Ikaskide batek eman dit mezua autoan nintzela eta etxera ailegatzerakoan konfirmatu dut
Henrikeren heriotza.
Ricardok esan duen bezala ematen du gure sailean sorginkeriaren bat bota digutela,
Andolin Eguzkitza,
Isabel Gomez,
Axun Aierbe eta Henrike Knörr galdu baititugu oso denbora gutxian.
Henrike pertsona ezaguna zen Euskal Herrian, hortakoz euskaltzain, hizkuntzalari edo idazle baten galeraren berri emanen dute egunkariek. Nik hemen bestelako alderdi bat aipatu nahi nuke.
Henrike nire irakaslea izan zen eta karreran sartzean euskal filologiarekin izan nuen lehenetariko kontaktua harekin izan nuen: ez zizkigun soilik filologiari buruzko galderak egiten: "Non dago Amikuze?" edo "Irakurri eta bidaiatu" bezalakoak luzatzen zizkigun. Gerora saileko bileretan (eta bazkariren batean), kongresuetan, kalean, askotan elkartu naiz harekin, beti umore onez, beti despistatu, desordenatu: mila gauza zituen buruan.
Duela urtebete izan nuen bere eritasunaren berri: elkarrekin genuen kontu bat argitzeko deitu nion eta hara bere erantzuna: "-Ezin dut joan, ospitalean nago" eta nik: "-hara! zer duzu ba?" eta berak erantzun: "Ez, deus ere, minbizia, baina trankil, ongi nago!". Hasieratik umoretsu hartu zuen bere gaixoaldia, baina borroka eritasunak irabazi du. Azken aldikoz duela hilabete inguru ikusi nuen, aurreko astean oso gaizki zegoela jakin eta gaur berria jaso dut. Penatua nago zinez.
Ricardoren Filoblogian informazio gehiago duzue