Artxiboak: Abuztua 2007

2007-08-28

Permalink 12:17:53, Atalak: euskofilia, Euskarari buruz, Etxetik kanpo  

ISO 639-3 estandarraren aldaketak onartuak

ISO 639-3 nazioarteko estandarra, munduko hizkuntzak sailkatzeko dagoen nazioarteko kodea aldatu egin da euskarari dagokionez, FiloBlogian irakurri ahal izan dudan moduan. Izan ere, euskara hiru kode diferenteren pean zegoen sailkatua,  eus (hasieran, hegoaldeko euskalkientzako), bqe (Nafar-Lapurterarentzako) eta bsz (Zubererarentzako),  hizkuntza berbera hirutan banatuz.


Besteak beste Ricardo Gómezek FiloBlogian egindako kanpañari esker eta ISO 639-3 kodearen arduradunei egin eskariari esker, batzorde batek euskara guztiak eus kodearen pean batzea erabaki du, hiru euskara izan beharrean bakarra izanik.


Informazio gehiago:

FiloBlogia (2007-08-27): "ISO 639-3: gure proposamenak onartu dira"

----------

2007-08-04

Permalink 19:29:11, Atalak: euskofilia, aho bete hortz, internet, literatura  

Euskal literatura klasikoaren unibertsaltasuna frogatzen duen apokrifo fantastikoa

Joseba Gabilondo idazle eta euskal filologian doktoreak idatzitako testu hau dakarzuet: Euskal literaturaren unibertsaltasuna frogatzen duen apokrifo fantastikoa. Gabilondok gutun moduan idatzitako testu honetan, zera esaten digu: bizkaiera zaharra aztertu nahiez eta Joseba Lakarraren teoriak deuseztu nahiez Ingalaterrara doa protagonista, British Museumeko artxiboa arakatzera. Bertan ezusteko dokumentu batzuk topatuko ditu, museoak ezkutuan atxikitzen dituenak, ez soilik euskal letren, baizik eta mundu osoko literaturaren iraultza ekarriko dutenak.

Da Vinci kodearen estiloan idatzitako testu honek alkohola, sexua, filologia, Lakarra, bizkaiera zaharra, literatura eta abentura elkartzen ditu. Testua luzexka da, baina entretenigarria filologoentzat. Deigarria da protagonistak bere burua ezagutzera emateko eta Lakarra "alferra"ren gainetik jartzeko duen obsesioa!


Nik bederen gozatu dut apokrifo fantastiko honekin. Mila esker Borja Ariztimuño ikaskideari beronen berri emateagatik!
----------

2007-08-03

Permalink 19:34:43, Atalak: euskofilia, interesgarria, internet  

Euskargazki 50 sarreretara ailegatzear

Euskargazki, euskal kultura, historia eta hizkuntzan garrantzia izan duten lekuak argazki bidez erakusteko abenduan sortu nuen beste blogak aurki 50 sarrera izanen ditu, hau da, laster 50 leku ezberdin bilduko ditu.

Ematen du ez direla gehiegi, baina egiazki, kostatzen da 50 leku horietara joatea argazkia ateratzeko! lanak merezi duela uste dut eta gustora ari naiz gainera. Tokiak errazago aurkitzeko, nola ailegatu deskribatzen saiatzen naiz eta gainera Tagzanian puntu guztiak ahal bezain zehatz markatu ditut, beraz mapa osoa ikus daiteke.

 Gogoan izan, blogean diodan bezala, turismo kulturala bultzatzeaz gain, nire asmoa euskal filologian gabiltzanoi lekuak eta gertakariak buruan errazago sartzeko tresna izatea ere nahi nukeela. Zuen ekarpenak beti ongi etorriak izanen dira!
----------

:: Hurrengo orrialdea >>

euskofilia

Euskal Filologia ikasleok euskararen, filologiaren eta ikasketen alorrean ditugun galderak, zalantzak, iritziak eta proposamenak botatzeko gunea. (Ekaitz Santazilia)

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

powered by
b2evolution