Artxiboak: Urria 2008

2008-10-21

Permalink 13:17:01, Atalak: Neu  

Bukatu dira jaiak

San Faustoekin batera bukatu dira jaiak, bukatutzat ematen dut argiaren sasoia eta orain negu luze, ilun eta hotzaren zain gelditzea baino ez zait geratzen. Halere esan beharko da agur polita egin diodala eta zapore gozoa utzi didala bukaeran.

Ostiralean goizean plana zen Durangora joatea lagunekin kotxez eta goiz itzultzea etxera; baina gauzak aldatuz joan ziren. Zamudioko panterari mezu bat igorri nion eta bestelako plan bat osatzen hasi zen nire buruan, bere erantzunean arrakala bat aurkitu nuenean. Beharbada zirrikitu horretatik sartzerik izango nuen, agian posiblea zitekeen biok bakarrik irtetzea. Arriskatu eta ausarta izan behar nuen baina horrelako aukerak merezi zuen. Pentsatzen nuen abagunerik txikiena agertuz gero aprobetxatu behar nuela, nire buruari zor niola.

Azkenean lagunak herritik irtengo zirela esan zidaten eta ni ere irtetzeko gogo handirik gabe agertu nintzen. Ondoren zailena zetorren, beltzaranaren baietza lortzea. Pare bat mezu elkartrukatu ondoren azkenean deitu nion. Arratsalde osoan lan egiten egona zen eta nahiko nekatuta omen zegoen. Hala eta guztiz ere irtetzeko prest agertu zen. Ematen zuen alde nituela izarrak eta distiratsuenetako bi gertu izango nituen gau hartan.

Bere herriko udaletxetik gertuen dagoen bus geralekuan hartu nuen hamaikak eta hogeian eta Basaurira abiatu ginen. Aparkatzeko betiko komeriak pasa ondoren, txosnetara hurbildu ginen. Hortxe kontu kontari eta edari edale jardun genuen nire Basauriko klasekide bat azaldu arte. Ondoren bera eta bere lagunekin Ontzak koadrilaren lonjaraino igo ginen. Zurrakapote botarekin ez zen ausartu zamudioztarra, neroni bai ordea. Laster joateko esaten hasi zitzaidan, hurrengo egunean ere lan egin behar zuen eta. Hirurak aldera bere etxeko atean utzi nuen eta bi musu protokolarioak ere ez nituen jaso. Hala ere esan liteke hirugarren minipuntua lortu nuela, ausardiagatik bakarrik bada ere.

Larunbatean berari mezu bat idaztekotan nengoela, berak deitu zidan. Gure planak amankomunean jarri ondoren, azkenean bera ta bere lehengusina gurekin etorri ziren Durangora. Aitortu beharra dago, nire lagunak neu baino lehenagotik ezagutzen dituela eta oso ondo konpontzen dira. Gaua nahiko sosoa izan zen, besteak beste katiluen kolekzioa osotzeko falta zitzaidan gorria ezin izan nuen topatu. Ordu biak aldera Txorierriko lehengusinak etxera joan ziren eta geu hirurok handik gelditu ginen gaua hozten bazihoan ere. Azkenean bostak pasata kotxera joan ginen eta handik etxera. Esan beharra dago geratzeko aukera izan nuela, neska jator bik (lagunak noski) gelditzeko erregutu zidatela baina oraingoan ez ninduten harrapatu. Eman beharrekoak emanak nituen bai Durangon eta bai aurtengo jaien sasoian.

Beraz hirugarren minupuntua bai, baina laugarrena ez eta horrela izanda ezingo da zortzikorik osatu. Izan ere, azken puntua izaten da garrantzitsuena eta lana borobiltzen duena. Ni gustora gelditu naiz egindakoarekin eta agian oraindik ere bertsoa bukatzeko aukera egon liteke. Auskalo zer ekar lezakeen iparrak oraindik aurrera.

Bidenabar (Julenek dioen bezala) laster Zamudioko San Martinak datoz.
----------

2008-10-12

Permalink 21:48:22, Atalak: Neu  

Baila morena

Larunbatean Durangora joan ginen kotxez hiru lagun eta hantxe inguruetako neska ederren boskote batekin elkartu, lagunak direnak. Aurten txosnak tabernetatik gertu daude berriro, txosnodromoaren kokapena txandakatu egiten da auzokoek gehiegi sufri ez dezaten. Iaz bezala edariak plastikozko katilutan zerbitzatzen dira eta plastikozko katxiak ere agertu dira. Katilu laranja eta urdina banituen etxean iaztik eta aurten ostiralean horia (gure herrian beilegie) erosi nuen, beraz berdea eta gorria falta zitzaizkidan kolekzioa osotzeko.

Pare bat erronda edan gabe neramanean txosna aproposaren zain (gustuko koloreko katiluak zituena alegia), Zamudioko pantera agertu zen eta hiru lagunok gonbidatu nahi gintuen. Txosnara lagundu nuen eta gustuko kolorea zegoen (seinale bat ote?). Bere koadrila aurkeztu zigun eta berarekin pixka batean hizketan egon ondoren banatu ginen. Gauak aurrera egin zuen.

Bostak aldera etxeratzeko ordua heldu zen eta bai lagunak bai gurekin zeuden Durangaldeko neskak joan ziren, baina neu hantxe gelditu nintzen emozio gehiagoren zain. Laster Zamudioko panterari mezua bota nion, bera eta bere lagunekin gelditzeko asmoa nuen ordu bat beranduago trena hartu arte. Igorri bezain pronto deitu zidan eta hogei minututan geratu ginen. Ordu erdia pasata zegoenean berriro ere deitu zidan esanez beste hamar minutu beharko zituela. Ordu laurden bat beranduago deitu zidan galdetuaz non nengoen eta zaborreko kamioiaren argiak ikusten zituenez haren atzetik joan behar izan nuen ikus nindezan. Xelebre zihoan gure rendezvous hura. Azkenean bakarrik agertu zen eta nire parrandarako gogoa berpizteko gai izan zen.

Hurbilen zegoen txosnara joan eta kalimotxo bana atera nuen, hortxe hasi zen besarkaden eta musuen jaialdia (musuak masailean dira kontrakoa esan ezik). Zergaitik jakin ez arren, oso pozik omen zegoen eta nik berriz pentsatzen nuen bereziki eder zegoela gau horretan, mangarik gabeko niki purpurak bere aurpegiari zerion argia nabarmentzen zuela. Txosnak itxi zituztenean Plateruena agertu zen gure gauaren helmuga bezala eta hara abiatu ginen. Ailegatu bezain pronto, zerbait hartzeko esan nion eta bera ordaintzen tematu zen. Ginkasa beti egoten da gozoago horrelako neska polit batekin konpartituz gero.



Antzokian besarkada eta musuen erakustaldia areagotu zen, itsatsita gelditzeko arriskua ere egon omen zen. Uste dut sekulan ez dudala hainbeste dantzarik egin, baina horrelako beltzaranak merezi zuen. Berak lagunduta erritmoa eramaten nekiela ere pentsa zitekeen. Abesti batzutan hainbeste hurbiltzen zidan bere gorputz beroa ezen kiskali behar nuela zirudien. Hauetako batean ezezagun batek esan zion ilean zeraman lorea plastikozkoa zela. Gainetik kentzeko zera erantzun nion neska besotik oratuta: "Arrosa bai plastikozkoa da, baina hauxe 100% naturala da. Ez du batere plastikorik, ziurta diezazuket". Nikiaren azpian antzeman zitekeenaz ari nintzen gaiztotasun puntu batekin.

Une batzutan besarkatu ondoren nire begieei so gelditzen zen bera eta bere irriak guztiz mozkorarazten ninduen. Une horietan gure arteko tartea bi sudur eta erdikoa baino ez zen (irakurleak kalkulatu beharko du zein zen zehazki gure ahoen arteko distantzia) eta aire gutxi kabitzen zela hor iruditzen zitzaidan. Beharbada inofentsibo antza gehiegi dut edo ez da antza bakarrik, agian sinpleki hiltzaile sena falta zait. Ez dut uste berak ezer nahi zuenik, nik ere ez, baina agertuz gero nola egin ukorik hain ezpain gozoei!

Azkenean joateko ordua heldu zen baina berriro ere ustegabean zezenetara eraman nahi izan ninduen. Zorionez irten aurretik tren geltokira ihes egin genuen. Trenaz Boluetaraino eta metroz Moyuaraino, ondoren ia ordu erdiko itxaronaldia probestuaz egunkaria erostera joan nintzen. Busean nire sorbaldan lotan joan zen Derioraino, hantxe ia agurtu gabe (eta batere musurik emateke!) bajatu zen  eta kotxea hartu zuen etxeraino. Neu azkenean 10:18etan sartu nintzen ohera.

Bigarren minipuntua Etxekalterentzat.
----------

Tisu!

Bakardadea horren gauza polita da, nori kontatu daukazunean.


Instalatu Firefox euskeraz!

Site Meter

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Borja

etxekalte

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution