Artxiboak: Uztaila 2007

2007-07-21

Permalink 18:15:47, Atalak: Neu  

Ohiko susmagarriak

Bost gaizkile joan ginen atzo Zornotzara, parrandakide berriak bilatu behar izan nituen. Bata hamazazpi urte ezkonduta daramatzana eta urte horietako alaba duena (atera kontuak). Beste batek orain dela urte bat utzi zuen neskarekin eta gosea argi samar nabaritzen zaio. Hurrengoak neskalaguna Kadizen dauka klasekoekin bidaiatxo batean, zenbat alditan ibili zen mobilarekin gora eta behera? Azkenaurrekoa kuadrilako bat izan zen, parrankide ziurra, hutsik egiten ez didana. Azkenengoa ni neu, agian xelebrena, apika erromantikoena, beharbada lotsagabeena.

Kalimotxitoz kalimotxito txosnaldeari itzuli osoa eman genion eta barrua berotzen joan zen. Prozesio horretan ohiko gonbidatu batzuk aurkitu nituen eta hain ohikoak ez diren beste batzuk. Adibidez Santutxuko printzesatxoa, Galdakako Kubelik andereñoaren klasekidea dena hain zuzen ere. Azken honekin ere aspalditik ez nuen hain denbora luzean hitzik egiten, denetarik komentatzeko parada egon zen. Bapatean zera esan nion nire irririk onenarekin lagunduta: Ulea ebagi bizu, bestela ez jatzuz begi polit hoiek ondo ikusten Wink. Honen kuadrilaren kasuak ere lerro batzuk merezi ditu.

Izatez nahiko lotsagabeak dira denak eta ikusten nautenean beldurra pasatzen dut. Argazkiak atera ohi ditugu eta eskuak "hegan" egiten dute. Atzo kuadrila honetako peligrosa bati otu zitzaion nire izterra ez zela lekurik aproposena pegatina bat eramateko eta handik kendu eta bragetan ipini zidan. Ikustekoa izan zen jarrri nuen aurpegia, ez nekien non sartu. Baina oraingoan argi nuen gauzak ez zirela horrela geldituko, bakarrik alkohol pixkat behar nuen. Geroxeago ikusi nituenean, neska horrengana hurbildu eta pegatina ezkerreko bularrean erantsi nion. Hori gutxi zenez niretzako eta ikusita lekua aproposa zela, eskua luzatuz pegatina ondo sakatu nuen guztiz erantsita gera zedin. Neska guztiz harrituta gelditu zen, oraingoan bere botikatik probatu behar izan zuen.

Ez nuke aipatu gabe utzi nahi esez hasten den eta i latinaz bukatzen den izena daukan zornotzarra. Azkenean ez dut inoiz sarrera bat idatzi liluratu ninduan neska honi buruz baina merezi du halafede. Atzo ikusi ez ezik, berarekin hitz egin nuen apur batean, baina lagunak galduko zituelakoan hortxe gelditu zen guztia. Bere begiei so egitean hipnotizatuta gelditzen naiz, hain dira handiak, hain dira sakonak, hain dira ederrak. Ematen du aho delikatu handik irteten den hitz bakoitza aireak kontu handiz garraiatzen duen lore batetik askatu berriko petaloa dela. Ematen du edozein momentutan gozoagatik desegin litekeela nire besoetan, ametsetan behintzat...

Etxerako itzuliak ere, nola ez, xelebrea izan behar zuen. Hasieran autobusez joan behar genuen Bilbora baina txosnetatik hurbilen dagoen geralekutik ez zela pasatzen ohartuta, trenaren geralekuraino ibili ginen. Hantxe esan ziguten Bilborako trena ez zela handik pasatzen eta geltokira joan behar izan genuen. Geltokira heltzeko ere komeriak, sekulako buelta eman eta metxeroa eskatu zigun bati esker (non zegoen argitu zigun) ailegatu ginen. Gero ika-mika trenean: lagunak Atxuritik Deusturaino tranbia hartu behar genuela zioen, nik berriz nahiago nuen Boluetan jaitsi eta metroz Moyuaraino hurbildu. Azkenean ez bata eta ez bestea, Atxurin jaitsi eta oinez Moyuaraino. Asko gustatzen zait ordu horietako Bilbo, hutsik dagoen Bilbo zaharra.

8:12tan sartu naiz ohean, gauean berriro ere Zornotzara.
----------

2007-07-15

Permalink 22:02:51, Atalak: Neu  

Alproja baten miseriak edo benetan gertatu zena Zornotzan

Blogean idaztean polita deritzot istorio baten hasiera eta amaiera kontatzea, irakurleak osotasunean uler dezala istorioa. Baina batzutan hori ez da posiblea, amaiera idatzi gabe dagoelako edo ez dagoelako hasiera zehatz bat. Beste batzutan istorioa hasi baino lehen amaitzen da.

Eguraldi epela zegoen Zornotzan. Kotxea espaloiaren gainean utzi ondoren txosnetarantza abiatu ginen. Treneko heziak gaindituta aurretik zihoan bikoteak jaso zuen nire arreta. Berehala neskaren fraka berdeak eta nikia ezagunak egin zitzaizkidan. Aurreratu ondoren neskak txistuka hasi zitzaidan, inkonszienteki ezagutzen nuen baina ez nituen nire izuak baieztatu gura. Azkenean atzera begira eta susmatu bezala bera zen, mutilarekin. Touché! Krudel samarra iruditu zitzaidan halabeharrak berri hura emateko modua. Bera beti bezain jator nirekin hizketan hasi zen. Nahiz eta gure besoek une batzuetan alkar ferekatu, gure artean zegoen distantzia argi urtetakoa zen. Nire ahotsaren tonuak ere Siberiako estepetara garraiatzen zuen elkarrizketa.

Patuak partida hura irabazita zuen eta xake matea ikusita erregearen pieza bota nuen. Izan ere kirolari ona naizenen aldetik galtzen dakit. Gezur handia bota dut, ezin naiz kirolari ona izan porrot egiteari ohituta egoten naizen bitartean. Gau hartan, arratsaldean Pedreñan gertatu bezala, bermiotarrak altxatuko zituen arraunak gora.

Azkenean atzean utzi eta txosnetara heldu, baina ustegabe hura denboran luzatzeko kapritxoa zuen. Txosna batean eta hurrengoan, eta hurrengo bietan ere, bikote hark leku guztietara jarraitu behar zidala ematen zuen. Behin eta berriro gogorazten ninduten zein tristea izan litekeen ameslari baten bizitza. Izan ere  batzutan amets egitea ez da dohan izaten, ametsaren prezioa ordaindu behar da. Mamuez betetako bizitza da nirea eta beste ohiko mamuak bakarrik gonbidatu ziren. Azal zuriko neska bigarren txosnan topatu nuen, konturatu orduko nire ondoan zegoen, berak ikusi ote ninduan? Espero ezetz. Galdakako Kubelik andereñoa ere pasadaz ikusi nuen bere lagunekin batera. Ilehori txatxamurkazalearekin ere egon nintzen, hurbil, hurbilegi beharbada. Mutila zeukala argi nengoen herriko jaietatik baina hori ez zen oztopoa izan erretako arbendol koloreko begi horiek euren barrenera begiratzera gonbidatzeko. Niki txuriurdin hura (marinelen antzekoa) ez zen nahikoa izan itsasaldi hartan erroldatzeko.

Tagoreri jaramon egin beharko:
Negar egiten baduzu eguzkia sartu delako, malkoek ez dizute izarrak ikusten utziko
----------
Permalink 21:38:14, Atalak: Bestelakoak  

Ίκαρος

Ikarok esperantza eta ilusioz erantsi zituen lumak, ez zuen konfidantza gehiegirik ipintzen hegal gris haietan baina eguzkira heltzeko gogoak oztopo guztiak txikitzen zituen. Oztopo handiena eroriko ziurra zen, jakin bazekielako eguzkira hurbilzean lekeda ahul hura urtuko zela. Berak ez zion beldurrik erorikoari, beldur bakarra ez saiatzeri zion. Bakarrik dena zekien orakuluak ekidin ahal zuen hura baina ez zuen ezer egin.

Hegalak jantzi eta jausi txiki batekin aireratu zen. Hegalak astindu zituen gogotsu arnasa boteaz begirada zeruan finkatuta zuela. Gero eta handiagoa zen eguzkia, distiratsua, beroa, argi gardena zerion, ematen zuen laster behatz-puntekin ukituko zuela. Nolabaiteko lasaitasuna sentitzen zuen bidean izanda, nahiz eta urduritasunaz beteta egon eroso aurkitzen zuen bere burua bide ikustezin horretan.

Azkenean jazo beharrekoa jazo zen: erorikoa. Lurraren kontrako kolpea gogorra izan zen oso, begietatik odola ateratzen hasi zitzaion eta zaurietatik malko errekak. Lurrean zikin, minez, saminez, eguzki liluragarria begiratzen segitzen zuen. Orduan bularraren gainean ipini zuen eskua eta bere bihotz taupadek irritxo bat margotu zuten bere aurpegian. Berak bazekien taupadak eta irriak mantendu artean saiatzen segituko zuela behin eta berriro.

Acta est fabula (amaitu da ipuina)
----------

2007-07-11

Permalink 00:59:26, Atalak: Neu  

Agur Kepa Deuna

Amaitu dira herriko jaiak. Oro har positibotzat jo ditzaket urteko lehenengo jaiak: aurpegi berriak, aspalditxoan ez ikusitako jendea, kalimotxo dexente (margarita piloa ere bai) eta luzeegiak egin zaizkidan sentsazioa. Esan liteke goitik behera joan naizela asteburu bietan, indartsu hasi eta ahul bukatu zentzu guztietan.

Badaude pasadizo bi kontatu beharrekoak. Lehenengoa benetan txundigarria, inoiz ez zitzaidan horrelakorik gertatu eta hobe gertatzen ez bazait. Lagun hiru geunden solasean zerbait hartzen eta bapatean neska bizi bat agertu zen. Lagun bati lepotik heldu zion eta beste guztiok harrituta nor izango zen pentsatzen, gure lagunak ezagutuko zuelakoan. Horrela esan zigun erderaz: "Hola... (irribarrea) mi amigo busca un amigo". Izoztuta bezala geratu ginen. Hori bakarrik falta zitzaigun.

Hurrengo pasadizoak ere badu bere grazia. Antzeko egoeran geundelarik neska (erdi) mozkortu bat hurrandu zitzaigun eta hizketan hasi. Ez zen ixiltzen, lagunak txosnara bidali eta gurekin geratzeko asmoa erakutsi zuen. Hasi zitzaigun kontatzen aste bat edo bi barru ezkontzen zela Pagasarrin bizi den mutil batekin. Mutilak 27 urte zituela eta berak 23 baina bere bizitzako mutila zela. Portugaleten ezkontzen zirela (neska bertakoa zen) eta Leioara bizitzera joango zirela.  Denetarik gertatzen zaigu guri.

Aranak

Betiko moduan amaierarako postrea gorde dut. Aran denboraldia uztailean hasi eta iraileko bukaeran amaitzen omen da eta argi geratu da etxeko fruta-ontzitik kanpo ere. Ostiralean ikusi nuen edo berak ikusi ninduen lehenago, hurbildu nintzaion eta bi musu eman, nigan ohikoa ez dena. Berbetan hasi ginen eta dena ondo zihoan nire manietako bat agertu zen arte. Banpiroek kordelak askatzen badute (X-Txostenak-en ikasi nuen), nik kremailerak jaisten ditut. Berak niki edo jertse kremaileraduna zeraman sorbaldak agerian uzten zituena, aurreko ostiralean ere ikusi nizkion fraka berde polit estuekin batera. Nik kremailera piskat jaitsi nion eta orduan berak guztiz bajatu zuen eskote zabal samarra erakutsiaz. Ostrukak bezala burua lur azpian sartu nahi nuen, ezin nuen hitzik bota, zeharo lotsatuta nengoen, ez nekien nola irten egoera hartatik. Nola hala gauzak bere onera itzuli ziren eta azkenean esan nion koka-kola batera gonbidatuko nuela geroago ikusten baginen. Betiko moduan patuaren eskutan utzi nuen nire zoriona, beharbada modu koldarrean. Zer erantzun zidan berak? Hordagoa bota ondoren eta lehengo bihurrikeria kontutan hartuta, urduri nengoen joateko gogoaz eta ez nion ondo aditu, ez nago ziur erantzunaz. Esan beharrik ez dago, baina ez nuen berriro ikusi.

Betidanik Bou Bizkaiaren zalea izan naiz eta aurten zaletasun hori haziko delakoan nago. Nik eurek bezala hurrengo estropada datorren astean daukat: Zornotzako ikurrina.
----------

2007-07-05

Permalink 00:30:12, Atalak: Bestelakoak  

Galtzerdiak

Orain dela egun batzuk kontsumismoaren olimpiadak (beherapenak alegia) hasi ziren eta atzo itxurakeriaren tenplurik garrantzitsuenetako bateraino hurbildu nintzen. Asmo xumea neraman: gustuko galtzerdi pare bat erostea. Galtzerdi eta oinetakoekin lotura berezia dut, beti begiratzen diet jendearen oinetakoei (antza denez ez naiz bakarra) eta aukera baldin badago galtzerdiei ere.

Galtzerdiak greko zaharren garaietatik datoz eta hainbat aldaketa jasan ondoren guregana heldu dira. Mota askotakoak aurki daitezke: udakoak (horkatilatik gora ez doazenak), mediak, leotardoak, artilezkoak eta abar. Nik "normalak" erabili izan ditut beti baina leku desberdinetan aurkitutakoak: izebak Portugalen bidai horietako batetik ekarritakoak, Corte Ingles-en beherapenetan hartutakoak, amak herriko plazan ostiralero egiten den merkatuan erositakoak (la tanga a un euro señora!), arrebari ibilaldi neurtu batean tokatutakoak edota kiroletako denda handi batean ondo ordaindutakoak. Ba guztien horien artean gutxi eramaten ditut gustora, akaso azkenak.

Bi dira galtzerdietan bilatzen ditudan ezaugarriak: lodiera egokia eta jostura laua. Lodiera oso garrantzitsua da niretzako, normalean aztertzen ditudan galtzerdiak mehegiak dira. Nik ez dut oinetatik izerdi gehiegirik botatzen baina ez zait gustatzen oinetan hezetasun ezatsegin hori sentitzea. Horregatik besteak beste ez naiz sekula galtzerdirik gabe joaten eta sandaliak edo txankletak bakanka janzten ditut. Josturak ere betidanik gogaitu nau, ezin dut jasan eta behin baino gehiagotan gogoa sartu zait galtzerdiak iruntzitara janzteko. Horrela egiten zuen hainbeste miresten dudan Sean Conneryk Forrester deskubritzen filme guztiz gomendagarri horretan. Zorionez arrebak jostura lauaz hitz egin zidan eta lehenengoak probatu ondoren ez dut bestelakorik nahi izan, tamalez ez dira horren erraz aurkitzen.

Zuk nolakoak erabiltzen dituzu?
----------

Tisu!

Bakardadea horren gauza polita da, nori kontatu daukazunean.


Instalatu Firefox euskeraz!

Site Meter

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Borja

etxekalte

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution