Gutunak idaztea zaila izaten da gehienetan, are gehiago, bihotzeko kontuak letren bitartez kanporatu behar ditugunean. Zuk ekarritakoak, bihotz kontuak dira guretzat; bai, barruraino heldu baitzaigu zure ekarpena. Egunerokotasunean murgilduta geundela heldu zinen gure mundu txikira, paper eta agendako hitzorduen artean galduta geundela. Ezustekoa izan zen guretzat, digeritzea zaila egin arren, sabelean sentsazio ederra uzten duten ezusteko horietakoa.
Ohituta gaude komunikabideetan entzuten, urruneko herrialderen batean gertatutako hondamendi handien ondorioei aurre egiteko, erakundeek zein banakoek diru-laguntzak eman dituztela.
Zuk aldiz, horiei begiratzeaz gain, gure herriko euskararen mundu txiki-hurbilari kliska egin diozu. Eta bihotzez eskertu gura dizugu hori, bultzada ederra eta aurrera egiteko adorea ematen baitigu gure beharrean sinesten duen jendea badagoela ikusteak.
Batzuen ustez, Getxoko euskararen munduak ez dauka aurrera egiteko adina indarrik. Ez dugu baieztapen horretan sinesten eta zurea bezalako keinuek horri buelta ematen laguntzen digute. Bapiruke antolatzen, blogari euskaldunak biltzen, sagardotegira txangoak egiten, aldizkariak kaleratzen, berbalagunak euskaraz berba egitera animatzen, albisteak idazten, eskola kirola euskalduntzen... hori guztia egiten jarraituko dugu zu bezalako jendeari esker; gure egitasmoak zureak eta gure beharrean sinesten duten guztienak direlako, zuek egiten baitituzue posible; zuek ematen diezue zentzua.
Zuk eskatutakoa betetzeko gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu; herri honi berea den hizkuntza zaharra itzultzeko, bidea egiten jarraituko dugu. Eta ziur izan, bide luze horretan zu bezalako asko topatzen baditugu gure beharra askoz errazagoa izango da.
Apirilean adibidez, Sarea Josten ekimenari esker, herriko euskaldunak elkarlanean ikusiko ditugu; bazkaltzen, hitzaldiak entzuten, herri kiroletan lehiatzen eta beste hainbat kontutan parte hartzen, elkarregaz. Zeu ere gure artean egongo zara, Berbalagunen mingainetan, taldekideak animatzen dituzten lagunen oihuetan, txalapartarien ttakunetan...
Bitartean, beharrean jarraituko dugu getxoztarrei eurena den hizkuntza zaharra itzultzeko. Bertsolari ezagun batek esan zuen bezala: “herri hau sortzen segi dezagun euskaratik eta euskaraz”.
This is a Flickr badge showing public photos and videos from egizu. Make your own badge here.
GURE ELKARTEAREN HELBIDEA + TELEFONOA
Karitatea 1, sotoa 10. bulegoa Getxo
619 935 541 | egizugetxo@yahoo.com
ELKARTEAREN XEDEA
Gure elkartearen xedea Getxoko euskaldun komunitatea sendotzea eta hedatzea da, euskararen erabilera areagotzeko denok dugulako zer eman eta zer jaso!
Bizarra Lepoan Euskara Elkarteak eta Getxoko Euskaltegiok osatzen dugu EGIZU, eragileok elkartuta lana hobeto egin dezagun!
GURE EGITASMOAK
*BERBALAGUNA + Kultur Jarduerak
*Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoa
*Gazte Saltsa, kirola euskaraz egin dezagun.
Getxoko familientzako SENDI proiektua Udalarekin batera egiten dugu. KLISKA inforriaren bitartez gure proiektu guztien berri ematen dugu.
Egizu Getxo Euskaldun(r)en Profila Create Your Badge