Artxiboak: Urtarrila 2009

2009-01-31

Permalink 21:00:42, Atalak: berbalagunok, 135 hitz  

Okindegira noa, okindegitik nator...

ogitan

Aurreko asteburuan betiko okindegira ogitan joan eta, beti bezala, euskaraz eskatu nion bertako langileari eta hara non oihalezko poltsa polita oparitu zidan.

Kontua da Getxoko okindegi batzuetako langileek Dendaketan deituriko ikastaroa egin zutela oinarrizko euskara maila lortzeko. Horren ostean, Euskara Zerbitzuak kanpaina berria jarri zuen martxan jendeak okindegietan ere euskaraz eskatzeko. 23 ogi mota ezberdinen izenak euskaraz erakusten dituzten posterrak, txarteltxoak eta eskuorriak daude herriko okindegietan eta oihalezko 1.000 poltsa banatu dituzte, guztira.

Aste honetan bertan joaten bazarete, adibidez, Telletxe kaleko Galdaretxera edo San Nikolas plazako Azaldegira, bertan tritpikoak, kartelak eta poltsak ikusiko dituzue. Animatu zaitezte, euskaraz egin eta, gainera, opari ekologikoa jasoko duzue.

Dendaketan ikastaro hauek herriko dendari eta tabernarientzat dira eta orain da izena emateko epea. Merkatari edo ostalari erdaldunik ezagutzen baduzue, animatu ezazue aukera hau aprobetxatzera. Herriko gure 3 euskaltegietan ondo baino hobeto lagunduko diote!

2009-01-26

Permalink 19:37:35, Atalak: agenda, 100 hitz  

Agate Deuna 09



Otsailarekin batera helduko zaigu, euskal ohituretan horren sustraiturik dauden egun sailatu sorta. Guk urtero legez Agate Deuna bezperako zita ez dugu galdu nahi.

Horretarako Algortako Bertsolari Eskolakoekin eta Aek-koekin batera, kantuan aterako gara. Aurten egitarau berezia izango dugu: goizetik irtengo gara Martiartuko baserrietatik abestera, eguerdian bazkari legea egin eta arratsaldez Azkorriko baserrietan zehar ibiliko gara. Azkenik, iluntzean, Algortan zehar urtero egiten dugun osteratxoa egingo dugu.

Horrenbesteko maratoia ondo irten dadin, entseguak ere egin beharko ditugu. Astearteetan, urtarrilak 27 eta otsailak 3, 20:00etan Itxasganen lotuko gara entsaiatzeko. Gogoz zabiltzatenok, bertaratu eta otsailaren 4an egingo dugunaren berri zabalagoa izango duzue.

Ahotsak zaindu eta, animo!!!

2009-01-20

Permalink 21:13:27, Atalak: berbalagunok, 87 hitz  

Bizkaieraz be egizu!


iera taldea from Egizu Getxo Euskaldun on Vimeo

Kostatu zaigu baina lortu egin dugu. Getxon bizkaieraz egiten duen berbalagun taldea badugu. Dozena bat lagun elkartzen da ostegunero, Joneren laguntzarekin arrastiko 8etan. Bizkaieraz egitea da baldintza bakarra. Talde hau nahiko heterogeneoa da, zaharrak eta gazteak gustora datoz, denek eman eta jaso egiten dutelako.

Bizarra Lepoan elkartearekin batera antolatu dugu, eta noizbehinka bizkaieraz ondo egiten dutenen bisitak izango ditugu taldean. Zuetako baten bat animatzen bada, ondo etorri. Izena eman behar da berbalagun talde batean bezala: 619 935 541 edo egizugetxo@yahoo.com.
Permalink 20:47:05, Atalak: berbalagunok, lehiaketak, 147 hitz  

Berbalagun taldeen argazki lehiaketa

getxoko berbalagun taldea getxoko berbalagun taldea getxoko berbalagun taldea

getxoko berbalagun taldea getxoko berbalagun taldea getxoko berbalagun taldea

Zuen berbalagun taldeko argazkia egin eta bidali
. Honekin irabazi ahal duzue 30 €ko txekea Orixa liburudendan, euskarazko produktuetan gastatzeko. Eta zergatik ari gara hau antolatzen? Berbalagunen "familia osoko" albuma osatu nahi dugulako, zuen taldeko oroigarria gorde ahal izateko eta beste taldeetako kideen aurpegiak ezagutu nahi ditugulako.

Zuetako batzuek galdetu diguzue ea bakarrak zineten Romon edo Algortan, ea zein adinetako jendea dabilen Getxoko berbalagun eta gurasolagun taldeetan. Bada, bai, jende asko gara, eta zaila denez denok leku eta ordu bakar batean geratzea, berbalagunen argazki albuma sortzea bururatu zaigu.

Otsailaren 9an egingo dugu zozketa, eta bidalitako argazkietan agertzen zaretenok parte hartu ahal izango duzue. Taldeko argazki bat baino gehiago bidali daiteke, afariren bat egiten baduzue, taberna zuloan bada, edo irteeraren batekoa bada... zuek bidali, ongi etorriak izango dira denak.

E-mailez egizugetxo@gmail.com-era bidali, eta paperean baduzue, ekarri bulegora: Aldai Patronatuan, Karitatea 1, sotoa, 10.bulegoan gaude, Algortan bertan.
Permalink 11:44:52, Atalak: kirola euskaraz, mendi irteerak, 180 hitz  

Eguzkia eta mendia aspaldiko partez!

ikuspegia serantesetik

zubian portugaleterantz portua aldatzan gora

Joan den zapatuan Serantes eta Zierbenara irteera egin genuen Getxoko berbalagunek. Sestaoko lagunak ere animatu ziren eta pozten gara, ea hurrengoan ibilbiderik antolatzen dugun elkarrekin.

8.30ean Algortan geratu ginen batzuk, metroz Areetara. Zubian 9etarako ia denak geunden. Santurtziko Mamarigaraino arazo barik egin genuen gora, han galdezka ibili ginen, nondik igo, aurrera, atzera, eskilarak... Etxeak atzean utzi eta mendian gora hasi ginen.

hegaztiak

unairen ongietorria unairi begira unairen ongietorria

Pista amaitu eta aldatza, txiri-txiri gora. Paisaia ikusteko geldialdia, hegaztiak gu bezala, meatzaldeari begira. Goiko gotorlekutik Unai Basurko etxera iristen ikusi genuen, belaontziz inguratuta.

family photo

dabid berbalaguna tontorreko giroa tontorreko giroa

Handik tontorrera azken aldapa baino ez zitzaigun falta, goian, sorpresa! Dabid Barakaldoko txirrindulari eta berbalagun handia topatu genuen. Iazko Mintza Egunean bere lanagatik saritu genuen bera.

serantesetik zierbenara

txiri txiri jaitsiera kobazuloan

Zierbenarako bidea erraza izan zen ia-ia guztia, azken malda apurka-apurka egin behar izan genuen, dena basaz beteta zegoelako. Herrira jaitsi, portua ikusi eta bokata jan ondoren, autobusa hartu genuen Portugaletaraino. Areetako terraza batean kafea edan genuen eguzkitan, eta taldeko batzuk Algortara oinez bueltatu ginen.

zierbena

autobusaren zain kalaka autobusaren zain terrazan kafea eguzkitan

Egun konpletoa eta eguzkitan, aspaldiko partez. Ederra eguna eta ederra konpainia! Otsailaren 21ean Gernikatik Mundakara oinez joango gara, nor animatuko da?

2009-01-08

Permalink 14:13:27, Atalak: egizu, berbalagunok, 146 hitz  

Urtarrilean berbalagun talde berriak

anima zaitez eta izan berbalagun!

"Urte berri asmo berri" dio atsotitzak. Urte berriarekin batera kontu berrietara gerturatu, edo inoiz ibilitako kontuetara bueltatzen gara. Honengatik guztiagatik BERBALAGUN izateko matrikula zabaldu dugu urtarrilaren 31ra arte. Talde berriak sortuko ditugu, eta martxan dauden batzuetara ere izango duzue sartzeko aukera.

Berbalagunak aukera ematen digu euskaraz egin gura duen jendea ezagutzeko, ikasten dabiltzanak zein txikitatik dakiena. Gazteentzako taldeak badaude, bizkaieraz egiteko talde handia ere badago. Oso garrantzitsua da, gure ustez, euskararen eta euskaldunen sarea zabaltzea Getxon. Asko gara euskaldunak, askok euskaraz bizi nahi dugu, eta behar izaten ditugu kide berriak eroso aritzeko.

Gurasoak zaretenontzat, gainera, haurtzaindegi zerbitzua dugu umeak zaintzeko. Zuek, lasai, kafea hartu eta berbalagunekin batzen zareten bitartean, umeak jolasten eta zainduta egongo dira.

Izena emateko onena bulegora etortzea da. Goizez Rozio eta arratsaldez Beñat egongo gara; Karitate kalea 1, sotoa, 10. bulegoan dugu helbidea. Ezin baduzue, telefonoz ere berba egin dezakegu: 94 491 4357 eta 619 935 541.



Permalink 13:12:27, Atalak: kirola euskaraz, mendi irteerak, agenda, 84 hitz  

Areetatik Serantes eta Zierbenara oinez

Negu bete-betean gaudenez etxe inguruan egingo dugu urtarrileko mendi ibilbidea. Egizu elkarteak antolatzen dituen ibilbide hauetara gura duena etor daiteke, euskaraz egitea da helburua, ondo pasatzearekin batera. Berbalagun talde ezberdinetakoak batzen gara zapatu goizeko irteeretan; jende berria ezagutzen dugu kirol apur bat egiten dugun bitartean.

Urtarrilaren 17an Areetan geratuko gara, Bizkaiko zubian 9:00etan. Portugalete zeharkatu eta Santurtziko Kabiezes auzora joango gara. Handik Seranteseko tontorrera joko dugu. Bidetik Zierbenara jaitsiko gara, eta handik buelta autobusez egingo dugu. Animatzen bazarete, deitu 619 935 541 edo idatzi egizugetxo@gmail.com.

Areetatik Serantes eta Zierbenara oinez

:: Hurrengo orrialdea >> Azken erantzunak

egizu getxo euskaldun

www.flickr.com
This is a Flickr badge showing public photos and videos from egizu. Make your own badge here.

GURE ELKARTEAREN HELBIDEA + TELEFONOA

Martikoena 16, 2. solairua 3. bulegoa Getxo 619 935 541 | egizugetxo@yahoo.com www.egizu.org

ELKARTEAREN XEDEA

Gure elkartearen xedea Getxoko euskaldun komunitatea sendotzea eta hedatzea da, euskararen erabilera areagotzeko denok dugulako zer eman eta zer jaso!

Bizarra Lepoan Euskara Elkarteak eta Getxoko Euskaltegiok osatzen dugu EGIZU, eragileok elkartuta lana hobeto egin dezagun!

GURE EGITASMOAK

*BERBALAGUNA + Kultur Jarduerak *Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoa *Gazte Saltsa, kirola euskaraz egin dezagun. Getxoko familientzako SENDI proiektua Udalarekin batera egiten dugu. KLISKA inforriaren bitartez gure proiektu guztien berri ematen dugu.

Egizu Getxo Euskaldun(r)en Profila
Egizu Getxo Euskaldun(r)en Facebook soslaia
Create Your Badge

Gure blogeko informazioa jaso nahi duzu? Idatzi zure e-posta:

Delivered by FeedBurner

| Hurrengoak >

Urtarrila 2009
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31  

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Zure bloga eraman

  1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
  2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

powered by
b2evolution