioak hiru (180 kreditu) edo lau urtekoak izatea; bestalde, ikasle bat graduondoko ikasketa batean (master, doktoregoa) abia liteke 180 kreditu bakarrik lortu ondoren. Aukera hori desagertzen da orain eta, graduondoko ikasketak hasteko, nahitaezkoa izango da graduko 240 kredituak gainditzea. Jakina, honek guztiak iaz onartu ziren graduko (PDF) eta graduondoko (PDF) ikasketen dekretuak aldatzea ekarriko du.
- Espainiako Unibertsitate Lege Organikoak, LOU delakoak (PDF), jakintza-arlo gehienetan unibertsitate-eskolako irakasle titularren maila desagertu behar zela xedatu zuen. Epeak eta baldintzak ez ziren artean zehaztu, ordea. Orain, ministerioak onartu bide du unibertsitate-eskolako irakasle titular bat, doktorea bada eta akreditazioa lortzen badu (hau ez dago oraingoz zehaztua eta LOUren erreformaren 59. artikulua garatuko duen arautegiaren zain geratzen bide da), unibertsitateko irakasle titular bihurtuko dela, bere unibertsitateak plaza hori hornitzen badu. Aurreko proposamen baten arabera, badirudi akreditazioa lortzeko aski izango dela, adibidez, CNEAI-k onartutako ikerketa-seiurteko bat izatea.
Zerbait aurreratzen ari dira, antza,
Bolognako prozesuak eskatzen dituen berrikuntzak eta aldaketak (baita, prozesua aitzakia hartuta, sartu nahi diren
beste batzuk ere).
Iturriak: