Ricardo Gómez doktoreak, gure fakultateko irakaslea Euskal Filologian, tesia aurkeztu zuen atzo Gasteizen, bere blogean iragarri zigun bezala, urte luzez lanean jardun ondoren.
XIX. mendeko euskal gramatikagintzari buruzko ikerketak izeneko tesiaren aurkezpena goizeko hamaikak pasatxo hasi zen Arabako Campuseko errektoreordetzako Areto Urdinean.
Epaimahaiko burua Joseba Lakarra genuen (EHU) eta berarekin batera Emilio Ridruejo (Valladolideko Unibertsitatea), Mª Luisa Calero (Cordobako Unibertsitatea), José Jesús Gómez Asencio (Salamancako Unibertsitatea) eta Blanca Urgell (EHU). Ikuslegoaren artean Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko lehendakaria Henrike Knörr eta hainbat irakasle, Azkue bibliotekako zuzendaria Pruden Gartzia, familikideak eta hainbat ikasle izan ginen, bat-bateko itzulpen zerbitzukoak ahantzi gabe, eta nola ez, Beñat Oyharçabal tesi zuzendaria, besteak beste.
Lehenik Ricardok Power Point baten bitartez bere aurkezpena egin zuen, gero epaimahaikideek beren iruzkinak eginez. Ondoren doktoregaiak iruzkinei erantzuna eman zien eta honen ostean epaimahaikideen deliberaziorako aretotik irten ginen, hamabost minutu igarota berriz sartu ginelarik epaia jakiteko. Ordu biak eta laurden aldera jakin genuen, aldez aurretik imajinatzen genuen nota, epaimahaikideen laudorioak entzunda: Bikain cum laude. Zorionak eman genizkion doktoreari, eta Gasteizeko kale beroetara irten ginen.
Hortaz, bejondeizula Ricardo, honek lan handiagoa emanen dizula uste badut ere.
Euskal Filologia ikasleok euskararen, filologiaren eta ikasketen alorrean ditugun galderak, zalantzak, iritziak eta proposamenak botatzeko gunea. (Ekaitz Santazilia)