Artxiboak: Urtarrila 2010

2010-01-29

Permalink 10:14:12, Atalak: uribe kostako irakurzaleen txokoa, 93 hitz  

Iragana presente dago eguneroko gauzetan...



Karmele Jaiogaz lotu ginen atzo "Musika airean" nobelaz berba egiteko. Hasieran, Karmelek berak kontatu zigun eleberriaren abiapuntua zein izan zen, Elenaren irudi hura, bakarrik etxean, leihotik begira. Handik aurrerako prozesua, ibilbidea, egin eta kendu, bizi dugun guztiak zer eragina duen gugan, geure izaeran...



Apurka-apurka geu ere animatu ginen; galderak, gustuko pasarteak, sentsazioak eta kritikak, hor egon ginen irakurleak, gustura Aldai Patronatuan.

Eskerrik asko, Karmeleri, eta etorri zineten guztioi! Hurrengo hiztordua otsailaren 25ean, ostegunean, Iñaki Frieraren "Zureak egin du" eleberria irakurri eta etorri konpartitzera.

Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoa

2010-01-28

Permalink 14:08:14, Atalak: berbalagunok, irteerak, kirola euskaraz, mendi irteerak, 69 hitz  

Mikelek Itziar maite du (eta ez da zurrumurrua)

Aurreko egunetan Itziar eta Debara egindakoa bidaiaren kronikak publikatu ditugu, Potxo Onandiaren etxera egindako bisita eta mendian galdu zirenekoa. Gaur, sorpresa ederra hartu dut ordenagailua piztean, bertan Mikelen argazkiak zeudelako!



Mikel Martinez de Osaba, mimadeo ezizenaren erabiltzailea, Getxoko Berbalagunaren argazkilari ofiziala da, argazki ederrak egin izan ditu gure mendi taldearen sorreratik, eta denon eskura ipintzen ditu flickreko gure albumean. Horretaz gain, bere albuma ondo elikatzen du, guk gomendatzen dizuegu.

2010-01-27

Musika airean, baita berbak ere


Karmele Jaiogaz lotuko gara bihar, eguenean, "Musika airean" bere azken eleberriaz berba egiteko.

Ordua: 20:00 - 21:30
Kokapena: Aldai Patronatua // Itxasgane etxea
Aldai Patronatua tagzanian
Kalea: Karitatea 1
Hiria/Herria: Algorta, Euskal Herria

Uribe Kostako irakurzaleen txokoak antolatuta

Kritiken hemerotekan topatu duguna:
Gema Lasarteren kritika
Javier Rojoren kritika
Leire Zubeldiaren kritika


Karmele Jaio "Musika airean"
Permalink 10:51:57, Atalak: berbalagunok, irteerak, mendi irteerak, 307 hitz  

Itziarren bideak eta sorpresak

Urtarrilaren 23ko irteeraren bigarren kronika, edo falta zen kronika duzue hau. Jonek eginda, eskerrik asko!



Goizeko hamarretan Itziarrera heldu ginen. Kafetxoa eta pintxo bat hartu ondoren, agurtu genituen margolariak eta gure abentura hasi genuen. Zerua gris zegoen eta euri pixka bat ari zuen, baina denok joan ginen lokatza ibilaldia deitu genionera.



Jaisten hasi bezain laster prakak eta botak marroiak bihurtu ziren. Osto ugari zeuden ibilbidean, denak bustita. Bapatean ohiu bat entzun genuen, basurde bat zela pentsatu genuen, baina norbait jausi zen. Errekara heltzea lortu genuen, zuhaitz enbor bat salto egin eta gero. Batzuek errekan hanka sartu genuen baina holan botak lokatzez pixka bat garbitzea lortu genuen.

Batzuek makilak zeramatzaten, beste batzuek aterkiak, beste batzuek ezer ez, bakoitzak bere erara iraun zuen bizirik. Bapatean Donostiako trena gure gainetik zegoen zubi txiki batetik pasatu zen. Ordu eta erdiz ibili ondoren kolunpio (edo kulunka) batzuk zeuzkan zelai batera heldu ginen. Batzuek txorizoa, beste batzuek mandarinak, guztiok hartu genituen indarrak gure ibilaldia jarraitzeko.



Baserri batean norabidea galdetu eta hasi ginen igotzen, eta igotzen, paisaia polita zen, baina igotzen, eta bapatean, mendi tartean gure itxasoa agertu zen. Denak harrituta geratu ginen, norbaitek kontesa tarta bat zirudiela esan zuen, laminan banatuta zeuden harri luze batzuengatik. Surfistak hor zeuden ere, euren gauzak egiten. Foto batzuk egin eta gure marka zurigorri lagungarriak jarraitu genituen, ala zuri-horiak ziren? Nork daki.

Ia galdu ginen baina azkenean gure bidea ikusi genuen. Donostiako treneko errailak salto egin genituen. Eta trena etortzen bada? Hobeto gauza horiek ez pentsatzea. Gero igotzeko bidea zegon. Ezin genuen gehiago, eta ambulantzia bat eskatzen badugu? Gutxi falta da. Bapatean gure kotxeak ikusi genituen urrunean. Salbatuta geunden! Pixka bat gehiago ibili eta amaitu genuen gure ibilaldia. Nekaturik baina pozik guztiok, gure familia ikusiko dugu berriro!! Margolariak haien kotxeetan barrezka etorri ziren, baina denok lagunak. Bueno, batu ondoren jatera goan ginen, benetan behar genuen.

Hurrengorarte!! Jon M.

2010-01-26

Permalink 20:24:40, Atalak: berbalagunok, irteerak, kultur jarduerak, 345 hitz  

Debara egindako bidaia baten kronika erdia

Algortan, 2010eko urtarrilaren 23an



Goizeko zortzi eta erdietan batzekoak ginen, baina bederatziak arte ez ziren heldu berantiarrenak eta ez genuen lortu txangoa ondo antolatzea bederatzi eta laurdenak arte.

Irten ginen eta zuzen zuzenean joan ginen autopistatik Itziarreraino; autopistatik irten eta gero, errepideko biribilgune ondoan dagoen tabernan, ordurako indar barik geundenok zer edo zer hartu genuen.

Berrindartuta, talde bitan banandu ginen, kirolarien taldea eta kulturazaleena.



Argitsuenen taldea Potxoren etxerantz abiatu zen, bi autotan, eta ikaragarri malkartsu eta bihurgunetsu den bide bat igaro eta gero heldu zen Potxoren etxera, itsasoaren gainean dagoen toki izugarri polit batera.



Argitsuen talde hau Agurtzane, Garazi, Lola, Marga, Rocio, Jonpeli, Joserra eta Juanmik osatu genuen.



Taldekook bertara heldu ginenerako Potxo gure zain zegoen etxearen aurrean eta, elkar agurtu eta gero, barrura sarrarazi gintuen.



Barruan geundela, lehenengo eta behin, beheko areto nagusian eskegita zituen margolanei buruzko azalpenak eman zizkigun, denetarik zeuden: handiak, txikiak, apunteak...

Margolan polit horiekin amaitu eta gero, hasi zitzaigun armairu antzeko egitura berezi baten barruan gordeta zuen margolan pilo bat erakusten. Margolan gehienok paisaiak ziren, toki askotakoak, bai Euskal Herrikoak, bai Espainiakoak, bai Frantziakoak, (Buenos Airesekoak bai, baina Argentinakoak ez).



Azkenerako utzi zituen Margolan garrantzitsuenak, euren artean ia tamaina naturaleko Joserraren erretratua; bazeuden beste erretratu batzuk ere, hala nola: Potxorena, berarena, Rafa Arraterena eta Elu Artetarena; hala eta guztiz ere, Joserrarena baina garrantzi txikiagokoak guztiak.



Honen ostean, Potxok ezuste galanta eman zigun, ez zigun atera bada, hamaiketako itzel bat, gazta, pernila, txorizo, ardo on eta, gidarientzako, uraz osatua. Hamaiketakoa egiten genuen bitartean ondo dantzarazi genien mingainei, batez ere, gidari lana bete behar ez zutenek.



Geroago hamaiketakoaz ondo baliatu ginen talde kulturalekook kirolarien taldekoei haien muturren aurretik pasarazteko.

Hala ere, guztiontzat prestatu ziguten bazkaria benetan ona izan zenez, kirolariei arin ahaztu zitzaien gure hamaiketakoaren kontutxoa.



Bazkaria bakarrik ez, bazkaria hartzeko tokia ere ondo aukeratuta egon zen, eta eskerrak eman behar dizkiegu antolatzaileei ondo egindako lanagatik; gero txangora joan ginenok ere, saiatu ginen, baita lortu ere, giro polita sortzen.



Honezkero, txango erdiari buruz falta zaigun informazio bakarra azken momentuan atera ziren argazki bietan agertuko dena da; baina hori aurkeztea beste batzuen ardura da.
Permalink 10:30:18, Atalak: berbalagunok, kultur jarduerak, agenda, 94 hitz  

Agate Deunarako entsaioak gaurtik hasita



Agate Deuna bezpera dugu otsailaren 4an, eta egun osoan zehar kantatzeko gonbitea egin digute ALBEko eta aek-ko lagunek. Lehen entsaioa gaur izango da, ALBE bertsolari eskolako kideak eta parte hartu gura dugun guztiok 20:30ean lotu gara Aldai Patronatuan (Karitatea 1, Algorta). Bigarren entsaioa otsailaren 3an izango da, ordu eta leku berean.



Otsailaren 4an, Agate Deunaren bezperan, Lauaxeta euskaltegian geratuko gara goizeko 9:00etan. Egun horretan Faduran, Martiartun, Azkorrin eta Algortan ibiliko gara kantuan. Bernaetxea jatetxean bazkalduko dugu, eta izena emateko Katxo Larrazabalekin zein Fredi Paiarekin berba egin behar da.

Algortako bertsolari eskolak eta Lauaxeta euskaltegiak antolatuta.

2010-01-22

Permalink 13:58:34, Atalak: egizu, berbalagunok, kultur jarduerak, lehiaketak, 242 hitz  

Mintzapraktika egitasmo eraginkorrak eta afari posibleak

Gure egitasmoen eraginkortasuna neurtzeko ikerketa egin genuen 2009ko azaroan eta abenduan. Lan handiena zuek, berbalagunok, egin zenuten, inkesta luze eta konplexua betez. Bada, gaur mezua jaso dugu AZTIKER Ikergunetik, eta mezua ZORIONTZEKO izan da. Eskerrik asko handi-handia bidali digute, baina berri txar bat emateko ere idatzi dute. Hementxe duzue euren mezua:

igorlea: Urko Ikardo <uikardo@aztiker.com>
hartzailea: EGIZU GETXO EUSKALDUN Elkartea <egizugetxo@yahoo.com>

MINTZAPRAKTIKA EGITASMOEN ERAGINKORTASUNA NEURTZEKO IKERKETA: ZOZKETA

Gogoan izango duzuenez, azaroan eta abenduan mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen dutenei inkesta egin genien. Guzti-guztioi zorionak eman nahi dizkizuegu ia 1.800 lagunek erantzun zutelako. Hori egundoko arrakasta da, eta aukera emango digu informazio kalitatezkoa lortzeko. Eskerrik asko denoi, dinamizatzaile, bidelagun zein bidelarioi.

Dakizuenez, inkesta bete zuten guztiek zozketa batean parte hartu zuten, eta horren emaitza jakinaraziko dizuegu jarraian. Saria taldearentzako eta dinamizatzailearentzako izango zela iragarri genuen orduan, eta aukeran izango zenutela afaria edo aste bukaera pasa aterpe edo landetxe batean.

Joan den urtarrilaren 13an, asteartearekin, eguerdiko 12:00etan bildu ginen Eusko Jaurlaritzan, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako teknikariak, AEK-ko ordezkariak, Topaguneko ordezkariak, eta Aztikerreko ikertzaileak. Zozketa egin genuen, eta saria Oioneko inkesta bati, eta ondorioz, bere taldeari egokitu zitzaion. Zorionak hortaz Oionen, ostegunetan, 20:30ean biltzen den taldeari eta bertako dinamizatzaileari.

Gainerakooi eskerrik asko berriz ere zuen laguntzatik eta laster arte
------------------
Urko Ikardo Enparan
[a] Aztiker Ikergunea
943 593006
uikardo@aztiker.com

 

Afaririk ez zaigu tokatu, beraz, otsailaren 20an bertan antolatuko dugu guk geurea. Inauteriak ospatzeko mozorro lehiaketa + afaria egingo dugu. Zein jantzi eramango duzu?

2010-01-20

Permalink 18:17:52, Atalak: berbalagunok, kultur jarduerak, mendi irteerak, agenda, 117 hitz  

Potxo Onandia ezagutzera goaz

Pedro Maria Onandia Longarte Getxon jaio zen, 1949an. Arte Ederretako ikasketak egin zituen, marrazkiak, grabatuak, oleoak, erretratuak, paisaiak...





Mario Angel Marrodanek egindako liburutik atera ditugu irudi hauek zuekin konpartitzeko, eta egileak berak honela definitzen du Potxoren jarduna eta izaera: "Nabarmena da Potxok margoztuz zerbait esan beharra duela. Berarentzat oso garrantzitsua da naturaz gozatzea eta sentimenak adieraztea... Ikertzeko gogo biziak, gehiago jakiteko, etengabe margozteko, margoaren sekretu izkutuenak ere ezagutzeko grinak menderatzen du... Izan ere, Potxok ez du bost zentzuekin bakarrik margotzen, oihalean bere nima eta sentiberatasun guztia jarriz baizik."





Guri Joserra berbalagunak, Potxoren anaiak, eman digu aukera Debako bisita hau egiteko eta eskertu nahi diogu, larunbat goizean Potxok etxean hartuko gaitu, ea zer kontatzen dugun bueltan.

2010-01-18

Permalink 11:08:01, Atalak: egizu, berbalagunok, 55 hitz  

Pizteko garaiak



Urte berrian sartu eta jende berria deitzen hasi da EGIZUko bulegora, berbalagun taldeetan parte hartu nahi duelako. Aukera badago, gu saiatzen gara lekua bilatzen martxan dauden taldeetan. Honengatik, eta iaz bezala, matrikula epea zabaltzea erabaki dugu, eta lagunei esango diegu urtarrilaren 31ra arte aukera ona dela izena emateko, taldean hasteko.

Honetarako deitu 94 491 4357 // 619 935 541 eta lotuko gara.

2010-01-13

Deba eta Itziar: artea zein mendia

http://www.todopueblos.com/fotos/6623Panoramica%20Itziar.JPG

Hilero legez eta gabonetako oporraldiaren ostean sasoian jartzeko mendi irteera antolatu dugu urtarrilaren 23an, zapatua.
Oraingoan bi aukera dauzkagu; Itziarretik ibibidetxoa bertako berbalagun batek gidatua edo Deban bizi den Potxo Onandiaren etxera joatea haren artelanak ikusi eta azalpenak entzuteko. Hautatutakoa bete ondoren guztiok elkartu eta Debako jatetxean bazkalduko dugu.
Betikolez Telletxeko parkinean lotuko gara  8:30tan; autoena lotzeko aldez aurretik abisatu (619935541).

Erdu geugaz eta egin zure aukera!!

2010-01-07

Permalink 20:29:24, Atalak: egizu, berbalagunok, 24 hitz  

Urte berri, asmo berri: gora 2010!



Aurten ere, norberak egiten du bere asmo onen zerrenda. Zertan hobetu, aldatu, hazi gura dugun pentsatu eta helburuak markatzen ditugu. Zeintzuk dira zeureak aurten?



:: Hurrengo orrialdea >> Azken erantzunak

egizu getxo euskaldun

www.flickr.com
This is a Flickr badge showing public photos and videos from egizu. Make your own badge here.

GURE ELKARTEAREN HELBIDEA + TELEFONOA

Martikoena 16, 2. solairua 3. bulegoa Getxo 619 935 541 | egizugetxo@yahoo.com www.egizu.org

ELKARTEAREN XEDEA

Gure elkartearen xedea Getxoko euskaldun komunitatea sendotzea eta hedatzea da, euskararen erabilera areagotzeko denok dugulako zer eman eta zer jaso!

Bizarra Lepoan Euskara Elkarteak eta Getxoko Euskaltegiok osatzen dugu EGIZU, eragileok elkartuta lana hobeto egin dezagun!

GURE EGITASMOAK

*BERBALAGUNA + Kultur Jarduerak *Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoa *Gazte Saltsa, kirola euskaraz egin dezagun. Getxoko familientzako SENDI proiektua Udalarekin batera egiten dugu. KLISKA inforriaren bitartez gure proiektu guztien berri ematen dugu.

Egizu Getxo Euskaldun(r)en Profila
Egizu Getxo Euskaldun(r)en Facebook soslaia
Create Your Badge

Gure blogeko informazioa jaso nahi duzu? Idatzi zure e-posta:

Delivered by FeedBurner

| Hurrengoak >

Urtarrila 2010
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Zure bloga eraman

  1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
  2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

powered by
b2evolution