Atala: Etxetik kanpo

2008-11-20

Europeana: Europa osoko liburutegi digitala

Gaur aurkeztu da ekimen hau. Europeanak Europa osorako liburutegi digitala izateko asmoa du. Momentuz Europar Batasuneko estatu guztietako liburutegi nazionalek euren funts digitalak datu base horretan sartuko dituzte. Bestalde, hitzarmen bidez beste liburutegi batzuek gauza bera modu desinteresatuan egin dezaten lortu nahi da, Europa osoko funts bibliografikoa datu base bakar batean ezarriz. Baina ez dira soilik liburuak digitalizatuko, artelanak irudiak eta soinu artxiboak ere ikusgai egonen baitira, hortaz, museoak, mediatekak eta artxiboak ere sartuko dira proiektuan.

Proiektua Europar Batasunarena izanik ere, Koninklijke Bibliotheek ari da hori aitzinatzen.

Informazio guztia: http://dev.europeana.eu/home.php
----------

2007-08-28

Permalink 12:17:53, Atalak: euskofilia, Euskarari buruz, Etxetik kanpo  

ISO 639-3 estandarraren aldaketak onartuak

ISO 639-3 nazioarteko estandarra, munduko hizkuntzak sailkatzeko dagoen nazioarteko kodea aldatu egin da euskarari dagokionez, FiloBlogian irakurri ahal izan dudan moduan. Izan ere, euskara hiru kode diferenteren pean zegoen sailkatua,  eus (hasieran, hegoaldeko euskalkientzako), bqe (Nafar-Lapurterarentzako) eta bsz (Zubererarentzako),  hizkuntza berbera hirutan banatuz.


Besteak beste Ricardo Gómezek FiloBlogian egindako kanpañari esker eta ISO 639-3 kodearen arduradunei egin eskariari esker, batzorde batek euskara guztiak eus kodearen pean batzea erabaki du, hiru euskara izan beharrean bakarra izanik.


Informazio gehiago:

FiloBlogia (2007-08-27): "ISO 639-3: gure proposamenak onartu dira"

----------

2007-06-27

Permalink 00:39:10, Atalak: euskofilia, aho bete hortz, Etxetik kanpo  

"La Razón" euskara zuzentzaile lanetan

"La Razón" egunkari objektibo, neutral, futbolzale eta antza euskaldunak (euskaldun=euskaradun) honako argazkia zekarren  2007ko ekainaren 24ko edizioan "Vivir el Domingo" atalean, 86. orrian alegia:



Besterik gabe, Euskadiko Selekzioak Caracasen bertako ekipoaren kontra joan den asteazkenean jokatutako partiduaren berri ematen ari direla pentsatuko genuke argazkia ikusterakoan, baina argazki-oinari erreparatuz gero...


Traskribapena: "Un grupo de jugadores de la Segunda División Española portando una pancarta en Caracas en honor de Chávez y De Juana Chaos. Lo que dice, sinceramente, no lo hemos comprendido porque hay muchas faltas de ortografía."

Alajaina! "Segunda División Española"ren apelatibo ez-inuxentean ez naiz sartuko (ez bada, nire ustez letra larririk eraman behar ez duela esateko), hortik aurrera datorrenak ez du preziorik: kazetaritzaren etika guztia lurrarekin berdindu dute, akats ortografikoak asmatu dituzte,e do akaso ortografia arau berriak asmatu, eta gainera ulertu ez duten zerbaiten berri ematen ausartzen dira? Enpin...
----------

2007-06-15

Aipu plagioa

Language Log blogean askotan mintzatu izan dira plagioaz. Gaurko mezu batean baina, plagio berri bati buruz mintzo da Bill Poser: "Citation plagiarism" edo aipu plagioaz. Artikuluan lehenik hura zer den azaltzen digu eta gero horren alde zein kontrako argudioak emanez, bere iritzia ematen du, finean plagio mota hori plagioa den edo ez.

Aipu plagioa hau litzateke: nik artikulu bat irakurri, horren bidez beste baten berri badut eta bakarrik bigarrena aipatzen badut, aipu plagioa egiten ari naiz lehen iturria ez aipatzean, hots, zeren bidez ailegatu naizen bigarrene rreferentziara.

Gainera, artikuluak sei arrazoi ematen ditu aipuak egitearen garrantzia azpimarratzeko. Beraz, aipuek:

  1. Botatako iritziari oinarria ematen diote
  2. Irakurleari aipuaren zehaztasuna frogatzen uzten diote
  3. Irakurleari gaiari buruz informazio gehiago lortzeko aukera ematen diote
  4. Irakurlea aipu balaigarri gehiago izan ditzakeen iturri batera bideratzen dute
  5. Egilea bere ideiaren jatorriaz ohartzen dela frogatzen dute
  6. Ideiaren sortzaileari berari bermea ematen diote, bere lana beste batek aipatu eta baliatu duelako.
Berak argudio batzuk ematen ditu bukaeran, aipu plagioa berez plagioa ez dela esateko.  Nahi izanez gero, artikulua irakurri  eta esaidazue ados zaudeten edo ez! (ingelesez dago: ez da sobera luzea, nahiz eta badakigun luzeraren kontzeptua subjektiboa dela eta dugun ingeles maila aldagai bat dela luze/laburra den baloratzeko)
----------

2007-01-22

Renoko CBS eta EHUren beka deialdiak

UPV-EHU eta Renoko Center for Basque Studiesek elkarlan hitzarmena sinatu dute, Renon Euskal Ikasketak egiten ari diren ikasleak hona etortzeko, eta hemengoak hara joan daitezen. Hainbat beka dira, beheko loturan klik eginez gero ikusgai. Hemengoontzat zuzenean interesgarri direnak aipatuko ditut:

1.- UPV-EHUko irakasleei zuzendutako ikerketa beka. 2 hilabeteko iraupena du, eta gaiak euskal ikasletekin behar du loturik egon. Gehiago hemen

2.- Postgraduatuentzako 2 beka, horietako bat euskal ikasketekin lotua. Gehiago hemen

Iturria:

"El CBS de Reno y la Universidad del País Vasco y ofrecen becas y estancias para estudiantes vascos y americanos" [kontsulta: 2006-1-22], Boletín de cultura y diáspora vasca (on line).
----------

:: Hurrengo orrialdea >>

Kudeaketa

euskofilia

Euskal Filologia ikasleok euskararen, filologiaren eta ikasketen alorrean ditugun galderak, zalantzak, iritziak eta proposamenak botatzeko gunea. (Ekaitz Santazilia)

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Zure bloga eraman

  1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
  2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

powered by
b2evolution