Josu Zugasti ikaskideak Berrian (2008-06-26) idatzitako iritzi artikulua da hau. Zenbat aldiz esan ditugun horrelakoak! Bota zuen iritzia honen inguruan:
Aspertzen bazara.... ikertu euskara!
Zeharo gogaikarriak dira azkenaldian euskararen inguruan berriz azaltzen ari diren teoria eta aurreiritzi zahar zentzugabeak. Zentzugabeak baina ederrak, jendea liluratzeko gaitasuna daukatenak. Nahiz eta orain dela hirurogei urtetik filologo batek ere defendatzen ez dituen, kontrako frogak gehiegi izan direlako eta edozein alor zientifikotan ikerketak eta teoriak datuen eta metodologia zorrotz baten menpe egon behar direlako. Baina batzuen ustez, Basque is different. Zeren hau euskara da, munduko hizkuntzarik zaharrena, unibertsitateetako hizkuntzalari eta filologoek ezjakintasunez eta aurreiritziz erdi-ikertua dagoena, euskaldun sen sakon eta prehistorikotik bakarrik uler daitekeena.
Horrelako teoria xelebreen erakusgarri gutxi batzuk:
-Iberikoa (eta tartesikoa eta etruskoa...) euskararen bitartez irakur daitezke: Gezurra. Filologoak ez daude Euskal Herrian bakarrik, mundu mailako esparru zientifiko sendo eta aski garatua delako, eta iberikoz dauden testu urriak dagoeneko ondo konparatu eta ikertu dira. Ez dago ia morfema bakar bat ere testuinguruaren arabera euskararekin konparatu daitekeenik irizpide eta iragazki fonologiko eta semantiko serioak erabilita.
-Latina eta Europako hizkuntzak euskara ziren prehistorian: Gezurra (eufemismo bat erabili dut). Horren azpian beste aurreiritzi bat dago: euskara ez da aldatzen. Ba, euskara aldatu egiten da (ikusi bestela testu zaharrak!), hots berriak hartzen ditu inguruko hizkuntzetatik (gaztelerazko j eta frantsesezko r bezala), hitzak sortzen eta hartzen ditu, hitzak eta egiturak itxuraldatu egiten ditu belaunaldiz belaunaldi (horrela sortu dira euskalkiak)... Beraz, inguruko hizkuntzak beste aldatu den gaurko euskararen bitartez latinaren prehistoria azaldu nahi izateak ez dauka zentzurik eta kito. Batez ere, latina, bere familiako hizkuntzekin batera, gehien eta sakonen ikertu den hizkuntza delako eta ezin ditugulako ikerketa horiek ahaztu.
-Euskara hizkuntza kaukasoarrekin eta bereberrarekin lotuta dago: Horrelako konparaketak hitz gutxi batzuk konparatuz (eta gaizki konparatuz) sortu dira eta behin ere ez dute sinesgarritasunik eduki. Normala da kasualitatez hitz gutxi batzuk antzeko itxura izatea bi hizkuntzatan, baina hizkuntzaren historian (testu zaharretan) atzera eginez gero, ikusiko dugu ziurrenik bi formak denboran atzera egin ahala aldenduz doazela bata bestetik.
Tristea iruditzen zait gurea bezalako herri kultu batean oraindik, sarri euskaraz ere ez dakiten batzuek jarraitzaileak lortzea aurrekoak bezalako teoriekin. Tristea egiten zait Euskararen Jatorriaren Batzarrak egitea, druiden batzarren antza daukatelako. Eta inori ez litzaiokeelako ondo irudituko filologo batek astrofisikaz ezer irakurri barik Astrofisikaren Batzarrak antolatzea, han esango dituen astakeriak zientzia bailiran aurkeztuz.
Badaude lan serioak protoeuskararen gainean. Joseba Lakarra, Koldo Mitxelena, Joaquin Gorrotxategi eta beste hainbat; autore eta zientzialari zorrotzak eta jakintza sendokoak dira eta euren artikulu edota liburuak ez daude Vatikanoko liburutegi sekretuan. Gai honetan interesa daukanak jo beza haien lan zientifikoetara eta ez teoria ikusgarri eta hutsaletara, bada garaia eta.
Josu Zugasti. Euskal Filologiako ikaslea (Arrasate).
Euskal Filologia ikasleok euskararen, filologiaren eta ikasketen alorrean ditugun galderak, zalantzak, iritziak eta proposamenak botatzeko gunea. (Ekaitz Santazilia)