Bihotza hasiera batean geratu, gero ahora igo, eta beldurrak sortarazten duen zapore deskribagaitz hori dastatzeko aukera izan dut segundu batez.
Begiko lainoak kendu eta bigarren aldiz begiratu ondoren, nire pisukide txikia ahoa zabalik eta niri begira-begira dagoela konturatzen naiz; lasaitasunez hasieran, harriduraz gero.
Lotan ote zegoen galdetu diot nire buruari eta kolpetxoak eman dizkiot ontziari. Ez ba, begiak eta gorputza mugitu egiten ditu. Eta orduantxe konturatu naiz zer gertatzen zaion. Jajaja! Ia malkoak ateratzen zaizkit egoeraz jabetzen naizenean. Sugaarrek gustoko du harrien artean sartu eta esplorazio lanak egitea eta halako batean sartu bai baina ezin irtenda geratu da, hortxe, buruz gora! Batek daki zenbat denbora egon den horrela!
Bere askatasun mugatua oztopatzen dion harria gainetik kendu diodanean Ian Thorpe baino azkarrago atera da bere hegats txikiak Kolibri batek baino arinago astinduz. Bere begiradarekin eskerrak ematen zizkidala iruditu zait (baina hau oso dudazkoa da nire guraso sena pizten baitu izaki honek).
Hori bai, nahiz eta mugako egoera izan, Sugaarrek inolako momentutan ez ditu paperak galdu; altzairuzko nerbioak dituela frogatu du. Eta hori gutxi balitz, gero une gogor horiek existituko ez balira bezala jokatzen du! Dudarik gabe, eta koloretik hasita, buda txiki bat dut etxean.
Ez daude Erantzunak mezu honetan...