2010-04-11

Jorge Oteiza eta Itziar Carreñoren hilobia


     Oteizaren tunba

Jorge Oteiza (Orio, 1908/10/21-Donostia, 2003/04/09) Alzuzako (Eguesibar) hilerrian dago lurperatua bere emazte Itziar Carreño Etxeandiarekin batera (Atxuri (Bilbo), 1904-Alzuza, 1991/12/30) eta azken honen anaia José Luisekin batera.

Bere lan eskultorikoengatik ezagun egin bada ere, hona alor ideologikoa ekarri nahi dugu, euskarari dagokiona hain zuzen, blog honi dagokion gisan. Izan ere, Oteizak hizkuntzalaritza eta etimologia egin nahi izan zituen euskararen bidez euskaldunen arkaikotasuna eta pentsaera islatzeko asmoz, eredu latindarrarengandik at. Gisa horretan, hizkuntzalari plantak eginez, euskara bezalako hizkuntza ustez neolitikoaren bidez esplikatuko du euskaldunen artearen eta forma geometrikoen funtsa: finean, bere ustez hizkuntzaren forma dago euskal geometriaren sorburuan. Horrek (nire aburuz) balio eskasa duen hausnarketa linguistikoak egitera bultzatu zuen eskultorea, horren adierazgarririk nabarmenena 1995ean argitaratutako Nociones para una filología vasca de nuestro preindoeuropeo lana izanik. Ez dugu halere, beste jakintzagaietan lan ona egin zuenik ukatu nahi, bistan da: bakarrik, hori baloratzeko kapaz ez naizela aitortzen dut.

                           http://www.museooteiza.org/?page_id=8


Hilobia berak diseinatutako gurutze bikoitzak dekoratzen du. Originala muesoan dago baina haren brontzezko kopia lapurtua izan zen eta orain beste bat dago. Tunba aurkitzea oso erraza da: Alzuzako (herri zaharra, ez beheragoko urbanizazioa) elizara igoko gara eta bertan dago hilerri ttiki ttikia. Gaur egun ez da erabiltzen eta beraz, bertan dauden tunba bakarrak aipatu hiru hauenak dira, mende batzuk zaharragoak diren hiruzpalau hilarri borobilekin batera. Egia esan, hilari borobilak dira benetan hilerrian daudenak eta Oteiza-Carreñotarren tunbak alboan daude.

----------

2010-03-02

Permalink 15:06:11, Atalak: euskargazki  

Adio Joxemi

Joxemiel Bidador joan zaigu. Ostiralean eri zelako berria jakin nuenetik ezinago urduri eta deseroso egon naiz, telefonoari begira, edozein berriren esperoan. Esperantzak eskasak ziren, baina auskalo... halere, joan da.

Momenturik okerrenean, beti bezala, bere beharra inoiz baino gehiago somatzen nuen unean. Gauza asko nituen berari esateko, berarekin diskutitzeko. Bere gogoa eta bihotza betetzen zuten kultura eta hizkuntzak nireak ere betetzen ditu: pentsa zenbat eztabaidagai...

Baina aurreragorako utziko ditugu.

Ikusarte adiskide Joxemi dantzan
----------

2010-03-01

Florencio Ansoleagaren hilobia


   Florencio Ansoleaga hilobia

Iruñean sortu zen Florencio Ansoleaga Elizondo (Iruña, 1846/10/27-Iruña, 1916/02/28). Atzo izan zen heriotzaren urteurrena. Oso ezaguna da Ansoleaga Iruñean arkitektu famatua ian zelako eta bereak direlako Iruñeko arkitektura enblematiko zenbait (Aldapako San Ferminen basilika, Merkataritza Ganbara, San Lorentzo eliza, Karmeliten komentuaren ataria, Diputazio jauregiaren lorategi eta artxibo zaharra, eta abar luze bat). Izendapen eta sari asko jaso zituen bere lanagatik.

                 Florencio Ansoleaga


Aitzitik, ez da horren ezaguna bere euskaltzaletasuna. Gatikako aita eta Goizuetako ama zituen arkitektu hau, Asociación Euskara de Navarraren eta Lau-buru egunkariaren sortzaileetarik bat da, garaiko mugimendu erromantikoaren barnean. 

Iruñeko San José hilerrian, Biritxitun dago ehortzia, familiaren panteoian. Tunba Kanposatuaren erdialdean dago, baina ez dut zehazki gogoratzen non.

Informazio gehiago:

----------

2010-02-28

Nicasio Landaren bizitokia


              Nicasio Landaren bizilekua

Iruñeko Alde Zaharreko jauregi eder honetan bizi eta zendu zen Nicasio Landa Álvarez de Carballo (Iruña, 1831/10/11-Iruña, 1891/04/11). Jadanik euskargazkiko bi mezutan aipatu dugu: Asociación Euskara de Navarrako kide izan zen eta Revista Euskaran eta Euskal-Errian idazten zuen, nahiz eta mediku militar moduan atzerrian ere fama lortu zuen, Gurutze Gorriaren sortzaileetarik izanik.

Iruñean, Zapateria kaleko 40.ean dago jauregia. Mutiloa familiak eraiki zuen XVIII. mendean eta barrokoaren erakusgarri garbia da. Gaur egun Iruñeko Udalaren Kultura alorrak du bertan egoitzetarik bat. Deigarria da Nicasioren sortetxea eta hau konparatzea, bizitzan alor ekonomikoan sobera gaizki ez zitzaiola joan ondorioztatzeko.

Informazio gehiago:

----------

2010-02-27

Nicasio Landaren sortetxea


                  Nicasio Landa Sortetxea


Iruñean, Carmen kaleko 7.ean sortu zen Nicasio Landa Álvarez de Carballo (Iruña, 1831/10/11-Iruña, 1891/04/11). Aurreko mezu batean esaten genuen bezala Asociación Euskara de Navarrako kide izan zen eta Revista Euskaran eta Euskal-Errian idazten zuen, nahiz eta mediku militar moduan atzerrian ere fama lortu zuen.

Etxea estu-estua eta umila da nahiz eta berritua egon. Iruñeko Alde Zaharrean dago, Nabarreriako hirian.


(Joxemirentzat. Eutsi goiari!)

Informazio gehiago:

----------

:: Hurrengo orrialdea >>

euskargazki

Blog honetan euskararen filologia, hizkuntzalaritza, historia, literatura, kultura eta antzekoekin lotura duten argazkiak aukituko dituzu.

1.- Blogari buruzko oharrak ikusteko, begiratu hemen
2.- Euskargazkiko tokiak satelite bidez ikusteko, begiratu hemen

EKAITZ SANTAZILIA

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Zure bloga eraman

  1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
  2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

powered by
b2evolution