Grazeko Unibertsitateko Arte eta Giza Zientzien Fakultateak eskura jarri du hizkuntzalari ororentzat ikaragarrizko interesa duen webgune bat: Hugo Schuchardt Archiv.
Webgune berri honek Hugo Schuchardt hizkuntzalari eta euskalari ospetsuaren argitalpen guztiak eskaintzen ditu, bai online ikusteko, bai PDF formatuan jaisteko ere. Baina ez hori bakarrik, eta ez da gutxi. Webguneak honako atalak ditu:
- "Vita": Schuchardten biografia laburra. Honekin batera Schuchardti buruzko artikuluak eta hil-berriak ere badira.
- "Schriften": Schuchadten idazlanak (770 liburu eta artikulu), urtez urte antolatuak. Bestalde, bada aukera izenburuetako edozein hitz edo hitz zatiren arabera bilatzeko. Esaterako, "Bask" bilatuz gero, izenburuan Basken ('euskaldunak'), Baskisch ('euskara'), Baskische ('euskal'), Bask. (= eusk.) eta abar duten lan guztiak agertuko dira.
- "Briefe": Schuchardten 13.000tik gorako gutun gorde dira. Hala ere, gutunak ez dira oraindik artxiboan sartu; baina badago Schuchadten gutunak jaso zituztenen zerrenda luze-luzea, eta zenbaiten erretratuak ere ikus daitezke "UB Graz" loturan klik eginez gero.
- "Bibliografie": Schuchardti buruzko bibliografia eskaintzen da; ez osoa, ordea. Artxiboaren egileek erabiltzaileen laguntza eskatzen dute, bibliografia zerrenda osatuz joateko.
- "Publikationen": Atal honetan Schuchadti buruzko bibliografiatik testu osoarekin eskain daitezkeen lanak sartzeko asmoa dute. Oraingoz hutsik dago; egileek hemen ere laguntza eskatzen dute, bereziki Schuchardti buruz ezer idatzi eta argitaratu dutenen partetik.
- "Bilder": Schuchardten irudiak, posta-txartel bezala ere eros daitezkeenak.
- "Handschriften": Schuchardten zenbait eskuizkriburen irudiak. Horietako bat 1887an euskaraz idatzitako gutun bat da; ezin jakin nori idatzi zion eta gutunen zerrendan haren zenbakia (10293) ez da agertzen.
- "Links": Loturak ezin falta, jakina.
- "Impressum": Artxiboan parte hartu dutenen datuak eta harremanetarako argibideak.

Bernhard Hurchek esan didanez, artxiboaren arduradunek asmoa dute, Schuchardtek idatzitako jatorrizko lanak ez ezik, haien itzulpen argitaratuak ere online jartzeko. Bestalde, inork Schuchardten inguruko ikerlanik egiteko asmorik balu, gogoz emango liokete ahal den laguntzarik handiena.