Atala: internet

2009-09-07

Permalink 10:55:10, Atalak: euskofilia, Euskarari buruz, internet  

Aizkibeli buruzko lana Artxikerren

Ricardo Gómez irakaslearen Euskal Lexikografia ikasgairako egindako lana Artxikerrera igo dut. Hala dio Artxikerreko laburpenak:

Lan hau EHU-ko Ricardo Gómez irakaslearen Euskal Lexikografia ikasgairako egin da. Bertan, José Francisco Aizkibelen Euzkeratik Erderara Biurtzeko Itztegiaren (Diccionario basco-español) eskuizkribua eta urte zenbait igarota Eusebio Lópezek 1883-84 urtean egindako argitalpena konparatu ditugu. Eskuizkribuaren deskribapena egin dugu. Bestalde, Lópezek Koldo Mitxelena Kulturunean gordetzen den eskuizkribua baliatu zuela frogatzeaz gain, hainbat gauza moldatu, erantsi eta zuzendu (okertu ere bai) zituela erakutsi dugu. Azkenik, hiztegiaren edizio kopuruari eta euren arteko desberdintasunei buruzko datu zenbait agertu ditugu.

Aizkibelen Euzkeratik Erderara Biurtzeko Itztegia: eskuizkributik argitalpenera
----------

2008-12-23

Permalink 13:05:02, Atalak: euskofilia, interesgarria, internet  

Iker/Jagon-Tegiak: Euskaltzaindiaren argitalpenak sarean

Euskaltzaindiak bere interneteko gunea berritu du eta bertan ezarri du Iker/Jagon-tegiak atala. Euren asmoa paperean argitaratutako gauzak sareratzea da. Diotenez:

"Euskaltzaindiak euskarri digitalean eskaintzen ditu hemen, dagoeneko paperean plazaraturiko hainbat lan. Era honetan, ikertzaile, ikasle-irakasle zein interesa izan dezakeen orok modu erosoago eta malguagoan erabili ahal izango ditu. Edukiok aldiro-aldiro osotuz eta eguneratuz joango gara."

 

Oso pozik nago berri honekin, Euskaltzaindiaren argitalpen gehienak baitaude bertan PDFn: Mendaur bilduma, Biltzarretako aktak, IKER guztiak, Euskararen Lekukoak, Aldizkariak, klasikoen argitalpenak eta abar. Orotariko Euskal Hiztegia falta da...

Gainera bilatzailea ere badago, IKER bilduma, Euskera aldizkaria edo Arau eta gomendioetan bilaketa zuzenak egiteko.

 

 

----------

2008-11-20

Europeana: Europa osoko liburutegi digitala

Gaur aurkeztu da ekimen hau. Europeanak Europa osorako liburutegi digitala izateko asmoa du. Momentuz Europar Batasuneko estatu guztietako liburutegi nazionalek euren funts digitalak datu base horretan sartuko dituzte. Bestalde, hitzarmen bidez beste liburutegi batzuek gauza bera modu desinteresatuan egin dezaten lortu nahi da, Europa osoko funts bibliografikoa datu base bakar batean ezarriz. Baina ez dira soilik liburuak digitalizatuko, artelanak irudiak eta soinu artxiboak ere ikusgai egonen baitira, hortaz, museoak, mediatekak eta artxiboak ere sartuko dira proiektuan.

Proiektua Europar Batasunarena izanik ere, Koninklijke Bibliotheek ari da hori aitzinatzen.

Informazio guztia: http://dev.europeana.eu/home.php
----------

2008-11-03

Permalink 15:19:08, Atalak: euskofilia, Unibertsitatea, internet  

Monumenta Linguae Vasconum EHUko ikerketa taldearen web gunea

Joseba Lakarrak zuzentzen duen Monumenta Linguae Vasconum EHUko ikeketa taldeak webgunea estrenatu du. Bertan euren ikerketa proiektuen, jardunaldien eta taldekideen berri izan dezakegu, euren artikulu zenbait eskuratu eta abar.  Oraingoz guztiz osatu gabe dago, baina poliki-poliki gauzak gehitzen joanen dira.

Helbidea: http://www.ehu.es/monumenta

Ongi etorriak sarera!
----------

2008-10-28

Permalink 13:30:41, Atalak: euskofilia, internet  

Ahots tratamendurako programak

Aitor Iglesiasek zerrenda hau helarazi dit. Bertan, zenbait ikerketa taldek ahotsaren prozesamendurako eta transkribapenetarako erabiltzen eta garatzen dituzten programa informatikoak ageri dira. Batzuk deskargatzeko aukera dago, baina link zenbait ez dabiltza ongi.

Hemen duzue zerrenda:

http://liceu.uab.es/%7Ejoaquim/phonetics/fon_anal_acus/herram_anal_acus.html
----------

:: Hurrengo orrialdea >>

Kudeaketa

euskofilia

Euskal Filologia ikasleok euskararen, filologiaren eta ikasketen alorrean ditugun galderak, zalantzak, iritziak eta proposamenak botatzeko gunea. (Ekaitz Santazilia)

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Zure bloga eraman

  1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
  2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

powered by
b2evolution