Hona hemen orain dela zazpi egun Durangon gertatu zena.
Asteazkenean Durangora joan nahi nuen baina batek ezin zuen eta bestea desagertuta zegoen eta azkenean etxean. Hurrengo egunean adostu zen ostiralean hurbilduko ginela baina azken momentuan dena pikutara joan zen berriro. Larunbaterako berriz plan ia perfektua osatu genuen: han afaldu, partidua ikusi eta ondoren Leioako neska jator batzuentzako gida lana egitea.
Afaltzeko ohitura bihurtu den legez Anboto taberna aukeratu zen. Bokata gozo eta merkeak saltzen dituzte hor eta nik klasiko bat aukeratu nuen: solomoa piper berdeekin. Partidua ikusteko beste taberna batera joan ginen eta hantxe dexente sufritu genuen gure Athletic maitearekin. Partidua bukatuta leioarrekin elkartzeko ordua heldu zen. Nondik irten diren leioar horiek galdetuko duzue, ba istorio bitxia dago horren atzetik. Irailean edo Laukizeko jaietara joan ginen eta neska batekin dantzan amaitu genuen. Gure lagunetako bat hizketan hasi zen neska horren lagun batekin eta ondoren noizean behin geratzen dira (lagun moduan). Neska jator askoak ziruditen eta gaua nobedaderik gabe zihoan.
Gutxien espero nuenean "veinte" hitza aipatu nuen eta hogei urteko biologa polit hark (euretako bat) kopetan jo ninduen. Irakurleak kontutan hartu beharko du "veinte" eta "frente" hitzek errimatzen dutela. Ezer ez nuela ulertzen ahoa zabal-zabalik utzi nuen eta neska barreka hasi zen. Eraso bortitz hura
casus bellitzat har zitekeen eta nik ere horrelaxe hartu nuen. Ibiltzen nintzelarik ere ostikadatxoren bat ematen saiatu zen neu eroriaraztekotan. Segada haiek erantzuna behar zuten eta erasora pasatzen saiatu nintzen baina alferrik. Neska borde baino bordeagoa zen eta nekez sartzen zen jolasean.
Plateruena agertu zen gure helmuga bezala eta hantxe beroaren eraginez arropa desagertzen hasi zen. Orduan biologaren niki tirantedun horiak nire arreta jaso zuen. Izaera zaila, azal zuria, begi biziak eta arnasa kentzeko moduko gorputza, definitiboki gogoz saiatu behar nuen. Baina saiakera guztiak ustelak izan ziren, ezin izan nuen Unbe baino haragoko neska nire eremu edo arlora ekarri. Zergatik ez zion segitzen hasitako jolasari? Auskalo baina argi zegoen etsi behar nuela.
Gero iruditu zitzaidan Durangoko jaietan aurkeztutako
beltzaran interesgarriaren laguna handik zebilela. Izugarri jatorra da neska hori eta beti agurtzen nau, beraz agurtzeko asmoarekin joan nintzen berarengana. Mutil batzuekin hizketan zegoenez agur azkarra izan zen baina gero nor egongo zen alboan eta beltzarana bera. Berehala zirikatzen hasi nintzen eta konturatu nintzen ez zela nitaz akordatzen, guztiz arrotza nintzela berarentzako. Han barruan ez zenez ezer entzuten oso hurbil geunden elkarrengandik eta arreta handiz begiratu nion, segundu bakoitza nire buruan grabatu nahi nuen. Gainera neska oso gustora zegoela ematen zuen, irrifartsu, gogotsu eta noski inoiz baina politagoa.
Orduan gertatu beharrekoa gertatu zen, lagunek etxera joan nahi zuten eta argi utzi zidaten. Minutu gutxi batzuk baino ez nituen eta aprobetxatu behar. Lehenik eta behin zoratzen nauten peka hoietari buruzko komentarioren bat egin behar nuen. Esan nion pekengatik ezagutzen nuela eta berak galdetu zidan ia ilunpetan ere ikus zitezkeenik (han barruan gutxi ikusten zen eta). Noski baietz erantzun nion nire irririk beroena oparituaz, berea probokatuta. Bukatzeko agindu zidan hurrengoan bai, hurrengoan ezagutuko ninduela. Pozik abiatu nintzen kotxerantza eta korrika, izan ere sekulako euri zaparrada bota zuen.
Istorio honek badu bere epilogoa goizean goiz autobus batean. Lehenengo ordu horietan beltzaranak eta hura aurkeztu ninduen lagunak elkar topo egin zuten bizkaibus zahar batean. Beltzaranak laster kontatu zion neskari haren Durangoko jaietako lagunarekin (neu) egona zela. Erabilitako adjektibo atseginak neu aipatzeko niretzako bakarrik gordeko ditut momentuz. Segi blog hau irakurtzen eta beharbada denborak azalduko du ea sinesteko modukoak diren.