Amaitu dira herriko jaiak. Oro har positibotzat jo ditzaket urteko lehenengo jaiak: aurpegi berriak, aspalditxoan ez ikusitako jendea, kalimotxo dexente (margarita piloa ere bai) eta luzeegiak egin zaizkidan sentsazioa. Esan liteke goitik behera joan naizela asteburu bietan, indartsu hasi eta ahul bukatu zentzu guztietan.
Badaude pasadizo bi kontatu beharrekoak. Lehenengoa benetan txundigarria, inoiz ez zitzaidan horrelakorik gertatu eta hobe gertatzen ez bazait. Lagun hiru geunden solasean zerbait hartzen eta bapatean neska bizi bat agertu zen. Lagun bati lepotik heldu zion eta beste guztiok harrituta nor izango zen pentsatzen, gure lagunak ezagutuko zuelakoan. Horrela esan zigun erderaz: "Hola... (irribarrea) mi amigo busca un amigo". Izoztuta bezala geratu ginen. Hori bakarrik falta zitzaigun.
Hurrengo pasadizoak ere badu bere grazia. Antzeko egoeran geundelarik neska (erdi) mozkortu bat hurrandu zitzaigun eta hizketan hasi. Ez zen ixiltzen, lagunak txosnara bidali eta gurekin geratzeko asmoa erakutsi zuen. Hasi zitzaigun kontatzen aste bat edo bi barru ezkontzen zela Pagasarrin bizi den mutil batekin. Mutilak 27 urte zituela eta berak 23 baina bere bizitzako mutila zela. Portugaleten ezkontzen zirela (neska bertakoa zen) eta Leioara bizitzera joango zirela. Denetarik gertatzen zaigu guri.

Betiko moduan amaierarako
postrea gorde dut. Aran denboraldia uztailean hasi eta iraileko bukaeran amaitzen omen da eta argi geratu da etxeko fruta-ontzitik kanpo ere. Ostiralean ikusi nuen edo
berak ikusi ninduen lehenago, hurbildu nintzaion eta bi musu eman, nigan ohikoa ez dena.
Berbetan hasi ginen eta dena ondo zihoan nire manietako bat agertu zen arte. Banpiroek kordelak askatzen badute (
X-Txostenak-en ikasi nuen), nik kremailerak jaisten ditut. Berak niki edo jertse kremaileraduna zeraman sorbaldak agerian uzten zituena, aurreko ostiralean ere ikusi nizkion fraka berde polit estuekin batera. Nik kremailera piskat jaitsi nion eta orduan berak guztiz bajatu zuen eskote zabal samarra erakutsiaz. Ostrukak bezala burua lur azpian sartu nahi nuen, ezin nuen hitzik bota, zeharo lotsatuta nengoen, ez nekien nola irten egoera hartatik. Nola hala gauzak bere onera itzuli ziren eta azkenean esan nion koka-kola batera gonbidatuko nuela geroago ikusten baginen. Betiko moduan patuaren eskutan utzi nuen nire zoriona, beharbada modu koldarrean. Zer erantzun zidan berak? Hordagoa bota ondoren eta lehengo bihurrikeria kontutan hartuta, urduri nengoen joateko gogoaz eta ez nion ondo aditu, ez nago ziur erantzunaz. Esan beharrik ez dago, baina ez nuen berriro ikusi.
Betidanik
Bou Bizkaiaren zalea izan naiz eta aurten zaletasun hori haziko delakoan nago. Nik eurek bezala hurrengo estropada datorren astean daukat: Zornotzako ikurrina.