Artxiboak: 2008

2008-12-11

Permalink 00:26:05, Atalak: Neu  

Euskalduna eta txinatarra

Ostiralean aurtengo Durangoko Euskal liburu eta Disko azoka hasi zen eta otu zitzaidan gau aproposa izan zitekeela Zamudioko panterarekin joateko. Tamalez oraingoan ezezko mezua jaso nuen, baina pixkat arduratuta utzi ninduen bere mezuak, berak zerbait zerabilen buruan eta ez zegoen ondo.

Larunbatean bazkaria nuen Bilbon unibertsitateko batzuekin eta eguerdiko ordu batean bageunden Pozan zerbait hartzen. Bapatean dei bat jaso nuen eta bera zen, aho bete hortz gelditu nintzen. Gauean Berangoko diskoteka ezagun batera omen zihoan eta beraz ez zen aukerarik egongo elkar ikusteko. Besterik gabe laster Etxanobera abiatu ginen, Euskalduna jauregiaren jatetxera hain zuen ere. Han bizi izandako esperientzia ez dago hitz hutsez adierazterik, zaporeak, usainak, koloreak nekez deskriba litezke letren bidez. Zorionez guztira ziren ia 600 euro (6 pertsona joan ginen) jatorri iluneko diru batekin ordaindu genuen. Joatear geundela jatetxearen buru den Fernando Canales sukaldari famatuak ere agurtu gintuen.

Gauean erdi-adostutako afari bat genuen Durangon eta lagun bi hurbildu ginen haraino. Azkenean Pizza-Hut alboratu genuen 5 pertsonok eta "Panda hartza" txinatar jatetxearen deliziak probatzera ausartu ginen. Jakiak barra barra atera zizkiguten: arroza, udaberriko erroiluak, ahateki onddo eta banbuarekin, oilaskoa arbendolekin, txerriki gazi-gozoa eta txahalki ere bai. Ez zegoenez dena amaitzerik, azkenean nire lagunak geratzen zena eramateko eskatu zuen eta 3 taper bete-beteak pozik jaso zituen.

Hurrengo agertokia tabernetan egon zen, beti bezala jendez lepo zeuden eta ixten hasi zirenean Plateruena agertu zen gauaren ustezko helmuga bezala. Une batean mezu bat bota nion panterari inolako xederik gabe eta laster deika nuen. Ahotsagatik susmatu nuen ederki asko pasatzen ziharduela. Itzulitakoan gurekin gelditu nahi zuen herrian azken tragoren bat hartzeko, mezuren bat bidaliko zidan ordua adosteko.

Bostak inguruan bueltatzeari ekin genion eta Txorrierriko korridoretik gindoazela bere mezua jaso nuen 7etan gelditzeko. Herrira heldu, laguna etxean utzi (ez zuen gehiago geratu nahi) eta oraindik 6ak jo gabe zirenean panterari deitu nion. Argi utzi nion ez nintzela haren zain geratuko kalean dena itxita zegoela. Gaua bukatutzat emanda kotxea garajean sartu, etxera igo eta pijama jantzi nuen. Ohera sartzeko une berean telefonoa kantuka hasi zen eta nor izan zitekeen ordu haietan... Alferrik izan zen pijaman nengoela esatea, 15 minuturen buruan nire bila pasatuko zen.

6 eta erdiak jo baino lehenago kalean nengoen berriro eta laster bere forfi zuria agertu zen. Bera atzekaldean zihoan beste neska batekin eta gidaria mutil bat zen. Neska eta mutila bakoitzaren atarian utzi ondoren, bolantearen jabe egin nuen. Izan ere, pantera ez zegoen gidatzeko moduan. Pentsatu nuen onena nire auzora joatea izango zela, han bere kotxea aparkatu eta neuk eramango nukeen etxera. Berak zerbait hartzeko esaten zidan, zerbaitek egon behar zuela irekita.

Azkenik motorea itzali nuen eta hantxe geunden nire etxearen ondoan biok kotxean, ez zegoen inor kalean eta ez zen ezer entzuten gure arnasaldiak izan ezik. Orduantxe kontatu zidan zer zela eta aste osoko urduritasuna (eta Durangora ez joatearen arrazoia): gustatzen zitzaion mutilari aitortu zizkiola bere sentimenduak eta berak ez ziola erantzun garbirik eman (nahi izan). Aurretik banekien mutil hori nire koadrilako bat zela, hitz eginda baigenuen gai hori. Nik bere ausardia goraipatu nuen eta animoak eman nizkion.

Mementu batez malkotan lehertzekotan zegoela iruditu zitzaidan eta ez nuen zer egin ondo jakin: besarkatu ala korrika irten. Aitortzen dut: gustatzen zait suarekin jolastea baina beldurra diot kiskaltzeari. Joatear zegoela, ez nuenez n-garrenez saririk gabe etxeratu nahi, lotsagabe jokatu nuen bi musu eskatuta. Berarengan ohikoa den besarkada indartsua ere merezita izan omen nuen. Orduan aldendu zen ordu batzutan lo egiteko asmoarekin, biharamunean lan egin behar zuen eta.

Kontua hortxe buka liteke baina ez, oraindik ez. Atarira heltzean konturatu nintzen nire zorroa bere forfiaren atzekaldean zegoela ahaztuta, barruan diruzorroa, mugikorra eta giltzak zekartzala. Atariko ate bi zabalik zeuden eta goizeko 7ak pasata ateko txirrina jotzen ibili nintzen. Igandean altxatu eta gero mugikorreko agendaren kopia batean bere zenbakia aurkitu eta deitu nion. Azkenean arratsaldean zorroa ekarri zidan.

Ez dakit nor dagoen zoratuago, bera ala ni.
----------

2008-11-17

Permalink 16:46:19, Atalak: Neu  

Zamudioko San Martinak

Nahi baino gehiago berandutu da Zamudioko San Martinen kronika baina agindu bezala hementxe doakizue gertatutakoaren kontakizuna.

Ostiralean Zamudioraino hurbildu ginen lagun bi bueltatxo bat ematen. Ez zegoen jende askorik eta ustegabean Zamudioko panterarekin topo egin genuen. Diskoteka ezagun batera zihoan eta hurrengo egunerako gonbidatu gintuen, bera lehengusinarekin irtengo zen. Laster geu ere etxera joan ginen.

Larunbatean, oraindik ere irtetzen segitzen duten kuadrilako bik, igandean elurrera joateko asmoa agertu zuten. Horren ondorioz gaueko plana kolokan gelditu zen niretzako eta salbuespenezko neurri bat hartu behar izan nuen: Zamudioko panterari mezua igorri ea aurekin irtetzerik ba ote zegoen. Baiezkoa jaso ondoren plana osotuta agertu zen: arreba Bilbora joatean Zamudion utziko ninduen eta itzuleran berriz etxera eraman.

Zamudiora goiz ailegatu nintzen eta denbora egiten ibili nintzen txosnen ontasunak deskubritzen parrandakideak agertu artean. Ezin zenez bestelakorik izan, neskak berandu agertu ziren eta pantera izugarri eder ikusi nuen bota, bakero estu eta jakarekin. Jaka berezia zen hura, arratsaldean erosia, zuria zen mantxa beltz eta berdeekin eta erdi kamuflajekoa ematen zuen. Neguko gudarako txit aproposa zirudien, bat zetorren gaueko hotzarekin eta agian nire borrakarako griñarekin ere. Beren kalimotxozko litroak (kasu honetan litroa) amaitu ondoren karpara hurbildu ginen, Betagarriren kontzertua iragarrita zegoen eta. Eurek, biak Txorrierrikoak izanda, hamaika ezagun agurtzen jardun zuten eta noizean behin neskatil gazteren bat aurkezten zidaten. Elkarrekin egoten garen guztietan bezala, gutxienez behin nire edaria lurrera bota zuen panterak.

Hiruretan edo arrebak deitu zidaneko, plan erdi ausart erdi zoro bat nerabilen buruan. Panterari zera esan nion, banindoala etxera baina bazegoela aukera txiki bat berriro ere itzultzeko. Neu hain goiz joatea ez zitzaion batere gustatu (nahiz eta oso entretenituta egon hizketan lankide batzuekin) eta mehatxu ere egin zidan, itzuli ezean asko haserratu behar zuen. Arrebak Zamudio torrearen inguruan hartu ninduen eta etxera ailegatu ginenean neu gidariaren lekuan eseri nintzen. Laster berriro ere Zamudion nengoen eta atzetik hurbildu nintzaion panterari. Bere bizkarraldean gelditu nintzen ixilik eta geldi noiz begiratuko zain. Ikusi ninduenean jarri zuen aurpegia ez dago deskribatzerik.  

Gauean zehar aurkeztutako nesken artean, batek aipatzea merezi du. Une batean zera esan zien ingurukoari irri pikaro batekin: "Goazen, hemen sobran gaude eta" pantera ta biongatik. Lausengatuta sentitu nintzen oso! Lagunak baino ez ginela esan nion baina bera tematuta zegoen, ea pantera niretzako ez ote zen polita galdetzen zidan! Nire diplomazi guztia behar izan nuen galdera inkomodo haiei ihes egiteko.

Azkenean lehengusina ere etxera joan zen eta biok bakarrik gelditu ginen eta txosna eta frontoiaren artean kokatu ginen estrategikoki. Tragoak eta sekretuak bata bestearekin atzetik joan ziren eta pentsatzen hasi nintzen gure arteko konfidantza gehiegi hazten zebilela. Goizeko 6tan elurrera zihoazen lagunei deitzea otu zitzaien eta aldamenean nuen beltzaran ikarragarriak, hots panterak erantzun zien. Aste hontan jaso behar izan ditudan zirikadak ez dira edonolakoak izan, enbidioso asko dabil mundutik Wink.

Azkenean bere etxeko atariraino eraman nuen kotxez, baina bapatean esan zidan ez zuela etxera joan gura! Mozkortuegi omen zegoen etxeratzeko eta kotxea aparkatzeko esan zidan. Hortxe, kotxean jesarrita biok, hizketan eta ni onenak emanda jadanik etxeratzeko gogoarekin. Azkenean joatear zegoela, eskerrak eman nizkion eta piruleta gozo bat (bera bezain gozo ote?) oparitu. Horrelaxe abiatu nintzen Zamudiotik 7ak pasata, bi musuak berriro ere jaso gabe.
----------

2008-10-21

Permalink 13:17:01, Atalak: Neu  

Bukatu dira jaiak

San Faustoekin batera bukatu dira jaiak, bukatutzat ematen dut argiaren sasoia eta orain negu luze, ilun eta hotzaren zain gelditzea baino ez zait geratzen. Halere esan beharko da agur polita egin diodala eta zapore gozoa utzi didala bukaeran.

Ostiralean goizean plana zen Durangora joatea lagunekin kotxez eta goiz itzultzea etxera; baina gauzak aldatuz joan ziren. Zamudioko panterari mezu bat igorri nion eta bestelako plan bat osatzen hasi zen nire buruan, bere erantzunean arrakala bat aurkitu nuenean. Beharbada zirrikitu horretatik sartzerik izango nuen, agian posiblea zitekeen biok bakarrik irtetzea. Arriskatu eta ausarta izan behar nuen baina horrelako aukerak merezi zuen. Pentsatzen nuen abagunerik txikiena agertuz gero aprobetxatu behar nuela, nire buruari zor niola.

Azkenean lagunak herritik irtengo zirela esan zidaten eta ni ere irtetzeko gogo handirik gabe agertu nintzen. Ondoren zailena zetorren, beltzaranaren baietza lortzea. Pare bat mezu elkartrukatu ondoren azkenean deitu nion. Arratsalde osoan lan egiten egona zen eta nahiko nekatuta omen zegoen. Hala eta guztiz ere irtetzeko prest agertu zen. Ematen zuen alde nituela izarrak eta distiratsuenetako bi gertu izango nituen gau hartan.

Bere herriko udaletxetik gertuen dagoen bus geralekuan hartu nuen hamaikak eta hogeian eta Basaurira abiatu ginen. Aparkatzeko betiko komeriak pasa ondoren, txosnetara hurbildu ginen. Hortxe kontu kontari eta edari edale jardun genuen nire Basauriko klasekide bat azaldu arte. Ondoren bera eta bere lagunekin Ontzak koadrilaren lonjaraino igo ginen. Zurrakapote botarekin ez zen ausartu zamudioztarra, neroni bai ordea. Laster joateko esaten hasi zitzaidan, hurrengo egunean ere lan egin behar zuen eta. Hirurak aldera bere etxeko atean utzi nuen eta bi musu protokolarioak ere ez nituen jaso. Hala ere esan liteke hirugarren minipuntua lortu nuela, ausardiagatik bakarrik bada ere.

Larunbatean berari mezu bat idaztekotan nengoela, berak deitu zidan. Gure planak amankomunean jarri ondoren, azkenean bera ta bere lehengusina gurekin etorri ziren Durangora. Aitortu beharra dago, nire lagunak neu baino lehenagotik ezagutzen dituela eta oso ondo konpontzen dira. Gaua nahiko sosoa izan zen, besteak beste katiluen kolekzioa osotzeko falta zitzaidan gorria ezin izan nuen topatu. Ordu biak aldera Txorierriko lehengusinak etxera joan ziren eta geu hirurok handik gelditu ginen gaua hozten bazihoan ere. Azkenean bostak pasata kotxera joan ginen eta handik etxera. Esan beharra dago geratzeko aukera izan nuela, neska jator bik (lagunak noski) gelditzeko erregutu zidatela baina oraingoan ez ninduten harrapatu. Eman beharrekoak emanak nituen bai Durangon eta bai aurtengo jaien sasoian.

Beraz hirugarren minupuntua bai, baina laugarrena ez eta horrela izanda ezingo da zortzikorik osatu. Izan ere, azken puntua izaten da garrantzitsuena eta lana borobiltzen duena. Ni gustora gelditu naiz egindakoarekin eta agian oraindik ere bertsoa bukatzeko aukera egon liteke. Auskalo zer ekar lezakeen iparrak oraindik aurrera.

Bidenabar (Julenek dioen bezala) laster Zamudioko San Martinak datoz.
----------

2008-10-12

Permalink 21:48:22, Atalak: Neu  

Baila morena

Larunbatean Durangora joan ginen kotxez hiru lagun eta hantxe inguruetako neska ederren boskote batekin elkartu, lagunak direnak. Aurten txosnak tabernetatik gertu daude berriro, txosnodromoaren kokapena txandakatu egiten da auzokoek gehiegi sufri ez dezaten. Iaz bezala edariak plastikozko katilutan zerbitzatzen dira eta plastikozko katxiak ere agertu dira. Katilu laranja eta urdina banituen etxean iaztik eta aurten ostiralean horia (gure herrian beilegie) erosi nuen, beraz berdea eta gorria falta zitzaizkidan kolekzioa osotzeko.

Pare bat erronda edan gabe neramanean txosna aproposaren zain (gustuko koloreko katiluak zituena alegia), Zamudioko pantera agertu zen eta hiru lagunok gonbidatu nahi gintuen. Txosnara lagundu nuen eta gustuko kolorea zegoen (seinale bat ote?). Bere koadrila aurkeztu zigun eta berarekin pixka batean hizketan egon ondoren banatu ginen. Gauak aurrera egin zuen.

Bostak aldera etxeratzeko ordua heldu zen eta bai lagunak bai gurekin zeuden Durangaldeko neskak joan ziren, baina neu hantxe gelditu nintzen emozio gehiagoren zain. Laster Zamudioko panterari mezua bota nion, bera eta bere lagunekin gelditzeko asmoa nuen ordu bat beranduago trena hartu arte. Igorri bezain pronto deitu zidan eta hogei minututan geratu ginen. Ordu erdia pasata zegoenean berriro ere deitu zidan esanez beste hamar minutu beharko zituela. Ordu laurden bat beranduago deitu zidan galdetuaz non nengoen eta zaborreko kamioiaren argiak ikusten zituenez haren atzetik joan behar izan nuen ikus nindezan. Xelebre zihoan gure rendezvous hura. Azkenean bakarrik agertu zen eta nire parrandarako gogoa berpizteko gai izan zen.

Hurbilen zegoen txosnara joan eta kalimotxo bana atera nuen, hortxe hasi zen besarkaden eta musuen jaialdia (musuak masailean dira kontrakoa esan ezik). Zergaitik jakin ez arren, oso pozik omen zegoen eta nik berriz pentsatzen nuen bereziki eder zegoela gau horretan, mangarik gabeko niki purpurak bere aurpegiari zerion argia nabarmentzen zuela. Txosnak itxi zituztenean Plateruena agertu zen gure gauaren helmuga bezala eta hara abiatu ginen. Ailegatu bezain pronto, zerbait hartzeko esan nion eta bera ordaintzen tematu zen. Ginkasa beti egoten da gozoago horrelako neska polit batekin konpartituz gero.



Antzokian besarkada eta musuen erakustaldia areagotu zen, itsatsita gelditzeko arriskua ere egon omen zen. Uste dut sekulan ez dudala hainbeste dantzarik egin, baina horrelako beltzaranak merezi zuen. Berak lagunduta erritmoa eramaten nekiela ere pentsa zitekeen. Abesti batzutan hainbeste hurbiltzen zidan bere gorputz beroa ezen kiskali behar nuela zirudien. Hauetako batean ezezagun batek esan zion ilean zeraman lorea plastikozkoa zela. Gainetik kentzeko zera erantzun nion neska besotik oratuta: "Arrosa bai plastikozkoa da, baina hauxe 100% naturala da. Ez du batere plastikorik, ziurta diezazuket". Nikiaren azpian antzeman zitekeenaz ari nintzen gaiztotasun puntu batekin.

Une batzutan besarkatu ondoren nire begieei so gelditzen zen bera eta bere irriak guztiz mozkorarazten ninduen. Une horietan gure arteko tartea bi sudur eta erdikoa baino ez zen (irakurleak kalkulatu beharko du zein zen zehazki gure ahoen arteko distantzia) eta aire gutxi kabitzen zela hor iruditzen zitzaidan. Beharbada inofentsibo antza gehiegi dut edo ez da antza bakarrik, agian sinpleki hiltzaile sena falta zait. Ez dut uste berak ezer nahi zuenik, nik ere ez, baina agertuz gero nola egin ukorik hain ezpain gozoei!

Azkenean joateko ordua heldu zen baina berriro ere ustegabean zezenetara eraman nahi izan ninduen. Zorionez irten aurretik tren geltokira ihes egin genuen. Trenaz Boluetaraino eta metroz Moyuaraino, ondoren ia ordu erdiko itxaronaldia probestuaz egunkaria erostera joan nintzen. Busean nire sorbaldan lotan joan zen Derioraino, hantxe ia agurtu gabe (eta batere musurik emateke!) bajatu zen  eta kotxea hartu zuen etxeraino. Neu azkenean 10:18etan sartu nintzen ohera.

Bigarren minipuntua Etxekalterentzat.
----------

2008-09-28

Permalink 23:54:47, Atalak: Neu  

Nor jaungoikoa bezala

Ostiral honetan Laukizera hurbildu ginen koadrilako baten taldearen kontzertua ikusteko asmotan. Aurten txosna bakar bat zegoen eta misterioski gure gorputzak hara erakarrita sentitu genituen. Nobedade gehiagorik gabe kontzertua hasi eta bukatu zen publiko gutxirekin, niretzako abesti batzuk oso itxura ona izan zuten. Ondoren lagundu genion kitarra, anplifikadorea eta musikalarien traste guzti horiek kotxera eramaten.

Gero berriro ere txosnara joan ginen eztarria pixkat bustitzera. Handik gutxira Zamudioko pantera agertu zen, beti bezain distiratsu eta beti bezain bihurri. Aspalditik ikusi gabe geunden, izan ere aurten gutxitan ikusi gara eta gutxi horietan ez dugu kasik hitzik egin. Baina gau honetan guztiz desberdin suertatu ziren gauzak.

Bota beltzetan (takoi gutxirekin, niri gustatzen zaizkidan modukoak) hasten ziren hanka bukaezinak, media beltzek estalita zeuden eta soineko labur baten azpian izkutatzen ziren. Soineko gainean jaka bakero estu bat zeraman, baina nire arreta jaso zuena soineko koloredun hura izan zen. Nolabaiteko tartan eskoziarraz eginda zegoen marra berde, zuri eta beltzekin, horrek nire gogoa Eskoziako Highlandsera eraman zuen. Agian berak nire gorputza beste "eremu altu" batzuetara eraman zezakeelakoan nengoen. Gainera aurten sorosle moduan egon da behar egiten (nik sorosle baino gehiago zoroslea beharko nuke) eta txokolatearen kolorekoa zeukan azala. Derioko jaietara joateko esaten hasi zen, jende gehiago eta giro hobea egongo zelako. Laukizeraino eraman ninduena ezetzean ainguratuta zegoen eta laster etxera joan zen. Beste lagunak (kitarra jolea) ere ez zuen interesik erakutsi, baina nik bai ordea. Hasieran denentzako gonbidapen orokorra izan zena laster gonbidapen pertsonala bilakatua zen. Aitortu behar dut nolabaiteko ezinegona sartu zitzaidala gorputzean. Ondo pentsatuta, hain arrotza zen neska polit batek neu parrandan eraman nahi izatea eta gainera ondoren etxera eramatea! Hamaika ikusteko jaio gara.

Bigarren mailako errepide ilun batetik gindoazela sentsazio bitxia nuen, biok bakarrik kotxe barruan Txorierrin barrena parranda bila. Azkenean heldu ginen Deriora eta nik kalimotxo batera gonbidatu nuen. Bere lehengusinarekin topo egin genuen laster, aurkeztu bazidan ere ezin dut bere izena gogoratu. Berarekin batera beste mutil ezagun bat elkartu zitzaigun laukote atzerritar xelebrea osatuta: Zamudioko bat, Basauriko bat, Sondikako bat eta Mungiako bat. Liskerren berbenan dantzan eta xurrutean (tarteka zirikan eta kilikan ere bai) jardun genuen gaueko berotasunean, musika amaitu arte hegan ziren abestiak eta kalimotxoak.

Azkenean kotxeraino lagundu genuen mutila. Ondoren panteraren lehengusina biok oratu behar izan genuen kotxera eramateko, gizajoak geu baino gehiago bisitatuko zuen txosna. Bere izekoren etxera eraman ondoren, berriro ere biok bakarrik errepidean. Nire etxera ailegatzean atariaren aurrean gelditu zuen kotxea eta eskerrak eman nizkion etxera ekartzeagatik. Gezurra ematen badu ere, orduantxe beragana gerturatu eta bi musu eman nizkion. Kotxetik bajatu aurretik ahaztu gabe telefonoa eskatu eta dei galdu bat egin nion zenbakia egiaztatzeko. "Ez zara fidatzen ala?" Esan zidan barretxo batekin.

Gertatu ez zen ezer gertatu (nahi ere ez) baina gutxienez bere mobilarekin joan nintzen ohera. Beharbada elezaharrean bezala, kateak apurtuta penitentzia amaitu da.
----------

2008-09-21

Permalink 20:40:08, Atalak: Neu  

Esadazu gezur bat

(Abestia Maialeni lapurtu diot)



Beharbada gizakia da bere geroaren berri duen izaki bakarra eta prezeski horrek egiten du hain maluros usu. Izan ere, jakin badakigu zoriontasunak iraungipen-data duela eta ahal den arinen kontsumitu behar dugula.

Gogoratzen dut udako gau sargori horietako bat, arrebaren golf zaharraren atzekaldean. Bi gorputz ilargiaren argi urriaren menpean, bi aho gogoaren menpean eta bi gogo pasioaren menpean. Nire besoetan errenditurik zegoen neska ederraren bizkarra ferekatzen nuela zera esaten zidan berak: "Holan egon gure dot beti". Orduantxe inoiz baino argiago ikusi nuen amildegiko ertzetik nenbilela eta horren gora heldu eta gero, ondorengo erorikoa ikaragarri gogorra izango zela. Horregatik besarkatu nuen hain indartsu azkenaldia bailitzan eta gezur hartan sinestu nahi izan nuen.

Orain, hiru urteren buruan pentsatu nahiko nuke nitaz ahaztu dela eta neu ere berataz ahaztu naizela. Dena errezagoa litzateke nitaz ahaztearekin batera, eman zidan mina ere bapatean gau batean desagertuko balitz. Tamalez minak plastiko batzuk bezala, oroimenaren ezaugarri fisikoa berea du eta minaren oroitzapena oraindik mina da. Malenkoliak eta burutu gabeko asmoek ere imanik indartsuena dirudite oroitzapenen su kiskalgarri hori kitzikatzerakoan.

Zer ote gara besteen gogoan gure oroitzapenak urratu eta ximeltzen direnean? Nora joaten dira (era)hildako oroitzapen horiek? Oroitzapenen kanposanturik ba al dago? Eta existitzekotan buruan edo bihotzean ote dago? Beharbada batzutan beldurra diogu besteen oroitzapenetik ihes egiteari, sufritutakoak (eta maite izandakoak) ezertarako balio izan ez balu bezala. Beraz, esadazu gezur bat oraindik nitaz gogoratzen zarela.
----------

2008-07-23

Permalink 22:59:06, Atalak: Neu  

Barealdia Zornotzako golkoan (II)

Larunbata

Berandu irten ginen herritik lagun bi, ia hamabiak ziren baina gaua luze izango zelakoan ez zegoen presarik. Lagunak kotxea eraman zuen eta jakinaren gainean jarri zidan esanez nekatuta zegoela eta goiz joango zela etxera. Han Zornotzan lagun batzuekin elkartu ginen eta txosnei men eginez itzulia hasi ginen. Argazkiak, kalimotxitoak, barreak hegan joan ziren eta ezer berezirik gertatu gabe laguna joateko ordua heldu zen. Erabaki erreza hartu nuen, hantxe geratuko nintzen abentura gehiagoren zain.

Laster blog honetako ohiko protagonistak ikusten hasi nintzen, lehenengoa aurreko egunean presente egon ez zena izan zen: Galdakaoko Kubelik andereñoa. Ez nuen askorik kontatzeko eta laster amaitu zen berbaldia. Gaua lasai zihoan aurrera, ez nuen inor ikustea espero eta ez nuen ezer berezirik gertatzea nahi. Bapatean norbait pasa zen nire ondotik, norbaitek ezaguna zirudiena, baina ez nuen oso argi. Pentsatzen hasita erabaki nuen bera izan behar zuela. Berriro ere ondotik pasa zen eta izenaz deitu nuen, buelta eman eta Gabonetatik ikusi gabeko horren neska jatorra hantxe zegoen niri begira: Bermeoko arana.

Berak beti bezain xarmangarri segitzen du eta betiko irribarrearekin ezpainetan. Hain azal zuri leuna du ezen putz egiten baduzu sorgin-belarren mila hazitan lehertu behar duela dirudiela. Zeraman nikiak marrazki zuriak eta beltzak zituen bere azalaren distira areagotuaz, beharbada zebraren antza ematen zion baina neuk uda honetan galdua dut harrapariaren sena. Hizketan egon ginen, argazki batzuk atera ere bai eta gero bere mutila agertu zen. Mutil txit jatorra iruditu zitzaidan, oso atsegina, ilehoria, guapoa, neska gazteak txoratzen dituen horietakoa. Ustekabean zera esan zidan aranak behin baino gehiagotan errepikatuta: "Zaude mua (janari gozoaren keinua eginez eskuarekin)". Nik ez nuen ezer ulertzen. Berriro errepikatu zidan "Zaude chapeau". Guztiz harrituta, txundituta, nahastuta nengoen. Hortxe geratu zen dena baino geroxeago esan zidaten plastikozko zera bat neramala buruan, horregatik izango zen laudorioen txorrotada.

Aspalditik ikusi gabekoen gaua ematen zuenez, i latinaz bukatzen den izena daukan zornotzarra nire ezkerretik pasa zen eta nik agurtu nion. Espero gabe nire eskuinaldean gelditu zen nirekin mintzatzekotan. Ohiko gauzetaz (azterketak, herriko jaiak, zeraman gona tipikoa...) galdetu ondoren laster joan zen. Bare nengoen gaua bezala eta ez nuen inolako gogorik flirteatzeko. Agian hori uda honetako konstante bat bihurtu da eta horrela segituko bide du.

Txosnak itxi ondoren ogitegi batera joan ginen gosaltzen. Gurin-opila eta patatazko tortila bokata eskatu eta hara non ikusten dudan berriro Galdakaoko Kubelik andereñoa. Aipatu nion ez nuela oso gustoko bere orrazkera, modernoago batekin ikustea gustatuko litzaidakeela. Botila bat ur eta opila esku batean eta bokata bestean nituelarik, geratzen ginen biok tren geltokira abiatu ginen. Nor topatu han eta Butroiko Ingrid Bergman lagunekin! Bera akabatuta zegoen, guztiz nekatuta, eskailera batean lo egiten... Horren zaurkor ematen zuen hainbeste estimatu duten begien aurrean! Bere koadrilarekin trenaz Boluetaraino, handik metroz Moiuaraino eta han pixkat itxaron ondoren autobusa hartu genuen.

Willy Fogek baino Travel puntu gehiago pilatu ondoren, goizeko 8ak pasatxotan oheratu nintzen, zorionez ama altxatu baino lehen.
----------

2008-07-20

Permalink 22:01:27, Atalak: Neu  

Barealdia Zornotzako golkoan (I)

Ostirala

Nahiz eta jaiak egon beste leku batzuetan (Sopelako Larrabasterra auzoan adibidez), ez zen dudarik egon gure abenturen eskenatokia aukeratzerakoan: Zornotza. Nik behin baino gehiagotan erdi txatxetan esan dut niretzako Zornotzakoak Jaietako Tourreko Pirineoak direla, etapa erregina hantxe kokatuta dagoela eta blog honetan etapa horien berri eman dut beti.

Konturatu naiz bitxia izan zela ostiralekoa, izan ere neska bat etorri zen gurekin parrandan eta hori nobedadea da gure koadrilan. Bitan edo hirutan bakarrik egon naiz berarekin baina laster hartu dugu konfidantza elkarrekin. Altua, beltzarana, ile laburra, azal zuria, masailak erraz gorritzen zaizkio, pirsinas (mihian, beheko ezpainean eta bekainean), partxe antisorgailua iztondotik gertu... Gurekin hondartzan egondako sondikar horrek amaren Seat Leon gorrian eraman gintuen Zornotzaraino. Komeriak izan ondoren kotxea aparkatzeko, txosnetarantza abiatu ginen; izan ere aurten bertako txosnodromoaren kokapena aldatu dute eta. Lekua ezberdina zen, beharbada argi gehiago (gehiegi?) zegoen baina giroa, txosnak, jendetza eta pepsimotxoa betikoak ziren.

Kalimotxito kalimotxitoz (horrela deitzen zaio kalitxikiari durangaldean) etapak aurrera egin zuen, botila bat sagardo tartean izan zela. Bapatean Galdakaoko neska zoroekin (Kubelik andereñoaren lagunak) topo egin nuen eta eurekin alde egin nuen bere koadrilako baten bila, beltzaran kizkurdun eder batekin zorretan nengoen eta. Gure herriko jaietan txupito batera gonbidatu nituen koadrilako denak hori izan ezik, Italian baizegoen Erasmus programarekin. Esango nuke ederki legokeela gerra osteko neorrealismo italiarreko filmeren baten emakume italiar indartsuaren paperean: beltzarana, bihurgunekin (disfrutatu nuen erdi-izkututa zeraman ohorezko hitza eskoteari begirada zein zirikada eskainiaz) eta hainbeste gustatzen zaidan nortasun handia. Ikustean irri batekin esan nion: "Come stai ragazza, bene?" Segituan bi musu jaurti nizkion eta ondoren berarekin hitz egiten hasi eta azkenean gonbidatuko nuela ohartarazi nion. Baina neskak ez zuen tragoa amaitzen, zer egin? Edalontzia lapurtu, geratzen zena trago batez edan eta besotik oratu nuen txosnara eramanaz. Bidezkoena (lagunekin alderatuta) txupito edo zurito batera gonbidatzea zen baina berak bakarrik 43 kolarekin edaten zuen... Arazorik ez, berarentzako hori eta neronentzako ginkasa. Saiatu zen tragoaren prezioaren erdia ordaintzen, baina ez dago esan beharrik saiakera antzu gertatu zela. Agurtzean espero gabeko beste bi musu kariñoso jaso nituen. Azkenean masaileko musuen ohikune hori gustatu behar ote zait?

Ez nuke aipatzeke utzi nahi koadrilako batek aurkeztu zizkidan bi neska lirain. Sekulakoak, arnasa kentzeko modukoak, gazteegiak, bata ilehoria eta bestea beltzarana, gazteegiak, txorakeriak egiteko modukoak. Beltzaranak lastozko zorro handi bat zeraman, hondartzara eramateko modukoa. Zirikadatxoa bota nion esanez amak lehen (80ko hamarkadan edo) horrelako bat eramaten zuela erosketak egitera.

Gogoan dut ginkas pare baten ondoren sondikarrarekin egondako jolas bitxia. Berari gustatzen zaio mutilei titiburuak ukitzea eta nik behin baino gehiagotan esan diot kontuz ibiltzeko. Neu zurkor ikusita jolasari ekin zion eta niri erantzun polita otu zitzaidan, nola ez. Edalontzi hotza titietara hurbiltzeko keinua (edo keinua baino gehiago egon ote zen?) egiten nuen titiburuak gogor zekizkion asmoa banuen bezala. Azkenean 5ak aldera barrutik ondo bustita etxeratzeko ordua heldu zen. Sondikarrak etxera eraman gintuen banan banan eta neu azkenengoa izan nintzen. Hamaika komentario, hainbeste zirikada, makina bat tontakeri entzun edota jaso ondoren monumentua ere merezi zuen. Kotxetik irten, gidariaren lehiatilean besoak jarri eta honelaxe esan nion: "Eskerrik asko gu eramateagatik, eskerrik asko gu jasotzeagatik, eskerrik asko gu etxera ekartzeagatik". Ondoren ondo merezitako bi musu eman eta portalera hurbildu nintzen sigi-sagan.
----------

2008-07-10

Permalink 22:50:22, Atalak: Neu  

Ardozko kubatak

Hona hemen herriko jaien kontakizunaren bigarren partea bigarren asteburuari dagokiona.

Ostirala

Trantsiziozko astea atzean utzita, ostiralean indarberrituta irten nintzen etxetik bigarren asteburuan gauzak ezberdinak izango ziratekeelakoan. Laster koadrilako batekin herriko Gurutzu Gorrian dabilen neska ilehori bat topatu genuen, gainera neska jator hauxe sorosle moduan dago Zamudioko panterarekin (zein txikia den mundua batzutan). Kasik konturatu gabe lagunarekin Gurutze Gorrian dauden beste bizpahiru neska ere gurekin etorri ziren eta txosnarik txosna ibili ginen.

Zaila bada sinestea ere azkenean mutilok ere dantzan amaitu ginen, deabruak hartuta bageunde bezala (bai, horren gaizki egiten genuen Wink). Azkenean euretako beltzaran martxoso batek joan behar zuen (uste dut eskaiola zuela besoan) eta auskalo nola otu zitzaion bereziki neu agurtu behar ninduela. Apenas bi minutu guztira dantzan, apenas hiru hitz, apenas lau begirada, zer espero behar nuen? Inolaz ere besarkada gogotsu hura, bi musu epel-bero haiek eta berriro ere besarkada. Ez nago ohituta horrelako egoeratan egotera eta gaizki pasatzen dut, pixka bat lotsatu ere.

Gauak aurrera egin ala lagunak etxera joan ziren eta bi bakarrik gelditu ginen. Orduantxe tabernetara hurbiltzea erabaki genuen. Azken parrandakidea ere joan zen eta pub batean gelditu nintzen ezagunen bat ikusiko nuelakoan, orduantxe ikusi nuen neska misteriotsu hura. Laster nire begirada erakarri zuen, nire kuriosidadea eta nire gogoa. Ekidinezina gertatu zen gure gorputzak hurbiltzea eta erdi dantzan jartzea. Ez dakit nola, ez dakit zergatik, nire eskua oratu zuen gure atzamarrak korapilatuaz. Orduan dantzaren erritmoa areagotu zen eta sargoria sentitu nuen kanpotik eta barrutik. Baina etorri bezala joan zen, apurka apurka atzamarrak banantzen joan ziren gure gorputzak bezala eta elkarri ezer esan gabe lagunekin itzuli zen. Ez zen begirada gehiagorik gure artean izan eta konturatu nintzen ordura arte egin gabekoa ez nuela aurrera egingo, beraz etxerantz abiatu nintzen.

Larunbata

Herriko jaietan sarri askotan euria lagun izan dugu bigarren asteburuan. Aurten ere ez zuen hutsik egin eta gaua ez zetorren oso aproposa txosnodromotik ibiltzeko. Horrela izanda katxi batzuk hartu genituen eta estalita dagoen eramura (hortxe jartzen dira abereak azoka igandeetan) joan ginen solastera.

Gero txosnen tourra egin genuen eta azken txosnako toldo azpian amaitu. Hortxe nire lankide ohi batekin elkartu ginen eta segituan zeraman cowboy kapel gorria lapurtu nion. Bera eta bere lagunekin geratzea erabaki genuen. Bapatean neska zapidun batek ikusi gintuen edo agian nire lagunak bera ikusi zuen. Neska hari aurreko egunean txosna batean "ardozko kubata" bat eskatu genion eta gaixoak ezer ulertu gabe (kalimotxo bat baino ez genuen nahi) baso bat ardo atera zigun. Neska dantzariak (herriko dantza taldeko txosnan egon zen zerbitzatzen) laster ezagutu gintuen ostiraleko xelebrekeriagatik eta hizketan hasi ginen animoso.


Cowboy kapela


Ia konturatu gabe nire jakinmina piztu zuen bere irri gozoak eta margarinazko azal zuriak. Sinesgaitza den arren, bere izena galdetu nion; ondoren nire burua aurkeztu eta bi musu eman (neu ere normalena dena egiteko gai naiz batzutan!). Zer ikasten zuen galdetu nionean ustegabea etorri zen, unibertsitatean hastekoa zela erantzun zidan eta bere "gaztetasunak" erdi txundituta utzi ninduen. Horren desbideratuta ote dut ikuspuntua? Gero nire adina galdetu zidanean ihes egin behar izan nuen nola edo hala.

Gutxi gehiago, beste zirikada batzuen ondoren hantxe utzi genuen eta pentsatu nuen neska hari buruzko txostentxo bat eskatu behar izango niokeela amankomunean dugun lagun bati. Bestelakorik ez zegoenez, pubetara hurbildu ginen, azkenean eguna argitu zenean ogitegi batera eraman nituen gernikarrak zerbait gosaltzera. Etxera baraurik itzuli banintzen ere, herriko jaiek asetuta utzi nautelakoan nago. Gutxienez behin, nitaz espero zitekeenarekin kunplitu nuen.
----------

2008-07-02

Permalink 22:13:55, Atalak: Neu  

Txosnodromoan

Hasi da jaien denboraldia eta lehenengo estropada gure herrian izan da. Jaiak hasiz gero ez dago aitzakirik, ezin diot irakurle maiteari hutsik egin. Hona hemen asteburuan gertatutakoa.

Ostirala

Txupinazora ez nintzen joan, aspaldian ez naiz joan. Lehen horren garrantzitsua zen ekitaldia orain hutsik geratu da. Konpartsen ohitura galdu da eta eurekin batera jai herrikoienak. Beraz betiko lekuan (aldapako goiko partean) eta betiko orduan (hamar ta erdietan) geratu ginen. Zirrara berezi bat ibili zitzaidan bizkarretik udako erritual berezia berreskuratzean: bakero zaharrak eta aspaldiko ikasbidai bateko kamiseta bat jantzi, Gabonetan jasotako kolonia bota (Lauderren Pleasures, zantzua ote?) eta kokospekoa utzi. Horrelaxe irten nintzen etxetik eta txosnetara hurbildu, zorionez etxetik gertu dira.

Gurean txosnodromoa azoka dagokion lekuan kokatzen da eta jaietan ere "ganadu" ederra ikus liteke: behi bulartsuak, aker maltzurrak, oilo berritsuak, ahuntz saltokariak... Irakurleak hitzon egilea sailkatu beharko du. Aurten ere gure erakustaldi unibertsal (Expo Txosnak 2008) xumearen ardatz nagusia oinarrizko isurkaria izan da, hots urre morea. Benetako kalimotxoa (eta ez beste lekuetan bezala pepsimotxoa) lagun izango dugu onerako eta txarrerako.

Egia esateko ez zen ezer berezirik gertatu ostiralean. Betiko jendea topatu nuen, blog honetako pertsonai batzuk ikusi (Butroiko Ingrid Bergman edo Zamudioko pantera) eta nola ez azken bertsoen protagonista aurkitu. Mutil batekin zebilen dantzan, dantza hurbil eta beroa, non higiduraren erreka besarkadez blaitutako jauzian amaitzen zen. Ez nuen musurik ikusi edo agian ez dut musurik gogoratu nahi. Aitortu behar dut bitxia bada ere, ez nuela atsekaberik sentitu baizik eta atsedena. Hain beldur handia al diot aukerarik txikiena ere izateari?

Larunbata

Bestelako plana egon zen larunbatean, bestelako jendea ere. Koadrilako jendeari Durangaldeko lagun batzuk elkartu zitzaizkion eta horretaz aparte orain dela gutxi ezagututako neska hirukotea ere bai. Lehenik eta behin lagun baten kontzertua entzuten joan ginen, Javier Ojedaren (Danza Invisible-ren abeslaria zena) telonero moduan jo zuen bere taldearekin.

Ondoren txosnetara berriro, kalimotxoetara berriro, patxangara berriro. Patxanga diodanean patxanga txarrenaz ari naiz: Mayonesa, Macarena edo El Venao. Ez dakit nori otuko zitzaion horrelako "pertsonaia" pintxatzen jartzea baina ondorenak guztiok jasan behar izan genituen.

Aurreko egunean ikusitako jendea berriro ere ikusi nuen. Zamudio panterak ostiralean kalitxia eskutik bota bazidan, oraingoan beste mutil bat baino itsusiago nintzela esan zidan, argi eta garbi, inolako beharrik gabe. Horixe gutxi bazen, lehenengo argi izpiekin lagun batek (erizaina) horrela aurkeztu ninduen neska jator batzuen aurrean: "Galdetu honi, zuek bezala zaharra dela". Azkenean beste lagun batekin (ileapaintzailea) ondo irabazitako kolakaoa eta tortillazko pintxoa hartu nituen taberna batean.

Ez nuen gau osoan txakolinezko ezpainen jabea ikusi baina hurrengo asteburuan saiatuko naiz behingoz. Esperantzak oraindik ere ezinezkoen erresumara garraia nazakeela sinesten dudan artean ez dut etsiko.

Eta hala bazan edo ez izan, sar dadila zure ginkasan!
----------

2008-04-27

Permalink 23:40:44, Atalak: Neu, Bertsolaritza  

Hamarreko galduak

Atzo berriro ere ikusi nuen. Egun osoa Gorlizen barbakoa batean eman ondoren; etxera joan, dutxatu, arropak aldatu eta kalera. Matienako txangoa hurrengo astebururako utzi beharko zen.

Ikusi ninduenean, nik mihia atera nion eta berak lotsati agurtu ninduen. Bigarrenean berriz, beragana hurbildu eta hizketan hasi ginen. Nire kizkurrak, bere diruzorroa, nire adina, bere "posavasos" besokoa... Bere eskotearen sakontasunak ez zien nire begiei ohartu gabe ihesik egin. Hain du azal fina, hain du azal zuria, hain du azal gardena. Lauzpabost minuturen ondoren desagertu zen eta ez nuen berriro ikusi gau osoan.

Aspaldian aipatu gabeko ilehoriak ere gaurkoan irabazita du bere txokoa. Hiru hilabete pasa ditut berari so egin gabe eta hitzik egin gabe. Norentzat zen zigor hori? Berarentzat ala niretzat? Agian nire buruari ezarritako penintentzia baino ez zen... Atzo jakin nuen konturatu dela zerbait gertatzen zaidala berarekin eta pentsatu nuen beharbada zigor nahikoa zela zegoeneko. Berriro ere begiratu nion, eskerrik asko soil batzuk eskaini eta kontu handiz eskuarekin agurtu nuen irri bat ahoan nuelarik. Beharbada Durangon gertatutakoa bere itsas-koloreko begietan hondoratu zen betiko edo beharbada ez du ezer gogoratzen.

Batzutan gauzak asko aldatzen dira urte erdian eta hori erakusteko hona hemen zirriborroetan aurkitu dudan argitaratu gabeko sarrera bat. Esan beharrik ez dago, baina aurreko lerroetan aipatutako beltzaranari eskainita daude hamarrekoak.

Gaur ere nire autobusera igo zara. Ez zait gustatzen zure janzkera, ez dut zure izena atsegin baina barruraino sartu zatzaizkit. Merezi dituzu inoiz irakurriko ez dituzun ondorengo hamarreko handiak.


Doinua: Amodioa gauza tristea

Orain dela sei hilabete l(eh)en
aldiz ikusi zintudan,
denen artean nire begiak
laster jarri nitu(e)n zugan.
Esperantza_apur bat banuen nik
zeu ezagutzeko udan
baina azkenean ez da_hala_izan
beti gelditu naiz mugan.
Ez dakit nire barruan adore
nahikoa_aurkituko dudan.

Sudur gaineko peka ho(r)iek dira
Jainko_onak hortxe jarriak
eta begiak krabelin beltzak
oraintsu lora(tu) berriak.
Barruko gose aseezina
betetzen du zure_irriak
eta zure_ezpain gozoetatik
edan nahi du_ene_egarriak.
Barreneko gaitz guztietarako
dituzu sendagarriak.

Busaren geraleku berbera
erabiltzen duzu zuk (er)e,
hor begibistan gelditu_ohi dira
zure_hamaika bertute.
Zer ez nuke nik egingo zure
begirada baten truke?
Para(d)isurako bus txartela_ere
azkar aterako nuke,
ametsek ezerk baino_urrunago
garraiatu ahal bainaute.

Miresle_asko eduki behar
dituzu ederra izanik
eta zurekin ez dut izango
ezta_aukera txikienik
Beraz nik uko egingo dizut
etsi ez badut jadanik
baina hala_ere jakin (e)zazu zer
darabildan buruan nik:
ez duzula topatuko bertso
hoberik e(g)iten dizunik.
----------

2008-04-21

Permalink 18:39:12, Atalak: Neu  

Zilarrezko balak

Larunbat gauean ilargi betea nagusi zen gure zeru lainotsuan eta ilargi horrek nire barruan bizi den gizotsoa iratzarri zuen. Eraldaketa minutu gutxitan burutu zen: gorputza garbitu, aurpegiko ilea desagertu, arropa bitxiak jantzi eta egarri aseezin baten sentsazioa agertu. Gatikako San Markosek leku ezin aproposagoa ematen zuten akelarre baterako, beharbada hantxe asebetetzerik izango nuen.

Iaz anbulantziaz itzuli baginen Gatikatik, aurten berriz anbulantziaz joan ginen. Nik esan ohi dut anbulantzian joatea ez dela txarra, beti ere etzanda joaten ez zaren bitartean. Behin herrian betiko esparrura mugatu ginen: frontoia eta kanpoan jartzen dituzten bi txosnak. Frontoi barruko berbenatxoa ez zenez oso erakargarria guretzako, kanpoan gelditu ginen fruituen harrotutako nahastura hura edaten. Leku hartan ospatzen zen akelarreak aintzinako ohikunei segida ematen zien: kolore guztietako edariek haragi biluziaren gainean irristatzen zuten, neskatil gazteek lizunki egiten zuten dantzan eta jendearen solasa arbaso zaharren hizkuntza arraroan musika bezain ozena zen.

Larrialdi bat zela medio, herriko gazteak biltzen diren kobazulorantza abiatu ginen. Nor ikusiko bidean eta bera, Inpernuko errekan bizi den lamia, hipnotizatzen nauena, sorgindu ninduena, egarri aseezin hauxe sorrarazi zidana. Bere laguna agurtu nuen lehenik eta gero bera; baina uste dut ez zela ohartu zeren eta eurengandik hurbil gelditu ginenean behin da berriro guri so ziharduen. Begirada haietan bere begiak zilarrezko balak bezala sartzen ziren nire bihotzean egarria areagotzen eta bizirik sentiarazten. Gau hartan sorginkeria desegiteko aukera bat izango nukeela jakin nuen orduan.

Bi aste lehenago gertatukoa etorri zitzaidan burura, nolako egonezina sentitu nuen berriro ikustean hainbeste ilargi igaro ondoren. Barruan sentitu nuen sastada kiskalgarriak gogorazi zidan ez nengoela sendatuta, berriro ere irten beharko nuela astero haren begiraden gosez. Egun hartan ikusi nuenean ez nintzen hurbiltzera ausartzen eta erabaki nuen onena etxera joatea izango zela, adiosal sinple bat baino ez niola bialduko ondotik pasatzean. Horrelaxe egin nuen baina ustekabea etorri zen, izenaz deitu (nolabait ikasi du azkenean) eta bi musu eman zizkidan. Une horretan denbora gelditu zen niretzako eta bere ezpainen laztana suz grabatu zen nire gogoan. Argi gutxi zegoen eta musikaren bolumena gertutik hitz egitera behartu gintuen, gertuegi batzutan, gizon pekatariak ezin baitu tentazioaren indarra gutxietsi. Joatean beste bi musu jaso nituen eta erdi zorabiaturik irten nintzen handik.

Larunbatera itzulita, gauak aurrera zerraien eta Babilonia txiki hartan 7 pekatuen adibideak nonahi topa zitezkeen. Nik argi nuen zer litzatekeen nire salbazioa, zerk aldendu ahal ninduen inpernutik, zerk ezaba lituzkeen nire pekatu guztiak. Magiarik boteretsuena behar nuen.

Azkenean bere lagunak agertu ziren geunden lekutik eta bera hantxe zegoen euren ondoan mutil batekin hizketan, hitz egiteari uzten zionean harengana hurbilduko nintzen! Baina elkarrizketa ez zen eteten eta bere lagunak ere joan ziren bera han utzita. Denbora agortu zen eta nire lagunek beste leku batera joan nahi zuten. Haren ondotik pasatzean agurtu nuen eskuarekin eta jadanik aurrera eginda nengoelarik une batez nire eskua oratu zuen agurtuaz bezala. Ez nuen atzera begiratu eta nire bideari jarraitu nion, ez nuen berriro ikusi gau osoan.

Laurak inguruan lagunak kotxez etxera joan ziren eta neu ezagun batzuekin gelditu nintzen. Seiretarako nekatuta sentitu nintzen bai barrutik bai kanpotik eta otsozulora itzultzea erabaki nuen. Hogei minututik gorako ibilaldia egin ondoren etxera ailegatu nintzen, zorionez eguzkia irten baino lehen. Likantropoak bizirik dirau.
Pero, quiero que me digas amor,
que no todo fue naufragar
por haber creído que amar
era el verbo más bello.
Dímelo! Me va la vida en ello!

Aute - Me va la vida en ello
----------

2008-02-11

Permalink 21:28:37, Atalak: Neu  

Algortako aratusteak

Oraingoan ez dut ezer idatziko pirataz mozorraturik nengoelarik txatxamurka egin zidan neskaz (ileorde ilehoria metxa arrosekin zeramala izan ezik) eta ez dut aztertuko zergatik erakartzen nauen biologa leioarrak horren bordea izanik ere. Lerro hauek ezazagun bati eskeini nahi dizkiot merezi dituelakoan.

Algortan egon ginen larunbatean, lagun baten neskalaguna hara zihoan bere koadrilarekin eta geu ere animatu ginen. Gestoras tabernatik kanpo geunden eta erabaki nuen komunera joatea. Hantxe Minniez mozorraturiko hiru neskarekin egin nuen topo. Bapatean euretako bat sudurra margotzen hasi zen ispilura begira eta ezin izan nion gogoari eutsi. "Ekarri, nik margotuko dizut" esan nion lotsagabe, berak guztiz naturalki lapitza luzatu zidan. Hastear nengoelarik erdi izuturik ikusi nuen, sagutxoa katuaren aurrean balego bezala! Ikutu aurretik behin baino gehiagotan lapitzak min egiten zuela errepikatu zidan, baina nola eman niezaiokeen minik hain lore eztiari? Hain zen samurra, hain zen delikatua, ezen gozoagatik apurtu behar zela zirudien. Portzelanazko panpin hark San Petersburgotik etorri berria zela ematen zuen, bere azal leunari argi klarua zerion bere gainetik lapitza astiro-astiro labain eginarazten nuen bitartean. Bere margoturiko biboteek nire irudimena kilimatzen zuten eta une batez menda eta erregaliza usain nitzakeen bere ile beltzean. Margotzean berea edertasun lasaia zela ebatzi nuen eta berari tinko so egitean begi beltz handi otzan haiek hipnotizaturik sentitu nintzen.

Azkenean hirurak komunean sartu ziren eta handik gutxira bera irten zen bere lagunak barruan utzirik. Ezin dut gogoratu ea zerbait gehiago esan nion baina etorri bezala joan zen, aura berezi bat lagun zuelarik. Horrelako une iheskorrak laket ditut, zein begirada batekin barre egiten diguten ezezagunak zein barre batekin maitakor begiratzen diguten arrotzak.

Badakit ez dituzula lerro hauek sekula irakurriko baina irakurriz gero gustatuko litzaizkizukeela pentsatu nahi dut. Musu bat zuretzako ezezagun hori!
----------

2008-01-01

Permalink 16:17:24, Atalak: Neu  

Urte berria, kontu zaharrak

Hasteko urte berri on bat opa nahi diot irakurle orori, ea hasi berri den urtea osasun eta maitasunez betea egoten den. Hala bedi!

Aurten goiz samar irten ginen, hamabi eta erditan geldituak ginen. Oraingoan guztiok elkartu ginen eta ohitura den legez betiko tabernara hurbildu ginen patxarana hartzeko asmotan, horrelaxe hasten baidugu beti urte berria. Handik beste leku batera eta beste bat eta beste bat, horrela joaten ari zen gaua nobedaderik gabe eta inor ikusi gabe.

Lehenengo taberna horretara itzuli ginenean hantxe topatu nuen ilehori txatxamurkazalea. Durangoko jaietatik hitz egin gabeak ginen eta atzo azkenean egiaztatu nuen ez dela Durangoko ezertaz gogoratzen, berarentzako onena da ezpairik gabe eta niretzako auskalo. Nolabaiteko mendekua hartu nuen hala ere, jakinik mutila duela eta nire laudorioei bustiezina dela eraso egin nion. Eraso polita eta edukatua, zuzenak eta oso zuzenak esanaz, bere enkatu amaigabeak goraipatuaz, esan nizkion betidanik esan nahi izan dizkiodanak. Dena alferrik, eguzkitarako brindisak gustatzen zaizkidala gauza jakina da. Jakin izan banu zerbait lortzeko aukera nimiño bat bazegoela ez niokeen ezer esango. Bukatzeko aipatu behar dut bere begien kolorea berdea dela, galdetu ere egin bainion.

Ia segituan gau horretako target nagusia ikusi nuen: txakolinezko ezpainak dituen beltzaran xarmangarria. Gutxitan ikusten dut eta ezin nion ihes egiten utzi behar. Hasieran ez zuen nire izena gogoratzen (ezta bere lagunak) eta horrela hasi zen jolasa. Zeraman ohorezko hitza eskoteak arnasa kentzen zidan, ez dakit une hartan zerk mozkortzen ninduen gehiago alkoholak edo bere irri gozoak. Ondo probestu nituen berarekin egon nintzen momentu haiek, Pecheko txupito batera gonbidatzeko betarik ere egon zen. Agurra ere xelebre samarra izan zen, izterrean zeraman liga gorria erori zitzaion eta niri eskatu zidan altxatzeko. Jakina, ez nuen egin eta berak laster poltsoan gordetako jaka gorria jantzi zuen. Horrelaxe urrundu nintzen nire ametsetako txano gorritxoarengandik.

Herriko tabernan neska izugarri bat ezagutu nuen (Garzonek itxi baino lehen aprobetxatu behar da). Txano gorritxoaren lagun batekin doa klasera eta sarritan ikusten dut autobusean. Bapatean gurekin akoplatu zen eta lagunak galdu nituenean berarekin bakarrik pasa nuen gainontzeko denbora. Sekulako neska da eta nahiko lagun onak egin gara. Gauan zehar ez dakit zenbat neska aurkeztuko zizkidan, bere koadrilako lonjan ere egon nintzen. Nik beti esan dut neska edo mutil lagunak etorri eta etorri bezala joaten direla,  lagunak berriz geratzeko etortzen dira gehienetan.

Zamudioko pantera
(txaloak eman ohi dizkidana) ikusteko parada egon zen ere, urte berria zoriondu nion eta bi edo lau musu eman. Etxera joan baino lehen, txano gorritxo mutil batekin ikusi nuen eta geroxeago jakin nuen beste mutil batekin dabilela. Batzutan bizitzak horrelako ironi fina dauka, nire blogaren antzekoa. Mutil hori nire auzokide bat da eta txiki-txikitatik ezagutzen dut. Zenbat alditan jolastu dugun elkarrekin, zenbat alditan egon naizen bere baserrian, zenbat alditan galdu behar ote dut?

Ezingo nuke bukatu azal zuriko neska aipatu gabe. Urte berria zoriontzeko mezu bat bidali nion eta erantzuna goizeko 9tan jaso dut. Zera jartzen zidan, orduantxe sartzen zela etxera eta kriston parranda bota zuela Marokotik heldu berria zen bere mutilarekin. Zertarako kontatzen dit hauxe? Zer nolako ekarpena dakarkio mezuari datu horrek? Noiz arte segitu behar ote dut bere azal fina behin da berriro gogoratzen?

Galtzen, galtzen hasi dut urte berria eta galtzen segitu behar dut. Baina saiatzen ez denak ezin du ez irabazi ez galdu, iaz behintzat saiatu egin naiz. Irriak eta idazteko gogoak dirauten artean porrotak hurrengo erronkari irekiko dio atea, besterik ez. 
----------

:: Hurrengo orrialdea >>

Tisu!

Bakardadea horren gauza polita da, nori kontatu daukazunean.


Instalatu Firefox euskeraz!

Site Meter

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Borja

etxekalte

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution