Patri Urkizu UNEDeko irakasle titularrak Lazarragaren eskuizkribuaren edizio bat argitaratu du.
Erein argitaletxeak kaleratu duen liburuan Urkizuk hitzaurre bat ("Aitzin Ikerlana" izenburukoa), bere edizioa ("Transkripzio Modernoa") eta zenbait eranskin eskaintzen ditu, hala nola lehen bertsolerroen zerrenda alfabetikoa, antroponimo eta toponimoen zerrenda, aztertutako hitzen zerrenda eta adizkitegia, bibliografia, ilustrazioak eta eskuizkribuaren edizio faksimilea.
Egunkari batzuek liburu ateraberriaren albistea ekarri dute:
- "Jalgi hadi plazara" (Berria)
- "Patri Urkizuk plazaratu du Lazarragaren eskuizkribuaren lehen edizio kritikoa" (Diario Vasco)
- "Lazarragaren eskuizkribuaren lehen edizio idatzia Ereinen" (Gara)
Gaurko honetan ez naiz Urkizuk paratutako edizioaren xehetasunetan sartuko; beharbada hurrengo batean ekingo diot gaiari, edo horretaz nik baino hobeto hitz egin ahal duenaren zain geratuko naiz segurki. Gaurkoan aski dut egunkariek ediziori itsatsi dioten adjektiboez hitz bi esatea.
Goiko izenburuan ageri denez, Diario Vascok "edizio kritikoa" deitu dio Urkizurenari, eta orobat Berriak artikuluaren sarreratik beretik hasita. (Bide batez, Armiarmako transkripzioaren atarian ere "Dianea & Koplak izeneko edizio kritikoa" deitu diote Urkizurenari.) Badirudi edizio bati "kritiko" deitzeak besterik gabe nolabaiteko kalitate maila ematen diola lanari, edota "edizioa" deitzea, huts-hutsean, ez dela nahikoa, zerbait faltako litzaiokeela. Kazetari batzuek ez ezik, edizio askoren egileek "kritiko" adjektiboa eransten diote beren lanari, halako aura bat --edo, okerrago dena, halako bulda bat-- lortzen dutela sinetsirik.
Ba ez, edizio batek kritikoa izateko gutxienezko baldintzak bete behar ditu eta horien artean garrantzitsuena edizioaren xedea da: egileak nahi zuen testua berreskuratzeko eta berreraikitzeko asmoa izatea, esan nahi baitu egileak idatzi zuena (edo hartatik ateratako kopi(et)an iritsi zaiguna) ez dela inoiz egilearen gogoan zegoen testua. Bestela esanda, idazten dugun orok idazten dugun orotan oharkabean hutsak egiten ditugu, gehiago edo gutxiago, eta huts horiek zuzendu behar ditu ediziogileak, horretarako metodoak erabiliz eta bere jakintza filologiko guztia baliatuz. Areago dena, testu bakoitza egoera jakin batean, garai jakin batean eta irakurlego potentzial jakin batentzat idatzi da eta, hortaz, edizio kritiko batek ezaugarri horiek guztiak gaurko irakurleentzat ulergarri diren moduan eskaini behar ditu: hitzaurre egoki bat eskainiz, testua behar bezala moldatuz eta antolatuz, ohar argigarriak gehituz, etab.
Nolanahi ere, Urkizu saiatu da berea deitura horretatik aldentzen, honelaxe esaten baitu "Gure Edizioa" atalaren amaieran:
"Gure aldetik, bada, edizio kritikoa baino areago ahalik eta errazena eta literarioena burutzen ahalegindu gara." (70. or.)
"Edizio literario"arenak ere zer pentsatu ematen du, nik bederen hiru modutan ulertzen dudalako, eta bat ere ez bide dagokio guztiz Urkizuk ondu duenari: (a) argitaletxe batek literatur lanak argitaratzea (eta, hortaz, nola eta norentzat egiten den gehiegi zehazten ez digun adiera); (b) idazle baten testua argitaratu aurretik, behar dituen hizkuntza, estilo, ortotipografia zuzenketak-eta egitea, eta (c) literatur lan zaharrei dagokienez, testu bat ongi aztertu eta ongi ezagutzen dena --gehienetan tradizio filologiko aski luze batek testua finkatu ondoren-- irakurleei gaurko idazkera erabiliz, eta batzuetan testuaren hizkuntza bera ere gaurkora egokituz, eskaintzea.
Eta zer esan, azkenik, Garako "edizio idatzia" ederraz? Erredundantea. Egia da gaur egun edizio hitza, hizkuntza batzuetan, artelanei eta ikus-entzunezkoei ere ezartzen zaiela, irrati-telebistetako albistegien emanaldiei esaterako; baina hortik kanpo (eta nago Lazarragaren edizio bat ez dela aurreko multzoan sartzen) edizio guztiak idatzi egiten dira, eta batzuk gero argitaratu.
Ez daude Erantzunak/Pingback-ak mezu honetan...
(euskal) hizkuntzalaritza-filologiei eta inguruko gaiei buruzko blog bat
blog sobre lingüística y filología (vascas) y temas más o menos conexos
a blog about (Basque) Linguistics and Philology, and related topics

