Blogean idaztean polita deritzot istorio baten hasiera eta amaiera kontatzea, irakurleak osotasunean uler dezala istorioa. Baina batzutan hori ez da posiblea, amaiera idatzi gabe dagoelako edo ez dagoelako hasiera zehatz bat. Beste batzutan istorioa hasi baino lehen amaitzen da.
Eguraldi epela zegoen Zornotzan. Kotxea espaloiaren gainean utzi ondoren txosnetarantza abiatu ginen. Treneko heziak gaindituta aurretik zihoan bikoteak jaso zuen nire arreta. Berehala neskaren
fraka berdeak eta nikia ezagunak egin zitzaizkidan. Aurreratu ondoren neskak txistuka hasi zitzaidan, inkonszienteki ezagutzen nuen baina ez nituen nire izuak baieztatu gura. Azkenean atzera begira eta susmatu bezala bera zen, mutilarekin.
Touché! Krudel samarra iruditu zitzaidan halabeharrak berri hura emateko modua. Bera beti bezain jator nirekin hizketan hasi zen. Nahiz eta gure besoek une batzuetan alkar ferekatu, gure artean zegoen distantzia argi urtetakoa zen. Nire ahotsaren tonuak ere Siberiako estepetara garraiatzen zuen elkarrizketa.
Patuak partida hura irabazita zuen eta xake matea ikusita erregearen pieza bota nuen. Izan ere kirolari ona naizenen aldetik galtzen dakit. Gezur handia bota dut, ezin naiz kirolari ona izan porrot egiteari ohituta egoten naizen bitartean. Gau hartan, arratsaldean Pedreñan gertatu bezala, bermiotarrak altxatuko zituen arraunak gora.
Azkenean atzean utzi eta txosnetara heldu, baina ustegabe hura denboran luzatzeko kapritxoa zuen. Txosna batean eta hurrengoan, eta hurrengo bietan ere, bikote hark leku guztietara jarraitu behar zidala ematen zuen. Behin eta berriro gogorazten ninduten zein tristea izan litekeen ameslari baten bizitza. Izan ere batzutan amets egitea ez da dohan izaten, ametsaren prezioa ordaindu behar da. Mamuez betetako bizitza da nirea eta beste ohiko mamuak bakarrik gonbidatu ziren.
Azal zuriko neska bigarren txosnan topatu nuen, konturatu orduko nire ondoan zegoen, berak ikusi ote ninduan? Espero ezetz.
Galdakako Kubelik andereñoa ere pasadaz ikusi nuen bere lagunekin batera.
Ilehori txatxamurkazalearekin ere egon nintzen, hurbil, hurbilegi beharbada. Mutila zeukala argi nengoen herriko jaietatik baina hori ez zen oztopoa izan erretako arbendol koloreko begi horiek euren barrenera begiratzera gonbidatzeko. Niki txuriurdin hura (marinelen antzekoa) ez zen nahikoa izan itsasaldi hartan erroldatzeko.
Tagoreri jaramon egin beharko:
Negar egiten baduzu eguzkia sartu delako, malkoek ez dizute izarrak ikusten utziko