Artxiboak: Apirila 2008

2008-04-27

Permalink 23:40:44, Atalak: Neu, Bertsolaritza  

Hamarreko galduak

Atzo berriro ere ikusi nuen. Egun osoa Gorlizen barbakoa batean eman ondoren; etxera joan, dutxatu, arropak aldatu eta kalera. Matienako txangoa hurrengo astebururako utzi beharko zen.

Ikusi ninduenean, nik mihia atera nion eta berak lotsati agurtu ninduen. Bigarrenean berriz, beragana hurbildu eta hizketan hasi ginen. Nire kizkurrak, bere diruzorroa, nire adina, bere "posavasos" besokoa... Bere eskotearen sakontasunak ez zien nire begiei ohartu gabe ihesik egin. Hain du azal fina, hain du azal zuria, hain du azal gardena. Lauzpabost minuturen ondoren desagertu zen eta ez nuen berriro ikusi gau osoan.

Aspaldian aipatu gabeko ilehoriak ere gaurkoan irabazita du bere txokoa. Hiru hilabete pasa ditut berari so egin gabe eta hitzik egin gabe. Norentzat zen zigor hori? Berarentzat ala niretzat? Agian nire buruari ezarritako penintentzia baino ez zen... Atzo jakin nuen konturatu dela zerbait gertatzen zaidala berarekin eta pentsatu nuen beharbada zigor nahikoa zela zegoeneko. Berriro ere begiratu nion, eskerrik asko soil batzuk eskaini eta kontu handiz eskuarekin agurtu nuen irri bat ahoan nuelarik. Beharbada Durangon gertatutakoa bere itsas-koloreko begietan hondoratu zen betiko edo beharbada ez du ezer gogoratzen.

Batzutan gauzak asko aldatzen dira urte erdian eta hori erakusteko hona hemen zirriborroetan aurkitu dudan argitaratu gabeko sarrera bat. Esan beharrik ez dago, baina aurreko lerroetan aipatutako beltzaranari eskainita daude hamarrekoak.

Gaur ere nire autobusera igo zara. Ez zait gustatzen zure janzkera, ez dut zure izena atsegin baina barruraino sartu zatzaizkit. Merezi dituzu inoiz irakurriko ez dituzun ondorengo hamarreko handiak.


Doinua: Amodioa gauza tristea

Orain dela sei hilabete l(eh)en
aldiz ikusi zintudan,
denen artean nire begiak
laster jarri nitu(e)n zugan.
Esperantza_apur bat banuen nik
zeu ezagutzeko udan
baina azkenean ez da_hala_izan
beti gelditu naiz mugan.
Ez dakit nire barruan adore
nahikoa_aurkituko dudan.

Sudur gaineko peka ho(r)iek dira
Jainko_onak hortxe jarriak
eta begiak krabelin beltzak
oraintsu lora(tu) berriak.
Barruko gose aseezina
betetzen du zure_irriak
eta zure_ezpain gozoetatik
edan nahi du_ene_egarriak.
Barreneko gaitz guztietarako
dituzu sendagarriak.

Busaren geraleku berbera
erabiltzen duzu zuk (er)e,
hor begibistan gelditu_ohi dira
zure_hamaika bertute.
Zer ez nuke nik egingo zure
begirada baten truke?
Para(d)isurako bus txartela_ere
azkar aterako nuke,
ametsek ezerk baino_urrunago
garraiatu ahal bainaute.

Miresle_asko eduki behar
dituzu ederra izanik
eta zurekin ez dut izango
ezta_aukera txikienik
Beraz nik uko egingo dizut
etsi ez badut jadanik
baina hala_ere jakin (e)zazu zer
darabildan buruan nik:
ez duzula topatuko bertso
hoberik e(g)iten dizunik.
----------

2008-04-21

Permalink 18:39:12, Atalak: Neu  

Zilarrezko balak

Larunbat gauean ilargi betea nagusi zen gure zeru lainotsuan eta ilargi horrek nire barruan bizi den gizotsoa iratzarri zuen. Eraldaketa minutu gutxitan burutu zen: gorputza garbitu, aurpegiko ilea desagertu, arropa bitxiak jantzi eta egarri aseezin baten sentsazioa agertu. Gatikako San Markosek leku ezin aproposagoa ematen zuten akelarre baterako, beharbada hantxe asebetetzerik izango nuen.

Iaz anbulantziaz itzuli baginen Gatikatik, aurten berriz anbulantziaz joan ginen. Nik esan ohi dut anbulantzian joatea ez dela txarra, beti ere etzanda joaten ez zaren bitartean. Behin herrian betiko esparrura mugatu ginen: frontoia eta kanpoan jartzen dituzten bi txosnak. Frontoi barruko berbenatxoa ez zenez oso erakargarria guretzako, kanpoan gelditu ginen fruituen harrotutako nahastura hura edaten. Leku hartan ospatzen zen akelarreak aintzinako ohikunei segida ematen zien: kolore guztietako edariek haragi biluziaren gainean irristatzen zuten, neskatil gazteek lizunki egiten zuten dantzan eta jendearen solasa arbaso zaharren hizkuntza arraroan musika bezain ozena zen.

Larrialdi bat zela medio, herriko gazteak biltzen diren kobazulorantza abiatu ginen. Nor ikusiko bidean eta bera, Inpernuko errekan bizi den lamia, hipnotizatzen nauena, sorgindu ninduena, egarri aseezin hauxe sorrarazi zidana. Bere laguna agurtu nuen lehenik eta gero bera; baina uste dut ez zela ohartu zeren eta eurengandik hurbil gelditu ginenean behin da berriro guri so ziharduen. Begirada haietan bere begiak zilarrezko balak bezala sartzen ziren nire bihotzean egarria areagotzen eta bizirik sentiarazten. Gau hartan sorginkeria desegiteko aukera bat izango nukeela jakin nuen orduan.

Bi aste lehenago gertatukoa etorri zitzaidan burura, nolako egonezina sentitu nuen berriro ikustean hainbeste ilargi igaro ondoren. Barruan sentitu nuen sastada kiskalgarriak gogorazi zidan ez nengoela sendatuta, berriro ere irten beharko nuela astero haren begiraden gosez. Egun hartan ikusi nuenean ez nintzen hurbiltzera ausartzen eta erabaki nuen onena etxera joatea izango zela, adiosal sinple bat baino ez niola bialduko ondotik pasatzean. Horrelaxe egin nuen baina ustekabea etorri zen, izenaz deitu (nolabait ikasi du azkenean) eta bi musu eman zizkidan. Une horretan denbora gelditu zen niretzako eta bere ezpainen laztana suz grabatu zen nire gogoan. Argi gutxi zegoen eta musikaren bolumena gertutik hitz egitera behartu gintuen, gertuegi batzutan, gizon pekatariak ezin baitu tentazioaren indarra gutxietsi. Joatean beste bi musu jaso nituen eta erdi zorabiaturik irten nintzen handik.

Larunbatera itzulita, gauak aurrera zerraien eta Babilonia txiki hartan 7 pekatuen adibideak nonahi topa zitezkeen. Nik argi nuen zer litzatekeen nire salbazioa, zerk aldendu ahal ninduen inpernutik, zerk ezaba lituzkeen nire pekatu guztiak. Magiarik boteretsuena behar nuen.

Azkenean bere lagunak agertu ziren geunden lekutik eta bera hantxe zegoen euren ondoan mutil batekin hizketan, hitz egiteari uzten zionean harengana hurbilduko nintzen! Baina elkarrizketa ez zen eteten eta bere lagunak ere joan ziren bera han utzita. Denbora agortu zen eta nire lagunek beste leku batera joan nahi zuten. Haren ondotik pasatzean agurtu nuen eskuarekin eta jadanik aurrera eginda nengoelarik une batez nire eskua oratu zuen agurtuaz bezala. Ez nuen atzera begiratu eta nire bideari jarraitu nion, ez nuen berriro ikusi gau osoan.

Laurak inguruan lagunak kotxez etxera joan ziren eta neu ezagun batzuekin gelditu nintzen. Seiretarako nekatuta sentitu nintzen bai barrutik bai kanpotik eta otsozulora itzultzea erabaki nuen. Hogei minututik gorako ibilaldia egin ondoren etxera ailegatu nintzen, zorionez eguzkia irten baino lehen. Likantropoak bizirik dirau.
Pero, quiero que me digas amor,
que no todo fue naufragar
por haber creído que amar
era el verbo más bello.
Dímelo! Me va la vida en ello!

Aute - Me va la vida en ello
----------

Tisu!

Bakardadea horren gauza polita da, nori kontatu daukazunean.


Instalatu Firefox euskeraz!

Site Meter

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Borja

etxekalte

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution