Artxiboak: 2008

2008-09-30

Permalink 13:06:19, Atalak: egizu, berbalagunok, irteerak, mendi irteerak, 87 hitz  

Lea ibarra oinez

Pasa den zapatuan Berbalagunon mendi taldekoak urrunera ez ginen joan, Algortatik Munitibarrera. Etxe ondoan baina 2 ordu eta erdi behar izan genituen haraino iristeko. Metroa eta autobus bi, loturak, creditransak eta gu dantzan. Eguerdian hasi genuen ibilbidea, Ondamendi taberna-dendako kafearen ostean.

 

Urteko lehen irteera, batzuk herdoilduta bezala geunden, besteek hobeto ekin zioten hondarrezko bideari.

  

Aulestin beroa, fauna eta flora tropikala omen daukate.



Gizaburuagan burdinola zaharrean sartu ginen...



Amoroto eta Mendexan iristeko gogoz egin genuen aurrera.

 

Amaieran itsasora...

  

(Eskerrik asko Olga eta Jabiri)

2008-09-23

Inoren ERO ni

Ez gara musika taldeaz ari, ezta palindromoez ere. Jon Martinen "Ero" ipuin liburua izango dugu mintzagai Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoan. Bertsolari-idazle oiartzuarra gonbidatu dugu urriaren 30ean eta arrastiko 20:00etan elkartuko gara Aldai Patronatuan (Karitatea 1, Algorta).



Igartza beka lortu zuen Martinek eta ondoren liburua plazaratu. Animatu, liburua irakurri eta bertan elkartuko gara!


2008-09-18

Permalink 13:06:06, Atalak: mendi irteerak, agenda, 80 hitz  

Leako ibilbideko foiletoa jaso dugu

Lea ibarrera joateko proposamena berbalagun batena izan zen, Juan Migelena. Berak eman zigun ibilbide honen berri, eta ideia ezin hobea iruditu zitzaigun ikasturte berria hasteko. Telefono dei batzuen ostean Lea Ibarreko Udalen Mankomunazgora iritsi ginen eta bertan argitaratu duten foiletoa bidali berri digute korreoz. Eskerrik asko eurei eta hemen dituzue foiletoen argazki batzuk, ea laster web gunean ere ipintzen duten.





Etxetik gertu, Bizkaian bertan, altxorrak topa ditzakegu, beste garai batzuen aztarnak, ondo gordetako istorioak, aintzinako bizimoduen tresneriak... Irailaren 27ra rte!

2008-09-17

Permalink 14:03:04, Atalak: berbalagunok, mendi irteerak, agenda, 95 hitz  

Lea ibaiaren bazterrak ezagutzera goaz

Uda amaitzen ari den honetan Egizu elkartean eguraldi ona aprobetxatu nahi dugu. Horregatik ekarri dizuegu ondorengo gonbidapena. Hilaren 27an, zapatuan, Lea ibarrako ibilbidea egitera joango gara: Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto, eta Mendexa. 22,3 km-ko bidea egin du Lea ibarreko mankomunitateak, ibaiaren ondoan.

Goizeko 9:00etan geratuko gara Telletxeko metro sarreran, metroa eta bizkaibusa hartuta joango gara Munitibarrera, handik 22,3 km-ko ibilbidea egingo dugu Lekeitiora. Bideko tabernaren batean bazkalduko dugu. Gogoz bazabiltza deitu (619 935 541) edo idatzi (egizugetxo@gmail.com), betiko moduan.

Berbalagunon MENDItaldea zabalik dago, edozeinek har dezake parte, eta lagunen bat engainatu ahal duzu lehenengo egunean bakarrik ez etortzeko.


2008-09-12

Permalink 14:27:11, Atalak: yoga ikastaroa, agenda, 86 hitz  

Yoga euskaraz egiteko aukera Getxon

Urtero bezala urriaren 1ean yoga ikastaroa hasiko da Algortan, astelehen eta eguaztenetan 19:30etik 21:00etara, ekainaren amaierara arte. Hasier Rekondo irakasleak gidatzen duen taldeak 5 urte bete ditu eta bertan hasiberri zein esperientzia dutenentzat dago lekua.



Lehenengo 5 klaseak (urriaren 1etik 15era arte) Aldai Patronatuan izango dira, urriaren 20tik aurrera San Nikolas Ikastolako Haur Hezkuntzako lonjara joango gara. Berbalagunek, Bizarra Lepoaneko bazkideek eta San Nikolas ikastolako kideek deskontua izango dute hileroko kuotan, 30 € beharrean 25 € pagatuko dute.

Izena emateko zein informazioa eskatzeko: egizugetxo@yahoo.com eta 619 935 541 telefonoan izango gara.

2008-07-03

Permalink 13:52:20, Atalak: egizu, uribe kostako irakurzaleen txokoa, 46 hitz  

Uribe Kostako ipuin laburren lehiaketako irabazleak



Uribe Kostako ipuin laburren I. lehiaketa antolatu dugu aurten, Irakurzaleen txokoan gabiltzanok. Irabazleak zoriondu nahi ditugu, baita parte hartzaile guztiak ere. Zuekin konpartitu nahi ditugu irabazleen lanak, pdf polit bat prestatu dugu, orain udan, hondartzara eramateko moduko lanekin.



Uribe Kostako ipuin laburren I lehiaketako saritutako lanak

2008-06-26

Permalink 13:59:10, Atalak: egizu, bizikleta taldea, 104 hitz  

Plazaolako bide berdeetatik

Getxoko Egizu eta Barakaldoko Sasiburu elkartekoak joan den asteburuan Plazaolako bide berdea egitera joan ginen. Lekunberrin hasi zen bidea, txirrindula gainean herriak, mendiak, baserriak eta tunelak atzean utzi genituen. Apurka-apurka batzuek, arinago besteek. Gogorrena errepidetik egin genuen zatia, ufff, bero izugarria. Harrigarriena, edo hobeto esanda, itogarriena Uitziko tunela izan zen, 2,7 km-ko tunel iluna, ur eta harriz betea, dena den merezi izan du.









Mendukiloko kobazuloetan ere bisita ederra egin genuen domekan, Amaiaren gidaritzapean, benetan kobazuloko iluntasun eta doinuak sentitu ahal izan genituen. Guk ez genekien, baina koba horretan estalaktita eszentrikoak ere badaude, Pozalaguan ikusi genituen modukoak. Aralarreko bihotza, 6. kontinentea.

Datorren bizikleta irteerarako zein proposamen duzu?

2008-06-23

Permalink 11:59:46, Atalak: agenda, 54 hitz  

Getxoko Mintza Eguneko bideoa Koska irratiaren eskutik

Mintza Eguna pasa da, zenbat denbora dena prestatzen! Bilerak, deiak, baimenak, lagun askoren lanaren fruitua izan da aurtengo Mintza Eguna. Irudi politak ez ahazteko askok argazkiak atera genituen, eta beste batzuk bideoak grabatu. Uribe Kostako Koska Irratiko kideek lan ederra egin dute eta zuekin konpartitu nahi dugu.



Eskerrik asko batez ere Katiri, eta zorionak!

2008-06-13

Permalink 11:25:30, Atalak: berbalagunok, kultur jarduerak, 333 hitz  

Bertsobalorazioa

Berbalagun bertsozaleak garelako hasi ginen duela 2 urte Algortako bertso eskolan, Josu Landetaren eskutik. Bertsolaritza 0tik hasita izan zen gure lehenengo pausua 2007an, ikasturte honetan, apurka apurka, aurrera joan gara, eta gaur egun esan genezake 0,5era iritsi garela! Ikasturte amaiera guztietan bezala balorazioa eskatu digu Josuk, baina ez nolanahikoa, bertsotan.

 

 

=> Gehiago irakurri!

2008-06-12

Permalink 21:25:45, Atalak: egizu, berbalagunok, agenda, 148 hitz  

Berbalagunen jai itzela etxean bertan!

Iaz Donostiara, duela urte bi Iruñeara, aurten Getxoztarron txanda iritsi da! III. Mintza Eguna Getxoko berbalagunak ere antolatzen ari gara. Lan-taldeetan banatu, eginbeharrak ondo zehaztu eta aurrera aterako dugu jaia.

 

Euskal Herri osoko berbalagunak datoz zapatu honetan Algortako Portu Zaharrera. Hamaiketan hamaiketakoa (guk geuk egina!) eta ongietorria eskainiko diegu bisitariei, baita etxekoei ere. Herriko bertsolari eta txalapartarien laguntza izango dugu, baita Guzur animatzailearena ere. Xabi Payarekin Portu zaharretik Usategiraino herriko historia eta txokoak ezagutuko ditugu. 12:30ean kalejiran irtengo gara Usategi parketik, Algortan zehar. Musikari ezberdinak arituko dira ibilbidean zehar Telletxeraino. Denok zaudete gonbidatuta goizeko jai honetara.

Romoko Santa Eugenian herri bazkaria dugu, bazkalostean parte hartzaile guztien artean sorpresak banatuko ditugu eta Berbalagun batzuei saria emango diegu, herrietako egitasmoen alde egindako lanari eskerrik asko esateko modua, xume eta polita. 16:30ean Patxi Perez eta konpainiaren erromeriarekin mingainak bezala gorputzak ere dantzan ipiniko ditugu!

2008-06-04

Permalink 16:38:15, Atalak: uribe kostako irakurzaleen txokoa, 280 hitz  

Uribe Kostako ipuin laburren lehiaketa

PARTEHARTZAILEAK: Uribe Kostako biztanleek zein herri hauetako ikastetxe/euskaltegietan dabiltzanek soilik hartu dezakete parte: Erandiotik Lemoizera bitarteko herritarrak. (Erandio, Leioa, Getxo, Berango, Sopela, Barrika, Plentzia, Urduliz, Gorliz, Lemoiz)

KATEGORIAK: A kategoria: LHko 5 eta 6.mailak. B kategoria: DBH 1 eta 2 mailak. C kategoria: DBH 3, 4 eta Batxilergoak. D kategoria: Euskaltegietako ikasleak. E kategoria: orokorra (Lan guztiek hartuko dute parte kategoria orokorrean zuzenean)

KOPURUA: partehartzaile bakoitzak narrazio bat aurkeztu ahal izango du. Lanaren gutxieneko luzeera folio batekoa (Din A4) izango da eta gehienez bi, alde bakarrean idatzita. Ordenagailuz idatzi behar da eta letraren neurria 12koa izango da.  Lanek euskaraz, saririk gabeak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute.

EUSKARRI bi onartuko dira lanak aurkezteko:

FORMATU DIGITALA: testu dokumentu batean datuak: (izena, deiturak, ezizena, kategoria, posta elektronikoa, helbidea, adina eta telefonoa) eta bestean lana ezizenarekin.

PAPEREAN: kartazal batean lanaren HIRUNA KOPIA aurkeztu beharko dira ezizenarekin. Jatorrizkoarekin batera, eta kartazal itxian, egilearen datuak sartuko dira (izena, deiturak, ezizena, kategoria, posta elektronikoa, helbidea, adina eta telefonoa). Kartazalaren kanpoaldean idazlanaren izenburua edo izengoitia eta zein kategoriari dagokion jarriko da.

AURKEZTEKO EPEAK: Lanak aurkezteko epea 2008ko apirilaren 15etik ekainaren 15era.

AURKEZTEKO TOKIA: Formatu digitalean: egizugetxo@gmail.com. Paperean: Karitatea 1. sotoa-10. bulegoa 48991 Algorta/Getxo

OHARRA: Aurkezteko baldintzak betetzen ez dituzten lanak atzera botako dira.

SARIBANAKETA: 2008ko ekainaren 30ean banatuko da.

SARIAK: A, B, C eta D kategoriak: 50€ko txekea liburudenda jakin batean gastatzeko. E kategoria: 1. saria: 300€ 2. saria: 150€ 3. saria: 100€

EGILEEK ezin izango dute sari bat baino gehiago lortu. Sariak eman gabe gera daitezke, epaimahaiak hala erabakitzen badu.

EPAIMAHAIAREN erabakia nahitaez onartu beharrekoa izango da eta beraren iritzia nagusi izango da.

EGIZU GETXO EUSKALDUN Elkarteak saritutako lanen jabetza bereganatuko du, baita eurak erakutsi, berregin edo argitaratzeko eskubidea ere.

2008-06-03

Permalink 21:32:06, Atalak: egizu, uribe kostako irakurzaleen txokoa, 31 hitz  

Asel Luzarraga gurean

Berba eta berba ibili ginen, mozorroak, pertsonaiak, istorioak, abiapuntuak, pertsonak, bidaiak. Oso tipo atsegina Asel Luzarraga, bere Mozorroaren xarma irakurtzen adina gozatu dugu beragaz berbetan. Orain Abaraska proposatu digu, animatuko gara!

2008-05-28

Permalink 15:04:52, Atalak: egizu, agenda, uribe kostako irakurzaleen txokoa, 61 hitz  

Mozorroaren xarmak harrapatuta

Asel Luzarraga idazle bilbotarra gonbidatu dugu Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoan eta bihar Mozorroaren xarma nobelaz berba egingo dugu Villamonte Kultur Etxean arrastiko 20:00etan.

 

Eleberriak engantxatzen zaitu, Zigor protagonistaren mundu pribatuan sartzen gara berarekin batera Thailandiaraino joateko. Eta mozorro guztien atzean zer edo zer topatuko dugu...

Asel Luzarraga, Punkamiñe taldeko kidea eta blogaria ere bada.

2008-05-26

Permalink 13:55:31, Atalak: berbalagunok, mendi irteerak, 312 hitz  

Asteburu pasa Iparralde eta Nafarroan

Ibilaldien asteburua izan ei da Maiatzako azken aurrekoa: Zornotzan Bizkaiko Ikastolen aldekoa, eta Xareta eta Baztan inguruan Berbalagunona. Pena eman zigun Zornotzakoa galtzeak, baina ederki ondo konpentsatu genuen geure planekin.

    

Zapatuan, Sarako kobazuloetara bidean −edo leizeetara bidean, hangoek esaten duten moduan−, kotxe ilara kilometriko batek asteburua zapuztuko zigula pentsatu genuen, baina azkenean hogei minutuko kontua baino ez zen izan. Kobetan, gida ilehori eta oso jator batek zenbaiten kontzentrazioa galarazi bazuen ere, oso azalpen politak eman zizkigun leizeen historiaz; gehien harritu ninduen datua, kobazuloak, duela milaka urte, Kariberen antzeko parajea zirela! Ur epel eta uharriz (arrezifez) osatua. Hortik etorriko ote da Euskadi tropikal esaera herrikoia?

Saratik Zugarramurdira oinez joan ginen, menditik, antzina bidelapurren gotorleku ziren kaminoetatik. Euripean heldu ginen sorginen herrira, eta bertako Jasokundearen elizaren arkupetan bazkaldu genuen. Bazkalostean, kafetxua eta bigarren plana. Batzuk Urdazubirako bidea egiten zuten bitartean, besteok Sorginen Museora sartu ginen. Museoa bikaina da: argiztapen aproposa, kolore egokiak eta oro har giro ainube oso erakargarria, mitikoak bihurtu diren garai bateko emakume eta gizon hauengana hurbiltzeko. Sorginen gorabeheren berri izan ostean, autobusean Urdazubira eta zuzenean aterpetxera joan ginen. Larunbata Elizondoko taberna eta tragoei buruzko master bat egiten amaitu genuen.

    

Domeka goizean Lekarozeko aterpetxeari agur esan genion Xorroxineko ur jausietara joateko. Gorostapolo auzo idilikoan hasten den ibilbidea, arbolez inguratuta eta errekasto baten melodiak lagunduta Xorroxineko ur jausira eramaten zaitu. Ederra. Uraren burrunbak eta ikuskizun ederrak harrapatu gintuen guztiz. Bueltarako bidean, Iñigok, Arratek eta nik ausardia handiz, oinutsik gurutzatu genuen errekatxoa, hankei merezi zuten lasaialdia eskainiz.

Gorostapolotik Erratzura oinez, eta Erratzutik Lesakara busez. Bertako Linddurrenborda sagardotegian Manolo Arozena eta Julen Zelaieta bertsolariekin bazkaldu, eta barre handiak egin genituen bazkalondoko bertsoekin. Gero, autobusean, etxerako bidean, guztiok daramagun bertsolaria ateratzen saiatu ginen. Emaitzek ez zuten kalitate kontrola pasatu, eta ezin dira hemen publikatu :D Eskerrik asko guztiei! Ea hurrengoa noiz!! (Ander)

2008-05-23

Permalink 13:11:59, Atalak: berbalagunok, irteerak, mendi irteerak, 226 hitz  

Deiadar mendiko kronika

 

Kolitza mendira abiatu ginen 12 lagun pasa den larunbatean, maiatzaren 17an, hain zuzen ere. Balmaseda ondoan dago eta arin egin genuen bidaia. Algortatik 2 kotxetan 10 lagun irten eta han zeuden gure zain beste birekin elkartu ginen, ordu erdi pasa ondoren gutxi gorabehera. Erreportaje fotografiko oso zabala egin zen Mikel, Josu eta Iboni esker, momentuz jarraitzen dute gure argazkilari ofizialak izaten. Balmasedara ailegatu ginenean betiko atsedenalditxoa egin genuen gosari txiki bat egiteko eta ondoren kotxez mendirantz abiatu ginen. Han, mendiaren hasieran aparkatzeko arazo txikia eduki genuen aparkalekua oso handia ez zen eta kotxez beteta zegoelako. Oinez jarraitu genuen igoera. Hasieran, nahiz eta oso aldapatsua izan ez, izerditan egon ginen, bidea zuhaitzen artean zegoen, haizerik ez zebilen eta beroa egiten zuelako. Baina hau ez zen ezer izan azken aldaparekin alderatuta, hura bai ederra! Iturri galantaren ondoan haizea lagun atsedenaldia egin ostean ekin genion azken honi. Dena ahaztu zitzaigun tontorrera ailegatzearekin batera, lekua benetan ederra delako. Han, Landerrek eramandako Nafarroako ardo botila ona edan genuen, Arrateren Suitzako txokolatinekin eta beste pikoteo goxo batekin. Jaitsiera goiz hasi genuen, mendia oso altua ez delako eta euria egiten hasi zelako. Baina hala eta guztiz ere taldearen argazki batzuk ateratzeko denbora egon zen nahiz eta Marta eta biok agertu ez, hotz ginelako jaisteko bidea hartuta geneukalako. Aurtengo mendiko irteerei agur esateko, beti bezala, ondo egon gara. Datorren irteerara arte. Ondo pasa udan. ROSA.

 

2008-05-20

Permalink 12:15:05, Atalak: berbalagunok, mendi irteerak, 42 hitz  

Kolitza, Bizkaiko klasikoa

Kolitzan izan gara Getxoko Berbalaguna egitasmoko kideok asteburuan, Balmaseda inguruak ederto ikusi ahal izan ditugu tontorretik. Kronika idatzia Martak eta Rosak zor digute, egindako argazkiak ditugu erakusteko.

   

   

Argazkiak dituzuenok, mesedez, bidali eta albumean sartuko ditugu.

2008-05-19

Permalink 13:47:36, Atalak: berbalagunok, mendi irteerak, agenda, 124 hitz  

Xareta, Baztan eta Bortziriak

Nafarroazaleak gara eta ibilbide ederra prestatu dugu asteburu honetarako Egizu elkartean. Berbalagun zein lagunek hartuko dute parte. Sara eta bere kobazulo famatuak, Zugarramurdi, sorginak eta istorio zaharrak, Urdazubi eta Axular, Elizondo eta Lesaka, plan zabala egingo dugu, bisita kulturalak, mendi ibilbideak eta bertso bazkaria domekan. Aspertzeko aukera barik.

Sara

Zapatuan 9:00etan Algortako Kirikiñon (Fincas Getxoren ondoan) geratuko gara. Hitzordua 12:30ean dugu Sarako kobazuloetan bisita gidatua egiteko. Eguerdian Zugarramurdirako ibilbidea hasiko dugu. Arrastian Zugarramurdi eta Urdazubi bisitatuko ditugu. Gauean Aterpean afaria. Domeka goizean Xorroxinera paseoa. Eguerdian Lesakako sagardotegian bertso bazkaria. Arrastian buelta egingo dugu. Izena emateko 55 € ingresatu behar dira EGIZUren kontuan (Euskadiko Kutxa 3035 0067 66 0670062588) eta guri abisatu mail bidez zein telefonoz. Sagardotegiko menua (26 €) aparte da, jatetxean bertan pagatuko da.

Zugarramurdi

2008-05-12

Permalink 12:39:15, Atalak: berbalagunok, hitzaldiak, mendi irteerak, agenda, 113 hitz  

Tor Magoaren emanaldiak + Kolitzara irteera

Tor Magoak hiru saio eskainiko ditu aste honetan Getxon. Berbalagun eta euskaldun guztiok gonbidatuta zaudete saio hauetara. Lehen aldia da Egizu elkartean magia saiorik antolatzen duguna eta biharko zita gogoz itxaroten ari gara. Goizeko saioa, gainera, Piper´s Pubean izango da, gosari benetan berezia egingo dugu. Eskerrak bertakoei aukeragatik!

Maiatzaren 13an, 10:15ean Piper´s Pubean Algortan eta 17:00etan Santa Eugenian Romon izango da.
Maiatzaren 14an, 20:00etan Aldai Patronatuan Algortan.

 

Datorren zapatuan, hilaren 17an Kolitza mendira joango gara Getxoko Berbalagunak. Goizeko 9:00etan geratuko gara Telletxeko parkinean eta bokata hartuta goiz pasa egingo dugu Balmaseda aldean. Gogoz bazabiltza deitu (619 935 541) edo idatzi (egizugetxo@gmail.com), betiko moduan.

2008-05-11

Permalink 20:42:31, Atalak: berbalagunok, agenda, 217 hitz  

Getxoko Mintza Eguna prestatzeko bilera. Zatoz!

Buru belarri gabiltza Egizu elkartean ekainaren 14ko Mintza Eguna prestatzen. Lana banatzeko momentua iritsi da eta Berbalagun guztion gogo, ilusio eta lanarekin egun ederrra antolatuko dugu herrian. Oinarrizko informazioa duzue hemen, zalantzarik edo ekarpenik izanez gero, hemen gaude.

 

Badator Mintza Eguna!

Euskal Herriko III. Mintza Eguna hurbiltzen ari da, eta dakizunez Getxon izango da ekainaren 14an, zapatuan. Euskal Herriko hainbat lekutatik 300 lagun baino gehiago etorriko zaizkigu jai egun honetara. Horregatik zure laguntza behar dugu. Berbalagun guztiok antolatuko dugulako egun berezi hau.

Lan taldeak:
Lan taldeak osatzeko bilera bat antolatu dugu maiatzaren 20an, martitzena, 20:00etan Aldai Patronatuan. Bertan azalpen guztiak emango dizkizugu, eta lana banatuko dugu. Oso garrantzitsua da zeu ere etortzea!

50 tortilla baietz!
Egun horretako hamaiketakoa ere denon artean egingo dugu. Horretarako 50 patata tortilla behar ditugu. Tortilla bat edo gehiago egiten animatzen bazara, deitu edo idatzi egiguzu.

Bazkari txartelak
Egun horretako bazkaria Romoko Santa Eugenian egongo den karpan izango da, eta txartelak salgai egongo dira maiatzaren 30era arte. Joateko asmoa baduzu 18€ ingresatu kontu zenbaki honetan, zure izen-abizenak emanda:
Euskadiko Kutxa: 3035 0067 66 0670062588.
Ingresoa egin eta gero guri deitu abisatzeko.

Besterik ez Berbalagun, espero dugu modu batera edo bestera, egun honen antolakuntzan parte hartzea. Edozein duda izatekotan, galdetu lasai!

EGIZU Getxo Euskaldun Elkartea | Karitatea, 1-sotoa- 10.bulegoa 48991  Algorta, GETXO | 616 885 165 (Ander)   |  619 935 541 (Rozio) | egizugetxo@yahoo.com |

2008-05-06

Permalink 12:43:40, Atalak: berbalagunok, irteerak, kirola euskaraz, mendi irteerak, 404 hitz  

Tologorriko abenturak

Oraingo honetan Edurnek eta Mertxek, EGIZU elkartearen berbalaguna egitasmoko kideek, mendiko kronika idatzi digute, ea hurrengoan animatzen zareten etortzera eta idaztera!

 

Kaixo berbalagunok:
Apirilaren 27an hamaika lagun joan ginen Tologorrira.
Tologorri mendia Bizkaia eta Araba artean dago, Gorobel edo Salvada mendilerroan, eta 1.067 metroko altuera dauka.
Algortatik Urduñako Lendoñogoiti auzora iristeko ordubete behar izan genuen, autoz.
Hiru argazkilari eraman genituen, Mikel, Josu eta Ibon. Oso ondo pasatu zuten argazki pilo bat ateratzen.
Ibilbidearen lehenengo atala oso gogorra izan zen; basoaren erditik igo ginen ahuntzen bidea hartuta.
Behin Iturrigorri izeneko iturrira helduta, Arantzak motxilan zeraman Erreserbako ardoari esker ura gorri bihurtu zen; horren ondorioz TOLOGORRI izena hartzen du mendi honek.
Tologorriko gailurreraino joan ginen. Lauzpabost arrano gure gainetik hegan egiten zuten, haien hegalak oso zabalak ziren, lasaitasun itzela emanez.

 


=> Gehiago irakurri!

2008-04-16

Permalink 11:11:14, Atalak: egizu, kultur jarduerak, hitzaldiak, 87 hitz  

Astelehenean ttakuna eta herrena

UKTEST elkarteak txalapartaren erabilera sustatzen du Uribe Kostan, 4 urte luze daramate lanean Euskal Herriko musika tresna honen zabalkundearen alde. Txalaparta ikastaroak eskaintzen dituzte umeentzat ikastetxeetan, gazte eta helduentzat kultur etxeetan. Urtero irailean jaialdia antolatzen dute, txalaparta kalera ateratzeko, denoi aukera emateko, gutxienez, behin probatzeko zelakoa den.

Eta engantxatzen du, txalapartarekin inprobisazioa lantzen dute Urkok eta Karlosek beste elkartekideekin batera. Ttakuna eta herrena oinarri hartuta hainbat Getxoztarrek izan genuen aukera joan den astelehenean txalaparta probatzeko, baita eurei adi adi entzuteko ere.

ext-align:center">

2008-04-13

Permalink 21:00:18, Atalak: agenda, kliska, 900 hitz  

kliska . 007

[ ; - ] k l i s k a . 007


Eskerrik beroenak Bizarra Lepoan elkarteko koordinatzailea den Goizaneri!

DATORRENA ::: Urpekaritza ibilbidea
DATORRENA ::: Magia
AGENDA ::: APIRILA + MAIATZA
ELKARRIZKETA ::: Ander Egiluz + Bakarrizketa ispiluari begira
IRITZIA ::: Toponimia gazteentzat, gure historia euskaraz + Zaloa Lopez de Munain
EUSKARAZ BIZI ::: sustatu.com

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

=> Gehiago irakurri!

2008-04-11

Permalink 14:19:01, Atalak: egizu, kultur jarduerak, hitzaldiak, agenda, 70 hitz  

Hitzaldi txalapartatsua UKTEST elkartearen eskutik

Apirilaren 14an hitzaldi txalapartatsura etortzeko gonbitea duzue hau! Txalaparta gustuko izanez gero, ezin duzue galdu hitzaldi hau, historiaz, mitologiaz eta txalapartaren erabileraz berba egingo dute UKTESTeko kideek. Elkarte honek, besteak beste, txalaparta jotzeko ikastaroak antolatzen ditu gure eskualdean. Astelehenean eurak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu antolatuta ditugun 4 saio hauen bitartez: 9:00, 10:30etan Andres Isasi Areetako Musika Eskolan, 16:30etan Santa Eugenia Romoko Kultur Etxean eta 20:00etan Algortako Aldai Patronatuan.

2008-04-04

Permalink 12:49:52, Atalak: egizu, berbalagunok, 121 hitz  

Getxoko euskaltegietara bisitan!

Datorren astean, hilaren 8, 9 eta 10ean, Getxoko 3 euskaltegietara joango gara, udaberrian berbalaguna kanpainaren berri ematera. Euskalduntzen ari direnak edo euren euskara lantzen ari direnak gonbidatu nahi ditugu udaberriko berbalagun taldeetan izena ematera, jende berria euskaraz ezagutzeko, ikasten ari direnei laguntzeko, euskara kalera ateratzeko. Astean ordubetez elkartzen dira berbalagun taldeak, pote bat elkarrekin hartzeko, paseatzeko, elkarrekin kirola egiteko. Ikasleen artean udaberrirako prestatu dugun kirol eta kultura jardueren egitaraua ere zabaldu nahi dugu, baita III. Mintza Egunaren berri eman ere, azken hau Getxon izango da eta denon artean lan egin beharko dugu Euskal Herri osotik etorriko diren lagunei ongietorria emateko.

Asteartean Udal Euskaltegian klasez klase ibiliko gara, asteazkenean Jose Antonio Agirre euskaltegira eta ostegunean Lauaxeta aek-kora joango gara. Ondo segi eta bertan elkartuko gara!


2008-04-02

Permalink 20:10:57, Atalak: kirola euskaraz, agenda, bizikleta taldea, 63 hitz  

Bizikletak aterako ditugu ganbaratik


(Bardeetara bizikletekin joan gineneko irudia)

Apirilaren 12an Barakaldo-Galdames (50 km joan etorria) ibilbidea txirrindulaz egitera gonbidatu gaituzte Barakaldoko berbalagunek. Meategiko trenbide ohiaren bidetik gidatuko gaituzte Sasiburu Barakaldoko euskaldunen elkarteko kideek.

Getxokoak Algortako Telletxe metro sarreran geratuko gara zapatuan 8:00etan, bertatik metroz Ansiora, hantxe elkartuko gara Sasiburukoekin. Animatu, eta Algortatik bazatoz, izena eman telefonoz 619 935 541 zein posta elektronikoz: egizugetxo@gmail.com. Zalantzarik edo galderarik baduzu, bota!

2008-03-27

Permalink 20:37:32, Atalak: berbalagunok, irteerak, kirola euskaraz, mendi irteerak, 232 hitz  

Oiz mendiko kronika

Pasa den martxoaren 15ean, EGIZUren mendi taldekoak Oiz mendira igo ginen. Nahiz eta eguraldi-iragarpenak euria egingo zuela esan, azkenean eguzkia irten eta Oiz mendira abiatu ginen.

    

Batzuek mendira heltzeko hain gogo handia zeukaten ezen taldea ia despistatu zuten baina Trabakuan guztiok bildu ginen. Orduan, Oiz mendiaren tontorrerantz abiatu ginen. Aldapak igotzean arropa soberan geneukala uste  genuen bero handia zegoen eta. Baina aldapak amaitu ondoren haize hotza jotzen hasi zen. Eta… han zeuden erraldoiak, energia eolikoa egiten duten haize-errotak. Handik Urdaibai, Mundaka, Durangaldea,…ikusten genituen. Irudia izugarri polita zen. Oiz mendiari Bizkaiko begiratokia esaten zaio. Hala ere, bidea jarraitu genuen eta, bapatean, zaparrada handi bat hasi zen eta etxetxo baten ondoan aterpea bilatu genuen. Batzuek hamaiketako egitea ideia ona izango zela pentsatu genuen, beste batzuek, ordea, bazkaria. Egia esateko, gehienak.

 

Ordu erdi beranduago, indarrak berrituta eta eguzkiarekin tontorreraino igotzea erabaki genuen. Tontorrera igotzean lainoa sartzen hasi zen, beraz, heldu ginenerako ezin izan genuen ezer ikusi, haize-errotatik lainoa pasatzen bakarrik. Baina, hori ezin dugu egunero ikusi eta merezi zuen. Izugarri polita zen.

Zoritxarrez, itzuli behar genuen. Eta aparkaleku ondoan zegoen tabernan zerbait hartu genuen eta kotxeak hartzerakoan berriro euria egiten hasi zen. Hala ere, egun gogoangarria izan zen. Hurrengo irteeran zeuk ere ezagut ditzakezu Euskadiko mendiak giro ezin hobean.

(Araceli Aginagarena da testua eta Mikel Mtz de Osabarenak argazkiak, eskerrik asko bioi!)

2008-03-18

Permalink 13:14:16, Atalak: berbalagunok, 111 hitz  

Udaberrian berbalaguna

Udaberrian kalean gehiago ibiltzen gara, etxetik atera nahi izaten dugu, denbora hobeto aprobetxatu, gustuko gauzetan aisialdiaz gozatu, eta horixe da proposatzen dizueguna. Hizkuntza erabili, lagun berriak egin, euskara ikasleak lagundu eta kirolaz euskaraz gozatu, hauek dira "udaberrian berbalaguna" kanpainaren leloak.

 

Apirilaren 15era arte duzue epea izena emateko, talde berriak sortuko ditugu, adinaren eta denbora librearen arabera, astean ordubetez kafetxo bat hartu, paseatzera atera, frontoian aritu... norberak nahiago duena. Gaur egun 180 lagun gabiltza 24 taldetan. Berbalaguna proiektua EGIZUren oinarria da, erabilera sustatzeko martxan jarri genuen orain dela 8 urte. Familia handitzen ari da eta gero eta gehiago gara, zeu ere animatu!

Telefonoz 616 885 165 zein posta elektronikoz egizugetxo@yahoo.com.

 

2008-03-13

Permalink 14:38:00, Atalak: berbalagunok, irteerak, 74 hitz  

"Asko nahiz gutxi jan, hiru aldiz edan"

“Asko nahiz gutxi jan, hiru aldiz edan” hala diño esaera zaharrak eta halaxe egin gendun EGIZU elkarteko laguneri esker martxoaren 1ean. Goizean txokolatea Tolosako Letxuga kalean, eguerdian sagardoa kupel artean, eta arratsalde partean makina bat zurrutada eta tragoxka Astigarragako kaleetan zehar. Eguraldi ederra, nahie kanta eta dantza, konpainian onean... holan bizi leike!

  

Amagoiaren kronika (eskerrik asko, dantzari!) + gure argazkiak + santutxukoenak + gorka berbalagunarenak irudikatu dezakezue gure sagardobidaia ;)

Permalink 14:25:22, Atalak: berbalagunok, irteerak, eski ikastaroa, 69 hitz  

Eskiatzen onenak gara

Baten batek duda izan zezakeen, baina Somporten zelan ibili ginen ikusita... eskiatzen onenak garela esan dezakegu. Talde handia joan ginen, gazteak, umeak, gurasoak, eta denentzat ondo pasatzeko aukera.