2009-04-21

Permalink 22:05:16, Atalak: Neu  

Ilunabarra

Orain dela dela aste bi, ostegun santuaren bezperan, aurreko sarrean aipatutako neskak arratsaldean gelditzeko esan zidan. Azkenean arratsaldean ezinezkoa izan zen, beraz gauean hartu nuen bere etxean eta lehenengo aldian joandako kostaldeko herrirantza abiatu ginen. Gau epela zen, ilargi betearekin, jenderik ez kalean, dena lasai, ezin erromantikoagoa. Denbora erdia pasiatzen eman genuen eta beste erdia jesarrita bankuren batean kontu kontari. Kilikiliak, jolasak, laztanak, argazkiak atera, lurrera botatzeko keinua egin eta azken unean hartu... Soinu banda orijinala itsasoak jartzen zuen arroken kontra apurtzean. Bapatean elkarri begira gelditu ginen, desafioka, ixilik edo esaldi laburrak ahozkatuaz. Une batzutan begirada kendu behar izaten nuen, ezin bainion eutsi. Adorea falta izan zitzaidan musua ematen saiatzeko. Azkenean kotxera itzultzean zubi batean gelditu ginen eta gerritik oratuta neu behera botatzeko keinua egin zuen. Ondoren ustegabean besarkatu ninduen. Sekulan ez gara horren hurbil egon zentzu guztietan. Baina ez zen ezer gertatu.

Joan den astean astelehen eguzkitsua aprobetxatu beharra zegoen eta horixe egin genuen. Bere etxean hartu eta arroka hondartza famatu bateraino hurbildu ginen. Gerizpetan gelditu zenean, ondoan dagoen kostaldeko itsasargirik politenara joan ginen. Hortxe eman genuen denbora eguzkia izkutatu arte, ilunabar ezin politagoa ikusi genuen elkarrekin. Belar batekin txistu egiten irakasten ere saiatu zen eta behin soinua atera nuen! Betiko flirteoa mantendu zen. Une batean zapatila kendu nion jesarrita geundelarik eta hartu gurean nire bizkarrera igo zen. Horrela erdi dantzan hasi ginen biok lurrean amaitu arte. Ez zen ezer gertatu.

Larunbat honetan nire etxe zaharrera afaltzera gonbidatu nuen. Patatazko tortila prestatu genuen eta goxo egon zen. Tamalez olio beroa erori zitzaion eskumuturrean eta erre egin zen. Ondoren Gatikako jaietara hurbildu ginen nire koadrilarekin ta handik ibili parrandan goizeko seirak arte. Txantxetan eta gehiegi pentsatzeke, eskumuturretik gogor heldu nuen. Sekulako mina egin nion eta hozka egin zidan sorbaldan. Hozkada galanta izan zen eta oraindik ere ez zait marka kendu. Une batean nirekin etorri zen barrara eta instintiboki musua eman nion belarrondoan. Ilea zeukan aurpegiaren alde horretatik eta ziurrenez ez zen konturatu ere egin. Ez zen ezer gertatu.

Igandean biharamuna ez zen edonolakoa izan, tamalez ez nuen bakarrik alkoholak eragindako biharamuna pairatu. Konturatuta nengoen ez nintzela gai izango benetan saiatzeko eta sentitzen nuena aitortzea gelditzen zitzaidan bakarrik. Ondo pentsatu ondoren koldarki mail bat idatzi nion, zehatza eta laburra. Ez nion erantzunik eskatzen eta horixe jaso dut, erantzun eza. Hurrengo egunean bidai bat aukeratzen lagundu nion eta denak betiko moduan segitzen zuen. Bueno dena ez, neu aldatu naiz, uko egin diot berarekin flirteatzeari. Lagun bezala nahi banau, lagun soil bat bezala portatuko naiz. Ea oraingoan zerbait gertatzen den, onerako edo txarrerako.

Gure arteko egunsentia polita izan zen niretzako baina ilunabarra nahi baino lehenago heldu zait. Sorbaldarena laster joango da baina halere denboraldi batean bere marka eramango dut.
----------

2009-04-07

Permalink 20:19:47, Atalak: Neu  

Berrogei zentimetrorik luzeenak



Orain dela aste batzuk blog honetan batzutan aipatutako pertsonai bat (nahiago dut sekretupean mantentzea) nire bizitzara indartsu sartu zen berriro (edo nik ekarri ote nuen?). Dena nahiko modu sinplean jazo zen, jakin izan nuen ezbehar bat gertatu zitzaiola eta ez zela askorik irtetzen etxetik. Normalean udan bakarrik ikusten garenez, abagune polita iruditu zitzaidan berarekin egoteko eta bere berri jasotzeko. Ideia proposatu nion eta handik pare bat egunetara gelditu ginen.

Gogoratzen nuen bezala segitzen zuen: polit eta jator, delikatu eta berritsu, xarmangarri eta lotsati; baina animoak baju zituela nabaria zen. Ordu oso atsegina pasatu genuen elkarrekin eta nire harridurarako iruditu zitzaidan indirekta batzuk botatzen zizkidala. Horien artean bazegoen bat nahiko garbia, bisitatzeko gonbipena. Hurrengo egunetan buelta eman nizkion ideia horri, ona izango ote zen ate hori berriro irekitzen saiatzea? Bazirudien mutil-lagunik ez zeukala eta horren aukera garbirik ez nuenez berriro izango, erruleta errusiarraren partidari ekin nion.

Adostutako orduan bere etxeko atarian hartu nuen eta bi musuak gupidarik gabe jaurti nizkion. Ondoren kostaldeko herri txiki polit horietako batera eraman nuen. Arratsalde gogoangarria izan zen benetan han pasatutakoa, itsasoaren ondotik pasiatzen eta hizketan. Ilundu zenean etxera eraman nuen eta ustegabean hantxe gelditu ginen kotxean hizketan, ematen zuen bera gustora zegoela eta ez zuela joateko gogorik. Azkenean kotxetik irten nintzen eta euria zegoenez aterkiarekin babestu nuen atariraino lagunduaz. Orduan ere bi musu eman nizkion agurtzean.

Horren ondoren zenbait goizetan gelditu gara mustio bat edo azenario zukua hartzeko, pintxoarekin batera noski. Arratsalde eguzkitsu batean ere pasiatzen ibili ginen Ibaizabalen itsasadarraren ondotik. Larunbat honetan nirekin (eta nire lagunekin) etorri zen konzertu batzuk ikustera herriko Gazte Asanbladak antolatutako jaialdi baten barruan. Dei batzuk ere tartean izan dira eta internetek eskeintzen dituen baliabideak aprobetxatu ditugu baita.

Baina nahiz eta ia astero ikusi, nahiz eta jolasak egon, nahiz eta flirteoa ebidentea izan ez dago ezer, berak ez du ezer nahi, suposatzen dut adiskidetasuna baino ez duela ikusten gure artean. Horren aurka ez dago ezer egiterik eta hartu beharreko bide zidorra argi agertzen da. Baina nola egin uko aukerarik txikienari? Bihotzak saiatzeko diost eta agian egoera jasanezina denean berarekin hitz egiteko. Buruak berriz ahazten hasteko erregutzen dit edo behintzat ahazten ikasteko.

Herenegun berarekin egon nintzen apur batean, ia-ia 20 minututan. Bera agobiatuta zegoen eta neu irribarreak lapurtzen aritu nintzen. Une batzutan kilikiliak egiten saiatu nintzen. Honelako batean eskuak aurpegian ipini nizkion, babestu zenean lepora joan ziren eta azkenean nire esku hotza bere bizkar berotik behera bialdu nuen. Une batzutan bere aurpegia laztantzen ere jardun nuen eta gure buruen arteko distantzia ez zen berrogei zentimetro baino handiagoa izango. Baina distantzia hori laburtuezina da, bere ezpainak debekatutako fruituak dira nire gogoa liluratzen dutenak. Bere hurrezko begiak Hartz Nagusiko izarrak bezala hatzamarren puntekin uki ditzakedala dirudi, hain hurbil eta hain urrun, baina beti nire ametsetan bezain distiratsu. Sekulan ez dira berrogei zentimetro horren luzeak izan.
----------

2008-12-11

Permalink 00:26:05, Atalak: Neu  

Euskalduna eta txinatarra

Ostiralean aurtengo Durangoko Euskal liburu eta Disko azoka hasi zen eta otu zitzaidan gau aproposa izan zitekeela Zamudioko panterarekin joateko. Tamalez oraingoan ezezko mezua jaso nuen, baina pixkat arduratuta utzi ninduen bere mezuak, berak zerbait zerabilen buruan eta ez zegoen ondo.

Larunbatean bazkaria nuen Bilbon unibertsitateko batzuekin eta eguerdiko ordu batean bageunden Pozan zerbait hartzen. Bapatean dei bat jaso nuen eta bera zen, aho bete hortz gelditu nintzen. Gauean Berangoko diskoteka ezagun batera omen zihoan eta beraz ez zen aukerarik egongo elkar ikusteko. Besterik gabe laster Etxanobera abiatu ginen, Euskalduna jauregiaren jatetxera hain zuen ere. Han bizi izandako esperientzia ez dago hitz hutsez adierazterik, zaporeak, usainak, koloreak nekez deskriba litezke letren bidez. Zorionez guztira ziren ia 600 euro (6 pertsona joan ginen) jatorri iluneko diru batekin ordaindu genuen. Joatear geundela jatetxearen buru den Fernando Canales sukaldari famatuak ere agurtu gintuen.

Gauean erdi-adostutako afari bat genuen Durangon eta lagun bi hurbildu ginen haraino. Azkenean Pizza-Hut alboratu genuen 5 pertsonok eta "Panda hartza" txinatar jatetxearen deliziak probatzera ausartu ginen. Jakiak barra barra atera zizkiguten: arroza, udaberriko erroiluak, ahateki onddo eta banbuarekin, oilaskoa arbendolekin, txerriki gazi-gozoa eta txahalki ere bai. Ez zegoenez dena amaitzerik, azkenean nire lagunak geratzen zena eramateko eskatu zuen eta 3 taper bete-beteak pozik jaso zituen.

Hurrengo agertokia tabernetan egon zen, beti bezala jendez lepo zeuden eta ixten hasi zirenean Plateruena agertu zen gauaren ustezko helmuga bezala. Une batean mezu bat bota nion panterari inolako xederik gabe eta laster deika nuen. Ahotsagatik susmatu nuen ederki asko pasatzen ziharduela. Itzulitakoan gurekin gelditu nahi zuen herrian azken tragoren bat hartzeko, mezuren bat bidaliko zidan ordua adosteko.

Bostak inguruan bueltatzeari ekin genion eta Txorrierriko korridoretik gindoazela bere mezua jaso nuen 7etan gelditzeko. Herrira heldu, laguna etxean utzi (ez zuen gehiago geratu nahi) eta oraindik 6ak jo gabe zirenean panterari deitu nion. Argi utzi nion ez nintzela haren zain geratuko kalean dena itxita zegoela. Gaua bukatutzat emanda kotxea garajean sartu, etxera igo eta pijama jantzi nuen. Ohera sartzeko une berean telefonoa kantuka hasi zen eta nor izan zitekeen ordu haietan... Alferrik izan zen pijaman nengoela esatea, 15 minuturen buruan nire bila pasatuko zen.

6 eta erdiak jo baino lehenago kalean nengoen berriro eta laster bere forfi zuria agertu zen. Bera atzekaldean zihoan beste neska batekin eta gidaria mutil bat zen. Neska eta mutila bakoitzaren atarian utzi ondoren, bolantearen jabe egin nuen. Izan ere, pantera ez zegoen gidatzeko moduan. Pentsatu nuen onena nire auzora joatea izango zela, han bere kotxea aparkatu eta neuk eramango nukeen etxera. Berak zerbait hartzeko esaten zidan, zerbaitek egon behar zuela irekita.

Azkenik motorea itzali nuen eta hantxe geunden nire etxearen ondoan biok kotxean, ez zegoen inor kalean eta ez zen ezer entzuten gure arnasaldiak izan ezik. Orduantxe kontatu zidan zer zela eta aste osoko urduritasuna (eta Durangora ez joatearen arrazoia): gustatzen zitzaion mutilari aitortu zizkiola bere sentimenduak eta berak ez ziola erantzun garbirik eman (nahi izan). Aurretik banekien mutil hori nire koadrilako bat zela, hitz eginda baigenuen gai hori. Nik bere ausardia goraipatu nuen eta animoak eman nizkion.

Mementu batez malkotan lehertzekotan zegoela iruditu zitzaidan eta ez nuen zer egin ondo jakin: besarkatu ala korrika irten. Aitortzen dut: gustatzen zait suarekin jolastea baina beldurra diot kiskaltzeari. Joatear zegoela, ez nuenez n-garrenez saririk gabe etxeratu nahi, lotsagabe jokatu nuen bi musu eskatuta. Berarengan ohikoa den besarkada indartsua ere merezita izan omen nuen. Orduan aldendu zen ordu batzutan lo egiteko asmoarekin, biharamunean lan egin behar zuen eta.

Kontua hortxe buka liteke baina ez, oraindik ez. Atarira heltzean konturatu nintzen nire zorroa bere forfiaren atzekaldean zegoela ahaztuta, barruan diruzorroa, mugikorra eta giltzak zekartzala. Atariko ate bi zabalik zeuden eta goizeko 7ak pasata ateko txirrina jotzen ibili nintzen. Igandean altxatu eta gero mugikorreko agendaren kopia batean bere zenbakia aurkitu eta deitu nion. Azkenean arratsaldean zorroa ekarri zidan.

Ez dakit nor dagoen zoratuago, bera ala ni.
----------

2008-11-17

Permalink 16:46:19, Atalak: Neu  

Zamudioko San Martinak

Nahi baino gehiago berandutu da Zamudioko San Martinen kronika baina agindu bezala hementxe doakizue gertatutakoaren kontakizuna.

Ostiralean Zamudioraino hurbildu ginen lagun bi bueltatxo bat ematen. Ez zegoen jende askorik eta ustegabean Zamudioko panterarekin topo egin genuen. Diskoteka ezagun batera zihoan eta hurrengo egunerako gonbidatu gintuen, bera lehengusinarekin irtengo zen. Laster geu ere etxera joan ginen.

Larunbatean, oraindik ere irtetzen segitzen duten kuadrilako bik, igandean elurrera joateko asmoa agertu zuten. Horren ondorioz gaueko plana kolokan gelditu zen niretzako eta salbuespenezko neurri bat hartu behar izan nuen: Zamudioko panterari mezua igorri ea aurekin irtetzerik ba ote zegoen. Baiezkoa jaso ondoren plana osotuta agertu zen: arreba Bilbora joatean Zamudion utziko ninduen eta itzuleran berriz etxera eraman.

Zamudiora goiz ailegatu nintzen eta denbora egiten ibili nintzen txosnen ontasunak deskubritzen parrandakideak agertu artean. Ezin zenez bestelakorik izan, neskak berandu agertu ziren eta pantera izugarri eder ikusi nuen bota, bakero estu eta jakarekin. Jaka berezia zen hura, arratsaldean erosia, zuria zen mantxa beltz eta berdeekin eta erdi kamuflajekoa ematen zuen. Neguko gudarako txit aproposa zirudien, bat zetorren gaueko hotzarekin eta agian nire borrakarako griñarekin ere. Beren kalimotxozko litroak (kasu honetan litroa) amaitu ondoren karpara hurbildu ginen, Betagarriren kontzertua iragarrita zegoen eta. Eurek, biak Txorrierrikoak izanda, hamaika ezagun agurtzen jardun zuten eta noizean behin neskatil gazteren bat aurkezten zidaten. Elkarrekin egoten garen guztietan bezala, gutxienez behin nire edaria lurrera bota zuen panterak.

Hiruretan edo arrebak deitu zidaneko, plan erdi ausart erdi zoro bat nerabilen buruan. Panterari zera esan nion, banindoala etxera baina bazegoela aukera txiki bat berriro ere itzultzeko. Neu hain goiz joatea ez zitzaion batere gustatu (nahiz eta oso entretenituta egon hizketan lankide batzuekin) eta mehatxu ere egin zidan, itzuli ezean asko haserratu behar zuen. Arrebak Zamudio torrearen inguruan hartu ninduen eta etxera ailegatu ginenean neu gidariaren lekuan eseri nintzen. Laster berriro ere Zamudion nengoen eta atzetik hurbildu nintzaion panterari. Bere bizkarraldean gelditu nintzen ixilik eta geldi noiz begiratuko zain. Ikusi ninduenean jarri zuen aurpegia ez dago deskribatzerik.  

Gauean zehar aurkeztutako nesken artean, batek aipatzea merezi du. Une batean zera esan zien ingurukoari irri pikaro batekin: "Goazen, hemen sobran gaude eta" pantera ta biongatik. Lausengatuta sentitu nintzen oso! Lagunak baino ez ginela esan nion baina bera tematuta zegoen, ea pantera niretzako ez ote zen polita galdetzen zidan! Nire diplomazi guztia behar izan nuen galdera inkomodo haiei ihes egiteko.

Azkenean lehengusina ere etxera joan zen eta biok bakarrik gelditu ginen eta txosna eta frontoiaren artean kokatu ginen estrategikoki. Tragoak eta sekretuak bata bestearekin atzetik joan ziren eta pentsatzen hasi nintzen gure arteko konfidantza gehiegi hazten zebilela. Goizeko 6tan elurrera zihoazen lagunei deitzea otu zitzaien eta aldamenean nuen beltzaran ikarragarriak, hots panterak erantzun zien. Aste hontan jaso behar izan ditudan zirikadak ez dira edonolakoak izan, enbidioso asko dabil mundutik Wink.

Azkenean bere etxeko atariraino eraman nuen kotxez, baina bapatean esan zidan ez zuela etxera joan gura! Mozkortuegi omen zegoen etxeratzeko eta kotxea aparkatzeko esan zidan. Hortxe, kotxean jesarrita biok, hizketan eta ni onenak emanda jadanik etxeratzeko gogoarekin. Azkenean joatear zegoela, eskerrak eman nizkion eta piruleta gozo bat (bera bezain gozo ote?) oparitu. Horrelaxe abiatu nintzen Zamudiotik 7ak pasata, bi musuak berriro ere jaso gabe.
----------

2008-10-21

Permalink 13:17:01, Atalak: Neu  

Bukatu dira jaiak

San Faustoekin batera bukatu dira jaiak, bukatutzat ematen dut argiaren sasoia eta orain negu luze, ilun eta hotzaren zain gelditzea baino ez zait geratzen. Halere esan beharko da agur polita egin diodala eta zapore gozoa utzi didala bukaeran.

Ostiralean goizean plana zen Durangora joatea lagunekin kotxez eta goiz itzultzea etxera; baina gauzak aldatuz joan ziren. Zamudioko panterari mezu bat igorri nion eta bestelako plan bat osatzen hasi zen nire buruan, bere erantzunean arrakala bat aurkitu nuenean. Beharbada zirrikitu horretatik sartzerik izango nuen, agian posiblea zitekeen biok bakarrik irtetzea. Arriskatu eta ausarta izan behar nuen baina horrelako aukerak merezi zuen. Pentsatzen nuen abagunerik txikiena agertuz gero aprobetxatu behar nuela, nire buruari zor niola.

Azkenean lagunak herritik irtengo zirela esan zidaten eta ni ere irtetzeko gogo handirik gabe agertu nintzen. Ondoren zailena zetorren, beltzaranaren baietza lortzea. Pare bat mezu elkartrukatu ondoren azkenean deitu nion. Arratsalde osoan lan egiten egona zen eta nahiko nekatuta omen zegoen. Hala eta guztiz ere irtetzeko prest agertu zen. Ematen zuen alde nituela izarrak eta distiratsuenetako bi gertu izango nituen gau hartan.

Bere herriko udaletxetik gertuen dagoen bus geralekuan hartu nuen hamaikak eta hogeian eta Basaurira abiatu ginen. Aparkatzeko betiko komeriak pasa ondoren, txosnetara hurbildu ginen. Hortxe kontu kontari eta edari edale jardun genuen nire Basauriko klasekide bat azaldu arte. Ondoren bera eta bere lagunekin Ontzak koadrilaren lonjaraino igo ginen. Zurrakapote botarekin ez zen ausartu zamudioztarra, neroni bai ordea. Laster joateko esaten hasi zitzaidan, hurrengo egunean ere lan egin behar zuen eta. Hirurak aldera bere etxeko atean utzi nuen eta bi musu protokolarioak ere ez nituen jaso. Hala ere esan liteke hirugarren minipuntua lortu nuela, ausardiagatik bakarrik bada ere.

Larunbatean berari mezu bat idaztekotan nengoela, berak deitu zidan. Gure planak amankomunean jarri ondoren, azkenean bera ta bere lehengusina gurekin etorri ziren Durangora. Aitortu beharra dago, nire lagunak neu baino lehenagotik ezagutzen dituela eta oso ondo konpontzen dira. Gaua nahiko sosoa izan zen, besteak beste katiluen kolekzioa osotzeko falta zitzaidan gorria ezin izan nuen topatu. Ordu biak aldera Txorierriko lehengusinak etxera joan ziren eta geu hirurok handik gelditu ginen gaua hozten bazihoan ere. Azkenean bostak pasata kotxera joan ginen eta handik etxera. Esan beharra dago geratzeko aukera izan nuela, neska jator bik (lagunak noski) gelditzeko erregutu zidatela baina oraingoan ez ninduten harrapatu. Eman beharrekoak emanak nituen bai Durangon eta bai aurtengo jaien sasoian.

Beraz hirugarren minupuntua bai, baina laugarrena ez eta horrela izanda ezingo da zortzikorik osatu. Izan ere, azken puntua izaten da garrantzitsuena eta lana borobiltzen duena. Ni gustora gelditu naiz egindakoarekin eta agian oraindik ere bertsoa bukatzeko aukera egon liteke. Auskalo zer ekar lezakeen iparrak oraindik aurrera.

Bidenabar (Julenek dioen bezala) laster Zamudioko San Martinak datoz.
----------

:: Hurrengo orrialdea >>

Kudeaketa

Tisu!

Bakardadea horren gauza polita da, nori kontatu daukazunean.


Instalatu Firefox euskeraz!

Site Meter

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Borja

etxekalte

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Zure bloga eraman

  1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
  2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

powered by
b2evolution