Artxiboak: Otsaila 2008

2008-02-21

Permalink 11:24:48, Atalak: kirola euskaraz, mendi irteerak, 164 hitz  

Lautadako mendian gora

Kaixo! Otsailaren 16an Aratz mendira, Araia herritik igo ginelarik, joan ginen, oraingo honetan talde handitxo bat, 16 pertsonakoa. Eguraldia ederra, eguna Naturan ematen gonbidatzen zaituztenetariko bat izan zen. Beti bezala Algortan 8:30ean, auto banaketa egin eta harantz abiatu. Araian kafetegi kuttuna aurkitu eta noski, hasi baino lehen eta indarrak hartzeko, batzuk kafesnea, beste batzuk pintxoa eta guzti, hartu genituen. Mendia luzeegia ez denean, ohitura honi ekin behar diogu, elkarrizketak sortzeko, ze gero behin mendian aldapa gora, arnasa hartzea eta hitz egitea zail gerta dakiguke, Badazpada! Gailurrera heldu baino lehen geldiatxo batzuk egin behar, erritmo desberdinak zeudelako, baina lekua aproposa, landaz beterik dagoelako. Tontorra bera harkaitzezkoa, bidetxoa markatzen, ez dago galtzerik, eta dakizuenez hor goian (1443 m.) dena hobeto dastatzen da, Ro eta Landerrek zeramaten ardoa adibidez. Jaitsi eta San Adriango tunelera joan eta etorri, erromatar errepidea ikusi eta herrira, ez ahaleginik gabe. Zeozer hartu taberna berean eta etxera. Errepikatzekoa!

Argazkiaren erdian motxila lotzen Marta Arana, gure kronikaren egilea, ea besteok ere animatzen zareten idazten!

2008-02-19

Txokolatea, ipuinak, hegoak, mendira...

Jardueraz jarduera gabiltza otsailean zehar, guraso eta umeekin txokolatezko kirikiñoak egin genituen hilaren 13an, Ainhoak ondo erakutsi zigun bezala.

    

Aste horretan bertan Doro Zobaran ipuin-kontalari busturiarra ere gurean izan zen, eta barruko umea ateratzen lagundu zigun. Barre ederrak entzun ziren Algorta eta Romoko kultur etxeetan.

 

Literaturarako tartea ere izan genuen, Iratze Ormatza bakioztar idazlea gonbidatu genuen. Bere lehenengo bidaia-liburuaz berba egin zigun. Hunkigarria izan zen zelan kontatu zigun kanpo eta barneko bidaia, gauzak, jendea, lekuak zelan bizi zituen, literaturak eman dezakeen indar eta bizipoza, eskerrik asko, Iratze!

    

Eta azkenik, konpartitu nahi ditugu zuekin zapatuan mendian egindako ibilbideak eta argazkiak, batzuk nahikotxo nekatu ginen baina hurrengoan ere joango gara, nola ez!

    

2008-02-11

Permalink 15:27:34, Atalak: agenda, uribe kostako irakurzaleen txokoa, 48 hitz  

Hegoak hegoaldera

Iratxe Ormatzak hegoalderantza egiteko aukera ematen digu bere lehen bidaia-liburuan. Labayruk argitara eman zuen 2007ko Durangoko azokarako, eta orduan izan genuen liburuaren berri. Bizkaieraz irakur dezakezu Bakioko idazle nobelaren lana. Eguen honetan, otsailaren 14an, arrastiko 20:00etan Aldai Patronatuan lotuko gara berarekin berba egiteko. Gura baduzu bertan elkartuko gara.

2008-02-08

Permalink 15:15:09, Atalak: egizu, berbalagunok, irteerak, ipuin kontaketak, mendi irteerak, agenda, 82 hitz  

Ipuinak eta gero... mendira!



Doro Zobaran Busturitik etorriko da otsailaren 12 eta 14an Getxora, ipuin kontalari honek helduentzako saio bereziak eskainiko ditu Algortako Villamonte Kultur etxean asteartean, 10:00, 17:00 eta 20:00etan; Romoko Santa Eugeniara, aldiz, ostegunean joango da goizeko 11:00etan. Saio irekiak dira eta denok zarete ongietorriak, nahiz eta guk herriko 3 euskaltegietako ikasleak modu bereziagoan gonbidatzen ditugun.

Datorren astean, hilaren hirugarrena izanda, mendira joango gara. Aratz igoko dugu zapatuan. Betiko legez Algortako Telletxeko parkinean geratuko gara 8:30ean. Etortzekoa bazara aldez aurretik abisatu telefonoz (619 935 541) edo posta elektronikoz egizugetxo@yahoo.com.

2008-02-07

Permalink 17:31:25, Atalak: egizu, agenda, sendi proiektua, gurasolagunak, ikastaroak, 83 hitz  

Otsailean ederto pasatzeko aukera dago SENDIren eskutik!



Otsailean zehar umeekin euskaraz ederto pasatzeko aukera eskaintzen digu SENDI Proiektuak, pizzak prestatu eta meriendatu gero Iñaki eta Xabirekin, dantzatu Itxas Argiako Maider eta Ixarekin, txokolatezko postre erraz eta orijinalak (ikusiko duzue ze sorpresa duen Ainhoak prest guretzat!), soinu-jostailuak Luisen eskutik, kantatu eta jolastu Bizkaiko Xirula-Mirulako Iratxe eta Krisekin, eskiatzera denok batera...

Horretaz gain animatu nahi zaituztegu, Getxoko amak eta aitak, gurasolagun izaten. Berbalagunen modura, astean behin ordubetez, euskaraz talde txikietan eta zuen umeak begirale batek ondo zainduta, ez daukazue aitzakiarik.

:: Hurrengo orrialdea >> Azken erantzunak

egizu getxo euskaldun

Karitatea 1, sotoa 10. bulegoa Getxo 619 935 541 | egizugetxo@yahoo.com

Gure elkartearen xedea Getxoko euskaldun komunitatea sendotzea eta hedatzea da, euskararen erabilera areagotzeko denok dugulako zer eman eta zer jaso!

egizu getxo euskaldun

Bizarra Lepoan Euskara Elkarteak eta Getxoko Euskaltegiok osatzen dugu EGIZU, eragileok elkartuta lana hobeto egin dezagun!

Gure egitasmoak hauexek dira: *BERBALAGUNA + Kultur Jarduerak *Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoa *Gazte Saltsa, kirola euskaraz egin dezagun. Getxoko familientzako SENDI proiektua Udalarekin batera egiten dugu. KLISKA inforriaren bitartez gure proiektu guztien berri ematen dugu.

www.flickr.com

| Hurrengoak >

Otsaila 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29    

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution