Artxiboak: Uztaila 2008

2008-07-23

Permalink 22:59:06, Atalak: Neu  

Barealdia Zornotzako golkoan (II)

Larunbata

Berandu irten ginen herritik lagun bi, ia hamabiak ziren baina gaua luze izango zelakoan ez zegoen presarik. Lagunak kotxea eraman zuen eta jakinaren gainean jarri zidan esanez nekatuta zegoela eta goiz joango zela etxera. Han Zornotzan lagun batzuekin elkartu ginen eta txosnei men eginez itzulia hasi ginen. Argazkiak, kalimotxitoak, barreak hegan joan ziren eta ezer berezirik gertatu gabe laguna joateko ordua heldu zen. Erabaki erreza hartu nuen, hantxe geratuko nintzen abentura gehiagoren zain.

Laster blog honetako ohiko protagonistak ikusten hasi nintzen, lehenengoa aurreko egunean presente egon ez zena izan zen: Galdakaoko Kubelik andereñoa. Ez nuen askorik kontatzeko eta laster amaitu zen berbaldia. Gaua lasai zihoan aurrera, ez nuen inor ikustea espero eta ez nuen ezer berezirik gertatzea nahi. Bapatean norbait pasa zen nire ondotik, norbaitek ezaguna zirudiena, baina ez nuen oso argi. Pentsatzen hasita erabaki nuen bera izan behar zuela. Berriro ere ondotik pasa zen eta izenaz deitu nuen, buelta eman eta Gabonetatik ikusi gabeko horren neska jatorra hantxe zegoen niri begira: Bermeoko arana.

Berak beti bezain xarmangarri segitzen du eta betiko irribarrearekin ezpainetan. Hain azal zuri leuna du ezen putz egiten baduzu sorgin-belarren mila hazitan lehertu behar duela dirudiela. Zeraman nikiak marrazki zuriak eta beltzak zituen bere azalaren distira areagotuaz, beharbada zebraren antza ematen zion baina neuk uda honetan galdua dut harrapariaren sena. Hizketan egon ginen, argazki batzuk atera ere bai eta gero bere mutila agertu zen. Mutil txit jatorra iruditu zitzaidan, oso atsegina, ilehoria, guapoa, neska gazteak txoratzen dituen horietakoa. Ustekabean zera esan zidan aranak behin baino gehiagotan errepikatuta: "Zaude mua (janari gozoaren keinua eginez eskuarekin)". Nik ez nuen ezer ulertzen. Berriro errepikatu zidan "Zaude chapeau". Guztiz harrituta, txundituta, nahastuta nengoen. Hortxe geratu zen dena baino geroxeago esan zidaten plastikozko zera bat neramala buruan, horregatik izango zen laudorioen txorrotada.

Aspalditik ikusi gabekoen gaua ematen zuenez, i latinaz bukatzen den izena daukan zornotzarra nire ezkerretik pasa zen eta nik agurtu nion. Espero gabe nire eskuinaldean gelditu zen nirekin mintzatzekotan. Ohiko gauzetaz (azterketak, herriko jaiak, zeraman gona tipikoa...) galdetu ondoren laster joan zen. Bare nengoen gaua bezala eta ez nuen inolako gogorik flirteatzeko. Agian hori uda honetako konstante bat bihurtu da eta horrela segituko bide du.

Txosnak itxi ondoren ogitegi batera joan ginen gosaltzen. Gurin-opila eta patatazko tortila bokata eskatu eta hara non ikusten dudan berriro Galdakaoko Kubelik andereñoa. Aipatu nion ez nuela oso gustoko bere orrazkera, modernoago batekin ikustea gustatuko litzaidakeela. Botila bat ur eta opila esku batean eta bokata bestean nituelarik, geratzen ginen biok tren geltokira abiatu ginen. Nor topatu han eta Butroiko Ingrid Bergman lagunekin! Bera akabatuta zegoen, guztiz nekatuta, eskailera batean lo egiten... Horren zaurkor ematen zuen hainbeste estimatu duten begien aurrean! Bere koadrilarekin trenaz Boluetaraino, handik metroz Moiuaraino eta han pixkat itxaron ondoren autobusa hartu genuen.

Willy Fogek baino Travel puntu gehiago pilatu ondoren, goizeko 8ak pasatxotan oheratu nintzen, zorionez ama altxatu baino lehen.
----------

2008-07-20

Permalink 22:01:27, Atalak: Neu  

Barealdia Zornotzako golkoan (I)

Ostirala

Nahiz eta jaiak egon beste leku batzuetan (Sopelako Larrabasterra auzoan adibidez), ez zen dudarik egon gure abenturen eskenatokia aukeratzerakoan: Zornotza. Nik behin baino gehiagotan erdi txatxetan esan dut niretzako Zornotzakoak Jaietako Tourreko Pirineoak direla, etapa erregina hantxe kokatuta dagoela eta blog honetan etapa horien berri eman dut beti.

Konturatu naiz bitxia izan zela ostiralekoa, izan ere neska bat etorri zen gurekin parrandan eta hori nobedadea da gure koadrilan. Bitan edo hirutan bakarrik egon naiz berarekin baina laster hartu dugu konfidantza elkarrekin. Altua, beltzarana, ile laburra, azal zuria, masailak erraz gorritzen zaizkio, pirsinas (mihian, beheko ezpainean eta bekainean), partxe antisorgailua iztondotik gertu... Gurekin hondartzan egondako sondikar horrek amaren Seat Leon gorrian eraman gintuen Zornotzaraino. Komeriak izan ondoren kotxea aparkatzeko, txosnetarantza abiatu ginen; izan ere aurten bertako txosnodromoaren kokapena aldatu dute eta. Lekua ezberdina zen, beharbada argi gehiago (gehiegi?) zegoen baina giroa, txosnak, jendetza eta pepsimotxoa betikoak ziren.

Kalimotxito kalimotxitoz (horrela deitzen zaio kalitxikiari durangaldean) etapak aurrera egin zuen, botila bat sagardo tartean izan zela. Bapatean Galdakaoko neska zoroekin (Kubelik andereñoaren lagunak) topo egin nuen eta eurekin alde egin nuen bere koadrilako baten bila, beltzaran kizkurdun eder batekin zorretan nengoen eta. Gure herriko jaietan txupito batera gonbidatu nituen koadrilako denak hori izan ezik, Italian baizegoen Erasmus programarekin. Esango nuke ederki legokeela gerra osteko neorrealismo italiarreko filmeren baten emakume italiar indartsuaren paperean: beltzarana, bihurgunekin (disfrutatu nuen erdi-izkututa zeraman ohorezko hitza eskoteari begirada zein zirikada eskainiaz) eta hainbeste gustatzen zaidan nortasun handia. Ikustean irri batekin esan nion: "Come stai ragazza, bene?" Segituan bi musu jaurti nizkion eta ondoren berarekin hitz egiten hasi eta azkenean gonbidatuko nuela ohartarazi nion. Baina neskak ez zuen tragoa amaitzen, zer egin? Edalontzia lapurtu, geratzen zena trago batez edan eta besotik oratu nuen txosnara eramanaz. Bidezkoena (lagunekin alderatuta) txupito edo zurito batera gonbidatzea zen baina berak bakarrik 43 kolarekin edaten zuen... Arazorik ez, berarentzako hori eta neronentzako ginkasa. Saiatu zen tragoaren prezioaren erdia ordaintzen, baina ez dago esan beharrik saiakera antzu gertatu zela. Agurtzean espero gabeko beste bi musu kariñoso jaso nituen. Azkenean masaileko musuen ohikune hori gustatu behar ote zait?

Ez nuke aipatzeke utzi nahi koadrilako batek aurkeztu zizkidan bi neska lirain. Sekulakoak, arnasa kentzeko modukoak, gazteegiak, bata ilehoria eta bestea beltzarana, gazteegiak, txorakeriak egiteko modukoak. Beltzaranak lastozko zorro handi bat zeraman, hondartzara eramateko modukoa. Zirikadatxoa bota nion esanez amak lehen (80ko hamarkadan edo) horrelako bat eramaten zuela erosketak egitera.

Gogoan dut ginkas pare baten ondoren sondikarrarekin egondako jolas bitxia. Berari gustatzen zaio mutilei titiburuak ukitzea eta nik behin baino gehiagotan esan diot kontuz ibiltzeko. Neu zurkor ikusita jolasari ekin zion eta niri erantzun polita otu zitzaidan, nola ez. Edalontzi hotza titietara hurbiltzeko keinua (edo keinua baino gehiago egon ote zen?) egiten nuen titiburuak gogor zekizkion asmoa banuen bezala. Azkenean 5ak aldera barrutik ondo bustita etxeratzeko ordua heldu zen. Sondikarrak etxera eraman gintuen banan banan eta neu azkenengoa izan nintzen. Hamaika komentario, hainbeste zirikada, makina bat tontakeri entzun edota jaso ondoren monumentua ere merezi zuen. Kotxetik irten, gidariaren lehiatilean besoak jarri eta honelaxe esan nion: "Eskerrik asko gu eramateagatik, eskerrik asko gu jasotzeagatik, eskerrik asko gu etxera ekartzeagatik". Ondoren ondo merezitako bi musu eman eta portalera hurbildu nintzen sigi-sagan.
----------

2008-07-10

Permalink 22:50:22, Atalak: Neu  

Ardozko kubatak

Hona hemen herriko jaien kontakizunaren bigarren partea bigarren asteburuari dagokiona.

Ostirala

Trantsiziozko astea atzean utzita, ostiralean indarberrituta irten nintzen etxetik bigarren asteburuan gauzak ezberdinak izango ziratekeelakoan. Laster koadrilako batekin herriko Gurutzu Gorrian dabilen neska ilehori bat topatu genuen, gainera neska jator hauxe sorosle moduan dago Zamudioko panterarekin (zein txikia den mundua batzutan). Kasik konturatu gabe lagunarekin Gurutze Gorrian dauden beste bizpahiru neska ere gurekin etorri ziren eta txosnarik txosna ibili ginen.

Zaila bada sinestea ere azkenean mutilok ere dantzan amaitu ginen, deabruak hartuta bageunde bezala (bai, horren gaizki egiten genuen Wink). Azkenean euretako beltzaran martxoso batek joan behar zuen (uste dut eskaiola zuela besoan) eta auskalo nola otu zitzaion bereziki neu agurtu behar ninduela. Apenas bi minutu guztira dantzan, apenas hiru hitz, apenas lau begirada, zer espero behar nuen? Inolaz ere besarkada gogotsu hura, bi musu epel-bero haiek eta berriro ere besarkada. Ez nago ohituta horrelako egoeratan egotera eta gaizki pasatzen dut, pixka bat lotsatu ere.

Gauak aurrera egin ala lagunak etxera joan ziren eta bi bakarrik gelditu ginen. Orduantxe tabernetara hurbiltzea erabaki genuen. Azken parrandakidea ere joan zen eta pub batean gelditu nintzen ezagunen bat ikusiko nuelakoan, orduantxe ikusi nuen neska misteriotsu hura. Laster nire begirada erakarri zuen, nire kuriosidadea eta nire gogoa. Ekidinezina gertatu zen gure gorputzak hurbiltzea eta erdi dantzan jartzea. Ez dakit nola, ez dakit zergatik, nire eskua oratu zuen gure atzamarrak korapilatuaz. Orduan dantzaren erritmoa areagotu zen eta sargoria sentitu nuen kanpotik eta barrutik. Baina etorri bezala joan zen, apurka apurka atzamarrak banantzen joan ziren gure gorputzak bezala eta elkarri ezer esan gabe lagunekin itzuli zen. Ez zen begirada gehiagorik gure artean izan eta konturatu nintzen ordura arte egin gabekoa ez nuela aurrera egingo, beraz etxerantz abiatu nintzen.

Larunbata

Herriko jaietan sarri askotan euria lagun izan dugu bigarren asteburuan. Aurten ere ez zuen hutsik egin eta gaua ez zetorren oso aproposa txosnodromotik ibiltzeko. Horrela izanda katxi batzuk hartu genituen eta estalita dagoen eramura (hortxe jartzen dira abereak azoka igandeetan) joan ginen solastera.

Gero txosnen tourra egin genuen eta azken txosnako toldo azpian amaitu. Hortxe nire lankide ohi batekin elkartu ginen eta segituan zeraman cowboy kapel gorria lapurtu nion. Bera eta bere lagunekin geratzea erabaki genuen. Bapatean neska zapidun batek ikusi gintuen edo agian nire lagunak bera ikusi zuen. Neska hari aurreko egunean txosna batean "ardozko kubata" bat eskatu genion eta gaixoak ezer ulertu gabe (kalimotxo bat baino ez genuen nahi) baso bat ardo atera zigun. Neska dantzariak (herriko dantza taldeko txosnan egon zen zerbitzatzen) laster ezagutu gintuen ostiraleko xelebrekeriagatik eta hizketan hasi ginen animoso.


Cowboy kapela


Ia konturatu gabe nire jakinmina piztu zuen bere irri gozoak eta margarinazko azal zuriak. Sinesgaitza den arren, bere izena galdetu nion; ondoren nire burua aurkeztu eta bi musu eman (neu ere normalena dena egiteko gai naiz batzutan!). Zer ikasten zuen galdetu nionean ustegabea etorri zen, unibertsitatean hastekoa zela erantzun zidan eta bere "gaztetasunak" erdi txundituta utzi ninduen. Horren desbideratuta ote dut ikuspuntua? Gero nire adina galdetu zidanean ihes egin behar izan nuen nola edo hala.

Gutxi gehiago, beste zirikada batzuen ondoren hantxe utzi genuen eta pentsatu nuen neska hari buruzko txostentxo bat eskatu behar izango niokeela amankomunean dugun lagun bati. Bestelakorik ez zegoenez, pubetara hurbildu ginen, azkenean eguna argitu zenean ogitegi batera eraman nituen gernikarrak zerbait gosaltzera. Etxera baraurik itzuli banintzen ere, herriko jaiek asetuta utzi nautelakoan nago. Gutxienez behin, nitaz espero zitekeenarekin kunplitu nuen.
----------

2008-07-02

Permalink 22:13:55, Atalak: Neu  

Txosnodromoan

Hasi da jaien denboraldia eta lehenengo estropada gure herrian izan da. Jaiak hasiz gero ez dago aitzakirik, ezin diot irakurle maiteari hutsik egin. Hona hemen asteburuan gertatutakoa.

Ostirala

Txupinazora ez nintzen joan, aspaldian ez naiz joan. Lehen horren garrantzitsua zen ekitaldia orain hutsik geratu da. Konpartsen ohitura galdu da eta eurekin batera jai herrikoienak. Beraz betiko lekuan (aldapako goiko partean) eta betiko orduan (hamar ta erdietan) geratu ginen. Zirrara berezi bat ibili zitzaidan bizkarretik udako erritual berezia berreskuratzean: bakero zaharrak eta aspaldiko ikasbidai bateko kamiseta bat jantzi, Gabonetan jasotako kolonia bota (Lauderren Pleasures, zantzua ote?) eta kokospekoa utzi. Horrelaxe irten nintzen etxetik eta txosnetara hurbildu, zorionez etxetik gertu dira.

Gurean txosnodromoa azoka dagokion lekuan kokatzen da eta jaietan ere "ganadu" ederra ikus liteke: behi bulartsuak, aker maltzurrak, oilo berritsuak, ahuntz saltokariak... Irakurleak hitzon egilea sailkatu beharko du. Aurten ere gure erakustaldi unibertsal (Expo Txosnak 2008) xumearen ardatz nagusia oinarrizko isurkaria izan da, hots urre morea. Benetako kalimotxoa (eta ez beste lekuetan bezala pepsimotxoa) lagun izango dugu onerako eta txarrerako.

Egia esateko ez zen ezer berezirik gertatu ostiralean. Betiko jendea topatu nuen, blog honetako pertsonai batzuk ikusi (Butroiko Ingrid Bergman edo Zamudioko pantera) eta nola ez azken bertsoen protagonista aurkitu. Mutil batekin zebilen dantzan, dantza hurbil eta beroa, non higiduraren erreka besarkadez blaitutako jauzian amaitzen zen. Ez nuen musurik ikusi edo agian ez dut musurik gogoratu nahi. Aitortu behar dut bitxia bada ere, ez nuela atsekaberik sentitu baizik eta atsedena. Hain beldur handia al diot aukerarik txikiena ere izateari?

Larunbata

Bestelako plana egon zen larunbatean, bestelako jendea ere. Koadrilako jendeari Durangaldeko lagun batzuk elkartu zitzaizkion eta horretaz aparte orain dela gutxi ezagututako neska hirukotea ere bai. Lehenik eta behin lagun baten kontzertua entzuten joan ginen, Javier Ojedaren (Danza Invisible-ren abeslaria zena) telonero moduan jo zuen bere taldearekin.

Ondoren txosnetara berriro, kalimotxoetara berriro, patxangara berriro. Patxanga diodanean patxanga txarrenaz ari naiz: Mayonesa, Macarena edo El Venao. Ez dakit nori otuko zitzaion horrelako "pertsonaia" pintxatzen jartzea baina ondorenak guztiok jasan behar izan genituen.

Aurreko egunean ikusitako jendea berriro ere ikusi nuen. Zamudio panterak ostiralean kalitxia eskutik bota bazidan, oraingoan beste mutil bat baino itsusiago nintzela esan zidan, argi eta garbi, inolako beharrik gabe. Horixe gutxi bazen, lehenengo argi izpiekin lagun batek (erizaina) horrela aurkeztu ninduen neska jator batzuen aurrean: "Galdetu honi, zuek bezala zaharra dela". Azkenean beste lagun batekin (ileapaintzailea) ondo irabazitako kolakaoa eta tortillazko pintxoa hartu nituen taberna batean.

Ez nuen gau osoan txakolinezko ezpainen jabea ikusi baina hurrengo asteburuan saiatuko naiz behingoz. Esperantzak oraindik ere ezinezkoen erresumara garraia nazakeela sinesten dudan artean ez dut etsiko.

Eta hala bazan edo ez izan, sar dadila zure ginkasan!
----------

Tisu!

Bakardadea horren gauza polita da, nori kontatu daukazunean.


Instalatu Firefox euskeraz!

Site Meter

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Borja

etxekalte

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution