Mezua: Euskararen jatorriaz (I): Nyland-Naberan konexioa

2004-07-13

Permalink 22:02:20, Atalak: Bloggerrekoak, Euskararen_historia  

Euskararen jatorriaz (I): Nyland-Naberan konexioa

Pasa den ostegunean, hilak 8, eta UEUko Arkitektura Sailaren (!!!) Uda Ikastaroen barruan, Josu Naberanek erakutsi zuen giza hizkuntzaren jatorriaren giltza euskaran aurki daitekeela. Beste bat (zenbat dagoeneko?). Oraingoan zorionez, ez nintzen hitzaldian izan (badirudi azken honetan ez nagoela inon, baliteke...) eta Naberanen ideiak iruzkindu aurretik nahiago dut iragarri duen liburuaren zain geratu (GAIAK rides again). Esan gabe doa, esperantzarik ez dudala, egilearen aurreko lan batzuk aintzat hartuta; esaterako, Euskaldunen ilargi egutegi zaharra, munduko hainbat Indymediatan nolabaiteko zabalkundea lortu duena.

Nolanahi ere, atari gisa, Naberanek maisutzat, edo bidaidetzat bederen, hartzen bide duen Edo Nyland-i buruz zertxobait esan daiteke. Nylandek frogatu nahi du Odiseako izen asko eta Britaniar Irletako Ogam inskripzioak euskararen bitartez dezifratu/ulertu daitezkeela. Hurrengo urratsak egite aldera, euskara eta zenbait hizkuntza konparatzen ditu: sumeriera, ainu, hizkuntza dravidikoak, etab. Eta honen guztiaren ondorioz, teoria "iraultzaile" bat ateratzen du (hurrengo erreferentziak Nylanden web guneko atalei dagozkie):

"All highly developed languages on earth (except possibly Chinese) can be shown to have been developed from the original Saharan language, which in itself was also scholarly enhanced from the neolithic substratum. There exists no "family" of Indo-European or Semitic languages. There are no Indo-Europeans or a proto-I-E. language; all these unstable languages are invented by scholars. Only Saharan has remained relatively unchanged and is now spoken as Basque." (LINGUISTICS)

Larry Trask hizkuntzalari hil-berriak zenbait tokitan azaldu zituen, nik egin nezakeen baino askoz hobeto, honelako frankotiratzaileen ezaugarriak, luze bere The History of Basque bikainean eta laburrago --zehazki Edo Nylanden web guneaz ari zelarik, gainera-- LinguisList-en utzitako mezu batean: halako saltsak egosi dituzten beste hainbatek bezala, Nyland-ek ez daki euskaraz, ez euskararen historiaz, ezta hizkuntzalaritzaz ere. Hiztegi bat buruan eta ibili munduan (Nylanden kasuan, Gorka Aulestiaren Basque-English Dictionary). Honelaxe azaltzen du Nylandek zergatik sartu nahi izan zuen hizkuntzalaritzaren munduan:

"Now why would someone with formal training in forest and land administration, surveying, aerial photo interpretation, wildfire suppression, forest ecology, botany etc. venture into fields as remote as linguistics, Homeric studies, Irish Ogam inscription translation, pre-Christian religion and archaeology? Because here was obviously a wide-open and interesting field of study which, for centuries, had attracted many non-academic outsiders who made great contributions to the science they chose to work on." (HOW ALL THIS CAME TO BE)

Gehiegi ez luzatzearren, ez ditut Nylanden metodoaren urratsak xeheki azalduko (interesatuak ikus hemen); funtsean, delako inskripzioa edo izena gaurko euskal alfabetoaren arabera transliteratzen du, zatitu egiten du, VCV zatiak lortzeko komeni zaizkion bokalak eransten ditu, hiru letrako unitate bakoitza euskal hitz batekin lotu, ingelesezko hitzez hitzeko itzulpena eman eta, azkenik, esanahi "ezkutua" agerrarazi. Nahi adina adibide ekar litezke Nylanden metodoaren hutsez eta teoriaren burugabekeriaz ohartarazteko. Bakan batzuk aldatuko ditut hona, hizkuntzalaritza gehiegi jakin gabe edonor kontura dadin oinarri-oinarrizko hankasartzeak daudela:

1. Hellas Greziaren izena honela zatitzen du, eta gero azaltzen (INTRODUCTION TO AN OLD DETECTIVE STORY):

he - el. - .la - as.
he - ele - ela - asi
herri - eleizako - ela - asiera
nation - sacred - story/legend - origin
"Our nation''s sacred legends (tell) our origin".

Har dezagun, ziurrenik nabariena delako, maileguaren arazoa. El(e)iza euskarak latinetik hartutako hitza da (< ECCLESIAM), eta honek grekoan ''batzar'' esan nahi duen hitzetik hartu zuen, inongo kutsu sakraturik ez zuen hitza, jakina. Bestalde, euskararen historiaz ondo ikertu dutenek egoki esplikatu dute lat. -CL- moduko taldeak euskaran -l- aldatu zirela (edo tarteko bokal bat sortu zela): bizk. laru (< lat. CLARUM), ek. loria, erregela, etab. (FHV, 347). Latinak euskaratik (edota Sahara hizkuntzatik, edo auskalo nondik) hartu balu, nola esplikatuko lirateke latineko eta grekoko kontsonante-taldeak?
2. Penelope Ulisesen emaztearen izena honela zatitzen du, eta gero azaltzen (SUMMARY):

.pe - ene - elo - ope
epe - ene - elo - ope
epeatzeratu - -enetan - elorritsu - operatxo
to postpone - every time - thorny - operetta
"Every time she postpones the thorny operetta".

Oraingoan operatxo liluragarria hartuko dut hizpide. Erraza, ezta? Operatxo italierazko operetta-ren kalkoa da, ''opera txikia'' esan nahi baitu. Izan ere, opera italieraz sortutako hitza da eta hortik hainbat hizkuntzak hartu dute; baina genero musikal hau XVI. mende hondarrean sortu zen Italian, ez Neolitikoan inondik ere. Bestalde, eta formari dagokionez, latineko plural bat da jatorriz, opus izen neutroaren plurala alegia.

Hizkuntzalaritza historikoan erabili ohi den irizpide arrunt batek hala dio, terminoak erraztuz: hitz batek bi hizkuntzatan antzeko forma badu eta bietako batean analisi morfologikoa eman ahal bazaio eta bestean ez, lehenean bilatu behar da jatorria. Adi: irizpide honek ez du aurreikusten antza izateak besterik gabe bi hizkuntzen arteko lotura ziurtatzen duela; esan nahi duena da ezin dela inoiz ere pentsatu delako hitza analisirik ez duen hizkuntzatik analisia duen hizkuntzara pasatu zenik. Hurrengo adibidean ikusiko dugu irizpide honen beste aplikazio polit bat.

3. Ikus dezagun Ogam inskripzio baten "azterketa" (TRANSLATING OGAM):

IN LEBOR OGAIM. in.-.le-ebo-oro-oga-ahi-im.

in. ina inauguratu to innovate
.le ale alegiñez carefully
ebo ebo eboluzionatu to develop
oro oro orobateko similar
oga oga ogasun wealth
a.i ahi ahituezin timeless
im. imi imitazio character

"Innovate by carefully developing a similar wealth of timeless characters".

Zinez adibide polita. Berriro ere maileguetara mugatuz, lehen osagaian latinez analisi morfologiko ezaguna duen hitza dugu: in+augurare; nolatan, orduan, euskarak, edo Sahara hizkuntzak, latinari eman? Orobat eboluzionatu: hasteko, eboluzio izenetik eratorritako aditza da; bigarrenik, latinez, evolutio-k ''erroilu tankerako liburu bat zabaltzea'' esan nahi zuen, ''desenroilatzea'' alegia, eta evolvere aditzetik sortutako izena da. Evolvere-k, bere aldetik, ex+volvere egitura du, volvere aditzak, besteak beste, evolvo-ren adiera bera zuelarik. Gaur egun eboluzionatu eta eboluzio hitzetan ezagutzen ditugun esanahiak berriagoak dira.

Aurreko adibideak "desarmateko" maileguez baino ez naiz baliatu, baina bestelako argudioak ere erabil nitzakeen (ik. Trask 1997: 359): euskal hitz eratorri eta elkartu aski berriak erabiltzea, euskal hitzen aldaera berriak edota geografikoki oso mugatuak, onomatopeiak eta hitz adierazgarriak (berez hizkuntzetan oso antekoak izaten direnak, inongo ahaidetasunik islatu gabe), neologismoak (are sabindarrak ere!), itzulpen okerrak,...

Eta abar, eta abar, eta abar...

Nahikoa "enroilatu" naiz ni ere. Egia esan, hedabide batzuek, Euskal Herrikoek zein kanpokoek, Nyland, Naberan, Martinez Lizarduikoa, Jorge Alonso eta gisa bereko iluministekin hain abegitsu jokatuko ez balute, ez genuke minutu bat ere galdu beharko bururik ez hankarik ez duten mitologia berri baterako saio hauek iruzkintzen.

Amaitzeko, irakasleoi asko gustatzen zaigun zerbait egingo dut: bibliografia eman. Gai honetan interesa duenari Mitxelenaren Fonética histórica vasca (Donostia, 1977) eta Trasken The History of Basque (Routledge, 1997) irakurtzea gomendatuko nioke. Hala ere, Interneten aurki daitezkeen materialetara mugatuz gero, J. Lakarraren "Na-de-Ná" artikulua duzue eskura (Uztaro 31, 1999).

Azken oharra: UEUko Arkitektura Sailekoei zer irudituko litzaieke hizkuntzalaritzazko ikastaro batean honako hitzaldi bat onartuko balitz? demagun: "Hizkuntzaren arkitekturatik Arkitekturaren hizkuntzara: sintaxi egituretan oinarritutako eraikinak bakarrik dira zilegi".

Erantzunak, Pingback-ak:

Bidaltzailea: Anonymous [Bisitaria]
"Hizkuntzaren arkitekturatik Arkitekturaren hizkuntzara: sintaxi egituretan oinarritutako eraikinak bakarrik dira zilegi".

Sintaxi zuzenarekin egiten bada, tira, baina Jesus Rubio jarriko bagenu arkitekto, ez dakit nik...
Permalink-a mezu RSS 2005-12-06 @ 08:23
Bidaltzailea: Ano-ni-mus-ipur-neu-tute [Bisitaria]
Aurtengo Durango Azokan, azkenik, euskararen jatorria argitu dela eta argitaratu dela ikusi dut .

Euskara Orion konstelaziotik zuzen-zuzenean dator.

Euskal toponimo enblematikoenak mapa batean kokatu eta Orionek duela mende batzuk zeukan itsura berbera agertu!

Ezin kasualitatea izan!
Permalink-a mezu RSS 2005-12-09 @ 23:12
Bidaltzailea: Joseba Lakarra [Bisitaria]
Beste zenbait euskaldun gaiztok bezala, aspaldixko dut Durangotik liburu-peria egunetan bederen ez azaltzeko ohitura. Dakustanez nire izaera temati eta aldrebesarekin lotua den erabaki oker horrek ekarri du Oriongo konstelazioak euskararen jatorria azaltzeko ematen omen digun laguntzarekikoa galtzea. Pozten naiz, halere, hori frogatua eta argitua (lekuko ugarirekin gainera, I supose) gelditu izana. Irrikitan nago orain norbaitek honen guzti honen xehetasunak lehenbaitlehen eman ahal diezazkigun.
Artean, Oriongo jatorriaren hipotesiak euskara-na-dene, euskara-bereberra, euskara-kaukasikoa eta gainerako "azalpen klasikoak" ordezkatzen ditu, ala haiekin konbinatua datorkigu? Nik neuk nahiago nuke lehen aukera arrazoi gastronomiko soilengatik baino ez bada ere: hots, nahiago ditut txuleta eta bisigua bakarrik, hots, zein bere aldetik eta ez babarrunekin edo urdaiazpikoarekin nahasita, haragiki arrunt mozorrotua edota arrankari exkax "nafar erara" osatuak, hurrenez hurren, bailiran... Baina tira, dudan gosearekin eta lehenagoko ohitura gaiztoetatik "eusko-kurrikulutar" txintxo izatera igarotzeko dudan grinarekin ia edozer irents nezake. Zuen zain nauzue, bada, anonimus-ipurneutute eta gainerako adiskide diakroniazaleok
Permalink-a mezu RSS 2005-12-12 @ 19:11
Bidaltzailea: Ricardo Gómez [Kidea]
"I’ve seen things you people wouldn’t believe. Attack ships on fire off the shoulder of Orion..." zioen Roy Battyk, erreplikanteen buruak, Blade Runner film ahaztezinean.

Orain badakit nondik gatozen euskaldunok: erreplikanteak gara!! (edo replikanteak, Erramunentzat-eta)
Permalink-a mezu RSS 2005-12-13 @ 15:57

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
----------

FiloBlogia

(euskal) hizkuntzalaritza-filologiei eta inguruko gaiei buruzko blog bat

blog sobre lingüística y filología (vascas) y temas más o menos conexos

a blog about (Basque) Linguistics and Philology, and related topics

Harpidetu Harpidetu

Creative Commons License
Lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Add to Technorati Favorites

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Ricardo Gómez

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution