Artxiboak: Abendua 2006

2006-12-24

Permalink 10:58:20, Atalak: agenda, sendi proiektua, ikastaroak, 86 hitz  

Getxoko gurasoak kantari!

Gustatzen zaizu kantatzea? Kanta berriak ikasi nahi dituzu? Aspaldikoak gogoratu gura? Eztarria prestatu nahi Santa Agedarako? Seme-alaba txikirik baduzu zatoz gurekin urtarrilaren 16an, martitzena, Erromoko ikastetxera arrastiko 17:00etan. Hantxe hasiko gara kantatzen!

Xirula Mirula Elkartearen eskutik bereziki gurasoentzako zazpi orduko ikastaro hau antolatu dugu SENDI Proiektuaren barruan. Gurasoak ikastaroan dauden bitartean, umeak zaintzeko begirale zerbitzua ipiniko dugu. 6 egunetan banatuta, astero martitzen eta eguenetan eta otsailaren 1era arte ibiliko gara kantu-kantari, 17:00etatik 18:15era arte. Lagun artean komentatu eta animatu zaitez! Informazio gehiagorako: 685 73 29 63 / 94 491 43 57 edo sendigetxo(abildua)yahoo.com

euskal kantak ikastaroa, erromon

2006-12-23

Permalink 11:26:00, Atalak: berbalagunok, 64 hitz  

Olentzerori gutuna

zorionak eta urte berri on!

Garai honetan denok idazten diogu gutuna Olentzerori, aurten zelan ibili garen eta datorren urterako zer nahi dugun eskatzeko. Gaur, Bizarra Lepoan Getxoko Euskara Elkarteak berea idatzi eta publikatu du; denon eskura ipini dute haien web gunean.

EGIZUren izenean ere oso ondo pasatu egun hauetan eta urte berri on, berbalagunok, datorren urtera arte!

(Bizarra Lepoanek, Getxoko euskaltegiekin batera EGIZU osatzen du. Bi elkarteen organigrama hemen.)

2006-12-19

Permalink 18:00:49, Atalak: agenda, 67 hitz  

veleian iaun (eta jabe)







Josu Larrañagaren hitzak entzunda karieteak izan ginen apurtxu batean. Domekan, Arabako lautadan ondo gorderik egon den altxorra bisitatu genuen. Eguraldi hotza egin arren, denok disfrutatu genuen denboran bi mila urte atzera eginda. Harritu egin ginen aspaldiko Euskal Herriko hiririk inportanteenean geundela ikusita. Bost metroko harresia, militarren barrakoiak, mosaikoak, etxeen oinak, ubideak, kaleak... Zenbat gauza harrigarri gehiago emango ote digu Iruña-Veleiak?

inskripzioak

Hitzordua, badakizue, 2026ean ;)

2006-12-18

Permalink 14:21:16, Atalak: egizu, agenda, kliska, 922 hitz  

kliska . 003

[ ; - ] k l i s k a . 003

Eskerrik beroenak: Areetako Bidebarrieta kaleko Juan Mari harakinari!

BERTON IKUSIA ::: Literaturaz berbetan
BERTON IKUSIA ::: Iruña-Veleia
AGENDA ::: ABENDUA
ELKARRIZKETA ::: Merkatari euskaldunak + Juan Mari & Txikilin
IRITZIA ::: Osasun arloa eta euskara + Peru Ruiz Jauregizuria
EUSKARAZ BIZI ::: Oparien katalogoa

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

BERTON IKUSIA ::: Literaturaz berbetan

LITERATURAZ GOZATU GENUEN azaroaren 30ean Villamonten antolatutako mahai-ingurura hurbildu ginenok. Julen Gabiria moderatzaile eta Laura Mintegi, Iñaki Friera eta Unai Elorriaga hizlari, egungo euskal letren egoerari buruz jardun ziren, belaunaldi berriak, beste herriekiko loturak, itzulpengintza, idazleen bizimodua eta abar izan zituzten hizpide. Bertan batu ginen 40 lagunok aukera izan genuen gure jakin mina asetzeko eta maite ditugun idazleei gure galderak transmititzeko, beti ere etxeko giro beroan. Urtarrilaren 11n, 19:30etan bilera dugu datorren urteko Irakurzaleen txokoa adosteko. Animatu! ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

BERTON IKUSIA ::: Iruña-Veleia

Valentina etxea, Jabi Zabalaren argazkia

DUELA IA 2000 URTEKO euskarazko testuak aurkitu dituzten lekura joan ginen abenduaren 17an. Getxo, Erandio eta Santutxuko 40 lagun joan ginen autobusez, Iruña-Veleiara goizean eta Gasteizko katedralera arratsaldean. Josu Larrañagak ederto azaldu zizkigun aztarnategiko nondik norakoak, III eta IV. mendeko euskarazko hitzak irakurri genituen, eta katedralean ere oso informazio interesgarria eman ziguten. Bazkari ederra izan genuen Arabako hiriburuko jatetxe batean, eta han kanpoko giro hotza berotu genuen. Bueltan, Arabatribialean ez genuen astirik izan aspertzeko.  Eskerrik asko denoi! ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

AGENDA ::: ABENDUA

Barikua, 22 eta zapatua, 23 ¤ Olentzero eta Mari Domingi kalerik kale, biak batera goizez eta arratsaldez, Algorta eta Areetan zehar ibiliko dira giroa berotzen. Olentzerok gainera, trikitilariak, txistulariak eta albokariak eramango ditu alboan.

Zapatua, 23 ¤ 11:30 Potxin eta Patxin pailazoak, Getxo Antzokian, doan, gonbidapenak txarteldegian ordubete lehenago hasita.  Antolatzailea:  Algortako Olentzero Batzordea.

Zapatua, 23 ¤ 19:00 Erromeria Patxi Pérezekin, San Nikolas plazan.  Antolatzailea:  Algortako Olentzero Batzordea.

Domeka, 24 ¤ Olentzero dator!

* 12.00 Algortako Geltokiko plazan: puzgarriak, haur jolasak, Olentzero panpina eta gutunak bidaltzeko postontzia, hankapaluak, fruitu lehorrak banatuko dira

* 17.00etatik aurrera: Olentzeroren kalejira Benantziotik hasita

* 18.00etan Villamonten: Olentzerok opariak banatuko ditu, txokolatea eta gaztainak, bertsolariak eta euskal dantzak

* 20.00etan: San Nikolas plazan: txalaparta, bertsolariak, abesbatza, Olentzeroaren kondaira kontatzea, aurreskua, Olentzeroa erretzea

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

ELKARRIZKETA ::: Merkatari euskaldunak + Juan Mari & Txikilin

Juan Mari | Harakina
Areeta | Ama Mesedeetakoa, 31


Juan Mari, Ama Mesedeetako harategikoa

* Zenbat urte daroazu hemen, Areetan, okela saltzen?
Hogeita hiru urte. Denboratxo bat, beraz.

* Eta harategian okela saltzen duzu, baina horrez gain, beste ezer saltzen duzu?
Okela gehienbat: txahalkia, behikia, txerrikia, oilaskoa; eta, horrez gain, txarkuteriako gaiak ere saltzen ditugu: gazta, pernila... denetarik apurtxo bat. 

* Zelango jendea etortzen da harategira?
Denetarik dago. Gaur egun denetarik etortzen da. Gehien-gehiena bai,  “betiko” etxekoandrea da, baina jende gaztea ere ikusten da asko gaur egun erosketak egiten-eta.

* Zerbait utzi dugu aipatu barik?
Ba, bai. Gauzatxo bi esan gura nuke: baserritik barazkiak-eta ekartzen ditugu: tipulak, babak, indabak, limoiak... den-dena, on-ona, kalitatekoa eta bertokoa. Beste gauzatxo bat: geure harategiak Eusko Labela lortu du eta horrek ere geure okelaren kalitatearen gainean zerbait adierazten du. §


Xabier | Txikilin Harategia
Algorta | Merkatua


Txikilin, Algortako merkatuko harategikoa

* Algortako Merkatuko Xabier esanda gutxi batzuek ezagutuko dute, baina jende gehienarentzat Txikilin da bera. Nondik dator ezizena?
Gure aitari beti deitu izan diote Txikilin, berak ireki zuen harategia eta izen horixe ipini zion eta horrela geratu da; dagoeneko hogeita zazpi urte daramagu Algortan.

* Noiz hartu zenion lekukoa aitari?
Tira, ni hogeita bi urterekin hasi nintzen aitari laguntzen, orain dela hogei bat urte. Hainbat urtean zehar biok aritu gara, baina orain dela zortzi urte erretiroa hartu zuen eta harrezkero nik bakarrik jarraitzen dut.

* Harategia aipatzen ari gara behin eta berriro, baina nik hemen okelaz gain gauza gehiago ere ikusten dut.
Batez ere haragia saltzen dugu, txahalkia, behikia eta txerrikia. Horrez gain, txarkuteriako gaiak eskaintzen ditugu, oilaskoa... baina batez ere harakinak gara. §

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

IRITZIA ::: Peru Ruiz Jauregizuria, Osasungintza Euskalduntzeko Erakundeko (OEE) kidea

Osasun arloa eta euskara


Ez dago alde handirik osasun arloan euskarak bizi duen egoeratik gizartearen beste esparru batzuetan aurkitu dezakegunera , izan ere, osasuna bera gizartearen beste isla bat baino ez da.

Nire ustez, osasun arloko arazoa ez da profesional euskaldunen eskasia, bagara asko euskaraz lan egiteko gai garenok.  Arazo nagusietako bat da medikuntzako hiztegi tekniko eza. Horrek zer esan nahi du? Nor bere kabuz gabiltzala etxeko euskara erabiltzen. Medikuak, erizainak, administrariak... ez dugula euskara “txokotik” ateratzen. Ez dugu mundu modernora ekartzen gure hizkuntza. Uste dut profesionalok, profesional euskaldunok “jende jatorra eta saiatua” izatetik (eta asko da) ez garela pasatzen; eginkizun dugu euskara profesional mailara ekartzea.  Egia esan, hiztegi tekniko batzuk badaude, argitalpenen bat edo beste ere bai, kongresuren bat ere antolatzen dugu, baita beka-saria ere badugu; badaude honetan diharduten erakundeak, hala nola: OEE (Osasungintza Euskalduntzeko Erakundea) eta Elhuyar Fundazioa;  baina, esaterako, iazko irailean  argitaratu da unibertsitaterako euskarazko lehen testu-liburu serioa. Bazen sasoia!  Baina orokorrean, orain arte egindako ahalegin guztia indibiduala izan da.  Jendea oso gogor lan egiten han-hemenka, meritu handikoa, baina betiko moduan, sustapen handirik gabe eta beste esparruetako erakundeekiko benetako koordinazio barik.

Bestalde, Administrazioak ez du aurrea hartzen. Sailak eta Bulegoak sortzea eta itzultzaileak ipintzea ez da  nahikoa. Oraingoz norberak (osasun arlo profesionalok) egin behar du lana, norberak ipini behar du motibazioa  eta kemena.  Administrazioa ez da “lurrera jaisten”, hark egindako lana ez zaigu hurbila egiten. Noren erruz?  ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::


EUSKARAZ BIZI ::: Oparien katalogoa

katalogoa.org

Zer eskatu ez dakizu? Euskarazko opariak nahi eta ideien bila zabiltza? Toki batetik bestera ezer aurkitu barik? Konponbidea helbide honetan topatuko duzu: www.katalogoa.org.
EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko 96 udal, mankomunitate eta elkartek hartu dute parte katalogo honen argitalpenean eta erakunde publikoen babesa izan dute. Katalogo honetan aurkituko dituzu euskaraz dauden musika, filmak, aldizkariak, liburuak, informatika produktuak, jostailuak eta jokoak. Produktu hauek Getxon erosi nahi badituzu, Euskara Zerbitzuan (944 660 010) esango dizute zein dendatan dauden salgai. ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

Harpidetza egin edo kentzeko bidali mezua info.kliska@gmail.com e-lbidera.

2006-12-11

Permalink 13:53:59, Atalak: berbalagunok, irteerak, kultur jarduerak, agenda, 164 hitz  

Iruña-Veleia ezagutu gura?

Valentina etxea - Iruña-Veleia

Abenduaren 17an, igandean, goizeko 9:00etan, Getxo, Erandio, Deustua eta Mahatserriko berbalagunok Iruña-Veleia aztarnategia bisitatzeko irteera bateratua antolatu dugu. Irudian duzuena Valentina etxea da, bertan topatu zituzten euskarazko testu "polemikoak". Jabi Zabalak egindako argazkia da, gehiago ikusi nahi badituzue bere albuma bisitatu hementxe. Aztarnategiaren web gunea ere eskura duzue, bertan bisita birtuala egiteko aukera dago.

Gure asmoa da, azken aldian hain ezaguna bilakatu den aztarnategia, bertatik bertara ezagutzea, baita aurkikuntzen, historiaren eta sortu diren polemiken berri izatea ere. Domekarako planik ez duzuela? Etorri gurekin ba!!

Hauxe duzue egitaraua:
* 9.00etan Algortako kirikiñon autobusa hartuko dugu, handik Erandioko berbalagunak hartu eta Bilbo aldera.
* Goizean Iruña-Veleia aztarnategia ikusiko dugu.
* Ondoren, Gasteizen garagardotegian menu eder bat bazkalduko dugu elkarrekin.
* Arratsaldean, bi plan aukeran:Gasteizko Katedralean bisitaldi gidatua edota lasai-lasai pote batzuk hartu (Katedrala ikusi nahi duzuenok izena ematean esan).
* Arrastiko 20:00ak inguruan Algortan izango gara bueltan.

Prezioa: 25 euro.
Izena emateko: deitu gure telefonora 94 491 43 57 / 605 73 99 16 edo mezu elektronikoa bidali: egizugetxo(abildua)yahoo.com.

2006-12-09

Permalink 13:38:39, Atalak: ipuin kontaketak, agenda, sendi proiektua, ikastaroak, 68 hitz  

Zelan kontatu ipuinak umeei?

Getxoko guraso eta seme-alaben arteko euskarazko harremana sendotzeko modua, bidea eskaini nahi du SENDI Proiektuak. Hilero-hilero ikastaroak egin izan ditugu, urrian Euskal Jolasak, azaroan Euskal Kantak eta abendurako Ipuin Tailerra dugu Antton Irusta kontalariaren eskutik. Ikastetxeetako Guraso elkarte, Zuzendaritza eta Udaleko zenbait langileren konplizitatearekin aurrera egiten dute ekimen ezberdinek. Ama eta aiten konpromisoa da gehien nabarmendu nahi duguna, batez ere, astero GURASOLAGUN taldeetan parte hartzen dutenena. Biba zuek!

Ipuin tailerra, Antton Irustarekin

:: Hurrengo orrialdea >> Azken erantzunak

egizu getxo euskaldun

HELBIDEA + TELEFONOA

Karitatea 1, sotoa 10. bulegoa Getxo 619 935 541 | egizugetxo@yahoo.com

ELKARTEAREN XEDEA

Gure elkartearen xedea Getxoko euskaldun komunitatea sendotzea eta hedatzea da, euskararen erabilera areagotzeko denok dugulako zer eman eta zer jaso!

Bizarra Lepoan Euskara Elkarteak eta Getxoko Euskaltegiok osatzen dugu EGIZU, eragileok elkartuta lana hobeto egin dezagun!

GURE EGITASMOAK

*BERBALAGUNA + Kultur Jarduerak *Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoa *Gazte Saltsa, kirola euskaraz egin dezagun. Getxoko familientzako SENDI proiektua Udalarekin batera egiten dugu. KLISKA inforriaren bitartez gure proiektu guztien berri ematen dugu.

Gure blogeko informazioa jaso nahi duzu? Idatzi zure e-posta:

Delivered by FeedBurner

www.flickr.com
This is a Flickr badge showing public photos and videos from egizu. Make your own badge here.

| Hurrengoak >

Abendua 2006
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution