Que c'est triste Armintza
Au temps des amours mortes
Que c'est triste Armintza
Quand on ne s'aime plus
Ze tristea den Armintza amodioak hiltzen diren garaian, ze tristea den Armintza gehiago maitatzen ez denean. Hori esaten du gutxi gorabehera
Charles Aznavourren abesti famatuak (
entzuteko eta
itzulpena) eta horrelaxe diost barruak oren hauetan. Gabonek bihotzak bigundu ohi dituzte, baina batzuk ez ditugu gabonen beharra horretarako, ematen du bigunegia dugula dagoeneko.
Azal zuriko neskarekin egon naiz arratsaldean, noizean behin blog honetan agertu den mamu horrekin. Aitortu behar dut berak eduki zuela pisu ikaragarria blog hauxe sortzerakoan eta berarekin akordatuko naizela heriotz gozoa ematen diodanean. Bi urte ta zertxobait gehiago paseak ziren elkar ikusi gabe edo hobeto esanda elkarri begiratzeke, izan ere batzutan ikusi gara eta. Bi urtetan hamaika email, hamaika gehi hamaika oroitzapen gazi-gozo eta hamaika bider hamaika malko, edo agian gehiago.
Berak herrian hartu behar ninduen eta espero bezala nire argibide zehatzei ez die jaramonik egin eta galdu egin da. Elkar ikustean ez da besarkadarik egon, apenas bi musu epel. Bera beti bezain xarmangarri segitzen du, beroki beltz dotore bat, fraka zuriak eta bota beltzak jantzita etorri da. Horretaz aparte aro handiak belarrietan, pirsin txikia sudurrean eta eskumuturretan katetxoak zeramatzan (bere oroitzapenetara lotzen nautenak baino askoz txikiagoak noski). Lehenengo geldiera Armintzako portuan izan da, hasieran ez dut argi eduki ea burrunbadak olatuek sortzen zituzten edo barrutik zetozkidan. Armintzak badu bere esangurea,
gure garaian agindu bainion egunen batean eramango nuela eta azkenean berak eraman nau eta oso egoera ezberdinean.
Ondoren Jataren itzalean Lemoizko zentral nuklearreraino hurbildu gara. Zaharkitutako estruktura gris hark gurearen antza izugarria zuen, beste garai batean asmo handia izen zena gaur egun hutsik eta baliogabetuta dago, inor ez da hartaz gogoratzen. Errepide horretatik jarraituaz beste geldiera bat egon da behatoki polit batean. Ondoren Bakiorano heldu, herria zeharkatu eta azkenean Gaztelugatxera ematen duen behatokian gelditu gara. Kanpoan bost minutu baino ez ditugu egin, bere azal delikatu zuriak itsasotik zetorren aize hotza ez omen zuen atsegin eta kotxe barruan sartu gara. Barruan egon gara elkarri so egin gabe, bera kotxeko argien kontrolarekin jolasean ibili da, lau tontakeriz hitz egiten genuen bitartean eta laster deserosoegia bihurtu da egoera. San Pelaioren aurrean dagoen tabernan freskagarri bat edan, bakoitzaren bizitzako gauza tribialez mintzatu eta joateko ordua heldu da berak afaria zuen eta. Etxera ekartzen ninduelarik isiltasuna gailendu da eta kasik ez dugu ezer esan.
Nire herrira heldu garenean, aparkatu, kotxearen motorea itzali eta segurtasun-uhala kendu du. Hori zen unerik aproposena eta azkena esan beharrekoa esateko. Bapatean korapiloa sortu da nire eztarrian eta hitzek ez zuten irten nahi, beldur ziren. Azkenean nolabait esan diot poztu nauela gelditzeak eta berriro ere elkarrekin hitz egiteak. Besarkada etorri da gero eta berak musu bat eman dit lepoan, horixe izan da arratsalde guztian unerik hunkigarriena eta agian benetan zintzo bakarra. Malkoren bat masailetik ihes egin diola iruditu zait, ahotsak ere huts egin dio. Ondoren galdetu diodanean zergatik segitu duen emailak bialtzen eta zergatik gelditu garen orain eta ez lehenago, zera esan dit lagun moduan mantendu nahi ninduelako zela. Gezurra! Berak ez lukeen hainbeste denbora emango horretan. Lagunak ere ez gara sekula izan eta ez dut uste izan gaitezkeenik. Izan ere amankomunean dugun edo hobeto esanda eduki dugun bakarra gure amodioa izan da. Gero urduri somatu dut eta joateko gogoa antzeman zaio.
Horrelaxe joan da, berriro ere geldituko garela, sarriago hitz egingo dugula eta gero arte esan dugu. Ahoak gezurrak esan ditzake baina begiek ez, nire begiek betirako agurtu ote dute. Gutxienez oraingoan agurtzerik izan dut. Arrazoi handia du Aznavourrek, Armintza tristeegia da gehiago maitatzen ez denean.