Leire Saitua
Ongi etorri gaur (2008-5-17) Iruña Okan ospatzen den euskararen jatorriaren 3. biltzarrera.
Euskararen jatorriaren lehen biltzarra Arantzazun ospatu zen 2005.11.19an, urte batzuk igaro dira eta hemen gaude 3.ean, aipatu behar da talde sortzaileek egin zuten lana, eta erakutsi zuten sortzeko gaitasuna, beti zailena baita alegia, "Mikoleta" Bilbo aldeko euskara elkartea, "Euzko Izaera" euskararen etorburua ikertzen duen taldea, "Bizi-Hitza" gizakien hitz eta hizkuntza anitzei bizia ematen laguntzeko taldea eta "Ena" euskaldunon kontzientzian sakontzeko eta euskal nortasuna lantzeko sortutako elkartea.
Urte hauetako esperientzia kontuak harturik, jabetu gara egitura propioa behar zuela taldeak egin beharreko lana errazago egin ahal izateko eta aurten erabaki da "Euskararen jatorriaren biltzarra" diru onura gabeko taldea sortzea. Helburuak antzekoak dira, euskararen jatorria aztertzea eta ikertzea, teoriak zabaltzea eta ikertu duten adituen lana baloratzea eta eskertzea. Honetarako oraingoz aurreikusten da urtero gai honi buruz biltzarra antolatzea, hitzaldi, mahai inguru, liburu eta horrelako hedapen ekintzak bideratzea, interneten web gune bat mantentzea informazioa zabaltzeko eta bazkideen arteko harremanak lantzea. Epe motz batean elkarte kulturalak egitura juridikoa izango du eta gonbidatzen zaituztegu bazkide izan zaitezten eta parte har dezazuen. Epe luzerako proiektua da, ea bost bat urtetan, 10. urteurrenerako web gune aberats bat dugun, 50 bat ponentziekin.
Azken biltzarretik urrats batzuk eman dira, sendotu da elkartearen presentzia amaraunean, Durangoko ferian ere stand duin bat antolatu zen eta gaitasuna izan dugu 3. biltzarra antolatzeko, honek suposatzen duen inpaktoarekin hedabideetan, artikuluak egunkarietan, irratietan, web gunetan eta abar. Gure iritzia gehiago entzun da gizartean alegia.
Duela urtebete erabaki genuen 3. biltzarra Iruña Okan egitea eta hitzaldi bat izango zela "Iruña Okako idatzien balioa", urtebete honetan gertaerak izan dira, astia ez da alperrik igarotzen, Foru Aldundian aldaketa politikoak, bideoa argitaratzea Youtuben, Nefertiti afera, Batzorde zientifikoa eratzea, Henrike Knörr filologo eta euskaltzainaren heriotza tamalgarria, baina nabarmena da eragileak ez garela gu izan. Iruña Okako idatziei buruz daukagun informazioaren baloraketa bat egiteak, egitarauan azaltzen den bezala ez dugu uste "agian, martxan jarrita dauden ikerketak oztopatu ditzakeela", ez gure arduragatik behintzat, ez baititugu ezagutzen eta iritzi publikoa benetan nahasten duena informazio eza da.
Hartutako erabakiak uste gabeko "arazoak" erakarri dizkigu, esaterako Veleia.com webgune ofizialean oharra plazaratzea 3. biltzarra aipatuz, erantzun duguna, baina ez gara damutzen, zalantzarik gabe gaudelako egon behar genuen lekuan, euskararen jatorriaren atzetik gure iritzi anitzak defendatzen leku egokienean.
3. biltzar hau beti markatuta egongo da Henrike Knörr filologo eta euskaltzainaren tamalezko heriotzarekin. Gure blogean bere loturatxoa zuen, doluminak bidali genizkien senideei, artikulua zabaldu dugu hedabideetan, harremanetan jarri gara sendiarekin eta omenaldi xume bat inprobisatu dugu arratsaldeko 19.30etarako. Bere ezpalekoak ez izanagatik senideek esan digute omenaldira etorriko direla eta eskerrak eman nahi diegu etortzeagatik une zail hauetan. Euskararen jatorriaren izenean Leire Saitua.
Ez daude Erantzunak mezu honetan...
Euskararen jatorriari buruz eztabaidatzeko bloga. Aurreko Biltzarretako ponentziak eta informazioa:
http://www.euskararenjatorria.eu