







Iera Arantzamendi.
EHEko kideaIgandean ospatuko du EHE Euskal Herrian Euskarazek VI. Hizkuntz Eskubideen Eguna, Ondarroan. Arantzamendik euskaldunei dei egin die euskararen alde egitera, «Euskal Herri euskaldunera heltzeko».
«Euskaraz bizitzeko hautua indartu behar dugu, oztopo eta urraketak jasan arren»
Garikoitz Goikoetxea. Berria
Herrian izango du aurten Hizkuntz Eskubideen Eguna Iera Arantzamendik (Ondarroa, Bizkaia, 1983). Seigarrena izango da, eta «euskaraz bizitzeko hautua» egiteko eskatuko du EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak.
Hizkuntz Eskubideen Eguna ospatuko duzue igandean. Zein da egun horren helburua?
Seigarrenez ospatuko dugu aurten, Ondarroan, toki euskaldun batean. Helburu nagusiak izango dira euskaraz bizi diren lekuen garrantzia mahai gainean jartzea, euskaraz bizitzeko eskubideaz jabetzea, eta hautu hori indartzeko konpromisoak hartzea.
Euskaldunek badakite hiztun gisa zein eskubide dituzten?
Oraindik asko dago egiteko. Ez gara guztiz eskubide horien jabe. Horregatik antolatzen dugu egun hori, denok izateko konsziente Euskal Herriko berezko hizkuntza euskara dela, eta egunerokoan ez daukagula eskubiderik euskaraz normal bizitzeko. Hizkuntz eskubideak urratzen diren unean, salatu egin behar ditugu.
Hizkuntz Eskubideen Egunaren inguruan Nazio Bilkura egin izan duzue aurreko urteetan. Aurten, ordea, herrietan ari zarete egiten batzarrak. Zergatik aldatu duzue dinamika?
Nahi genuen tokian tokiko errealitatearen arabera euskalduntzeaz aritu eragileekin. Euskarak lekuan-lekuan duen egoeraren inguruan hitz egiteko eta hausnarketa egiteko.
Nolakoak izaten dira bilkurak?
EHEk Euskal Herria euskalduntzeko norabideak nondik joan behar duen azaltzen du. Gonbidatuak ere izaten ditugu. Herenegun, esaterako, Ondarroan egin genuen bilkura, eta gurekin izan ziren euskararen normalizazioan ari diren bi eragile: Uema eta Lea ArtiBai Euskarari. Azaldu zuten zer behar egin duten Lea Artibain euskararen normalkuntza prozesuan, eta zein apustu dituzten.
Euskaraz biziz, Euskal Herri euskalduna eraiki, aukeratu duzue lelo gisa. Badirudi euskarak duen erronkarik handiena erabilera dela, euskaraz bizitzea.
Euskaraz bizitzeko hautua azpimarratu nahi dugu. Hautu hori indartu behar dugu, oztopoak eta urraketak jasaten ditugun arren. Azken finean, Euskal Herri euskaldunera heltzeko, horrelako jarrera hartu behar dugu euskaldunok.
Kaleratu berri dituzte IV. Inkesta Soziologikoaren emaitzak. Gora egin du euskaraz dakitenen kopuruak.
Datu horiek positibo moduan ematen dituzte, baina oraindik gauzak asko aldatu behar dira. Beti ditugu trabak: ikasteko, euskalduntzeko, erabiltzeko... Oztopo horietako asko Administraziotik bertatik etortzen dira.
Erabilera ez da, ordea, asko hazi. Zertan egin da huts?
Euskaraz bizi ahal izateko guneak sortu behar dira, eta oraindik ez da apustu garbirik egin horretarako: kalean euskaraz egiteko, haurren aisialdian, lantegietan... Horietan guztietan garatu egin behar da euskararen erabilera.
Agintarien ardura da soilik?
Denon ardura da. Agintariei dagokie hizkuntz politika egokiak eta proiektuak martxan jartzea. Euskaldunoi dagokigu euskaraz bizitzeko hautua egin eta eguneko 24 orduetan euskaraz jardutea.
Datorren astean Patxi Lopez (PSE-EE) izendatuko dute lehendakari, PPren botoekin. Zer espero duzue?
Akordioaren oinarrietako bat hizkuntza izan da. Esan dute ez dela atzera pausorik izango orain arte euskararen inguruan egin den beharrean. Orain arte elebitasun egoerari eusten egin dute indarra. Orain, hor edukiko dute, edo okerrera joan daiteke. Hizkuntz askatasuna eta gisa horretako terminoak erabili dituzte. Horren atzean, eurek defendatzen dute euskaraz ez jakiteko eskubidea. Hizkuntz askatasuna izango du hizkuntza bat baino gehiago dakizkienak. Hizkuntza bakarra dakiena horretan bakarrik aritu ahal izango da.
Zein izango da EHEren jarrera?
Orain arteko bidean jarraituko dugu. Urraketak eta politika desegokiak salatzen eta kontzientziazioa bultzatzen. Herritarrak eskubide horien alde agertzera eta mobilizatzera animatzen.
Eranskinak:
Euskaraz bizi den herria irudikatuko du Euskal Herrian Euskaraz-ek igande honetan Ondarroan. Horrelako guneak izatearen garrantzia nabarmendu du Unai Larreategik eta hizkuntza eskubideen aldeko jaialdian parte hartzeko deia egin du
Unai Larreategi
Euskal Herrian Euskaraz-eko kidea
Euskaraz bizi den herria irudikatuko du Euskal Herrian Euskaraz-ek igande honetan Ondarroan. Horrelako guneak izatearen garrantzia nabarmendu du Unai Larreategik eta hizkuntza eskubideen aldeko jaialdian parte hartzeko deia egin du.
Manex ALTUNA | Gara
Azkenaldian puri-purian dabil euskararen gaia Euskal Herrian. PSEren eta PPren eskutik aldaketa izango da Lakuako Gobernuan, eta zalantza eta beldur ugari sortu dira Patxi Lopezek abian jar ditzakeen hizkuntz politiken gainean. Testuinguru horretan helduko da igande honetan, maiatzak 3, Ondarroan Euskal Herrian Euskaraz-ek antolatu duen VI. Hizkuntza Eskubideen Eguna.
Zein egoeratan daude hizkuntza eskubideak une honetan?
Orain dela aste batzuk Hizkuntza Eskubideen Behatokiak publiko egin zuen txostenean argi utzi zuen, azken zortzi urteetan errepikatu egiten direla hizkuntza eskubideen urraketak. Izan ere, eskubideen urraketak sistematikoak dira Euskal Herri osoan zehar eta ezin dugu normaltasun osoz euskaraz jardun.
«Euskaraz biziz, Euskal Herri euskalduna eraiki!» da aurtengo leloa, euskaraz bizi den herria delako aukeratu duzue Ondarroa hizkuntza eskubideen eguna ospatzeko?
Bai, Ondarroa bera zein Lea-Artibai eskualdeen moduko guneen beharrizana du euskarak eta, nolabait, euskaraz bizi diren guneen aldeko apologia egin nahi genuen. Azken urteetan administrazioetatik egin diren politikek ez dute horrelako guneak babesteko edo sortzeko ezer egin, eta batzuentzat euskara hutsez funtzionatzea desegokia den arren, guk mahai gainean ipini nahi genuen euskaraz bizi nahi dugula. Batez ere, erdal munduak ikus dezan euskaldunak badaudela eta horrela bizi nahi dugula.
Euskararen erabilera sustatzea da erronketako bat, ezta?
Gaur egun euskaraz bizitzea ez da erraza, asimilazio prozesu batean murgilduta gaude, eta ohituta gaude egunerokoan pertsona bati euskaraz zuzendutakoan «kristau eraz» hitz egiteko erantzutea edo beren eskubideak urratzen ari garela leporatzea. Miraria izan da euskara mantentzea aurre egin behar izan dion diglosia eta ezarpen egoera kontuan hartuta, eta ezin zaio euskaldunari ez erabiltzearen errua bota. Erabilera bultzatu behar da, baina ezagutza ere bai.
Hizkuntza politikak aipatu dituzu, nola ikusten duzu Legebiltzarreko hauteskundeen ondorengo egoera?
PPren eta PSEren arteko akordioa hizkuntza eta hezkuntzari begira jarri da, eta hizkuntza askatasunaz mintzo dira. Kontzeptu horren atzean euskaraz ez jakitearen apologia egiten da, eta horren atzean politika beldurgarriak egin daitezke. Nahi izanez gero, Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian bezala joka dezakete, baina ikusiko dugu.
Lakuako ordezkariak oso harro agertu dira azken 25 urteetan egindako ibilbideaz, zer iritzi duzue?
Euskara bigarren mailako hizkuntza da eta administrazioan oraindik euskaraz artatua izateko eskubidea urratu egiten da EAEn ere. Aurrerapausoak eman dira, baina ez da hitz egin nahi helburuez, ezta betetzeko jarritako epeez ere.
EUSKARAZ BIZIz, EUSKAL HERRI EUSKALDUNA ERAIKI! Azken bost urteetako bideari segida eman nahian, Euskal Herrian Euskaraz erakunde euskaltzaletik VI. Hizkuntza Eskubideen Eguna antolatu dugu heldu den maiatzaren 3rako. Aurtengoan Hizkuntza Eskubideen Eguna Ondarroan antolatzea erabaki dugu. Ondarroa eta eskualdea, Lea Artibai, gune euskaldunak dira, euskaraz bizi dira bertan, eta Hizkuntza Eskubideen Egunarekin hau indartu eta eraikitzen gabiltzan herriaren erakusleiho izatea nahi dugu. Bertako herritarren partehartzea bideratuko dugu egunera, Euskal Herri Euskalduna berreraikitzeko ere herritar guztion partehartzea zinez beharrezkoa delako. Egun badugu gune euskaldunak babesteko tresna, UEMA. Hizkuntza Eskubideen Egunean Ondarroan zein Lea Artibain (eta eremu euskaldunetan, oro har) gure hautua UEMA dela aldarrikatuko dugu. Eta eskualdean orain arte emandako urratsei jarraipena emateko EHEren prestutasuna adierazteaz gain,bertan orain arte euskaraz bizitzeko jardunakjasandako trabak ere salatuko ditugu. Gogorarazi beharra daukagu orain urte batzuk Espainiako Auzitegi Gorenak galarazi egin ziela Ondarroa eta Lekeitioko udalei UEMAko kide izatea. Ezin dugu inondik ere ahaztu hizkuntza eskubideen urraketa nabarmena dela Euskal Herri osoan. Bistakoa da egun lurralde zatiketaren eraginez eta indarrean den markoaren magalean dauden legedien bidez euskararen normalkun-tza lortzeko dagoen ezintasuna. Hizkuntza Eskubideen Eguna hori agerian lagatzeko eta egoera hau iraultzeko gure iritziz beharrezko den aldaketa indartzeko baliatu nahi dugu. Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza, baina egun bigarren mailako hizkuntza da bere lurralde osoan, gaztelera eta frantsesa dira hizkuntza nagusiak. Nagusitasun hau mendeetako asimilazio prozesu baten ondorioa da, eta egun indarrean dagoen markoaren ondorioz ezinezkoa da egoera iraultzea etaeuskaraz biziko den herria berreraikitzea. Euskal Herri osoan garatzen diren hizkuntza politiken porrota agerikoa da, eta orain arteko bideak euskara bigarren maila batean mantenduko duela ondo dakigu, guztien oinarrian bi erdaren nagusitasuna mantentzea dagoelako Beraz, Euskal Herri Euskalduna berreraikitzeko aldaketa gaztelera eta frentsesaren nagusitasuna, euskararen menpekotasuna, gainditzean oinarritu beharko litzateke (euskararen lurralde osoan,noski). Hori lortu ahal izateko eta euskaraz biziko den herrirantz urratsak eman ahal izateko ezinbestekoa iruditzen zaigu kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabea gara-tzeko eskubidea geureganatzeko bidea indartzea. Hauek dira aurten Hizkuntza Eskubideen Egunak jaso nahi dituen ideia nagusiak. EHEk, Euskal Herriko eragile ezberdinei eta nola ez, euskal herritarrei deia luzatu nahi dizue maiatzaren 3an Ondarroan prestatu dugun egunera hurbil zaitezten, bertan, euskaraz bizitzeko konpromisoa erakutsi eta euskaraz biziko den herriaren bidera zuen urratsak ere gehitzeko.