Ekaitzek ere kontatu duenez, atzo Filologia eta Geografi-Historia fakultateko ormetan kartel misteriotsu batzuk agertu ziren: "Evscara Evscarae. Latinetik ote?".
Kartelaren beheko aldean agertzen zen www.fontaneda.net helbidera sartu nintzen ni ere eta minutu batzuetan bertan nabigatu nuen.
Fontanedak (dei diezaiogun honela, ez baitut web gunean sinadurarik aurkitu) euskararen "subjektuei" buruz dioenak harrituta utzi ninduen:
"Subjektu" absolutiboa, ergatiboa, objektu zuzena eta zehar-objektua: lau "subjektu".
Horrenbeste izanik, zertarako balio du "subjektuak"? [...]
Euskarak NOR, NORI eta NORK ditu; "subjekturik" ez da inon ere agertzen. Bota dezagun, bada, "subjektua" zakarrontzira!
Azter dezagun pixka bat: antza denez, Fontanedak "subjektu" deitzen dio aditzarekin komunztadura egiten duen argumentuari. Eta, honen ondorioz, euskarak hiru "subjektu" dituela dio.
Hauxe da hauxe "latinarekiko morrontza". Izan ere, latin gramatikaren eraginari dagokio, besteak beste, perpausaren subjektua aditz komunztadurarekin lotzea, latinean eta Europako hizkuntza gehienetan subjektuak bakarrik betetzen duelako aditzarekiko komunztadura.
Hala eta guztiz ere, aspaldidanik dakigu "subjektua" definitzeko erabili diren irizpide semantikoek (subjektua = egilea), irizpide morfologikoek (subjektua = aditzarekin komunztatzen dena edota kasu berezi bat, nominatiboa, hartzen duena) eta irizpide diskurtsiboek (subjektua = topikoa) arazo asko dituztela, eta ez direla hizkuntza guztietan betetzen. Jakina, hauetarako beste termino batzuk ere erabili dira, hala nola "subjektu logikoa", "subjektu tematikoa", etab.
Aitzitik, emaitza hobeagoak lortu dituzte "subjektua" funtzio edo erlazio gramatikal batekin lotu duten ikuspegiek eta, hortaz, subjektua definitzeko irizpide sintaktikoak erabili dituztenek.
Euskarari dagokionez, hor dugu, esaterako, Ibon Sarasolaren aspaldiko artikulu ezaguna ("Sobre la bipartición inicial en el análisis en constituyentes inmediatos", ASJU XI (1977), 49-80. or.), euskaran subjektua identifikatzeko zenbait test egiten dituena.
Harrezkero, sintaxiaren metodoak asko findu dira eta subjektuen propietate eta murriztapen sintaktiko gehiago aurkitu dira, baita subjektuen funtzionamendua hobeto ulertzeko arazoak, hala nola Gramatika Sortzailearen barruan garai bateko Kasu, Uztardura eta Kontrol teorietan erabiltzen direnak.
Teoria hauek guztiak eztabaidagarriak izan daitezke, noski. Argi dagoena da Fontaneda salatu nahi zuen "latinarekiko morrontza" berean erori dela.
Hori bai, Fontanedari aitortu behar zaio bere burutazioen publizitate ona egiten jakin duela, prefosta.
Ez daude Erantzunak/Pingback-ak mezu honetan...
(euskal) hizkuntzalaritza-filologiei eta inguruko gaiei buruzko blog bat
blog sobre lingüística y filología (vascas) y temas más o menos conexos
a blog about (Basque) Linguistics and Philology, and related topics

