Are you lonesome tonight? Do you miss me tonight? Ez dut uste berak
Erregeak horren maisuki abesten zuen
abesti hau ezagutuko duenik baina agian bakarrik sentitzen zen edo faltan botatzen ninduen. Baina faltan bota ahal da inoiz eduki ez duzuna?
Ostiralak ohiko pertsonaiak ekarri zituen, hona hemen laburbilduta:
Santutxuko printzesatxoa,
Galdakako Kubelik andereñoa (ilea kolore politaz tintatu du)
bere koadrila zoroa lagunduta eta
i latinaz bukatzen den izena daukan zornotzarra (pirsina ipini du sudurrean eta ederto geratzen zaio).
Larunbateko gauean aurrera egingo dugu txosnetatik lagun batengana bakarrik nindoan unera arte. Orduan topo egin nuen
ilehori txatxamurkazalearekin, edo hobeto bataiatuta
Butroiko Ingrid Bergmanekin: ile horia, eztizko begiak eta azal ezin samurragoa (zinez diot). Gurea aspaldiko kontua da:
Gatika,
Zornotza,
Gernika... Jolastea arriskutsua da batzutan, horregatik Gernikan jolasak eten behar zuela erabaki nuen berak mutila du eta. Baina oraingoan Gernikan estreinatutako jolasa berreskuratu zuen: bi musu eman eta bi musu jaso. Baten bati jolas inozoa irudituko bide zaio, baina ematen zizkidan musuak ez ziren masailean ematen diren soso horietakoak ez jauna! Haiek musu samurrak ziren, musu gozoak, astiro emandakoak, kontu handiz burututakoak. Ez dut esan baina jolas hura ez zen inoiz amaitzen, nahiz eta nik aurre egin eta ez nion ematen uzten (ezta nik eman ere). Argazkiak ere egon ziren tarteka eta urtzen ninduten begiradak, zelan ez. Esaldi hauxe esaten hasi nintzaion: "Mantendu distantziak mesedez".
Honelako batean txosnara joan nintzen hiru kalimotxoren bila eta bera atzetik etorri zen. Eskatzen nengoelarik nire ipurdia ukitzeari ekin zion, hura ikutzea baino gehiago
arakatzea edo
aztertzea zen. Orduan bigarren esaldi bat bota nion: "Córtate un poco". Musuen jolasa ez zen gelditzen, bost minututan behin ihes egin behar izaten nuen. Batzutan musuak jaso eta eman egiten nituen horrela jolasa amaituko zelakoan baina ez. Bere lagun bati hirugarren esaldia eskeini nion: "Ez naizela harrizkoa". Eta zer esaten zidan berak? "Zuk egizu ahal duzuna".
Bapatean ilehoria desagertu zen eta bere poltsoaren jabe egin nintzen. Etorri zenean beste gonbidatu berezi bat ekarri zuen: bere mutila. Poltsoa berreskuratu ondoren bi musu ematen saiatu zen, saiatu diot zeren eta keinu txar batekin aldendu nuen. Antza denez ez zuen oso ondo hartu eta mutilarengana joan zen, besarkatu eta musukatu zuen. Hura ote zen nire zigorra? Neu jeloskor jartzeko asmoa ote zuen?
Mutila desagertu zenean ez dakit zer gertatu zitzaion baina behera etorri zen apur bat. Une batean erdi negarretan ikusi nuenean,
kleenexa atera, zabaldu eta berari eman nion. Diruzorroa ere erori zitzaion eta barruko gauzak irten, dena jasotzen lagundu nuen karnetari begirada azkarra boteaz. Geroxeago ere bere mugikorra desblokeatu egin behar izan nuen bera ez zen gai eta. Laster beste esaldi bat atera zitzaidan: "Baloratu ondo daukazuna, ez egin tontakeriarik, ez sartu arazoetan". Azken esaldi hau eta besteak noizean behin esaten nizkion gauzak argi utziaz, batez ere nire burua mugatik gertu ikusten nuenean.
Beste txosna batera joan ginen eta bera ezin zenez oso zuzen ibili gerritik heldu nion atzetik eta bideratu nuen. Euforiko zegoenean ez zuen zer eginik nirekin, eraso guztiak baztertu nituen baina triste samar jarri zenean ahulduta sentitu nintzen, guztiz bigunduta. Bapatean zera esan zidan: "Hotz naiz". Errepikatu zuenean ezin izan nion nire barruari gehiago eutsi eta beso batekin gerritik heldu nion nigana erakarriaz. Laster erdi besarkatuta geunden, ondoren biotako batek masailean emandako musuari beste batekin erantzun zion.
Orain edo inoiz ez pentsatuko zuen berak eta elkarri begira jarri ginenean gure ezpainek bat egin zuten bitan edo hirutan, nik apenas ahoa ipini nuen. "Gauzak ezberdinak balira" xuxulartu nion berriro besarkatzen nuen bitartean.
Orduan Humphrey Bogarten filme batean bageunde bezala, dena txuribeltzean ikusten hasi nintzen eta egin behar nuena egin nuen. Fieltrozko kapela eta gerrikoa duen gabardina jantzita ikusten nuen nire burua eta behe-lainoak dena estaltzen zuen. Pasioari bidea irekitzen zidaten izar haiei so eginez esan nion: "Mesedez ez iezadazu hau zailago ipini. Banoa". Azken besarkada indartsuagoa izan zen eta berriro elkarri begira geunden. Azken musua luzatu zidanean neurea egin nuen eta argi utzi nion azkena izango zela musu hura
berezia eginez. Atzera begiratu gabe alde egin nuen.
Zergatik egin nituen gauzak horrela? Zergatik ez nuen aukera paregabe hura probestu? Banekien mutila zuela eta ez naiz erdian sartzen den horietakoa, ezta besteen fideltasuna hondatzea axola ez zaien horietakoa. Egitan beragatik egin nuen, neska hori estimatzen dut eta banekien gure artean zerbait gertatuz gero asko sufritu beharko zukeela. Ez nuen nahi berak sufritzea, berarentzako onena zena egiten saiatu nintzen. Beharbada oraindik ere
beti izango dugu Paris.
You must remember this, a kiss is just a kiss, a sight is just a sight. The fundamental things apply as time goes by.