Mezua: Henrike Knörr irakasleak (ere) utzi gaitu

2008-05-01

Permalink 02:23:29, Atalak: euskofilia  

Henrike Knörr irakasleak (ere) utzi gaitu

Ikaskide batek eman dit mezua autoan nintzela eta etxera ailegatzerakoan konfirmatu dut Henrikeren heriotza. Ricardok esan duen bezala ematen du gure sailean sorginkeriaren bat bota digutela, Andolin Eguzkitza, Isabel Gomez, Axun Aierbe eta Henrike Knörr galdu baititugu oso denbora gutxian.

Henrike pertsona ezaguna zen Euskal Herrian, hortakoz euskaltzain, hizkuntzalari edo idazle baten galeraren berri emanen dute egunkariek. Nik hemen bestelako alderdi bat aipatu nahi nuke. Henrike nire irakaslea izan zen eta karreran sartzean euskal filologiarekin izan nuen lehenetariko kontaktua harekin izan nuen: ez zizkigun soilik filologiari buruzko galderak egiten: "Non dago Amikuze?" edo "Irakurri eta bidaiatu" bezalakoak luzatzen zizkigun. Gerora saileko bileretan (eta bazkariren batean), kongresuetan, kalean, askotan elkartu naiz harekin, beti umore onez, beti despistatu, desordenatu: mila gauza zituen buruan.

Duela urtebete izan nuen bere eritasunaren berri: elkarrekin genuen kontu bat argitzeko deitu nion eta hara bere erantzuna: "-Ezin dut joan, ospitalean nago" eta nik: "-hara! zer duzu ba?" eta berak erantzun: "Ez, deus ere, minbizia, baina trankil, ongi nago!". Hasieratik umoretsu hartu zuen bere gaixoaldia, baina borroka eritasunak irabazi du. Azken aldikoz duela hilabete inguru ikusi nuen, aurreko astean oso gaizki zegoela jakin eta gaur berria jaso dut. Penatua nago zinez.

Henrike Knörr


Ricardoren Filoblogian informazio gehiago duzue

Erantzunak, Pingback-ak:

Bidaltzailea: Urtzi [Bisitaria] · http://www.blogak.com/urtzi
"non dago Amikuze?" "non dago Zokoa?" bezalako galderak egiteaz gain, egunean bi egunkari, astean bi liburu eta "mesedez, faborez eta karitatez" Biblia irakurtzeko ere esaten zigun... ez nuen luzaro izan irakasle bere eritasuna zela eta, baina ni ere penatuta nago.
Permalink-a mezu RSS 2008-05-01 @ 14:28
Bidaltzailea: Miel [Bisitaria]
Zaila izango da, oso, bere naturaltasuna eta bere galdera bihurriak ahaztea.
Nire doluminak senide eta lagunei.
Permalink-a mezu RSS 2008-05-06 @ 16:15
Bidaltzailea: Juankar LOPEZ-MUGARTZA [Bisitaria]
Jende askok ikasiko du orain, benetan, Henrike nor zen. Kontrapasean euskararekin esaten zen bezala. Eta ez gaitezen engaina, denek ez baitzioten merezi zuen hainako begirunerik erakustsi.

Bizi zelarik egiten zituen gauza batzuek kritikarik gogorrenak jasotzen zituzten. Bera gizon ona zelako. Oldarkorra ez zelako. Beste batekin, jakina, ez ziratekeen ausartuko. Hori errespetu falta ikaragarria da.

Bestalde, esaten zituen gauza batzuk deseroso gertatzen omen zitzaizkien entzuteko belarriak bai, baina entzuteko gogorik ez zuten guztiei. Ausarta zen, eta esan beharrekoak esaten zituen jazarria izan zitekeen arren.

Behin baino gehiagotan uko egin ziotenek, bekaizkeriak jota mina egin zioten guztiek, gogoeta sakona egin dezatela eta damua, benetako damua, erakuts dezatela.

Besteei zer erran... Patxada handiagoz, aurreiritzirik gabe, irakur ditzatela berak idatzitakoak. Zentzuzkoak baitira. Ikas dezatela. Benetan Euskal Herria maite badute, jakin dezatela lehenik Amikuze non dagoen eta gero gogoeta egin dezatela. Euskal Herriak berak ere minbiziari aurre egin behar baitio, berak erakutsi bezala. Irakur ditzagun bere artikuluak, entzun ditzagun bere hitzak behin betikoz.
Permalink-a mezu RSS 2008-05-07 @ 10:54

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
----------

euskofilia

Euskal Filologia ikasleok euskararen, filologiaren eta ikasketen alorrean ditugun galderak, zalantzak, iritziak eta proposamenak botatzeko gunea. (Ekaitz Santazilia)

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

powered by
b2evolution