Artxiboak: Apirila 2007

2007-04-22

Iparragirreren mausoleoa




Urretxuko hilerrian dago 1981ko apirilaren 5ean Iparragirreren heriotzaren mendeurrena oroitzeko José Vicente Lasa urretxuarrak egindako hilobia, Askatasun egarria izenekoa. Lasaren proiektua atera zen garaile, Álvaro del Valle Lersundi fundazioak antolatutako lehiaketan. Trikuharriaren oin bakoitzean euskal lurraldeen armarri bana dago eta gaineko lauburua ondoan landaturik dagoen Gernikako arbolaren aldaxkarantz doa.


(Argazkia Mikel Fernández ikaskide urretxuarrak atera eta bidali dit: mila esker berari!)
----------

2007-04-19

Etxauzeko gaztelua





             

Baigorrin dago, eta ia herriko leku guztietatik ikusten da muino baten gainean. Etxe honetako familia bost mendez izan zen bailara horren jaun eta jabe. Familia honek seme aski ezagunak erditu ditu, baina segur aski ezagunena, Bertrand Etxauz izan zen. Baionako apezpiku izana 1599an, gero Tourseko artzapezpiku izan zen. Filologiaren munduan ezaguna da, Axularrek bere Gero eskaini baitzion eta Etxeberri Ziburukoak bere Elizara erabiltzeko liburua. Frantziako iraultza pasatuta, gaztelua saldua izan zen, eta Harizpe, Napoleonen mariskal ezagunak erosi zuen.

   
 
                             

1850ean beste familia ezagun batek bereganatu zuen gaztelua, Abbadie d'Arrast familiak alegia, bere kideetarik batek, Antoine euskal kulturaren mezenasak Hendaiako Abadia gaztelua eraki zuen. Bere senide bat, Harry, Hollywooden zine zuzendari izan zen eta berari esker Charles Chaplin Charlot Etxauzen egon zen maiz. Azpiko irudia gazteluaren liburutegia da, mahai gainean dagoen telefonoa zaharra Charlotek berak ekarri zuen, bere ustez bertako telefonoek ez omen zutelako ongi deitzen.

                

Gaztelura ailegatzea ez da zaila. Baigorriko frontoiari begira jarrita, (frontoi handia, ez elizaren parean dagoena) frontisaren ezkerretik abiatzen den bidea hartu behar dugu. Segituan gaztelurako sarrera aurkituko dugu. Tamalez, duela gutxi gaztelua saldua izan zen, eta gaur egungo jabeak (Ameriketan bizi den dirudun bat) ez du bisitatzerik ez hurbiltzerik uzten. Gazteluaren aurrealdea ikusteko modu bakarra gaur egun, bidean pixka bat jarraituz dagoen baserriko lorategian sartzea da, hori bai, kontuz zakurrekin! Pena da, Nafarroaren historian hain garrantzitsua izan den gatzelua itxita egotea, aurreko jabeek gustora onartzen baitzituzten bisitariak.

    
Goian: Armategia

Goian: Nafarroako erresumaren historiari buruzko erakusketa. Behean: Nafarroako errege batek eskuizkribatutako gutuna
        
----------

Ursuako dorretxea



Gaur egun eraldatuxe dagoen dorretxe honetan kokatzen da aski ezaguna den kondaira bat. Kondaira horren berri ematen digun kanta zaharra ere badago, oso famatua egin dena gerora, Benito Lertxundik eta Mikel Laboak kantatu dutelako.



Gainera, etxe honetako semea da segur aski Pedro de Ursúa (1526-1561), ezaguna Colombian Pamplona bezalako hiriak sortu zituelako, eta El Doradoren bila aritu zelako.

Arizkunen dago, Ordoki auzoan. Aurkitzeko erraza da: Elizondo pasata, Erratzura doan bidegurutzea hartu behar da eskuinetara. Segituan ezkerraldean Ursuako Jaurerria deritzon hotelerako seinalea duen bidegurutzea topatuko dugu, baina ez gaitezen konfundi, hori ez baita dorretxea, hotela baizik. Beraz, bidegurutzea hartu gabe, aurrera jarraitu, Bozateko auzoan sartu arte. Auzoan bertan garelarik berehala ezkerretara errepidetik dorretxea ikusten da magal batean. Zuzenean hara doan doan bidexka bat hartu behar da, eta segituan gaude.


(Ermitaren barnean gertatu zen hilketa, kondairaren arabera)
----------

2007-04-17

J. M. Iparragirreren sortetxea






Urretxuko Iparragirre kalearen 8.ean (orduko Kale Nagusia), Alzola etxean, jaio zen 1820ko abuztuaren 13an Jose María Iparragirre Balerdi kantari ezaguna. Bere kantarik famatuena Gernikako Arbola da segur aski, euskal abertzaletasunaren ikur gisa hartu dena, baina beste asko baditu. 1881an zendu zen Iparragirre, bere  bizitzan zehar handik hona ibili ondoren.

Hala dio etxean dagoen plakak: "Eche onetan jayo zan on Jose Maria  Iparraguirre"

                                     

J.M. Iparragirre

(Argazkiok Mikel Fernández ikaskide urretxuarrak atera eta bidali dizkit: mila esker berari!)
----------

:: Hurrengo orrialdea >>

euskargazki

Blog honetan euskararen filologia, hizkuntzalaritza, historia, literatura, kultura eta antzekoekin lotura duten argazkiak aukituko dituzu.

1.- Blogari buruzko oharrak ikusteko, begiratu hemen
2.- Euskargazkiko tokiak satelite bidez ikusteko, begiratu hemen

EKAITZ SANTAZILIA


Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution