Artxiboak: Urria 2006

2006-10-27

Permalink 12:50:00, Atalak: egizu, berbalagunok, 99 hitz  

Getxoko berbalaguna izan nahi?

berbalagunon irteerak!

Kalean erabili, lagunartean, giro onean, lotsa kendu edo kentzen lagundu, euskararen gimnasia egin, herdoiltzen hasi dena konpontzeko, agian. Ikasten ari direnei kalean euskaraz egiteko aukera eman, ederto pasatu. Hauxe da BERBALAGUNA. Astean behin, ordubetez euskaraz egiteko konpromisoa.

Tabernan, paseoan, frontoian, mendi ibilaldietan, irteera kulturaletan, berbalagunon topaketetan parte har dezakezu.

Dagoeneko zabalik duzu izena emateko epea. Animatu eta  deitu (605 73 99 16) edo e-posta (egizugetxo (abildua) yahoo.com) bidali, zure fitxa betetzeko azaroaren 7a baino lehen.

Behin izena emanda duzunean BERBALAGUN taldeen aurkezpena eta merienda azaroaren 9an, osteguna, arratsaldeko 19:00etan izango da, EGIZUren egoitzan (Aldai Patronatuan) Karitate kalea 1, Algortan.

Animatu zaitez aurten!

2006-10-11

Permalink 11:28:46, Atalak: egizu, agenda, kliska, 725 hitz  

[ ; - ] k l i s k a . 001

eskerrik asko Araitz, Amaiur eta Enarari!

[ ; - ] k l i s k a

BERTON IKUSIA ::: Zergatik “kliska”?
DATORRENA :::
Egizun ikasturte hasiera dugu!
AGENDA ::: Euskarazko jarduerak
ELKARRIZKETA ::: Berbalagunak + Leire & Aitor
IRITZIA ::: Gazteak eta euskara + Asier Amezaga
EUSKARAZ BIZI ::: Xuxen.com + Zuzentzaile ortografikoa sarean!

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

BERTON IKUSIA ::: Zergatik “kliska”?

KAIXO, BEGIETARA HELDU zaizun kliska hau Egizuk eta Bizarra Lepoanek egindako keinua duzu, asmoz betetako keinua. Batetik, Getxon euskaraz antolatzen diren ekitaldiak iragarri nahi ditugu; horrez gain, apurka-apurka, gure kliska Getxoko euskaldun guztion begietara heltzea nahi genuke. Bestetik, ordenagailu eta interneti buruzko informazio praktikoa eskainiko dizugu. Laugarrenik, eguneroko bizitzan euskaraz non egin dezakezun azpimarratzen ahaleginduko gara.  Azkenik eta beste modu batera esanda, hilero egingo dizugu konplizitate kliska hau. Gu ere adi ibiliko gara! Harpidetzeko bidaliguzu mezua: info.kliska(abildua)gmail.com. ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

DATORRENA ::: Egizun ikasturte hasiera dugu!

berbalagun taldeetan izena eman!

BERBALAGUN TALDEETAN IZENA emate kanpaina abian da, euskaraz lagunak egin, afariak zein mendira joan nahi baduzu, badakizu nora jo (605 73 99 16). Zure zaletasunen araberako taldean parte hartu dezakezu. Bestetik, urriro bezala, yoga ikastaroa hasiko da Hasier Rekondo irakaslearen eskutik. Astelehen eta asteazkenetan, San Nikolas ikastolan, 19:30etatik 21:00etara bilduko gara. Hasiberri zein esperientzia dutenentzat egokia. EGIZUn martxan gabiltza eta parte hartzera animatzen zaitugu, egizu Getxo euskaldun gurekin! Informazio gehiago blog honetan topako duzu. ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

AGENDA ::: Euskarazko jarduerak

Egunez egunekoa
Barikua, 20 ¤ 22:00 The Pipers tabernan, Algortan. IV. Bihotza gazte Bertsolari beteranoen saioa. Algortako Bertsolari Eskolak antolatua.

Zapatua, 21 ¤ 8:30 Ulibarri Ganboa urtegira irteera bizikletaz eta oinez. EGIZUk antolatuta. Informazio gehiagorako 605 739 916.

Ikastaroak
Yoga euskaraz ¤ Astelehen eta eguaztenetan 19:30etatik 21:00etara San Nikolas ikastolan. Hasiberri zein esperientziadunentzat. Hilean 30 € (25 € berbalagun,  bazkide eta San Nikolas ikastolakoek).

Astialdiko begirale eta zuzendari ikastaroak urriaren 20tik aurrera asteburuetan. GEHI - Bizarra Lepoanek antolatua. Informazio gehiagorako 94 491 4357.

“Euskal Jolasak” Getxoko gurasoentzat, euskaraz eta erdaraz. SENDI Proiektuaren barruan, Erromo eta Zabalako ikastetxeetan. Informazio gehiagorako 94 491 43 57 edo 685 732 963.

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

ELKARRIZKETA ::: Berbalagunak + Leire & Aitor

leire eta aitor

*Zergatik hartzen duzu parte?
+ (Leire) Getxon jende pilo bat badaki euskara baina ez dakite norekin hitzegin dezaketen. Nire berbalagun taldeak berriro euskaraz hitz egiteko aukera eman dit. Euskara gure hizkuntza da, zergatik galdu?
+ (Aitor) Arrazoi garrantzitsuena euskararen erabilera bultzatzea izan da. Euskaldunok kontaktuan jartzea oso ideia ona iruditzen zait euskara udalerrian gehiago erabil dadin.

*Zelako esperientzia izan duzu?
+ (A) Guztiz ona izan da, berbalagunan parte hartzen dudanetik euskara gehiago erabiltzeko aukera dudalako.

*Zer eman dizu berbalagunak?
+ (L) Alde batetik, euskaldunak ezagutzeko aukera eta gehiago hitzegin ahal izatea. Beste aldetik, oso irteera politak egin dira asteburuetan, esate baterako Zuberoako asteburua, mendi irteerak, sagardotegiko afaria, etabar.

*Zelan lehenengo egunean jende berria ezagutzean?
+ (A) Hasieran pixka bat kostatzen da jende berria ezagutzea, edozein esparrutan gertatzen den bezala. Baina berbalagunon dinamizatzailearen laguntzari esker hau guztiz erraza egiten da.

*Zer esango zenioke animatzen ez den bati?
+ (L) Euskera gustatzen bazaizu eta jendea ezagutu nahi baduzu, sartu berbalagun talde batean!
+ (A) Animatzeko, merezi duela. Euskara erabiltzeko aukera ezin hobea dela, baita jendea ezagutzeko ere. Asteburuetan egiten diren irteeretan primeran pasako duela.

*Iazko zein jarduerarekin pasatu zenuen ondoen?

+ (A) Zuberoako asteburua, gauza asko egiteko aukera izan genuelako: Orhi mendia igotzea, Kakuetako arroilak, sagardotegiko afaria eta abar.  §

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

IRITZIA ::: Asier Amezaga Etxebarria
G a z t e a k & e u s k a r a

Anje Duhalderen abesti hartan bezala, gazteok euskara maite dugu baina ez dugu euskaraz egiten. Ezagutzari egotz dakieke aurreko belaunaldi erdaldunen kasuan, baina Getxoko gazte gehienak euskaldunak gara, potentzialki behintzat. Sinposio bat egiteko gai gara, baina nekez hitz egin genezake egunerokoaren gainean euskaraz. Hau, eredu faltaz gain, euskaraz egiteko ohiturarik ez dugulako da.

Institutuan Euskara Taldeak joka lezakeen papera horretan datza: euskararen aldekoa den egoera bat sortu eta bertatik euskaraz egiteko ohitura ereitea. Baliabide batzuk eskaintzen dira (ez asko, baina ez da askoz gehiago behar) eta talde bat eratzen da. Ikasleen lagun- eta lan-taldea da, bertan daudenen artean euskarazko harremana sortuz gero, ohitura zabalduz goaz. Horretaz gain, euskara bultzatzeko ekintzak abiatzen ditugu bertatik abiatuz.

Oztopo nagusia gure ekintza-esparrua 30 minutu doiko atsedenaldira mugatzen dela maiz. Horregatik, aurtengo erronketako bat euskarazko harremanei kalean jarraipena ematea da.

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

EUSKARAZ BIZI ::: XUXEN zuzentzaile ortografikoa

xuxen.com zuzentzaile ortografikoa

Ordenadorean testuak idaztean behin baino gehiagotan faltan izango zenuten euskarazko zuzentzaile ortografikoa. Informazio guztia eta aplikazioa doan www.xuxen.com helbidean duzue.

XUXENen helburua euskaraz idatzitako testuen akats ortografikoak detektatu eta zuzentzea da, ahalik eta modu eroso zein eraginkorrenean. Euskaltzaindiaren azken arauak kontuan hartzen ditu eta aukera dago norberak bere hiztegi pertsonalizatua egiteko. Web gune honetan dagoen beste aukera bat da zuzentzailea erabiltzea ordenadorean instalatu barik.  Ezinbesteko tresna duzue hau euskaraz idazteko. ¤

Permalink 09:08:27, Atalak: egizu, kirola euskaraz, agenda, 64 hitz  

Ulibarri Ganboako urtegiari buelta bizikletaz!

ulibarri ganboako kartela


Urriaren 21ean bizikletaz zein oinez Ulibarri Ganboa urtegitik ibiliko gara, autobusez Algortako Kirikiñotik aterako gara goizeko 8:30etan. Landara iritsi eta batzuk bizikletaz urtegiari buelta emango diogu, 47 kilometroko ibilbidean zehar. Besteok 10 kilometroko txangoa egingo dute laku inguruan. Eguerdian denok elkartuko gara, bazkaltzeko norberak eraman behar du zeozer, edaria EGIZUren kontu. Izena emateko badakizue, 605739916 telefonora, blogean bertan idatzi edo mezua bidali: egizugetxo()yahoo.com.

2006-10-05

Permalink 11:46:23, Atalak: egizu, berbalagunok, kultur jarduerak, yoga ikastaroa, agenda, 245 hitz  

Uda eta gero... berriro martxan!

Udako atsedena hartu ostean indarberrituta etorri gara berriro ere 2006-2007 ikasturteari gogotsu hasiera emateko, zuek prest?

Urrian hasita eta datorren urteko ekainera bitartean urteroko jarduerak eta... adi egon! ekimen berriak egingo ditugu eta. Mendi irteerak, asteburu pasa iparraldean, eski asteburua Jakan, YOGA ikastaroa, irteerak bizikletaz, berbalagun taldeak, pala taldea, irteera kulturalak, Uribe Kostako irakurzaleen txokoa, diaporamak, hitzaldiak, ipuin kontalariak, gurasoentzako SENDI proiektu berria, bertsolaritza 0tik hasita ikastaroa, afariak, sagardotegiko bazkaria bertsolariekin, Euskal Herriko berbalagunon eguna Donostian... uuuuf! Izango dugu bai zer egin eta non aukeratu!

Lehenik eta behin, eta udazkenari kaixo esateko YOGA ikastaroa jarri dugu martxan. Urtero bezala Hasier Rekondo irakaslearen eskutik, San Nikolas ikastolan astelehen eta eguaztenetan arrastiko 19:30etatik 21:00etara. Betiko legez berbalagun eta Bizarra Lepoaneko bazkide zaretenok prezio berezia duzue: 25 € hilean, besteok 30 €. Aurtengo nobedadea da San Nikolas ikastolako guraso eta langileek ere deskontua izango dutela. Oraindik animatu ez bazarete, badakizue non eman izena: 605 73 99 16.

Literatura eta Euskal Herriko iparraldea gustatzen bazaizue, eguen honetan (hilak 5) ezin duzue hutsik egin: "Mende erdia Iparraldeko literaturan". Lucien Etchezarretak gozatzeko moduko hitzaldi + errezitaldia emango du Kattalin Totorika eta Miren Aranbururekin batera. Aldai Patronatuan elkartuko gara arrastiko 19:00etan. Untsa jin.

Urriaren 21ean lehenengo irteera dugu Ulibarri Ganboa urtegira, batzuk bizikleta eramango dugu eta 47 kilometroko buelta egingo dugu lakuaren inguruan. Besteok oinez 10 kilometroko ibilbidea egingo dute. Izerdi apurtxu bat bota eta gero (edo asko) denok batuko gara bazkari ederra egiteko. Beraz, badakizue, kirola egiteko gogoa izanez gero deitu (605 73 99 16) edo mezua bidali helbide honetara: egizugetxo(abildua)yahoo.com.

:: Hurrengo orrialdea >> Azken erantzunak

egizu getxo euskaldun

HELBIDEA + TELEFONOA

Karitatea 1, sotoa 10. bulegoa Getxo 619 935 541 | egizugetxo@yahoo.com

ELKARTEAREN XEDEA

Gure elkartearen xedea Getxoko euskaldun komunitatea sendotzea eta hedatzea da, euskararen erabilera areagotzeko denok dugulako zer eman eta zer jaso!

Bizarra Lepoan Euskara Elkarteak eta Getxoko Euskaltegiok osatzen dugu EGIZU, eragileok elkartuta lana hobeto egin dezagun!

GURE EGITASMOAK

*BERBALAGUNA + Kultur Jarduerak *Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoa *Gazte Saltsa, kirola euskaraz egin dezagun. Getxoko familientzako SENDI proiektua Udalarekin batera egiten dugu. KLISKA inforriaren bitartez gure proiektu guztien berri ematen dugu.

Gure blogeko informazioa jaso nahi duzu? Idatzi zure e-posta:

Delivered by FeedBurner

www.flickr.com
This is a Flickr badge showing public photos and videos from egizu. Make your own badge here.

| Hurrengoak >

Urria 2006
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 31          

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution