Mezua: Barealdia Zornotzako golkoan (I)

2008-07-20

Permalink 22:01:27, Atalak: Neu  

Barealdia Zornotzako golkoan (I)

Ostirala

Nahiz eta jaiak egon beste leku batzuetan (Sopelako Larrabasterra auzoan adibidez), ez zen dudarik egon gure abenturen eskenatokia aukeratzerakoan: Zornotza. Nik behin baino gehiagotan erdi txatxetan esan dut niretzako Zornotzakoak Jaietako Tourreko Pirineoak direla, etapa erregina hantxe kokatuta dagoela eta blog honetan etapa horien berri eman dut beti.

Konturatu naiz bitxia izan zela ostiralekoa, izan ere neska bat etorri zen gurekin parrandan eta hori nobedadea da gure koadrilan. Bitan edo hirutan bakarrik egon naiz berarekin baina laster hartu dugu konfidantza elkarrekin. Altua, beltzarana, ile laburra, azal zuria, masailak erraz gorritzen zaizkio, pirsinas (mihian, beheko ezpainean eta bekainean), partxe antisorgailua iztondotik gertu... Gurekin hondartzan egondako sondikar horrek amaren Seat Leon gorrian eraman gintuen Zornotzaraino. Komeriak izan ondoren kotxea aparkatzeko, txosnetarantza abiatu ginen; izan ere aurten bertako txosnodromoaren kokapena aldatu dute eta. Lekua ezberdina zen, beharbada argi gehiago (gehiegi?) zegoen baina giroa, txosnak, jendetza eta pepsimotxoa betikoak ziren.

Kalimotxito kalimotxitoz (horrela deitzen zaio kalitxikiari durangaldean) etapak aurrera egin zuen, botila bat sagardo tartean izan zela. Bapatean Galdakaoko neska zoroekin (Kubelik andereñoaren lagunak) topo egin nuen eta eurekin alde egin nuen bere koadrilako baten bila, beltzaran kizkurdun eder batekin zorretan nengoen eta. Gure herriko jaietan txupito batera gonbidatu nituen koadrilako denak hori izan ezik, Italian baizegoen Erasmus programarekin. Esango nuke ederki legokeela gerra osteko neorrealismo italiarreko filmeren baten emakume italiar indartsuaren paperean: beltzarana, bihurgunekin (disfrutatu nuen erdi-izkututa zeraman ohorezko hitza eskoteari begirada zein zirikada eskainiaz) eta hainbeste gustatzen zaidan nortasun handia. Ikustean irri batekin esan nion: "Come stai ragazza, bene?" Segituan bi musu jaurti nizkion eta ondoren berarekin hitz egiten hasi eta azkenean gonbidatuko nuela ohartarazi nion. Baina neskak ez zuen tragoa amaitzen, zer egin? Edalontzia lapurtu, geratzen zena trago batez edan eta besotik oratu nuen txosnara eramanaz. Bidezkoena (lagunekin alderatuta) txupito edo zurito batera gonbidatzea zen baina berak bakarrik 43 kolarekin edaten zuen... Arazorik ez, berarentzako hori eta neronentzako ginkasa. Saiatu zen tragoaren prezioaren erdia ordaintzen, baina ez dago esan beharrik saiakera antzu gertatu zela. Agurtzean espero gabeko beste bi musu kariñoso jaso nituen. Azkenean masaileko musuen ohikune hori gustatu behar ote zait?

Ez nuke aipatzeke utzi nahi koadrilako batek aurkeztu zizkidan bi neska lirain. Sekulakoak, arnasa kentzeko modukoak, gazteegiak, bata ilehoria eta bestea beltzarana, gazteegiak, txorakeriak egiteko modukoak. Beltzaranak lastozko zorro handi bat zeraman, hondartzara eramateko modukoa. Zirikadatxoa bota nion esanez amak lehen (80ko hamarkadan edo) horrelako bat eramaten zuela erosketak egitera.

Gogoan dut ginkas pare baten ondoren sondikarrarekin egondako jolas bitxia. Berari gustatzen zaio mutilei titiburuak ukitzea eta nik behin baino gehiagotan esan diot kontuz ibiltzeko. Neu zurkor ikusita jolasari ekin zion eta niri erantzun polita otu zitzaidan, nola ez. Edalontzi hotza titietara hurbiltzeko keinua (edo keinua baino gehiago egon ote zen?) egiten nuen titiburuak gogor zekizkion asmoa banuen bezala. Azkenean 5ak aldera barrutik ondo bustita etxeratzeko ordua heldu zen. Sondikarrak etxera eraman gintuen banan banan eta neu azkenengoa izan nintzen. Hamaika komentario, hainbeste zirikada, makina bat tontakeri entzun edota jaso ondoren monumentua ere merezi zuen. Kotxetik irten, gidariaren lehiatilean besoak jarri eta honelaxe esan nion: "Eskerrik asko gu eramateagatik, eskerrik asko gu jasotzeagatik, eskerrik asko gu etxera ekartzeagatik". Ondoren ondo merezitako bi musu eman eta portalera hurbildu nintzen sigi-sagan.

Erantzunak, Pingback-ak:

Ez daude Erantzunak/Pingback-ak mezu honetan...

Mezu honentzako erantzunak itxita daude.

----------

Tisu!

Bakardadea horren gauza polita da, nori kontatu daukazunean.


Instalatu Firefox euskeraz!

Site Meter

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Borja

etxekalte

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution