Ostiral honetan Laukizera hurbildu ginen koadrilako baten taldearen kontzertua ikusteko asmotan. Aurten txosna bakar bat zegoen eta misterioski gure gorputzak hara erakarrita sentitu genituen. Nobedade gehiagorik gabe kontzertua hasi eta bukatu zen publiko gutxirekin, niretzako abesti batzuk oso itxura ona izan zuten. Ondoren lagundu genion kitarra, anplifikadorea eta musikalarien traste guzti horiek kotxera eramaten.
Gero berriro ere txosnara joan ginen eztarria pixkat bustitzera. Handik gutxira
Zamudioko pantera agertu zen, beti bezain distiratsu eta beti bezain bihurri. Aspalditik ikusi gabe geunden, izan ere aurten gutxitan ikusi gara eta gutxi horietan ez dugu kasik hitzik egin. Baina gau honetan guztiz desberdin suertatu ziren gauzak.
Bota beltzetan (takoi gutxirekin, niri gustatzen zaizkidan modukoak) hasten ziren hanka bukaezinak, media beltzek estalita zeuden eta soineko labur baten azpian izkutatzen ziren. Soineko gainean jaka bakero estu bat zeraman, baina nire arreta jaso zuena soineko koloredun hura izan zen. Nolabaiteko
tartan eskoziarraz eginda zegoen marra berde, zuri eta beltzekin, horrek nire gogoa Eskoziako
Highlandsera eraman zuen. Agian berak nire gorputza beste "eremu altu" batzuetara eraman zezakeelakoan nengoen. Gainera aurten sorosle moduan egon da behar egiten (nik sorosle baino gehiago
zoroslea beharko nuke) eta txokolatearen kolorekoa zeukan azala. Derioko jaietara joateko esaten hasi zen, jende gehiago eta giro hobea egongo zelako. Laukizeraino eraman ninduena ezetzean ainguratuta zegoen eta laster etxera joan zen. Beste lagunak (kitarra jolea) ere ez zuen interesik erakutsi, baina nik bai ordea. Hasieran denentzako gonbidapen orokorra izan zena laster gonbidapen pertsonala bilakatua zen. Aitortu behar dut nolabaiteko ezinegona sartu zitzaidala gorputzean. Ondo pentsatuta, hain arrotza zen neska polit batek neu parrandan eraman nahi izatea eta gainera ondoren etxera eramatea! Hamaika ikusteko jaio gara.
Bigarren mailako errepide ilun batetik gindoazela sentsazio bitxia nuen, biok bakarrik kotxe barruan Txorierrin barrena parranda bila. Azkenean heldu ginen Deriora eta nik kalimotxo batera gonbidatu nuen. Bere lehengusinarekin topo egin genuen laster, aurkeztu bazidan ere ezin dut bere izena gogoratu. Berarekin batera beste mutil ezagun bat elkartu zitzaigun laukote atzerritar xelebrea osatuta: Zamudioko bat, Basauriko bat, Sondikako bat eta Mungiako bat.
Liskerren berbenan dantzan eta xurrutean (tarteka zirikan eta kilikan ere bai) jardun genuen gaueko berotasunean, musika amaitu arte hegan ziren abestiak eta kalimotxoak.
Azkenean kotxeraino lagundu genuen mutila. Ondoren panteraren lehengusina biok oratu behar izan genuen kotxera eramateko, gizajoak geu baino gehiago bisitatuko zuen txosna. Bere izekoren etxera eraman ondoren, berriro ere biok bakarrik errepidean. Nire etxera ailegatzean atariaren aurrean gelditu zuen kotxea eta eskerrak eman nizkion etxera ekartzeagatik. Gezurra ematen badu ere, orduantxe beragana gerturatu eta bi musu eman nizkion. Kotxetik bajatu aurretik ahaztu gabe telefonoa eskatu eta dei galdu bat egin nion zenbakia egiaztatzeko. "Ez zara fidatzen ala?" Esan zidan barretxo batekin.
Gertatu ez zen ezer gertatu (nahi ere ez) baina gutxienez bere mobilarekin joan nintzen ohera. Beharbada
elezaharrean bezala, kateak apurtuta penitentzia amaitu da.