Ilegalizazioen arazoa ez da koiunturala, estrukturala baizik. Alde batetik ilegalizazioen auziak agerian utzi du euskaldunok “baldintzapeko askatasunean” biziko garela gure hitza azken hitza ez den bitartean. Horretarako, estatu izan behar dugu.
Bestetik, alderdi guztien jokaera, berez krisian dagoen alderdien sistemaren erabateko ustelkeria utzi du agerian. Demokrazia ezin da oinarritu bere interes partikularrak guztion oinarrizko eskubideen gainetik jartzen dituzten aparatu batzuetan.
Herriaren autoantolakuntzan oinarrituriko eredua behar dugu. Beren sistematik gu desagertaraztea nahi zuten… eta guk beren sistema desagerrarazi behar dugu. Helburu hori ezker abertzaleko praktika politikoaren ardatza izan behar du eta igandean eskuratutako udalak aintzindariak bide horretan. Ausardiaz jokatuz eta oztopo legalak gaindituz herri antolatuak izan behar du gobernua. Ez da ezinezkoa, ezinezkoa dena da benetako aldaketak egitea kapitala eta makinaria burokratikoen neurrira pentsaturiko arauen arabera.
Ustelkeriarekin amaitzea eta benetako beharrei aurre egingo dien administrazio bat izatea ez da alderdi baten kontua: herri boterea eraiki behar dugu. Ezinbestekoa zaigu benetako putxerazoarekin amaitzeko: gure herriaren etorkizuna inork aukeratzen ez dituen eskuetan egotea; guztion lurra eta guztion lanaren emaitza
parasito gutxi batzuen esku gelditzea ahalbideratzen duena.
Autoantolakuntza, borroka eta bizipoza edo atomizazioa, sumisioa eta tristezia. Aukeratu dezagun.