Artxiboak: Abendua 2007

2007-12-26

Permalink 22:31:09, Atalak: Neu  

Que C'est triste Armintza


Que c'est triste Armintza
Au temps des amours mortes
Que c'est triste Armintza
Quand on ne s'aime plus
Ze tristea den Armintza amodioak hiltzen diren garaian, ze tristea den Armintza gehiago maitatzen ez denean. Hori esaten du gutxi gorabehera Charles Aznavourren abesti famatuak (entzuteko eta itzulpena) eta horrelaxe diost barruak oren hauetan. Gabonek bihotzak bigundu ohi dituzte, baina batzuk ez ditugu gabonen beharra horretarako, ematen du bigunegia dugula dagoeneko.

Azal zuriko neskarekin egon naiz arratsaldean, noizean behin blog honetan agertu den mamu horrekin. Aitortu behar dut berak eduki zuela pisu ikaragarria blog hauxe sortzerakoan eta berarekin akordatuko naizela heriotz gozoa ematen diodanean. Bi urte ta zertxobait gehiago paseak ziren elkar ikusi gabe edo hobeto esanda elkarri begiratzeke, izan ere batzutan ikusi gara eta. Bi urtetan hamaika email, hamaika gehi hamaika oroitzapen gazi-gozo eta hamaika bider hamaika malko, edo agian gehiago.

Berak herrian hartu behar ninduen eta espero bezala nire argibide zehatzei ez die jaramonik egin eta galdu egin da. Elkar ikustean ez da besarkadarik egon, apenas bi musu epel. Bera beti bezain xarmangarri segitzen du, beroki beltz dotore bat, fraka zuriak eta bota beltzak jantzita etorri da. Horretaz aparte aro handiak belarrietan, pirsin txikia sudurrean eta eskumuturretan katetxoak zeramatzan (bere oroitzapenetara lotzen nautenak baino askoz txikiagoak noski). Lehenengo geldiera Armintzako portuan izan da, hasieran ez dut argi eduki ea burrunbadak olatuek sortzen zituzten edo barrutik zetozkidan. Armintzak badu bere esangurea, gure garaian agindu bainion egunen batean eramango nuela eta azkenean berak eraman nau eta oso egoera ezberdinean.

Ondoren Jataren itzalean Lemoizko zentral nuklearreraino hurbildu gara. Zaharkitutako estruktura gris hark gurearen antza izugarria zuen, beste garai batean asmo handia izen zena gaur egun hutsik eta baliogabetuta dago, inor ez da hartaz gogoratzen. Errepide horretatik jarraituaz beste geldiera bat egon da behatoki polit batean. Ondoren Bakiorano heldu, herria zeharkatu eta azkenean Gaztelugatxera ematen duen behatokian gelditu gara. Kanpoan bost minutu baino ez ditugu egin, bere azal delikatu zuriak itsasotik zetorren aize hotza ez omen zuen atsegin eta kotxe barruan sartu gara. Barruan egon gara elkarri so egin gabe, bera kotxeko argien kontrolarekin jolasean ibili da, lau tontakeriz hitz egiten genuen bitartean eta laster deserosoegia bihurtu da egoera. San Pelaioren aurrean dagoen tabernan freskagarri bat edan, bakoitzaren bizitzako gauza tribialez mintzatu eta joateko ordua heldu da berak afaria zuen eta. Etxera ekartzen ninduelarik isiltasuna gailendu da eta kasik ez dugu ezer esan.

Nire herrira heldu garenean, aparkatu, kotxearen motorea itzali eta segurtasun-uhala kendu du. Hori zen unerik aproposena eta azkena esan beharrekoa esateko. Bapatean korapiloa sortu da nire eztarrian eta hitzek ez zuten irten nahi, beldur ziren. Azkenean nolabait esan diot poztu nauela gelditzeak eta berriro ere elkarrekin hitz egiteak. Besarkada etorri da gero eta berak musu bat eman dit lepoan, horixe izan da arratsalde guztian unerik hunkigarriena eta agian benetan zintzo bakarra. Malkoren bat masailetik ihes egin diola iruditu zait, ahotsak ere huts egin dio. Ondoren galdetu diodanean zergatik segitu duen emailak bialtzen eta zergatik gelditu garen orain eta ez lehenago, zera esan dit lagun moduan mantendu nahi ninduelako zela. Gezurra! Berak ez lukeen hainbeste denbora emango horretan. Lagunak ere ez gara sekula izan eta ez dut uste izan gaitezkeenik. Izan ere amankomunean dugun edo hobeto esanda eduki dugun bakarra gure amodioa izan da. Gero urduri somatu dut eta joateko gogoa antzeman zaio.

Horrelaxe joan da, berriro ere geldituko garela, sarriago hitz egingo dugula eta gero arte esan dugu. Ahoak gezurrak esan ditzake baina begiek ez, nire begiek betirako agurtu ote dute. Gutxienez oraingoan agurtzerik izan dut. Arrazoi handia du Aznavourrek, Armintza tristeegia da gehiago maitatzen ez denean.
----------

2007-12-15

Permalink 15:45:21, Atalak: Neu  

Jendearen azoka

Hona hemen orain dela zazpi egun Durangon gertatu zena.

Asteazkenean Durangora joan nahi nuen baina batek ezin zuen eta bestea desagertuta zegoen eta azkenean etxean. Hurrengo egunean adostu zen ostiralean hurbilduko ginela baina azken momentuan dena pikutara joan zen berriro. Larunbaterako berriz plan ia perfektua osatu genuen: han afaldu, partidua ikusi eta ondoren Leioako neska jator batzuentzako gida lana egitea.

Afaltzeko ohitura bihurtu den legez Anboto taberna aukeratu zen. Bokata gozo eta merkeak saltzen dituzte hor eta nik klasiko bat aukeratu nuen: solomoa piper berdeekin. Partidua ikusteko beste taberna batera joan ginen eta hantxe dexente sufritu genuen gure Athletic maitearekin. Partidua bukatuta leioarrekin elkartzeko ordua heldu zen. Nondik irten diren leioar horiek galdetuko duzue, ba istorio bitxia dago horren atzetik. Irailean edo Laukizeko jaietara joan ginen eta neska batekin dantzan amaitu genuen. Gure lagunetako bat hizketan hasi zen neska horren lagun batekin eta ondoren noizean behin geratzen dira (lagun moduan). Neska jator askoak ziruditen eta gaua nobedaderik gabe zihoan.

Gutxien espero nuenean "veinte" hitza aipatu nuen eta hogei urteko biologa polit hark (euretako bat) kopetan jo ninduen. Irakurleak kontutan hartu beharko du "veinte" eta "frente" hitzek errimatzen dutela. Ezer ez nuela ulertzen ahoa zabal-zabalik utzi nuen eta neska barreka hasi zen. Eraso bortitz hura casus bellitzat har zitekeen eta nik ere horrelaxe hartu nuen. Ibiltzen nintzelarik ere ostikadatxoren bat ematen saiatu zen neu eroriaraztekotan. Segada haiek erantzuna behar zuten eta erasora pasatzen saiatu nintzen baina alferrik. Neska borde baino bordeagoa zen eta nekez sartzen zen jolasean.

Plateruena agertu zen gure helmuga bezala eta hantxe beroaren eraginez arropa desagertzen hasi zen. Orduan biologaren niki tirantedun horiak nire arreta jaso zuen. Izaera zaila, azal zuria, begi  biziak eta arnasa kentzeko moduko gorputza, definitiboki gogoz saiatu behar nuen. Baina saiakera guztiak ustelak izan ziren, ezin izan nuen Unbe baino haragoko neska nire eremu edo arlora ekarri. Zergatik ez zion segitzen hasitako jolasari? Auskalo baina argi zegoen etsi behar nuela.

Gero iruditu zitzaidan Durangoko jaietan aurkeztutako beltzaran interesgarriaren laguna handik zebilela. Izugarri jatorra da neska hori eta beti agurtzen nau, beraz agurtzeko asmoarekin joan nintzen berarengana. Mutil batzuekin hizketan zegoenez agur azkarra izan zen baina gero nor egongo zen alboan eta beltzarana bera. Berehala zirikatzen hasi nintzen eta konturatu nintzen ez zela nitaz akordatzen, guztiz arrotza nintzela berarentzako. Han barruan ez zenez ezer entzuten oso hurbil geunden elkarrengandik eta arreta handiz begiratu nion, segundu bakoitza nire buruan grabatu nahi nuen. Gainera neska oso gustora zegoela ematen zuen, irrifartsu, gogotsu eta noski inoiz baina politagoa.

Orduan gertatu beharrekoa gertatu zen, lagunek etxera joan nahi zuten eta argi utzi zidaten. Minutu gutxi batzuk baino ez nituen eta aprobetxatu behar. Lehenik eta behin zoratzen nauten peka hoietari buruzko komentarioren bat egin behar nuen. Esan nion pekengatik ezagutzen nuela eta berak galdetu zidan ia ilunpetan ere ikus zitezkeenik (han barruan gutxi ikusten zen eta). Noski baietz erantzun nion nire irririk beroena oparituaz, berea probokatuta. Bukatzeko agindu zidan hurrengoan bai, hurrengoan ezagutuko ninduela. Pozik abiatu nintzen kotxerantza eta korrika, izan ere sekulako euri zaparrada bota zuen.

Istorio honek badu bere epilogoa goizean goiz autobus batean. Lehenengo ordu horietan beltzaranak eta hura aurkeztu ninduen lagunak elkar topo egin zuten bizkaibus zahar batean. Beltzaranak laster kontatu zion neskari haren Durangoko jaietako lagunarekin (neu) egona zela. Erabilitako adjektibo atseginak neu aipatzeko niretzako bakarrik gordeko ditut momentuz. Segi blog hau irakurtzen eta beharbada denborak azalduko du ea sinesteko modukoak diren.
----------

2007-12-12

Permalink 23:08:12, Atalak: Neu  

Udazkeneko hostoak

Aspalditxotik ez dut ezer idatzi, istorioak udazkeneko hostoak bezala erori dira baina arrazoi batengatik edo bestearengatik blogetik kanpo gelditu dira. Sarrera hontan saiatuko naiz kronologikoki azken asteetan gertatutako pasadizoak aurkezten.

Durangoko jaien ondoren ilehoriaren kontua planteatu nion nire buruari. Zer egin? Zer nolako jarrera hartu? Alkoholaren eraginez gertatu zen edo gustatzen ote natzaio? Azkenean burua nahikotxo berotu nuen eta ondoren konklusiorik logikoena etorri zen: gertatutakoak ez du ezer aldatzen, behintzat berarentzako, izan ere berak mutila dauka. Jakin izan dudanez gauzak euren artean ez dabiltza oso ondo eta neska batzutan beste batzuekin tonteatzen ibiltzen da.

Durangoko jaietako lehen asteburuan ezagututako beltzaranak ere merezi ditu bere lerrotxoak. Bitxia da benetan, ezagutu baino lehen astean behin edo bitan ikusten nuen, ondoren aldiz ez dut apenas ikusi. Gainera ikusi dudanetan ematen du ez dela nitaz akordatzen. Baina gutxien espero duzunean gauzak aldatzen dira, gehiago sakonduko dut hurrengo sarreran.

Beste pertsonai zahar bat ekarri behar dut orain: Bilboko jaietan txaloa eman zidana. Durangoko jaien ondoren ikusi dudan bakoitzean zirriak bueno txinpartak atera dira. Egun batean txokolatezko barratxoa jaten zuen bitartean (lolitaren papera ondo baino hobeto egiten du) zirikatzen nuen nik, gero berak barratxoa eskeini irri pikaro batekin eta nire zirikei belaunkadekin erantzun eremu arriskutsuetan. Hurrengoan Zamudio San Martinetan aurkitu genuen elkar, sekulako hotza zegoen eta eskularruak utzi nizkion. Egun horretan ere txalo bat baino gehiago jaso nuen baina besarkadekin batera eramangarriagoak egin ziren. Azkenean kalimotxo batera gonbidatu eta etxera ere eraman genuen.

Zamudioko panterarekin topo egin nuen azken larunbat gauak lerroalde desberdin bat merezi du. Lehenengo tabernetan ez zidan jaramon gehiegirik egin baina azkenean irekita gelditzen zen pub bakan horietako batean zor zidan kalimotxoa atera zuen. Kalimotxo horren ondoren Vodka laranjarekin etorri zen eta bukatzeko Peche limoiarekin. Bitartean zenbat dantza, zenbat zirikada, zenbat kilima. Azal zuri hura guztiz krematsua zen yogur grekoak bezala, berak ere badu Peloponesoko andreen antza: alaia, jostaria, dantzazalea, beroa... Txaloak ere jaso nituen baina oraingoan guztiz merezita, zer ote zuen zeraman pitxi bakeroaren behekaldeak altxatzeko gogoa emateko? Erantzuna erraza da: gona altxatu ondoren txaloa etortzen zen, orduan suminduarena egiten nuen eta haren besarkada jasotzen nuen. Une batzuetan gure begiradak gurutzatu ziren eta arriskua sumatu nuen. Azkenean noski, ez zen ezer gertatu, hurrengoan ikusiko dugu ea mamiaren goseak buruari gain hartzen ote dion.
----------

Tisu!

Bakardadea horren gauza polita da, nori kontatu daukazunean.


Instalatu Firefox euskeraz!

Site Meter

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Borja

etxekalte

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution