Artxiboak: 2007

2007-12-20

Permalink 11:07:46, Atalak: egizu, berbalagunok, kirola euskaraz, mendi irteerak, 56 hitz  

Baso magikoetan barrena

Batzuk badakizue zelan gustatzen zaizkidan ume zein helduentzako ilustrazioak, irudietan topatzen ditugun mundu bizi eta paralelo horiek... aurreko zapatuan Orisolera egindako irteeran ipuinetako baso magiko horietako batean ibiltzeko aukera izan genuen, Josu gidari, betiko legez.



Hemen duzue Mikelek egindako argazki eder bat, gehiago hemen.

Hurrengoan, urtarrilaren 19an, Arabara joango gara, Toloñora, ea animatzen zareten!

2007-12-13

Permalink 13:55:06, Atalak: berbalagunok, irteerak, 65 hitz  

Itsasmendi txakolindegian izan ginen

Abenduaren 1ean Gernikara joan ginen Berbalagunok eta Bizarra Lepoan elkarteko lagunok. Mundu mailako kalitate handiko produktuak ekoizten dituen Itsasmendi Upategia bisitatu, txakolinaren prozesua ezagutu genuen bertatik bertara, egileek beraiek azaldu ziguten euren ibilbidea Euskal Herrian eta Amerikako Estatu Batuetan. Oso interesgarria egiten duten beharra eta zelan egiten duten. Bizkaiko txakolin ona probatu nahi baduzue, Itsasmendikoa gomendatzen dizuegu.









Argazkiak Mikel Mtz de Osabarenak dira, zelan ez.

2007-12-05

Permalink 22:03:10, Atalak: egizu, berbalagunok, kirola euskaraz, mendi irteerak, agenda, 51 hitz  

Oriol, Orisol, Orixol, Etxaguengo atxa...

Abenduaren 15ean Aramaio aldera joango gara, Orisol mendira. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa elkartzen diren lekuan. Bista ederrak omen daude bertatik, Arabako lautada, Anboto eta durangaldea, Udalaitz. Bertako irudiak hemen topako dituzue, ibilbidearen nondik norakoak, betiko moduan, Euskal Mendiak web gunean.



Animatu eta hasi izena ematen. Josu Esnaolak oraingoan ere gidatuko gaitu.

2007-11-27

Permalink 14:52:22, Atalak: berbalagunok, agenda, uribe kostako irakurzaleen txokoa, 44 hitz  

edan ase arte



Mikel Peruarenaren hitzek eta Txus Aranbururen bandoneoiak bide horretan eramango gaituzte, aretoari taberna itxura baino gehiago emango diogu, edan egingo dugu modu batean baino gehiagotan. Gaur arrastian hau da gure proposamena, gonbidatuta zaudete denok.

Algortako Aldai Patronatuan, arrastiko 20:00etan. Egarria besterik ez duzue behar!

2007-11-26

Permalink 20:55:32, Atalak: berbalagunok, kirola euskaraz, mendi irteerak, 955 hitz  

Zumaiatik Debaraino egindako bidaiaren sasi-kronika

2007ko azilaren 17an Zumaiatik Debaraino egindako bidaiaren sasi-kronika

Bidaiarako geunkan gidariak, goizeko hamar eta erdien inguruan edo, ziztu bizian atera ginduzan Zumaiatik.

San Telmoko baselizaren ondotik igaro orduko taldea sakabanatzen hasia geunkan.

 

10-36-12

Batzuk aurrera jarraitzen eben bitartean, beste batzuk argazkiak ateratzen ziharduen.

 

10-39-32

=> Gehiago irakurri!

2007-11-11

Permalink 21:56:40, Atalak: egizu, berbalagunok, kirola euskaraz, mendi irteerak, agenda, 34 hitz  

asteburuan zumaiara!

Azaroaren 17an, 8:30ean Algortako parkinean geratuko gara, betiko moduan. Kotxeetan Zumaiaraino, handik oinez Debara, itsasoa, mendialdea, flyschak ikusiko ditugu. Gogorik baduzu, deitu, taldea ondo antolatzeko. Ibilbide horren argazkiak topatu ditugu han eta hemen. Animatu!

zumaia deba

2007-10-24

Permalink 11:22:39, Atalak: berbalagunok, kirola euskaraz, mendi irteerak, agenda, 121 hitz  

Zapatuan Itxina aldera!

Urriaren 27an, zapatuan, ikasturte honetako lehenengo zita dugu Berbalagunok mendira joateko. Algortako Telletxe plazako parkinean 8:30etan geratu eta betiko moduan kotxeetan joango gara. Handik Orozkora, Ibarra, Urigoitiko bidea, Usabel eta  Belaustegiko aparkalekuraino iritsiko gara. Oinez egitekoa hauxe: Belaustegi(670m) - Austigarmin(1.020m) [35'] - Ipergorta(1.235m) [20'] - Gorosteta(1.261) [20'] - Kargaleku(1.115m) [20'] - elurzuloa [25'] - Belaustegi(670m) [40']. Mendien inguruan informazio eta argazki gehiago ikusteko web gune hau oso egokia da.



Mendira joateko irrikaz geunden eta zerrenda prestatu dugu, ez da inondik inora behin betikoa. Gida bat, hemendik aurrera hilean behin egitekoa markatzeko. Betiko moduan ekarpenetara zabalik dago.

Hauxe proposatzen duguna:
Urriaren 27an Gorosteta
Azaroaren 17an Zumaia-Deba
Abenduaren 15ean Erlo
Urtarrilaren 19an Toloño
Otsailaren 16an Aratz
Apirilaren 19an Tologorri
Maiatzaren 17an Kolitza

Gorostetarako ibilbidea Josuk proposatu du eta gidatuko du, animatu zeuk ere proposatzera!

2007-10-09

Permalink 14:55:20, Atalak: agenda, uribe kostako irakurzaleen txokoa, 95 hitz  

Surik falta zaizu?

Katixa Agirre gasteiztarraren lehen ipuin liburua proposatzen dizugu urrian zehar irakurtzeko. Uxue Alberdik bere kritikan honela dio: Zigarro bat dugu, baina sua falta zaigu. Sexu grina dugu, baina gure bikoteak ez gaitu asetzen. Eta zurrunga egiten du. Kafea hartu nahi dugu, baina ez dugu kafe-makina elektrikoa non entxufatu, edo kafeari usaina falta zaio, edo kafea perfektua da baina hura behar bezala dastatzeko konpainiarik ez dugu.

 

Irakurtzeko asmorik baduzu, animatu, urriaren 25ean aukera izango dugu berarekin egon eta horretaz berba egiteko. Algortako Villamonte kultur etxean, 20:00tan elkartuko gara Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoa egitasmoaren eskutik.

2007-10-08

Permalink 20:18:27, Atalak: egizu, agenda, sendi proiektua, ikastaroak, 78 hitz  

Gurasoek ere laguntza behar dute!

Gurasoentzako ikastaro berezia ipiniko dugu martxan Getxon, euskaraz  jakin arren, umeei etxeko lanetan laguntzerakoan arazoak izaten dituztenenentzat. Hiztegia landu, gaiak nola azaldu, amak eta aitak trebatzean datza ikastaroa, umeen etxeko lanak ulertzen eta egiten laguntzeko.

 sendi proiektuaikastaroaren kartela

Urriaren 16an hasiko da, 50 orduko ikastaroa, astearte eta ostegunetan, 10:00-11:30 edo 18:00-19:30, 40 euro, Getxoko euskaltegietan, izena eman behar da lehenbailehen. Begirale zerbitzua doan arratsaldez umeak zaintzeko gurasoak ikastaroan dauden bitartean.

Izena emateko zein informazioa jasotzeko deitu (685 73 29 63) edo idatzi (sendigetxo@yahoo.com).

2007-10-04

Permalink 09:29:20, Atalak: agenda, kliska, 884 hitz  

kliska . 006

[ ; - ] k l i s k a . 006


Eskerrik beroenak Itzubaltzeta Gaztetxeko kide Gaizka eta Mireni!

DATORRENA ::: Meakaur aterpetxera!
DATORRENA ::: Erabili gura?
AGENDA ::: URRIA
ELKARRIZKETA ::: Herriko gazteak + Itzubaltzetako kide Gaizka eta Miren
IRITZIA ::: ERABILI! + Rozio Luces
EUSKARAZ BIZI ::: gaztesarea.net

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

=> Gehiago irakurri!

2007-09-27

Permalink 14:54:01, Atalak: berbalagunok, agenda, 107 hitz  

Aurten berbalaguna!

berbalagunon argazki albumak 

Ikasturte berrirako asmo zaharrak berritzea proposatzen dizugu. Betiko moduan euskaraz egitera gonbidatzen zaitugu, tabernan, paseoan, frontoian, mendi ibilaldietan, irteera kulturaletan, berbalagunon topaketetan.

Iaz 100 berbalagundik gora ibili ginen Getxon, aurten gehiago izan nahi dugu eta horretarako zure inguruko norbait gonbidatzea proposatzen dizugu. Euskara ikaslea zein euskaraz ondo dakiena, denok gara ezinbestekoak Berbalaguna egitasmoan. Euskaldunon arteko sarea handitu eta sendotu behar dugu, erabili egin behar dugu gure hizkuntza.

Urriaren 31ra arte izango duzu epea izena emateko, bulegoan zein telefonoz. Fitxan zehaztu behar duzu zein egun eta ordutan parte hartuko duzu. Edozein zalantza edo ekarpen egin nahi badiguzu, deitu (619 935 541), idatzi (egizugetxo@yahoo.com) edo bulegotik pasa (Karitatea 1, sotoa).

2007-09-15

Permalink 13:32:36, Atalak: egizu, kirola euskaraz, yoga ikastaroa, agenda, 83 hitz  

Yoga ikastaroa euskaraz Algortan

Urriaren 1ean hasita eta ekainaren amaierara arte yoga euskaraz egiteko aukera izango dugu Getxon. Algortako San Nikolas ikastolak urtero lekua egiten digu horretarako Haur Hezkuntzako bere lonjan. Ikastaroa astean birritan izango da, astelehen eta eguaztenetan, 19:30etik 21:00etara, Hasier Rekondo irakasleak emango du, urtero legez. Izena eman ahal duzue telefonoz (619935541) edo posta elektronikoz (egizugetxo@yahoo.com). Hilero 30 € balio du, berbalagunok, Bizarra Lepoaneko kideok eta San Nikolas ikastolako guraso zein langileok merkeago dugu, 25 €.

 

yoga ikastaroa

 

Ikastaroa egokia da hasiberri zein esperientziadunentzat, animatu!

2007-09-14

Permalink 14:44:03, Atalak: egizu, berbalagunok, 143 hitz  

Ikasturte berrirako prest?

Uda badoa eta gu bagatoz. Aste hauetako atsedenaren ostean gutxi barru prest izango dugu kurtso berrirako programa. Horretarako, beti bezala, zuen ekarpenak behar ditugu. Nora joan nahi duzue aurten? Mendiak, irteera kulturalak, jaiak, asteburu pasak... Zein kirol egin nahi duzue euskaraz? Bizikleta, yoga, aerobik, irristaketa, mendia... Nor edo nortzuk gonbidatuko ditugu aurten? Hitzaldiak, diaporamak, ipuin kontalariak, tailerrak... Taldera joateko gogoz? Iazko ezagunak ikusi, lagun berriak egin, berriro martxan gabiltza!
Berbalagunen artean batzuk euskaraz bizi gara, baina gehiengoak ez dauka aukera handirik egunerokoan euskaraz egiteko, eta hori da, hain zuzen gure helburua, une berriak, espazio berriak zabaltzea. Harreman sare berriak sortu behar ditugu euskaldunok, astean ordubeteko konpromisoaren bitartez asko eman eta jaso dezakegu, leiho asko zabaldu.
Getxoko euskaldunak, beraz, denok gonbidatuta zaudete Berbalagunan parte hartzera, erabiltzea gure esku dago hein handi batean. Aukerak aprobetxatu, sortu eta bultzatu. Ondo etorri!

2007-07-09

Permalink 12:08:02, Atalak: egizu, berbalagunok, 70 hitz  

udako berbalaguna

Berbalagun talde gehienak oporretan daude, baina guztiak ez. Udan, Getxon bertan, euskaraz aritu nahi baduzu izena emateko aukera duzu. Noiz elkartuko gara? Talde berria sortuko dugu astelehen eta asteazken arrastietan, 19:00etatik 20:00etara, egun bietan zein batean etor zaitezke. Goizez taldea sortzeko jende bila gabiltza, animatzen zara? Nortzuk izango gara? Berbalagun batzuk urtean zehar egondakoak gara, besteak, berriz, izena orain eman dutenak.



Telefonoz (619 935 541 / 94 491 4357) zein posta elektronikoz (egizugetxo@yahoo.com) kontaktuan ipini!

2007-06-28

Permalink 11:35:04, Atalak: egizu, kultur jarduerak, agenda, 93 hitz  

eskerrik asko algortako bertso eskolari!

Urtero legez, bazter honetan egiten du Algortako Bertso Eskolak family photo-a. Ondoren bazkaria, mihiluze saioa, bertso-antzerkia eta abar luzea izan genituen. Albumean argazki batzuk dituzue. Eskerrik asko denoi gonbidapena, lana eta giro apartagatik!

family photo





Josu Landeta eta Xa2ri eskerrik asko, ederto pasa dugu "0tik hasita" ikastaroan hasi garenok. Datorren urterako nor animatuko da 0.1 mailatik aurrera? Eta praktikatzen joateko zergatik ez bertsoren bat egin eta oparitu gure irakasle eta ikaskide zoragarriei? Ea nor animatzen den aurrena! Erantzunetan utzi ahal duzue edo posta elektronikoz bidali egizugetxo@yahoo.com. Ondo segi eta gero arte!

2007-06-27

Permalink 14:21:03, Atalak: kultur jarduerak, ipuin kontaketak, agenda, 47 hitz  

Umeen San Juan Sua



Urtero herriko elkarteen artean antolatzen dugu txikitxuentzako sua Algortako San Nikolas plazan, argazki batzuk egin ditugu eta ikusgai daude HEMEN. Hor izan bazarete eta argazkiak badituzue bidali egizugetxo@yahoo.com helbidera eta gure albumean ipiniko ditugu.



Eskerrik asko denoi egindako lanagatik, ederto pasa dugu. Hurrengo urtera arte!

2007-06-25

Permalink 14:48:16, Atalak: berbalagunok, 205 hitz  

Zorionak eta eskerrik asko!

Merienda izan genuen barikuan, berbalagunona. Urtero legez, ikasturteari egur esan eta udari ongietorri! Aldai Patronatuan lotu ginen, urteko argazki onenak ikusi, plan berriak, ideia berriak datorren ikasturterako.



Landerrek prestatu zuen denontzako gutuna hementxe uzten dizuegu:

Berbalagunok, lagunok:
Arrastion eta eskerrik asko denoi kurtso amaierako merienda honetara etortzeagatik.
Gu ez gara oso diskurtsozaleak, ez garelako oso formalak, badakizue, baina gaur salbuespen txikia lerro hauek botatzeko.
Lerro hauen bitartez bakar bakarrik esan nahi dizkizuegu bi gauza: eskerrik asko eta zorionak. Eskerrik asko guztioi kurtso honetan ere, txintxo-txintxo ibili zaretelako, astero, tabernan, plazan, kalean, kafea hartzen, pintxoak jaten, ondo pasatzen... euskaraz. Eskerrik asko hitzaldietan, diaporametan, ikastaroetan, mendi irteeretan, bertso saioetan, bizikletaz ibiltzen, Euskal Herria ezagutzen egon zaretelako... euskaraz.
Eskerrik asko EGIZU egin duzuelako, zabaldu duzuelako, handitu duzuelako. Mila esker, benetan denoi.
Eta zorionak. Zorionak zuei, gero eta gehiago garelako, inoiz baino talde gehiago ditugulako, jarduerak, planak, asmoak, ametsak handitzen, zabaltzen lagundu duzuelako.
Askotan esaten dugu eta ez da esaldi hutsa. Gaur ere esango dizuegu: zeuek egiten duzue EGIZU, zeuek zarete EGIZU. Zorionak denoi.
Eta datorren urtean gehiago. Gehiago eta hobeto. Zuek nahi duzuen guztia, euskaraz, zuentzat, denontzat. Getxon euskaraz bizi arte.
Besterik ez berbalagunok, lagunok: eskerrik asko eta zorionak.

Ondoren portu zaharrera jaitsi ginen, gau ederra, giro ederrean!

2007-06-18

Permalink 20:58:12, Atalak: egizu, berbalagunok, agenda, 61 hitz  

ñam ñam euskaraz zelan esaten da?

Barikuan, ekainaren 22an, Aldai Patronatuan arrastiko 20:30etatik aurrera, berbalaguna izan bazara konprobatu ahal izango duzu, ikasturte bukaerako merienda dugu. Edariak gure kontura, etortzekoa bazara abisatu eta meriendatzeko zer edo zer ekarri. Urtean zehar egindako argazkiak ikusiko ditugu eta ederto pasako dugu.

Tripa bete ostean, 22:30ean, portu zaharrera jaitsiko gara Balkoitik Balkoira bertso emanaldia ikustera. Beraz baduzu planik bariku honetarako, animatu zaitez!

2007-06-11

Permalink 13:58:34, Atalak: egizu, irteerak, bizikleta taldea, 49 hitz  

Euria basamortuan

Asteburu honetan Bardeetan izan gara bizikletekin, beroa, sargoria, euria, hego zein ipar haizea ezagutu ditugu bizikleta gainean, paisaia idor ederrak Nafarroako hegoaldekoak. Ez baduzue ezagutzen plan ederra da udaberrian zein udazkenean bisitatzeko. Guk ederto pasa dugu eta datorren urterako planak egiten hasi gara, bizikletaz nora joan nahi duzu zuk?





2007-06-07

Permalink 14:09:34, Atalak: berbalagunok, 74 hitz  

Donostian zelan pasa zenuten?

Ondo dakizuenez II Mintza Eguna ospatu genuen ekainaren 2an Donostian. Lagunen blogetan kronikak eta argazkiak ikusten ibili gara, hemen behean dituzue linkak. Aurpegi ezagunak dira gehienak. Zer edo zer gehiago topatzen baduzue sarean hemen linkeatuta ez dagoena, mesedez, utzi linka erantzunetan.

nork jan zituen txorizo pintxo guztiak?

Tximintx euskara elkarteak zer dio?
Santutxukoen bloga eta argazki albuma
Zahar berri egitasmoaren kronika
Iruñerriko mintzakideena
Benitoren kronika bilduma
Berriketanekoen bideoa
Enkarterrietakoen bloga eta argazki albuma
Topaguneak egindako kronika eta argazkiekin aurkezpena.

Ondo segi eta berba askotarako!

2007-06-04

Permalink 14:47:38, Atalak: egizu, berbalagunok, 70 hitz  

Aurten zelan ibili zara taldean?

Ikasturte amaiera gertu daukagu, azken egunak berbalagun taldean biltzeko, hausnarketa egiteko garaia ere bada. Guk proposatzen dizugu, berbalaguna egitasmoan parte hartu baduzu balorazio fitxa betetzeko. Linkari jarraitu, deskargatu word dokumentua, bete eta posta elektronikoz bidali helbide honetara: egizugetxo@yahoo.com. Denon iritziekin osatu, aldatu, hobetu egiten dugu Berbalaguna. Urtetik urtera ekintza berriak, tailer ezberdinak eskaintzen saiatzen gara, irteerak ere denon artean proposatzen dugunaren arabera antolatzen ditugu. Berbalaguna zure esku dago.

2007-05-26

Permalink 14:04:36, Atalak: berbalagunok, irteerak, kirola euskaraz, agenda, bizikleta taldea, 120 hitz  

Bazatoz Nafarroako basamortura?

Aspaldiko partez ezagutu nahi ditugu Bardeak eta horregatik antolatu dugu ekainaren 9 eta 10ean hara asteburu pasa. Bizikletak Getxotik eraman eta bi ibilbide egingo ditugu: zapatu arrastian 25 kilometrokoa eta domekan 50ekoa, bietan Argedasetik aterako gara. Bertako aterpean gaua pasatuko dugu. Behean duzue asteburu horretarako prestatu dugun egitaraua. EGIZUren kontu korronte zenbakian (Euskadiko kutxa: 3035 0067 6606 7006 2588) 55 € ingresatu behar dira norberaren izenean (autobusa + afaria + aterpea + gosaria), bi bazkariak etxetik eraman behar dira, ura ere ez ahaztu! Ekainaren 4ra arte epea zabalik duzue izena emateko.



Ekainak 9
8:00 Kirikiño (Algorta)
11:00 Erriberri (Olite) bisitatu + hamaiketakoa
13:30 Bazkaria Argedasen
15:00 Bizikleta ibilbidea (Castildetierra famatua ezagutu)
19:00 Aterpea
20:30 Afaria

Ekainak 10
8:00 Gosaria
9:00 Bizikleta ibilbidea (Piskerrarantz)
13:00 Bazkaria Piskerran
15:30 Castildetierra
17:00 Argedas
18:00 Autobusa
21:00 Kirikiño

Bardeak hobeto ezagutzeko link batzuk ditugu hemen:
ARGIA
EuskalHerria.com
Zientzia.net
bardeak flickr-en

2007-05-23

Agoteak + Baztan + Bertiz

Joan den asteburuan Mahatserriko berbalagunekin batera Baztanera joan ginen 23 lagun. Bozate auzoan agoteen historia entzun genuen agote baten ahotik, Xabier Santxotena eskultoreak bisita ederra prestatu zigun. Aukerarik baduzue bisitatu eskultura parkea eta Gorrienea etxea, merezi du!

 

Arrastian Lekarotzeko aterpean motxilak utzi ondoren Iruritako jai giroan murgildu ziren gutako batzuk, bertso bazkariaz gozatu, herriko taberna ondo ezagutu ;) Beste batzuk Elizondora joan ginen, bailarako hiriburu dotorean paseoa, etnografia museo ederra bisitatu eta aterpera afaltzera.



Gauez Iruritara joan ginen batzuk, eta hor ere juerga apur bat, plazan txosnaren ondoan Baztango mutil dantzekin gozatzeko aukera, errebote plazan karpa jarrita zegoen, hor musika eta gaztetxoak, eta gu, talde heterogeneoa! Dantzan eta dantzan aspaldiko megahit-ak. Hurrengo goizean Bertizko natur parkera, euriak harrapatu gintuen parkeko lorategia bisitatzen ari ginela, Erratzuko Marijoxeren azalpenak oso onak izan ziren, leku askotako arbolak ikusi eta ikutzeko aukera, bisitatu beharreko tokia, bertan oinez zein bizikletaz ibilbideak egin daitezke.

Etorri bazara eta argazkirik egin baduzu bidali epostaz helbide honetara: egizugetxo@gmail.com
Argazkien albumean sartuko ditugu.

****************

Eskerrik asko Santutxuko Asapalako lagunei (haien argazkiak HEMEN), Iñakiri eta Josuri egindako argazkiengatik.
Ah! Eta beste gauzatxo bat, hementxe dituzue Mikel Laboaren kanta batzuen letrak, gustatuko zaizkizue.

Ursuako kanta

-"Goiti zazu burua
ene arreba Juana"

-"Eztezaket goratu,
anai Bautista jauna."

-"Izorra omen zara,
ene arreba Juana."

-"Zertan ezautzen nauzu
ene anaia jauna?"

-"Zaldia zelarekin
zuretzat jarria da."

-"Nik eiten dudan haurra
zure besokoa izain da."

Ursuak zazpi leiho,
zazpiak lerro lerro;
Lantainako alaba
Ursuan defuntu dago.

Ursuan defuntua
Santa-Anan kausitua;
adios erran gabe
etxetik partitua.

Zazpi errota berri,
zortzi jauregi xuri;
horien guztiengatik
nik ez Ursura nahi.


BAZTAN

Ez dakit garbi noiz
Baina, egunsentiarekin
Izango zen
Baztango bazterrak
Isilka
Nire logelan hasi ziren
Hasi ziren
Sartzen eta sartzen

Lekurik ezak, nonbait
Esnatu ninduen
Segituan jausi nintzen
Non nengoen

Leihoa ireki nuen
Eta emeki-emeki
Baztango lurrean
Baztan baitan
Baztan izan nintzen

J.A. Artze eta M. Laboa

2007-05-22

Permalink 12:14:17, Atalak: egizu, berbalagunok, kultur jarduerak, 130 hitz  

Donostiako Mintza Egunera joateko azken eguna!

Ekainaren 2an Donostian ospatuko dugu Euskal Herriko berbalagun guztiok Mintza Eguna. Urtean zehar norberak bere herrian berbalagun taldeetan parte hartu eta gero beste eskualdeetako jendea eta egoera ezberdinak ezagutzeko eguna, aldi berean ospatu eta ikasturteari amaiera goxoa emateko eguna.



Festa izango dugu ekainaren 2an, Algortatik 9:30ean aterako gara, Kirikiñotik. Santutxun geldialdia egin ostean Donostiako bulebarreko kioskoan harrera beroa egingo digute bertsolariek 11:30ean, handik bisita gidatua alde zaharrean zehar, 12:30ean hamaiketakoa Arrano beltza euskal tokian eta 14:00etan bazkaria Trinitate plazan, bertan karpa jarriko dute Donostiko Bagera euskara elkartekoek. Bazkalostean sari banaketa izango da, geroxeago kantatzeko eta dantzatzeko aukera izango dugu.

Etorri nahi baduzu, deitu telefonoz lehen bait lehen (619 935 541 Rozio) eta egin 28 euroko ingresoa EGIZUren kontu korrontean (Euskadiko Kutxa 3035 0067 6706 7004 9987).

Animatu eta parte hartu!

Iazko EGIZUren argazkiak HEMEN

Iazko Mahatsorrikoen argazkiak HEMEN

2007-05-08

Permalink 20:31:23, Atalak: kliska, 931 hitz  

kliska . 005

[ ; - ] k l i s k a . 005

Eskerrik beroenak Erromoko Caracola dendako langileei!

DATORRENA ::: Uda badator!

DATORRENA ::: Bazatoz Baztanera?
AGENDA ::: MAIATZA - EKAINA
ELKARRIZKETA ::: Merkatari euskaldunak + Lourdes & Aitor
IRITZIA ::: "Euskara Zabaltzen" zabalan + Laura Lapeyra
EUSKARAZ BIZI ::: zernola.net

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

DATORRENA ::: Uda badator!

UDALEKU IREKIAK PRESTATZEN ari dira Bapiruken, Getxoko 5-12 urteko umeentzat. Aurten Zabala, Erromo eta Geroa ikastetxeetan txandak antolatuko dira uztailean zehar. Astean hirutan tailerrak eta jolasak eguerdira arte eta astean birritan eguneko irteerak egingo dituzte. Maiatzaren 14an hasiko da izena emateko epea bazkideentzat eta maiatzaren 28an bazkide ez direnentzat.
Bapirukeri buruzko informazio gehiago nahi izanez gero bulegora deitu (Goizane: 94 491 43 57), astelehen, asteazken eta ostegunetan 16:00-19:00 eta astearte eta ostiraletan 10:00-13:30. ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

DATORRENA ::: Bazatoz Baztanera?

baztan, mikel mtz de osaba berbalagunaren argazkia

ASTEBURU PASA EGITEN dugu urtero berbalagunok eta mendi taldean parte hartzen dugunok udaberri aldean, mendia eta kultura uztartuz. Euskal Herriko bazterrak eta kultura hobeto ezagutzeko, maiatzaren 19 eta 20an  Arizkungo Bozate auzora joango gara Santutxuko berbalagunekin batera. Agoteen inguruko hitzaldia Gorrienea etxean, Santxotena eskultura parkea, Elizondo eta inguruetan paseoa, Lekarotzeko aterpean gaua pasatu, Bertizko Natur parkean bisita gidatua eta bazkaria izango ditugu. Autobusez joango gara eta dena 45 €ren truke. Animatu eta izena eman! 619 935 541 (Rozio). ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

AGENDA ::: MAIATZA - EKAINA

Maiatzak 14-25 ¤ Bapirukeko udalekuetan izena emateko epea Bizarra Lepoaneko bazkideentzat. Astelehen, asteazken eta ostegunetan 16:00 - 19:30 eta astearte eta ostiraletan 10:00 - 13:30 (Goizane).

Maiatzak 13 ¤ Haur zinema euskaraz Getxo Antzokian: “Shin Chan helduen inperioan”. 12:00, 17:00 eta 19:00etan, sarrerak 2,10 € balio du.

Maiatzak 19-20 ¤
Baztanera asteburu pasa, Santutxuko berbalagunekin batera. 45 € autobusa, afaria, aterpea, gosaria eta bazkaria barne. Informazio gehiagorako: 619 935 541 (Rozio).

Ekainak 2 ¤ MINTZA EGUNA. Euskal Herri osoko berbalagunok elkartuko gara Donostian, egun pasa, ibilalditxoa, bazkaria eta erromerian parte hartzeko. Izena eman maiatzaren 24 baino lehen, 28 € autobusa eta bazkaria barne. 619 935 541 (Rozio).

Ekainak 9-10 ¤ BIZIKLETA ASTEBURUA. Bardeetara autobusez joango gara zapatu goizean, bertan bi ibilbide osatu, gaua aterpetxean pasatu. Domeka arrastian buelta Algortara. Informazio gehiago: 619 935 541 (Rozio).


:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

ELKARRIZKETA ::: Merkatari euskaldunak + Lourdes & Aitor

Lourdes | Dendaria
Erromo | Kresaltxu, 9




* Zer saltzen dozue Caracola dendan?
Bueno, bada, hemen apurtxo bat denetarik: poltsak, arropa, lepokoak, galtzerdiak, osagarriak...

* Osagarriak erdarazko “complementos” ezta?
Hori da, opariak.

* Zenbat denbora daroa zabalik dendak?
Ni lehenengoan hasi nintzan ugazaba andreagaz duela 23 urte. Pentsetan dot hasi egin ginala 1983an, gutxi gorabehera. Nire laguna izan zan ugazaba andrea eta hasi nintzan beragaz goizez. §


Aitor | Izarra Ikusentzunezkoak
Algorta | San Nikolas plaza




* Zein zerbitzu ematen duzue?
Bideoklub honetan filmak alokatu (DVD, VHS) eta bigarren eskuko filmak saltzen ditugu; horrez gain, DVDak grabatzeko diskoak eta musika grabatzeko zintak saltzen ditugu. Bestalde, Filmak alokatzeko kutxazain automatikoa dago, gau eta egun erabilgarri.

* Nolako bezeroak etortzen zaizkizu?
Jende gazte asko etortzen da; akzio eta beldurrezko filmak gustatzen zaizkie eurei: beldurrezkoak neskei batez ere, mutilei akziodunak. Nagusiek komediak ikusten dituzte, dramak, baina neurri apalagoan. Oro har, gehien ikusten diren pelikulak komediak dira eta gutxien espainolak, hemen Algortan behintzat.  Bezero batzuek genero bakarra ikusten dute: gizonezko batzuek zientzia fikziozkoak, emakumezko batzuek komedia erromantikoak eta dramak; umeek marrazki bizidunak edo komediak; eta ume txikitxoei film berbera askotan ikustea gustatzen zaie. §

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

IRITZIA ::: Laura Lapeyra, Zabala Ikastetxeko Guraso Elkarteko kidea

"Euskara Zabaltzen" Zabalan


Algortako Juan Bautista Zabala herri ikastetxeko Guraso Elkartean, aurten lehen aldiz, euskararen erabilera bultzatzeko proiektu bat jarri dugu martxan. Azken urteotan, Guraso Elkartearen ardura handienetariko bat zera izan da: ikasleen artean euskararen erabilera eskasa. Azken finean, Getxon gertatzen ari denaren erakusgarria da. Udalak argitaratutako datuen arabera, euskararen ezaguera zein erabilera zabaltzen ari bada ere, Getxoko kaleetan euskararen presentzia oso baxua da oraindik.

Gure seme-alaben artean hizkuntza aldetik antzematen ditugun arazo larrienak hauexek dira: gelatik kanpo ez dira euskaraz mintzatzen, ez dute euskaraz egiteko ez ohiturarik ezta erraztasunik ere, gehiengoaren ama-hizkuntza nagusia gaztelania da. Gehienen kasuan, eskolatik kanpo aukera gutxi dute eskolan ikasitako euskara erabiltzeko, gurasoak, zaintzaileak, senitartekoak, erdaldun elebakarrak direlako. Kasu batzuetan, euskararekiko jarrera ez da nahi izango genukeen bezain ona, hau gurasoengan ere nabarmena da.

Horrek bultzatu gintuen aurreko ikasturtearen amaieran baserri eskola batean 5 egunetako egonalditxo bat antolatzera. Esperientzia hau oso aberasgarria eta arrakastatsua izan zen, beraz, esperientzia zehatz honi jarraipena emateko asmoz, aurten lehen aldiz euskara proiektu zabal bat martxan jartzea erabaki dugu, hilero gutxienez ekintza zehatz bat burutzeko intentzioarekin.

Proiektu honetako ekintza gehienak ikasleei zuzendu ditugu, baina ez ditugu gurasoak baztertu izan nahi eta ekintza batzuk burutu ahal izateko haien partehartzea edo laguntza guztiz beharrezkoa izan eta izango da. Ezinbestekoa deritzogu eurek hizkuntzaren arloan duten eraginaz jabetzea, euren seme-alaben ikaste prozesuan, motibazioan zein erabileran.

Proiektu honen helburu orokorrak, beraz, hauexek dira:

- Ikasleen arteko harremanetan euskara sortzea.
- Euskaraz bizitzeko aukera eskaintzea.
- Jarduera ludikoak aprobetxatuz, hizkuntza lantzea, batez ere erregistro ez formaletan.
- Euskararekiko jarrera hobetzea, bai ikasle eta batez ere gurasoen artean.
- Euskal kulturara hurbiltzea.

Ikasturte honetarako hainbat ekintza antolatu ditugu: baserri-eskolan astebeteko egonaldia, ipuin kontalari saioa, ipuin lehiaketa, ludotekak, kantu saioak, jolas tradizionalak… Orain arte jaso ditugun emaitzak nahiko onak direla deritzogu, eta adierazitako helburuak lortu ahal izateko epe luzeagoak behar baditugu ere, ekintzetan parte hartu duten ikasle eta gurasoak gustura ibili dira. Hala ere, jende gehiago erakarri eta inplikazioa lortzeko formula magikoaren bila gabiltza. Proiektu hau burutzeko, Guraso Elkarteaz gain, Algortako beste hainbat pertsona eta erakundeen laguntza ordainezina jaso dugu. Gure eskerrik beroena guztiei. ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::


EUSKARAZ BIZI ::: Zientzia gazteentzat



Gazteentzako zientzia + teknologia gune berria duzue hau, Elhuyar Fundazioarena. Web gune erakargarri honetan biologia, matematika, teknologia eta abarretan gazteen parte hartzea sustatzen dute.

Etxean egiteko esperimentuak, hainbat gairen inguruko azalpenak, bitxikeriak eta jokoak aurkituko dituzue gune aberats eta dinamiko honetan. Proposamenak eta galderak egiteko guneak, aldiro lehiaketa berrietan parte hartzeko aukera ere badago. Gazteek eduki asko ikasiko dituzte teknologia berrietan trebatzen diren bitartean. ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

HARPIDETZA + PARTE HARTU + GU NON?

Bizarra Lepoan eta EGIZU elkarteen lanaren emaitza duzue kliska, e-postaz harpidetzeko hemen: info.kliska@gmail.com
Parte hartu, galdetu, proposatu edo informazio gehiago gura baduzu: 94 491 4357 & 619 935 541. Karitatea 1, sotoa, 10. bulegoa, 48991 Algorta GETXO.

2007-03-22

Permalink 22:15:21, Atalak: agenda, kliska, 804 hitz  

kliska . 004

[ ; - ] k l i s k a . 004


Eskerrik beroenak: Bizarra Lepoaneko langile diren Ane eta Iraideri!

DATORRENA ::: "Bat, bi, Manchester"
DATORRENA ::: Udabarriko ekintzak
AGENDA ::: MARTXOA - APIRILA
ELKARRIZKETA ::: Merkatari euskaldunak + Bego & Urtzi
IRITZIA ::: Urbanismo kulturala + Fredi Paia
EUSKARAZ BIZI ::: eu.wikipedia.org

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

DATORRENA ::: "Bat, bi, Manchester"



IRATI JIMENEZ GONBIDATU dugu Aldai Patronatura martxoaren 28an, eguaztena, arrastiko 20:00etan. Agustin Zubikarai sariak Iratik behar zuen babesa eman zion eleberri labur honi ekiteko. Maitasun inposible baten kronika, mutil euskaldun bi, Manchesterren. Homosexualitatea, intseguritatea, adiskidetasuna eta sormena bezalako gaiak ditu hizpide idazleak. Irakurlearen arretari eusten dio nobelak, atal laburrak eta ondo lotuak ditu, erritmo bizikoak. Zuzen iritsi nahi du idazleak gugana. Uribe Kostako Irakurzaleen txokoaren urteko lehenengo jarduna duzue hau, animatu eta parte hartu. ¤


:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

DATORRENA ::: Udabarriko ekintzak

PAZKOA ASTEAN ERE Bapiruken  euskarazko aisialdi ekintzak antolatuko ditugu. Apirilaren 10etik 13ra 5-12 urte bitarteko umeek Zabala eskolan jolas, kirol eta tailerrak egiteko aukera izango dute. Hilaren 12an egun osoko irteera egingo dugu Zumaiara. Ordutegia 9:00-13:30 izango da ostegunean izan ezik, Zumaiatik 17:00etan bueltatuko gara eta. Izena emateko epea apirilaren 4an bukatuko da. Bazkideek 25 € eta bazkide ez direnek 35 € ordaindu beharko dituzte. Informazio gehiago nahi izanez gero bulegora deitu (Ane: 94 491 43 57) edo hemendik pasatu (Karitate kalea 1, 10 bulegoa).  ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

AGENDA ::: MARTXOA - APIRILA

Martxoak 26 ¤ Korrika 15a 8:30etan Getxora sartuko da Berangotik eta irten Portugalete aldera Bizkaiko zubia hartu ondoren.

Martxoak 28 ¤
Irati Jimenezekin “Bat, bi, Manchester”eleberriari buruzko solasaldia. Algortako Aldai Patronatuan arrastiko 20:00etan. Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoaren ekimena.

Apirilak 10-13 ¤
“Bapirukeren udabarriko ekintzak” 5 eta 12 urte bitarteko umeentzat Zabala Ikastetxean tailerrak, jolasak eta irteerak. Izena emate epea zabalik dago, bazkideentzat 25 € ez bazkideentzat 35 €.

Apirilak 21 ¤
Berbalagunon mendi irteera Aizkorrira Arantzazutik. Telletxeko parkinetik 8:00etan aterako gara kotxeetan.

Apirilak 24 & 26 ¤
“Ipuinak umeei zelan kontatu” ikastaroa SENDI Proiektuaren eskutik. Algortako Villamonte Kultur etxean arrastiko 17:30etatik 19:00etara, Antton Irusta izango da irakaslea. 10 €. Gurasoak ikastaroan dauden bitartean umeak zaintzeko begiralea egongo da.

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

ELKARRIZKETA ::: Merkatari euskaldunak + Bego & Urtzi

Begoña | Dendaria
Algorta | Villamonte, A4


Begoña

* Zelako bideokluba da zuena?
Tira, bideo klub bat da, zer gura duzu esatea; nobedadeak egoten dira, film zaharragoak bebai, denetarik apur bat. Gehienak alokairuan, baina baditugu eskaintza batzuk salgai. Litxarreria batzuk be badoguz, pelikula ikusi bitartean laguntzeko.
* Herri askotan dagoz halako Boom twister bideoklubak, ezta?
Bai, gurea ere frankizia da. §


Urtzi | Goikoetxea burdindegia
Algorta | Euskal Herria 19


Urtzi

* Kontaiguzu zer saltzen duzuen eta zein zerbitzu eskaintzen.

Burdindegia “Todo a 100” baten modukoa da, denetarik saltzen dugu. Nire ideia da profesionalei batez ere zuzentzea. Areetako anaiaren burdindegian, adibidez, “menage” arloa hobeto jorratzen dute, zartaginak eta etxeko tresneria saltzen da; hemen profesionalentzako materiala saltzen dugu gehien.

* Zelako profesional etortzen zaizu?
Gaur egun denetarik daukagu, iturginak, arotzak... arlo askotakoak etortzen dira; tira, eta etxerako kontuak erostera ere etortzen dira profesionalak ez direnak, jakina, baina guk profesionalentzako eskaintzari ematen diogu lehentasuna.

* Euskaraz erosten du jendeak?

Karteltxoa hor dago jarrita, batzuk euskaraz egiten etortzen dira, baina ez dira asko. §


:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

IRITZIA ::: Fredi Paia, ALBEko kidea

Urbanismo kulturala


Beti harritu izan nau  orain mende bi  Getxo eta Barakaldo herrietako ordezkariak  Bizkaiko Batzar Nagusietatik erderarik ez zekitelako kanporatu zituztela jakiteak. Barakaldon ( edo Ibarrakaldun, bertako euskaldunek esaten zuten moduan) ehunka biztanleko herritxoari milaka etorkin gehitu zitzaizkion. Garaiko enpresarien interesez haraindiko inolako zentzu edo antolakuntza urbanistiko barik. Ondorioz, hango euskalkia eta kultura biztanleri kontzentratuaren uholdean disolbatu ziren xaboi pastila itsasoan legez.

Jokaldi bera gertatzear da gure herriko Andra Mari auzoan. Goierrin batez ere, elizatik behera egin beharrekoak eginda daude eta. PTPari ezetz esateko mila arrazoien artetik gure ondare kultural inmaterialari dagokiona dakarkizuet hona. Azken hilabeteak gure herriko euskalkia batzeko grabazioak egiten pasa ditut. Horrekin batera Getxoko toponimia, historia, mitologia, bizimodu eta pentsaera helarazi dizkidate Getxo euskaldun eta elebakar ez hain urrunekoaren azken lekuko biziek. Bilketa hau egiteko klabea  Andra Mari auzoaren existentzia bera da. Bertako baserrietan gordetzen delako oraindino ere gure berbe, iraganaren oroimena, eboluzioa azaltzeko perspektiba eta batez ere, Getxo berreuskaldundu eta, gauza bera dena, gure izaerari eusteko jarraitu beharreko bidea. Berreuskalduntzea lehengoari arnasa emanda berria sortzen joatea da. Akats larria baita zerotik hasi gura izatea gure errealitatea eta Arabar Errioxarena berberak balira legez.

8300 etxebizitza horien uholdeak gure kultur ondare inmateriala betiko galduko luke, baina ez daukagunez kostu hori azaltzen duen fakturarik, eraikin enpresa, udaletxe eta uraren gainetik busti barik ibiltzen espezializatu diren bertoko euskal komunikabideei, bost. ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::


EUSKARAZ BIZI ::: euskarazko wikipedia

wikipedia

Wikipedia interneten 200 hizkuntza baino gehiagotan idatzitako entziklopedia aske eta parte-hartzailea da. Egun, euskaraz, 17.055 artikulu ditu eta modu errazean zuk zeuk lagundu dezakezu osatzen.
Wikipediaren helburua doako entziklopedia fidagarria sortzea da eta ahalik eta hizkuntza gehienetan idatzia egotea ere bai. Proiektuaren sortzaileak, Jimmy Walesek, horrela azaltzen du Wikipedia: “Kalitate oneneko entziklopedia askea sortzeko ahalegina da, munduko edozein erabiltzaileri bere hizkuntzan zuzendua.” ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

HARPIDETZA + PARTE HARTU + GU NON?
Bizarra Lepoan eta EGIZU elkarteen lanaren emaitza duzue kliska, e-postaz harpidetzeko hemen: info.kliska@gmail.com
Parte hartu, galdetu, proposatu edo informazio gehiago gura baduzu: 94 491 4357 & 619 935 541. Karitatea 1, sotoa, 10. bulegoa, 48991 Algorta GETXO.