Larunbata
Berandu irten ginen herritik lagun bi, ia hamabiak ziren baina gaua luze izango zelakoan ez zegoen presarik. Lagunak kotxea eraman zuen eta jakinaren gainean jarri zidan esanez nekatuta zegoela eta goiz joango zela etxera. Han Zornotzan lagun batzuekin elkartu ginen eta txosnei men eginez itzulia hasi ginen. Argazkiak, kalimotxitoak, barreak hegan joan ziren eta ezer berezirik gertatu gabe laguna joateko ordua heldu zen. Erabaki erreza hartu nuen, hantxe geratuko nintzen abentura gehiagoren zain.
Laster blog honetako ohiko protagonistak ikusten hasi nintzen, lehenengoa
aurreko egunean presente egon ez zena izan zen:
Galdakaoko Kubelik andereñoa. Ez nuen askorik kontatzeko eta laster amaitu zen berbaldia. Gaua lasai zihoan aurrera, ez nuen inor ikustea espero eta ez nuen ezer berezirik gertatzea nahi. Bapatean norbait pasa zen nire ondotik, norbaitek ezaguna zirudiena, baina ez nuen oso argi. Pentsatzen hasita erabaki nuen bera izan behar zuela. Berriro ere ondotik pasa zen eta izenaz deitu nuen, buelta eman eta Gabonetatik ikusi gabeko horren neska jatorra hantxe zegoen niri begira:
Bermeoko arana.
Berak beti bezain xarmangarri segitzen du eta betiko irribarrearekin ezpainetan. Hain azal zuri leuna du ezen putz egiten baduzu sorgin-belarren mila hazitan lehertu behar duela dirudiela. Zeraman nikiak marrazki zuriak eta beltzak zituen bere azalaren distira areagotuaz, beharbada zebraren antza ematen zion baina neuk uda honetan galdua dut harrapariaren sena. Hizketan egon ginen, argazki batzuk atera ere bai eta gero bere mutila agertu zen. Mutil txit jatorra iruditu zitzaidan, oso atsegina, ilehoria, guapoa, neska gazteak txoratzen dituen horietakoa. Ustekabean zera esan zidan aranak behin baino gehiagotan errepikatuta: "Zaude mua (janari gozoaren keinua eginez eskuarekin)". Nik ez nuen ezer ulertzen. Berriro errepikatu zidan "Zaude
chapeau". Guztiz harrituta, txundituta, nahastuta nengoen. Hortxe geratu zen dena baino geroxeago esan zidaten plastikozko zera bat neramala buruan, horregatik izango zen laudorioen txorrotada.
Aspalditik ikusi gabekoen gaua ematen zuenez,
i latinaz bukatzen den izena daukan zornotzarra nire ezkerretik pasa zen eta nik agurtu nion. Espero gabe nire eskuinaldean gelditu zen nirekin mintzatzekotan. Ohiko gauzetaz (azterketak, herriko jaiak, zeraman gona tipikoa...) galdetu ondoren laster joan zen. Bare nengoen gaua bezala eta ez nuen inolako gogorik flirteatzeko. Agian hori uda honetako konstante bat bihurtu da eta horrela segituko bide du.
Txosnak itxi ondoren ogitegi batera joan ginen gosaltzen. Gurin-opila eta patatazko tortila bokata eskatu eta hara non ikusten dudan berriro Galdakaoko Kubelik andereñoa. Aipatu nion ez nuela oso gustoko bere orrazkera, modernoago batekin ikustea gustatuko litzaidakeela. Botila bat ur eta opila esku batean eta bokata bestean nituelarik, geratzen ginen biok tren geltokira abiatu ginen. Nor topatu han eta
Butroiko Ingrid Bergman lagunekin! Bera akabatuta zegoen, guztiz nekatuta, eskailera batean lo egiten... Horren zaurkor ematen zuen hainbeste estimatu duten begien aurrean! Bere koadrilarekin trenaz Boluetaraino, handik metroz Moiuaraino eta han pixkat itxaron ondoren autobusa hartu genuen.
Willy Fogek baino
Travel puntu gehiago pilatu ondoren, goizeko 8ak pasatxotan oheratu nintzen, zorionez ama altxatu baino lehen.