Asel Luzarraga idazle bilbotarra gonbidatu dugu Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoan eta bihar Mozorroaren xarma nobelaz berba egingo dugu Villamonte Kultur Etxean arrastiko 20:00etan.
Eleberriak engantxatzen zaitu, Zigor protagonistaren mundu pribatuan sartzen gara berarekin batera Thailandiaraino joateko. Eta mozorro guztien atzean zer edo zer topatuko dugu...
Asel Luzarraga, Punkamiñe taldeko kidea eta blogaria ere bada.
Ibilaldien asteburua izan ei da Maiatzako azken aurrekoa: Zornotzan Bizkaiko Ikastolen aldekoa, eta Xareta eta Baztan inguruan Berbalagunona. Pena eman zigun Zornotzakoa galtzeak, baina ederki ondo konpentsatu genuen geure planekin.
Zapatuan, Sarako kobazuloetara bidean −edo leizeetara bidean, hangoek esaten duten moduan−, kotxe ilara kilometriko batek asteburua zapuztuko zigula pentsatu genuen, baina azkenean hogei minutuko kontua baino ez zen izan. Kobetan, gida ilehori eta oso jator batek zenbaiten kontzentrazioa galarazi bazuen ere, oso azalpen politak eman zizkigun leizeen historiaz; gehien harritu ninduen datua, kobazuloak, duela milaka urte, Kariberen antzeko parajea zirela! Ur epel eta uharriz (arrezifez) osatua. Hortik etorriko ote da Euskadi tropikal esaera herrikoia?
Saratik Zugarramurdira oinez joan ginen, menditik, antzina bidelapurren gotorleku ziren kaminoetatik. Euripean heldu ginen sorginen herrira, eta bertako Jasokundearen elizaren arkupetan bazkaldu genuen. Bazkalostean, kafetxua eta bigarren plana. Batzuk Urdazubirako bidea egiten zuten bitartean, besteok Sorginen Museora sartu ginen. Museoa bikaina da: argiztapen aproposa, kolore egokiak eta oro har giro ainube oso erakargarria, mitikoak bihurtu diren garai bateko emakume eta gizon hauengana hurbiltzeko. Sorginen gorabeheren berri izan ostean, autobusean Urdazubira eta zuzenean aterpetxera joan ginen. Larunbata Elizondoko taberna eta tragoei buruzko master bat egiten amaitu genuen.
Domeka goizean Lekarozeko aterpetxeari agur esan genion Xorroxineko ur jausietara joateko. Gorostapolo auzo idilikoan hasten den ibilbidea, arbolez inguratuta eta errekasto baten melodiak lagunduta Xorroxineko ur jausira eramaten zaitu. Ederra. Uraren burrunbak eta ikuskizun ederrak harrapatu gintuen guztiz. Bueltarako bidean, Iñigok, Arratek eta nik ausardia handiz, oinutsik gurutzatu genuen errekatxoa, hankei merezi zuten lasaialdia eskainiz.
Gorostapolotik Erratzura oinez, eta Erratzutik Lesakara busez. Bertako Linddurrenborda sagardotegian Manolo Arozena eta Julen Zelaieta bertsolariekin bazkaldu, eta barre handiak egin genituen bazkalondoko bertsoekin. Gero, autobusean, etxerako bidean, guztiok daramagun bertsolaria ateratzen saiatu ginen. Emaitzek ez zuten kalitate kontrola pasatu, eta ezin dira hemen publikatu :D Eskerrik asko guztiei! Ea hurrengoa noiz!! (Ander)
Kolitza mendira abiatu ginen 12 lagun pasa den larunbatean, maiatzaren 17an, hain zuzen ere. Balmaseda ondoan dago eta arin egin genuen bidaia. Algortatik 2 kotxetan 10 lagun irten eta han zeuden gure zain beste birekin elkartu ginen, ordu erdi pasa ondoren gutxi gorabehera. Erreportaje fotografiko oso zabala egin zen Mikel, Josu eta Iboni esker, momentuz jarraitzen dute gure argazkilari ofizialak izaten. Balmasedara ailegatu ginenean betiko atsedenalditxoa egin genuen gosari txiki bat egiteko eta ondoren kotxez mendirantz abiatu ginen. Han, mendiaren hasieran aparkatzeko arazo txikia eduki genuen aparkalekua oso handia ez zen eta kotxez beteta zegoelako. Oinez jarraitu genuen igoera. Hasieran, nahiz eta oso aldapatsua izan ez, izerditan egon ginen, bidea zuhaitzen artean zegoen, haizerik ez zebilen eta beroa egiten zuelako. Baina hau ez zen ezer izan azken aldaparekin alderatuta, hura bai ederra! Iturri galantaren ondoan haizea lagun atsedenaldia egin ostean ekin genion azken honi. Dena ahaztu zitzaigun tontorrera ailegatzearekin batera, lekua benetan ederra delako. Han, Landerrek eramandako Nafarroako ardo botila ona edan genuen, Arrateren Suitzako txokolatinekin eta beste pikoteo goxo batekin. Jaitsiera goiz hasi genuen, mendia oso altua ez delako eta euria egiten hasi zelako. Baina hala eta guztiz ere taldearen argazki batzuk ateratzeko denbora egon zen nahiz eta Marta eta biok agertu ez, hotz ginelako jaisteko bidea hartuta geneukalako. Aurtengo mendiko irteerei agur esateko, beti bezala, ondo egon gara. Datorren irteerara arte. Ondo pasa udan. ROSA.
Kolitzan izan gara Getxoko Berbalaguna egitasmoko kideok asteburuan, Balmaseda inguruak ederto ikusi ahal izan ditugu tontorretik. Kronika idatzia Martak eta Rosak zor digute, egindako argazkiak ditugu erakusteko.
Argazkiak dituzuenok, mesedez, bidali eta albumean sartuko ditugu.
Nafarroazaleak gara eta ibilbide ederra prestatu dugu asteburu honetarako Egizu elkartean. Berbalagun zein lagunek hartuko dute parte. Sara eta bere kobazulo famatuak, Zugarramurdi, sorginak eta istorio zaharrak, Urdazubi eta Axular, Elizondo eta Lesaka, plan zabala egingo dugu, bisita kulturalak, mendi ibilbideak eta bertso bazkaria domekan. Aspertzeko aukera barik.
Zapatuan 9:00etan Algortako Kirikiñon (Fincas Getxoren ondoan) geratuko gara. Hitzordua 12:30ean dugu Sarako kobazuloetan bisita gidatua egiteko. Eguerdian Zugarramurdirako ibilbidea hasiko dugu. Arrastian Zugarramurdi eta Urdazubi bisitatuko ditugu. Gauean Aterpean afaria. Domeka goizean Xorroxinera paseoa. Eguerdian Lesakako sagardotegian bertso bazkaria. Arrastian buelta egingo dugu. Izena emateko 55 € ingresatu behar dira EGIZUren kontuan (Euskadiko Kutxa 3035 0067 66 0670062588) eta guri abisatu mail bidez zein telefonoz. Sagardotegiko menua (26 €) aparte da, jatetxean bertan pagatuko da.
Tor Magoak hiru saio eskainiko ditu aste honetan Getxon. Berbalagun eta euskaldun guztiok gonbidatuta zaudete saio hauetara. Lehen aldia da Egizu elkartean magia saiorik antolatzen duguna eta biharko zita gogoz itxaroten ari gara. Goizeko saioa, gainera, Piper´s Pubean izango da, gosari benetan berezia egingo dugu. Eskerrak bertakoei aukeragatik!
Maiatzaren 13an, 10:15ean Piper´s Pubean Algortan eta 17:00etan Santa Eugenian Romon izango da.
Maiatzaren 14an, 20:00etan Aldai Patronatuan Algortan.
Datorren zapatuan, hilaren 17an Kolitza mendira joango gara Getxoko Berbalagunak. Goizeko 9:00etan geratuko gara Telletxeko parkinean eta bokata hartuta goiz pasa egingo dugu Balmaseda aldean. Gogoz bazabiltza deitu (619 935 541) edo idatzi (egizugetxo@gmail.com), betiko moduan.
Buru belarri gabiltza Egizu elkartean ekainaren 14ko Mintza Eguna prestatzen. Lana banatzeko momentua iritsi da eta Berbalagun guztion gogo, ilusio eta lanarekin egun ederrra antolatuko dugu herrian. Oinarrizko informazioa duzue hemen, zalantzarik edo ekarpenik izanez gero, hemen gaude.
Euskal Herriko III. Mintza Eguna hurbiltzen ari da, eta dakizunez Getxon izango da ekainaren 14an, zapatuan. Euskal Herriko hainbat lekutatik 300 lagun baino gehiago etorriko zaizkigu jai egun honetara. Horregatik zure laguntza behar dugu. Berbalagun guztiok antolatuko dugulako egun berezi hau.
Lan taldeak:
Lan taldeak osatzeko bilera bat antolatu dugu maiatzaren 20an, martitzena, 20:00etan Aldai Patronatuan. Bertan azalpen guztiak emango dizkizugu, eta lana banatuko dugu. Oso garrantzitsua da zeu ere etortzea!
50 tortilla baietz!
Egun horretako hamaiketakoa ere denon artean egingo dugu. Horretarako 50 patata tortilla behar ditugu. Tortilla bat edo gehiago egiten animatzen bazara, deitu edo idatzi egiguzu.
Bazkari txartelak
Egun horretako bazkaria Romoko Santa Eugenian egongo den karpan izango da, eta txartelak salgai egongo dira maiatzaren 30era arte. Joateko asmoa baduzu 18€ ingresatu kontu zenbaki honetan, zure izen-abizenak emanda:
Euskadiko Kutxa: 3035 0067 66 0670062588.
Ingresoa egin eta gero guri deitu abisatzeko.
Besterik ez Berbalagun, espero dugu modu batera edo bestera, egun honen antolakuntzan parte hartzea. Edozein duda izatekotan, galdetu lasai!
EGIZU Getxo Euskaldun Elkartea | Karitatea, 1-sotoa- 10.bulegoa 48991 Algorta, GETXO | 616 885 165 (Ander) | 619 935 541 (Rozio) | egizugetxo@yahoo.com |
Oraingo honetan Edurnek eta Mertxek, EGIZU elkartearen berbalaguna egitasmoko kideek, mendiko kronika idatzi digute, ea hurrengoan animatzen zareten etortzera eta idaztera!
Kaixo berbalagunok:
Apirilaren 27an hamaika lagun joan ginen Tologorrira.
Tologorri mendia Bizkaia eta Araba artean dago, Gorobel edo Salvada mendilerroan, eta 1.067 metroko altuera dauka.
Algortatik Urduñako Lendoñogoiti auzora iristeko ordubete behar izan genuen, autoz.
Hiru argazkilari eraman genituen, Mikel, Josu eta Ibon. Oso ondo pasatu zuten argazki pilo bat ateratzen.
Ibilbidearen lehenengo atala oso gogorra izan zen; basoaren erditik igo ginen ahuntzen bidea hartuta.
Behin Iturrigorri izeneko iturrira helduta, Arantzak motxilan zeraman Erreserbako ardoari esker ura gorri bihurtu zen; horren ondorioz TOLOGORRI izena hartzen du mendi honek.
Tologorriko gailurreraino joan ginen. Lauzpabost arrano gure gainetik hegan egiten zuten, haien hegalak oso zabalak ziren, lasaitasun itzela emanez.
:: Hurrengo orrialdea >> Azken erantzunak
Karitatea 1, sotoa 10. bulegoa Getxo 619 935 541 | egizugetxo@yahoo.com
Gure elkartearen xedea Getxoko euskaldun komunitatea sendotzea eta hedatzea da, euskararen erabilera areagotzeko denok dugulako zer eman eta zer jaso!
Bizarra Lepoan Euskara Elkarteak eta Getxoko Euskaltegiok osatzen dugu EGIZU, eragileok elkartuta lana hobeto egin dezagun!
Gure egitasmoak hauexek dira:
*BERBALAGUNA + Kultur Jarduerak
*Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoa
*Gazte Saltsa, kirola euskaraz egin dezagun.
Getxoko familientzako SENDI proiektua Udalarekin batera egiten dugu. KLISKA inforriaren bitartez gure proiektu guztien berri ematen dugu.
| www.flickr.com |
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | 3 | 4 | |||
| 5 | 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 |
| 12 | 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 |
| 19 | 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 |
| 26 | 27 | 28 | 29 | 30 | 31 | |