Entzun

Egun batean esnatzen zara, eta konturatzen zara ezkerrekoa zarela. Ideologiaz, esan nahi dut. Bigarren hezkuntzako ikaslea naiz, 15 urte, eta
Manifestu komunista irakurri nuen atzo. Beraz, komunista izango naizela erabaki dut gaur goizean. Iraultzailea. Gorria. 16-rekin
Sarrionandiaren poema batzuk irakurri ditut, eta komunista euskalduna izan behar dudala erabaki. 17-rekin irakurri dugu ikastolan
Leturiaren egunkari ezkutua, 18-rekin, neure kasa, Sartreren
Goragalea eta
Izatea eta ezereza, eta jada jabetuta ez dela aski izatea ezkerrekoa, euskalduna, komunista, iraultzailea eta gorria bakarrik, existentzialista egin naiz.
Gero, karrerako aurreneko mailan, Monzón, Azurmendi, Krutwig eta beste baten bat etorri ziren, eta egin nintzen abertzale. Kontuak ez galtzeko: ezkerrekoa, euskalduna, komunista, iraultzailea, gorria, existentzialista eta abertzalea.
Baina berehala, bigarren mailan edo, badator
Solzhenitsyn eta ideologia bezain garrantzitsua den kontzeptu batez jabetu naiz: ñabardura. Uste dut orain egin naizela estrukturalista, edo horrelako zerbait, eta hasi zait iruditzen “komunista” hitza, bere horretan, nahiko hustua dagoela (ez du asko lagundu konturatzeak, 2004an-edo, Berlingo harresia erortzearen kontu hori pentsatzen nuena baino garrantzitsuagoa izan zela). Gainera Kunderaren
Izatearen arintasun jasanezinaren ondoren, bolada batez, ideologiak baino gehiago interesatzen zaizkit neskak.
20-21 urterekin
Fredric Jameson irakurri eta nire ezkerraldeko kezkak klase-borrokatik posmodernismora igarotzen dira: eztabaida sakonak subjektu historikoaz, Lisabö eta Ama Say-ren soinu bandaz lagunduta. Adin berarekin, bidaia pare bat tarteko, abertzale izatearena kuestionatzen hasiko naiz, baina Unamunori kasu egin, eta bidaiatzeari utziko diot, nazioaren gaixotasun sinpatiko horrek abandona ez nazan.
22rekin,
Céline eta
Houellebecq: grazia egiten didate, eta jada ez dakit ezkerrekoa naizen edo zer, ze bi frantses pikaro hauek fatxa batzuk iruditzen zaizkit, baina arrazoizko gauzaren bat edo beste esaten dute. Nola karrera bukatu dudan, eta lanean hasi naizen jende progrearekin, tsunami kontzeptual bat etortzen zait burura:
anarko-ekologismoa,
dekrezimendua, feminismoa eta bere aldaera porno-
punkiak King Kong teorian, abertzaletasun historizista, nihilismoa...
Eta horrela, ideia ideiaren gainetik, azkenerako nazkatu eta neure burua orekatzearekin nahiko lan izango dudala otu zait azkenean. Gainera, zer arraio, 24 urte baino ez ditut. Pentsatuko dut beranduago gauza serioetan.
Baina 2008an gaude eta esaten didate krisi ekonomiko handi bat datorrela, beharbada kapitalismoa suntsituko duena behin betiko. Albisteak tortila bat prestatzen harrapatu nau, eta ez diot garrantzi handiegirik eman hasieran, baina telebistak ez duenez beste ezertaz hitz egiten, ba, azkenean, sinestu behar.
Ikusi ditut gobernuak, bankuak salbatzen.
Ikusi dut Bernard Madoff Historiako Lapurreta Handiena egiten.
Ikusi ditut lagunak lana galtzen, eta kezkatu naiz, nirea galduko ote dudan.
Eta esan dut: ondo ote doa hau guztia? Ez ote du norbaitek gauzak beste modu batera antolatzea proposatu inoiz? Egun batean esnatzen zara, eta buruari bueltak ematen hasi, eta erabakitzen duzu ezkerrekoa zarela. Eta beharbada merezi duela
Manifestu komunistari bigarren irakurria ematea.
---------
PS: Norbaitek plagioa edo dena delakoa salatu baino lehen, Denys Arcand-en
Les invasions barbares filmeko elkarrizketa batetik hartu dut burutazio honetarako ideia. Gero ez etorri esaten lapurretan nabilenik.