Mezua: Oraingo CAP ikastaroaren ordez datorkigunaz

2006-05-30

Permalink 20:35:18, Atalak: Unibertsitatea/Irakaskuntza  

Oraingo CAP ikastaroaren ordez datorkigunaz

Gaur egun unibertsitate ikasketak bukatu dituen batek, Bigarren Hezkuntzan irakasle gisa jardun nahi badu, lehenago Irakaskuntzarako Gaitasun Ziurtagiria (CAP famatua) lortu behar du, horretarako 180 bat orduko ikastaro berezi bat eginez.

Baina, Goi Hezkuntzaren Europako Konbergentziak edo Bolognako prozesuak ekarritako aldaketen itzalpean, ikastaro horren ordez 900 orduko master bat jarri nahi dute Espainian.

Aldaketa honek ondorio larriak ekarriko ditu, bereziki lan irtenbide nagusietakoa Bigarren Hezkuntzako irakaskuntza duten karreretan (letretakoak batik bat). Izan ere, halako master bat egonik, ikasketa horien inguruko gainerako master eta graduondoko ikasketek etorkizun beltza dute, nekez lortuko luketelako ikasle nahikorik aurrera ateratzeko.

Hau dela eta, joan den astean, Filologia eta Geografi-Historia Fakultateko Batzarrak hurrengo adierazpen hau onartu zuen. Erabiltzen duen gaia oso garrantzi handikoa denez, hona aldatzea erabaki dut (agertzen diren loturak neuk jarri ditut):

Filologia eta Geografi-Historia Fakultateko Batzarraren Adierazpena Masterreko Unibertsitate Titulu Ofizialaren proposamenaren gainean Bigarren Hezkuntzako Irakasleak Prestatzeko (56/2005eko ED, urtarrilaren 21ekoa)

Masterreko Unibertsitate Titulu Ofizialerako proposamen honek egundoko kezka sortu du Estatuko Letren eta Humanitateen fakultateetan, baita beste diziplina batzuetan ere, guztietan unibertsitateaz kanpoko hezkuntza ikasleen enplegagarritasun iturria baita.

Nahiz eta proposamena Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Konbergentziaren fruitu gisa justifikatzen den, ez dago Europan bigarren hezkuntzako irakasle lanbidearen jarduna ixteko esklusibitatea duen masterrik, eta, hori gutxi balitz, beste master batzuen antzera, ikaslea aldi berean ikerketarako gaitzen duenik. Europan egon badira lortu nahi diren pedagogi helburuak lortzeko bitartekoak, baina, egia esan, estatuetako hiriburuen jarraibide komunik gabe.

Masterreko Unibertsitate Titulu Ofizialerako proposamen honek guztiz onartezina den aukera desproportzionaltasun bat darama berekin, gure tituludunak lehen lan iturrirako sarbidea lortzeko master hori egin beharrean egonez gero, unibertsitateak eskaintzen duen beste edozein master egiteko asmoa kenduko baitie.

Horren ondorioz, oso epe laburrera, bigarren hezkuntzan irakats ardurak eduki eta jakintza arlo, sail eta Filologia eta Geografi-Historia Fakultatea bezalako beste ikastegi batzuekin lotutako ikerketa gainbeheratu egingo da. Bideratzeko moduko ikerketa masterrik gabe, unibertsitatearen ikerketa gaitasuna nabarmen jaitsi eta unibertsitatera irakasle eta ikertzaile gehiago sartzea eragotziko da. Horrenbestez, ez da gauzatuko goiko hezkuntzako irakasleen nahitaezko belaunaldi berriztapena.

Masterreko Unibertsitate Titulu Ofizialerako proposamen honek ere ez ditu bermatzen erdietsi nahi dituen prestakuntza helburuen lorpena (bide batez, inork ez ditu helburu horiek zalantzatan jartzen) nahastu egiten baitira gradu titulu partikularretako berezko ezagutza, gaitasun eta abileziak (aldez aurretik aski murriztuak daudenak egungo egitura eta posibilitateekiko) hezkuntzaren alderdi psiko-soziologikoekin.

Hori guztia gogoan izanik, erraz bila daitezke tituludunek pedagogi gaitasuna egiaztatzeko beste bide batzuk, bigarren hezkuntzako irakasleen prestakuntzarako Masterreko Unibertsitate Titulu Ofizialerako proposamenaren ondorio negatiboak saiheste aldera: gradu tituluetako curriculum ildoak, ikerketa masterretako moduluak, unibertsitateek ex professo antolatutako masterrak eta abar.

Horiek horrela, Filologia eta Geografi-Historia Fakultateko Batzarrak proiektu hau bertan behera uzteko eskatzen du. Batzarrak eskatzen du, orobat, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore jaunak, Estatuko gainerako unibertsitateetako errektoreen antzera, CRUEn adierazpen hau defenda dezan, ahal eta behar den tokietan, Konbergentziaren beste alderdi batzuekin egin duten bezalaxe, master eta doktoregoekin, batik bat.

Erantzunak, Pingback-ak:

Bidaltzailea: ikaslea [Bisitaria]
Guztiz ados. Oraingo CAPa egin behar izatea ere gehiegizkoa iruditzen zait eta!
Permalink-a mezu RSS 2006-05-30 @ 21:16
Bidaltzailea: Ekaitz Santazilia [Kidea] · http://www.blogari.net/euskofilia
Nire ustez 180 orduko ikastaro batek ere ez du irakasle formakuntza ematen.

Komeni litzatekeena, zera da: Euskal Filologiaren barnean pedagogiarekin lotutako hautazko ikasgai gehiago sartzea, hautazko hauen barnean hainbat kreditu osatuta IGZ delakoa eskuratzeko. Gutxi gora behera, Euskal Hizkuntzalaritza aipamena lortzeko egiten dena, alegia. Modu honetan bakoitzak erabakiko du bide hori (irakaskuntzarena) jarraiu nahi duen edo ez.

Dudarik gabe, 900 orduko masterra ez da bide egokia.
Permalink-a mezu RSS 2006-05-30 @ 23:10
Bidaltzailea: bizipozik [Kidea]
Gabon, Ekaitz!

Bada, zure proposamena ez da batere txarra. Tamalez, ordea, nik oso zail ikusten dut Euskal Filologian irakasten duten irakasleak ikusita (eta ezagututa), zure proposamena gauzatzea; izan ere, ba al dakizu hizkuntzen didaktikaz behar bezainbat dakien irakaslerik baden fakultatean?

A, baina, arren, irakasleek ez bezate kritika hau txarrera har! Euskalari, filologo edota hizkuntzalari apartak ditugu Gasteizen, hori ezin uka nezake, baina hortik hizkuntzen didaktikan jakitun izatera alde ederra dago.
Permalink-a mezu RSS 2006-05-30 @ 23:28
Bidaltzailea: Amets [Kidea]
Gabon, edo egun on! ados nago bai Ekaitz eta baita bizipozik-ekin.Nahiz eta hizkuntzen didaktikan gaur egun "jakitun"( ez bedi txarrera har) direnik ez egon,nik uste Ekaitzen proposamena dela zentzuzkoena eta eraginkorrena izan daitekeena. Izan daiteke proposa daitekeena hemendik aurrera eta uste dut izango zukeela eraginkortasunik.
Bide batez, eta bukatzeko, zorionak Ricardo.
Permalink-a mezu RSS 2006-05-31 @ 00:24
Bidaltzailea: ikaslea [Bisitaria]
Ez da egia irakasle izateko INOLAKO prestakuntzarik ez dutela eskaintzen Euskal Filologiako ikasketek. Bada Euskararen Irakaskuntzarako Metodologia izeneko irakasgai bat, eta ez hautazkoa, karrera bukatzeko ikasle guztiek gainditu beharrekoa eta 9 kreditutakoa! Beharbada ez da nahikoa izango, baina, ezin dira karrerako lau urteak irakaskuntzaren inguruko gaietan egituratu. Berez, ez dira irakaskuntzara bakarrik bideratutako ikasketak. Ekaitzek proposatutakoa, hautazkoena ideia ona iruditzen zait.

Bestalde, bigarren hezkuntzan eskolak emateko CAP egin behar dugu, baina, gero, euskaltegietan lan egiteko glotodidaktikako ikastaroa (eta AEK-k eta IKA-k bakoitzak berea dute). Guzti hori egin beharko bagenu...

Pentsatzen hasita nahiago dut irakaskuntza ikasketak hastea...
Permalink-a mezu RSS 2006-05-31 @ 19:21
Bidaltzailea: bizipozik [Kidea]
Barkatu, baina "Euskararen Irakaskuntzarako Metodologia" ikasgaia egitearekin, nahiz eta hori 9 kreditukoa izan, ez duzu ezer askorik ikasiko pedagogia edo didaktika aldetik.

Ondotxo dakit ikasgai horretan zer lantzen den, eta, egia esan, ez da gehiegi sakontzen hizkuntzaren didaktikan. Baliteke lauhileko bakar baterako ikasgai "potoloegia" izatea.

Bestalde, ez pentsa irakasle-ikasketetan ere hizkuntzen didaktikan aditu askorik dagoenik. Han ere filologo eta hizkuntzalari trebeak, egon, badaude, baina didaktikaren gainereko ezagutzarik dutenik asko ez. Esan gabe doa, ni irakasle-ikasketak egindakoa naizela, eta jakinaren gainean ari natzaizula.

Nire ustez, gaur egun hizkuntzen didaktikari buruz formaziorik osoena HUHEZIn eskaintzen dute. Han hizkuntzen irakaskuntzarekin loturiko ikasketak dituzte:
Batetik, graduondoko bat: "Hizkuntzen Kudeaketan Aditu Titulua".
Bestetik, berriz, lizentziatura bat: "Hizkuntzen Psikopedagogia".

Nahi izanez gero, begiratu www.huhezi.edu orrialdean, eta eskaintzen dutena ikusitakoan hitz egingo dugu. Baina, lehen esan bezala, filologo lizentziadunek (karrera amaitu berritan behintzat euskararen irakaskuntzaz gutxi dakiten susmoa dut.
Permalink-a mezu RSS 2006-05-31 @ 20:45
Bidaltzailea: Ricardo Gómez [Kidea]
Zinez eztabaida interesgarria piztu duzue; mila esker guztiei blogean parte hartzeagatik.

Nik neuk, eztabaida areagotzearren besterik ez bada ere, hurrengo lotura hau uzten dizuet, ea zer iruditzen zaizuen:

Panfleto antipedagógico
Permalink-a mezu RSS 2006-05-31 @ 23:00
Bidaltzailea: bontxi [Kidea]
Hemen ere hasi dira panfleto horren inguruan.
http://www.blogari.net/txelis/2006/05/23/el_panfleto_antipedagogico
Permalink-a mezu RSS 2006-06-01 @ 01:25
Bidaltzailea: Josu Lavin [Bisitaria] · http://euskarabatua.blogspot.com
Kaixo Ricardo,

Recuperatu dut blog bat' zein sortu bainuen duela urte bete' nondik ezabatu ditudan mezu guztiak, zeren orain hasiera emango dut blog berri bati non plazaratu nahi ditudan nire betiko iritziak.

http://euskarabatua.blogspot.com/

Adeitsuki

Josu Lavin
**********
Permalink-a mezu RSS 2006-06-04 @ 16:24
Bidaltzailea: Aritz [Bisitaria]
Filologia ikasketak egin ditut, karreran nengoela Glotodidaktika egin nuen eta ondoren CAP delakoa Madrilgo Complutensean, ikastaroa etxetik egitekoa zen eta beharrezkoa zen asteburu batean klase presentzialetara joatea, eta beste asteburu batean test erako azterketa bat egitera joan behar izan genuen beraiek postaz bidalitako materiala ikasi genuela frogatzeko.

Bidali ziguten materialari dagokionez, garai hartan LOGSE legearen filosofiaz ziharduten testu-liburu guztiek, baina berehala geratu zen zaharkitua han ikasitakoa gero LOCE etorri baitzen Aznarrekin eta gero, berriz, LOE Zapaterorekin .

Klase presentzialena tramite lotsagarri bat izan zen estatu guztitik trumilka joandako jendea, abizenaren arabera gela zenbaitetan sartu eta bi-hiru irakaslek bere lekzioa ematen zuten. Irakasle bakoitzak bere espezialitatea zuenez (Zapatu horretan denei tokatzen zitzaien lan egitea!) berak menperatzen zuen gairen batetaz ematen zuen klasea. Niri egokitu zitzaidan irakasleetako bat antzerkigintzan aditua zen eta izugarrizko malabarismoak eginez, Quevedo eta pedagogia lotu zituen!

Nire ikaskide batzuek Opusean egin zuten ikastaroa eta garai horretan (2001ean uste dut) komentatzen zenez, behin matrikula ordainduta ia-ia titulua oparitzen zuten (matrikula Madrilen baino zatia garestiagoa zen) ni laikoa eta proletarioa naizelako edota batere praktikoa ez naizelako... madrilera joan nintzen.

CAPa duzula dotore geratzen da kurrikuluan baina hortik aurrera gauza gutxi! eta ez dakit deitzen diren oposaketetan eta derrigorrezkoa ote den CAPa izatea! Orain deitu dira hizkuntza eskoletako irakasle izateko oposaketak, igual oker ibiliko naiz baina uste dut oinarrietan CAPa ez dela aitatu ere egiten
Permalink-a mezu RSS 2006-06-09 @ 16:45
Bidaltzailea: joseba lakarra [Bisitaria]
Pozgarria da, zinez, blog honetan Irakaskuntza Ertainerako Masterrerako Oinarri-zirriborroaz sortu den iritzi-trukaketa. Ez dut uste, inola ere, eztabaida mugatzea komeni denik baina bai, beharbada, pixkat zehaztea. Nik ez dut ezagutzen —ez gure Fakultatean ez handik kanpo— filologook edo historialariek edo filosofoek edo matematikalariek edo gainerako jakintza arloetan lizentziatu eta gero karreran ikasitakoaz Batxilergoan eta gainerako irakaskuntzan aritu nahi edo behar badugu filologia, historia, filosofia, matematika... eta bestez aski jakiteaz gainera horiek ikasleei nola helerazi jakin behar ez dugula dioenik. Aldiz, askotxo gara diogunak Jainkoak hala nahita CAP delakoa edo horren ordezko jakinen bat egin behar dugula. Askori entzun diet —eta ni ere uste horretakoa naiz— Europan zein Txinan bigarren prestakuntza hori ere bermatu behar bada Euskal Herrian ere bermatzea ongi litzatekeela; alabaina, beste hainbestek esango dizue Europa osoan ez bada masterkizun honen parekorik (inon ez baita Estatuko hiriburutik vasallo guztientzako eta exlusibitatea berarekin daramala, gainera) ez dela ikusten zer arraiogatik (europar konbergentziaren izenean!) horrelako ezer onartu behar dugunik. Badira hainbat bide —ez da asmatzen hasi beharrik, eredu aski aurkitu ahalko baitugu Europara benetan begiratuaz— akreditazioa eta ezagutza horiek antolatzeko... hori bada lortu nahi dena, jakina.
Permalink-a mezu RSS 2006-06-10 @ 14:03

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
----------

FiloBlogia

(euskal) hizkuntzalaritza-filologiei eta inguruko gaiei buruzko blog bat

blog sobre lingüística y filología (vascas) y temas más o menos conexos

a blog about (Basque) Linguistics and Philology, and related topics

Harpidetu Harpidetu

Creative Commons License
Lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Add to Technorati Favorites

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Ricardo Gómez

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution